Julio-klaudiotar dinastia

Julio-Klaudiar leinua» orritik birbideratua)

Julio-klaudiotar dinastia[1] Erromako lehen bost enperadoreek. Dinastia hau, Augustok sortu zuen Julio Zesarren jarraitzaileen arteko gudu zibilean Marko Antonio lehiakidea garaitu eta ordura arteko Errepublika Erromatarraren botere osoarekin egitean. Enperadore hauek Inperioren buruan egon ziren K.a. 27tik K. o. 68 arte, non azken julio-klaudiotarrak, Neronek, bere buruaz beste egin zuen. Dinastia honetan juliar eta klaudiotar leinuek bat egin zuten ezkontza eta adopzioen bidez.

Julio-klaudiotarren familia zuhaitza

Historia aldatu

Augustok, Julio Zesarren oinordekoak, boterea hartu zuenean, hilzorian zegoen Errepublika berrezartzearen aitzakian egin zuen, Zesarren akatsak ekidin nahian monarkiaren aurkako sentimendua nagusi zen gizartean. Agintaldi luzearen ostean, K.o. 14. urtean hil zen, bere lekua Tiberio-ri utziz. Augustoren agintaldia bere ahotan jarri izan diren hitz batzuekin laburtu izan da: "adreiluz eginiko hiri bat aurkitu nuen eta marmolez egina utzi"[2]. Hura hiltzean, Tiberio iritsi zen boterera, nahiz eta ez izan hilberriaren lehenengo aukera (gainontzekoak azkarregi hil baitziren). Tiberio, Augustoren mailan egotearen erronka ia ezinezkoaren lehen protagonista izan zen. Aurrekoaren konkista militarrak alde batera utzi eta kontrolpeko lurraldea sendotzen jardun zuen batez ere[3]. Ez zen nabarmentzeko moduko agintaldia izan. K.o. 37. urtean hil zen eta Kaligulak ordeztu zuen boterean.

Fama txarreko agintaria izan zen Kaligula, iritsi zaizkigun garaiko testuen egileen artean behintzat, eta batez ere Suetoniok K.o. II. mendean hari buruz idatzi zuen biografiari esker[4]. Fama honek enperadorearen inguruko sinesgarritasun gutxiko istorio bitxiak utzi ditu, bere zaldia kontsul bilakatu izanarena esaterako. Boterea hartu eta lau urtetara erail zuten bere soldaduek[5]. K.o. 41. urtean soldadu hauek aukeratu zuten hil zutenaren oinordekoa: Klaudio. Ordura arte gutxietsia izan zen Klaudioren izendapenak Erromako hiritarrak harritu zituen. Erraz maneiatuko zutela uste zuten izendatu zutenek, baina itxuraz zituenak baino gaitasun handiagoak erakutsi zituen[6]. Bere agintaldiko mugarri esanguratsuenetakoa Britaniaren konkista izan zen.

K.o. 54an, Klaudio hiltzean, Neron iritsi zen agintera gazte zelarik. Gizon maltzur gisa pasa da historiara geroko idazle erromatar batzuen kritikei esker, nahiz eta ziurrenik ez duten errealitatearekin eta bere agintearekin lotura askorik. Erroma erretzearen arduradura izatea leporatu zioten esaterako, ziurrenik Erroman ere ez zegoenean[7]. 68an estatu-kolpe batek bere buruaz beste egitera behartu zuen, ia mende batez garaiko inperio handiena gobernatu zuen leinuari amaiera emanez. Heriotza honen ostean, berriz ere, guda zibila piztu zen inperioan.

Enperadore julio-klaudiotarrak aldatu

  1. Augusto (K.a. 2714)
  2. Tiberio (14–37)
  3. Kaligula (37–41)
  4. Klaudio (41–54)
  5. Neron (54–68)

Aipaturiko agintariak hurrenez hurren:

Erreferentziak aldatu

  1. 182 Araua. Dinastien izenak. Euskaltzaindia 4. orr.
  2. (Gaztelaniaz) «Augusto: el gran constructor de Roma» historia.nationalgeographic.com.es 2013-04-04 (Noiz kontsultatua: 2022-01-22).
  3. (Gaztelaniaz) «Tiberio, el más triste de los emperadores romanos» historia.nationalgeographic.com.es 2020-11-16 (Noiz kontsultatua: 2022-01-22).
  4. (Gaztelaniaz) Alfaro, Juan Pablo. (2012). «La imagen de Calígula en Suetonio: realidad o construcción» Intus - Legere HIstoria 6. lib., 2 Zk.: 7-32. ISSN 0718-5456..
  5. (Gaztelaniaz) «Calígula, el césar al que todo estaba permitido» historia.nationalgeographic.com.es 2015-06-08 (Noiz kontsultatua: 2022-01-22).
  6. (Gaztelaniaz) «Claudio, el emperador romano despreciado» historia.nationalgeographic.com.es 2020-10-13 (Noiz kontsultatua: 2022-01-22).
  7. (Gaztelaniaz) «¿Fue Nerón tan malo como se piensa?» historia.nationalgeographic.com.es 2014-10-03 (Noiz kontsultatua: 2022-01-22).

Kanpo estekak aldatu