Ireki menu nagusia
Toronto kanadar finantzen zentroa da.

2018an Kanadako ekonomia munduko 10. handiena izan zen.

Teknologia aurreratuko gizarte industriala eta bizi maila altukoa da, mendebaldeko herrialdeen saileko aurreratuenetakoa, baina Estatu Batuekiko mendekotasun handiena duena (esportazioen % 80 eta inportazioen % 60 dago haren mende). Bigarren Mundu Gerraz geroztik ikusgarria izan da eskulangintzaren, meatzaritzaren eta zerbitzuen alorraren igoera, eta XX. mendea arte herri nekazari izandakoa eta herrialde urbano eta industriala izatera iritsi zen. Langile gehienek zerbitzuen alorrean dihardute lanean, baina ekonomiaren barruan garrantzi handiko jarduerak dira meatzaritza, nekazaritza eta industria. 1993az geroko barne produktu gordinaren hazkundea % 3koa izan da. Langabezia murrizten ari da eta aurrekontuen kopuru handi bat erabiltzen da alor publikoaren zorrak ordaintzeko. 1989an merkataritza askerako hitzarmen bat sinatu zen Estatu Batuen eta Kanadaren artean (FTA) eta 1994an Ipar Ameriketako Merkataritza Librerako Hitzarmena (NAFTA, Mexiko barne hartzen duena) sinatu zuen; horren eraginez Estatu Batuekiko lotura areagotu zen merkataritzari eta, oro har, ekonomiari dagokionez. Lotura horrek eta Asiako eta Errusiako krisiak kalte handia eragin diote kanpora begira antolaturiko ekonomia izaki.

Kanadak baliabide natural aberatsak, langile trebeak eta azpiegitura modernoak ditu, eta horrek etorkizun oparoa aurreikusteko baldintzak ematen ditu. Dena dela, ingeles eta frantses eremuen arteko egoera nahasia dela-eta gerta daiteke federazioa banatzea, eta horrek atzerriko inbertsoreak galaraz ditzake.

Kanadako baliabideen artean azpimarratzekoak dira petrolioa, nikela, zinka, kobrea, beruna, urrea eta abar. Munduko lurpeko aberastasunen esportatzaile handienetakoa da. Industriari dagokionez aipatzekoak dira meatzaritzarekin lotura dutenak, elikagai industria, egurra eta papera, kimika industria eta gas naturalarekin lotura duena. Nekazaritzako gai nagusiak, berriz, artoa, garia, tabakoa, garagarra dira. Iparraldean izoztuta egoten da lurra denbora askoan eta horrek arazoak dakarzki garapenerako. Bestalde, zikloiak gertatu ohi dira Mendi Harritsuetan. Ingurunearekin loturiko gorabeheretan bereziki aipagarriak dira eguratsaren kutsadurak eta horren ondoriozko euri azidoak aintziretan eta basoetan eragiten dituen kalteak, eta orobat, nekazaritzari eta basoei kalte egiten dieten isuriak; bestalde, ozeanoko ura kutsatzen ari da.

ErreferentziakAldatu