Kakajale karta joko bat da. Bere izena partida bakoitzeko galtzailea izendatzeko erabiltzen dena da.

Lehiakortasun handiko jokoa da eta behin kakajale suertatzen denak, gainontzekoek baino zailagoa izan ohi du hurrengoan postu horretatik ateratzen. Partidak azkarrak izaten dira, baina mugagabe errepika daitezke. Umeek jolasteko ere aproposa da, arau errazak baititu.

Helburua aldatu

Jokalari bakoitzak hasieran jasotzen dituen karta guztiak mahaira botatzea du helburu. Beste inork baino lehen hori lortzen duena da irabazle nagusia eta, eskutan kartaren bat duela geratzen dena berriz, galtzaile nagusia.

Jokoaren nondik norakoa aldatu

Karta guztiak banatzen dira partida jokatuko dutenen artean; ohikoan, espainiar kartak. 4-5 jokalarirentzat egokiagoa da, guztiek karta kopuru bera izan dezaten, baina jokalari kopurua biderkatzea posible da, baita karta sorta gehiago batuz ere. Hori bai, beti beharko ditugu hiruko urre eta biko urre bakarra. Beste kartak errepikatuta izatea ez da arazoa.

Partida beti hasten du eskuan hiruko urrea duenak. Lehen txandan erabaki behar duen bakarra da hiruko bakar hori botako duen edo, hiruko gehiago balitu, gehiago botako dituen, sortan. Beti ere, hirukoak baina (kopak, bastoak, eta abar).

Txanda errespetatuz eta ordulariaren orratzen kontrako hurrenkeran, jokalari bakoitzak balio bereko karta edo sortak bota behar ditu, lehen jokalariak jaurtitako kopuruaren arabera. Lehenak hiruko bi bota baditu, ondoren kartak binaka bota beharra dakar. Edo hiru hiruko bota baditu, hirunaka.

Txanda bakoitzean, balio bereko karta bat edo sorta bat botatzen dira, lehen jokalariak egindakoari jarraiki; eta karta edo sortaren balioak beti izan behar du aurrekoak botatako balio berekoak edo handiagoak. Eta sorta berean, beti balio berekoak. Alegia, batek hiruko bi bota ostean, ondoren lauko bi, bosteko bi edo dena-delakoak binaka bota beharko dira. Baina balioak beti gorantz egin behar duenez, balio txikiko kartak botatzea zailtzen da etengabe.

Jokalari batek aurrekoak botatako karta edo sorta errepikatzen badu, "plost" esan eta txanda-pasa egiten zaio berez hurrengo jokalaria zatekeenari. Jokalari batek, hala nahi badu, uko egin diezaioke txanda batean kartak botatzeari. Baina estrategia zaindu beharra dago, berez, karta guztiak mahaira botatzea baita jokoaren helburua.

Txanda amaitzen da jokalari guztiek paso egiten dutenean. Txanda batean kartaren bat bota duen azken jokalaria da, hain zuzen, hurrengo txanda abiatzen duena.

Berezitasun bakarra biko urreari dagokio: karta hori noiznahi bota daiteke, bera bakarrik, baita jokoa binakako edo hirunako sortetan abiatu delarik ere. Balio handieneko karta izanik, biko urrea botatzen duenak txanda amaitzen du eta, hortaz, txanda berri bat abiatzeko eskubidea du (izan kartak banaka, binaka edo hirunaka jaurtiz). Jokalari batek ezin du biko urrea partida amaierara arte gorde, lehenago baliatu behar du. Hala eginez gero, zuzenean kakajale izendatuko lukete eta partida galduko luke.

Jokalari bat kartarik gabe gelditzen den aldiro, kartak batu eta bere eskumakok berrekingo dio kartak jaurtitzeari, nahi duen balioa dutenak, izan banaka, binaka edo hirunaka. Eta gainontzekoek balio bereko karta edo sortak, lehenak egin duenaren arabera, bota beharko dituzte.

Karten balio hurrenkera aldatu

Baxuenetik, altuenera:

  • Hirukoak (baina hiruko urreak partida bakoitzeko lehen txanda abiatzen du beti eta, hortaz, badu balio berezi bat).
  • Laukoak
  • Bostekoak
  • Seikoak
  • Zazpikoak
  • Baleude, zortzikoak, bederatzikoak eta hamarrekoak
  • Txotekoak
  • Zaldiak
  • Erregeak
  • Batekoak
  • Bikoak (eta euren artean, baliotsuena, biko urrea)

Jokoan diren postu edo graduak aldatu

  • Irabazlea = Presidentea (karta guztiak jaurti eta gabe gelditzen den lehena)
  • Bigarrena = Presidenteordea
  • Tartekoak = Herri edo herri xehea
  • Azken aurrekoa = Kaka edo zirina
  • Azkena = Kakajale (edo zirin-jale ere esaten zaio)

Jokoaren jarraipena aldatu

Lehen partida burutu eta jokoan diren postuak behin banatu ostean, zerga edo zigor gisa funtzionatzen dutenak burutu behar dira, berriz ere kartak jaurtitzeari ekin aurretik.

Kakajale edo zirin-jaleak bere bi kartarik onenak eman behar dizkio Presidenteari, nahitaez. Eta honek, trukean, bere bi kartarik okerrenak emango dizkio. Okerren horietan, hiruko urrea eman beharko lioke, eskutan balu. Ez du balio beste bi hiruko emateak, urrekoa badu.

Kaka eta presidenteordeak berdin, karta bana trukatuko dute: kakak bere kartarik onena emango dio presidenteordeari eta honek, trukean, bere txarrena. Hiruko urrea karta txarrena kontsideratzen da, trukeotarako. Herri xeheak ez du zergarik edo karta trukerik egiten.

Behin trukeok eginda, jokoa berriz abiatzen da eta graduak berriz banatzen.

Ikus baita aldatu

Kanpo estekak aldatu