Kai Alde etxea

eraikitako euskal ondare nabaria Getxon

Kai Alde etxea Getxo udalerriko Areeta Auzoan, Zugazarteko 53 zenbakian kokatzen da. Manuel María Smithek 1925. urtean eraikitako jauregi-arkitekturaren eraikin bikaina da. Tomas Allende Alonsok erositako eta 1925. urtean bi seme-alaben artean banatutako orube zabalago batean altxatutako eraikina da. Kaialde eta Villa Ariatza finkak osatzen ditu. Zati hori Carmen Allenderentzat izan zen, eta honek, bere eraikina eskatu zuen.[1]

Kai Alde etxea
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Getxoko eremu berezia
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaGetxo
Koordenatuak43°19′59″N 3°00′42″W / 43.333117°N 3.011668°W / 43.333117; -3.011668
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza 1925
Arkitektura
ArkitektoaManuel María Smith
Ondarea
EJren ondarea69

Eraikina aldatu

Eraikuntza-elementu eta izaera eta estilo desberdinetako apaingarri ugari ditu. Bizkaiko 20ko hamarkadako jauregi-etxebizitzaren prototipo baten adierazgarria da.

Bere ezaugarri nagusia da altxaera eta estalki desberdineko hiru gorputz asimetrikotan zatituta dagoela. Nabarmendu daitezkeen beste elementu batzuk hauek dira: azken solairuko egutera eta bigarren solairuko triangelu-formako bi begiratokiak.

Lau aldeak agerian dituen eraikin zoragarria da. Oin laukizuzena du eta perfil irregularra, izan ere, asimetrikoak diren hiru gorputzek eratzen dute altxaeran eta gorputz bakoitzak estalki berezi bat du. Lehenengo gorputza itxura kubikoko dorre sendoa da, lau isuriko teilatua eta teilategal handia tailaturiko harburuen gainean. Altxaeran erdisotoa, behe-oina eta beste bi oin bereizten dira, eta baoak era askotakoak dira. Horietan aipagarri dira karrerapea, erdi-puntuko arkuteriaz osaturiko eskalinataren gainean, lehenengo solairuko begiratoki apur bat irtenak, eta egutera, non zutikoen eta zurezko eskudelen egiturak azken oina alderik alde igarotzen duen.

Bigarren gorputza aurrekoaren eskuin alboari itsatsita dago. Hiru isuriko teilatua du molduratutako erlaitzaren gainean bermatua. Altxaeran, erdisotoa, behe-oina, beste oin bat eta txapitula bat dauzka hainbat baorekin, batzuk burdinesi ederrekin. Bao horietan aipagarri dira azken oineko bi oriel-lehio triangeluar. Hirugarren gorputza aurrekoari itsatsita dago eta hiru isuriko teilatua edo faldoia du, atzera eramana dago eta bigarren mailako beste sarrera bat du, erdi-puntukoa, eskalinataren gainean. Dorrearen lehenengo altueran, dekoraziozko elementu interesgarri bat aurkezten da, marko mailakatu batez inguraturiko kiribildurak.

Eraikina kalitate oneko silarriz egina da, eta eskantzuetan katea-itxurako bordatuak ageri dira. Eraikinaren inguruan lorategia zabaltzen da horma batez inguraturik. Hainbat aldiz zaharberritu dute, baina, ezbairik gabe, azkenekoa izan da guztietan garrantzitsuena, Luis Ganak burututakoa, etxebizitza bi egokitzeko xedean. Jauregi arkitekturaren eredu zoragarria da eta ingurugiro balio handiko aldean dago kokatuta, are edertasun eta tankera dotoreagoa ematen dizkiona.[2]


Galeria aldatu

Erreferentziak aldatu

   

Kanpo estekak aldatu