Julia Hermosilla

Anarko-sindikalista, milizianoa eta frankismoaren aurkako erresistentea

Julia Hermosilla Sagredo (Sestao, 1916ko apirilaren 1a - Baiona, 2009ko urtarrilaren 10a ) anarko-sindikalista, milizianoa eta frankismoaren aurkako erresistentea izan zen. [1] Erresistentzian, Paquita edo Eugenia izenarekin ezaguna zen. [2]

Julia Hermosilla
Bizitza
JaiotzaSestao1916ko apirilaren 1a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBaiona2009ko urtarrilaren 10a (92 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakaktibista eta milizianoa
KidetzaLibertarian Youth (en) Itzuli
Lanaren Konfederazio Nazionala
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila

Haurtzaroa eta gaztaroa aldatu

Gurasoak Carmen Sagredo eta Juan Hermosilla zituen. Aita CNT-Confederacion Nacional del Trabajo (Lanaren Konfederazio Nazionala) sindikatu anarkistaren kidea zen. Hamalau urterekin Julia ere sindikatuan sartu zen. [3] Lotura estua zuen Aransáez familiarekin, haien militantzia anarko-sindikalistagatik nabarmendu zen sendia, bere bikotekidea Julián Ángel Aransáez izan zelarik. [4] Juliak prentsa libertarioa banatu zuen eta Federación Ibérica de Juventudes Libertarias (Gazte Libertarioen Iberiar Federazioa) erakundearen kide izan zen. 1933ko neguko matxinada libertarioaren ondoren, Errioxako hainbat nekazari errebelderi lagundu zien Pirinioez bestaldera ihes egiten. 1934ko urriko matxinada iraultzailean ere kolaboratu zuen, Vicente Cuesta eta Aransáez sendiari lagunduz. [1] [5]

Espainiako Gerra aldatu

Espainiako Gerra Zibila hasi zenetik, hogei urte zituela, miliziano gisa aritu zen batailoi konfederal batean. Otxandioko frontean izan zuen destinoa. Bere misioetako bat frankisten menpe zegoen aldera joan eta Isaac Puente doktorea erreskatatzea izan zen. Puente ezaguna zuen urte batzuk lehenago antisorgailuen metodoei buruzko informazioa eskatzera joan zitzaiolako; tamalez, azkenean atxilotu eta fusilatu zuten. [4] Otxandioko bonbardaketan, tinpanoak lehertu zitzaizkion, aldi baterako gorreria sakona eta ondorio larriak utziz. [6] [7] 1937an aktore gisa parte hartu zuen Santurtziko Konfederazioaren Talde Artistikoaren jardueretan. [8] Urte berean, ekainean, Bilboko bataila gertatu zen. Portuan izandako bonbardaketa handi baten ondoren, familiarekin ontziratzea eta Frantziara joatea lortu zuen. Bi hilabete geroago, Pirinioak zeharkatuz, Kataluniara iristea lortu zuten, borrokan jarraitzeko asmoz. Bartzelonan bizitzen jarri ziren eta urrian haien alaba Vida jaio zen. Etapa honetan armada errepublikanoarentzako gerrikoak ekoizten zituen fabrika batean lan egin zuen. [9] [10] 1939ko otsailean, errepublikanoen erretiratzearekin batera, Ekialdeko Pirinioetatik muga zeharkatu zuen berriro.[1] [5]

Erbestea aldatu

Erbestearen hasieran, Hermosilla hainbat kontzentrazio esparrutatik igaro zen. Geroago, familia osoarekin elkartu zen eta Decazevilleko meategietan lanean hasi zen. 1940an nazien aurkako erresistentzian parte hartu zuen eta Frantzia askatu ondoren Montpellier-era joan zen bizitzera familia guztia. [10] Bigarren Mundu Gerraren ondoren, bere bikotekide Julián Ángel Aransáez erbesteko CNTko mugen delegatu izendatu zutenez, Baionara joan ziren bizitzera.

Erbesteko Errepublikako gobernuarekin kolaboratzea erabaki zuen CNTko adarraren kidea izan zen. Joera horrek Espainiako sozialistekin eta komunistekin aliantza defendatzen zuen. [8] [11] Frankismoaren aurkako borrokan gogotsu hartu zuen parte, erakundearen erbesteko eta barrualdeko egituren arteko harremanak bideratuz. Baionatik eta Angelutik faxismotik ihesi zihoazen hainbat burkide igaro zituen. Zenbait misiotan egunkari eta liburuxkak, idatz-makinak, kopiagailuak edo dirua eraman zituen Espainiara. [12] [4] 1948ko irailean Francisco Franco diktadorearen aurkako El atentado aéreo (Aireko atentatua) izeneko erasoan kolaboratu zuen. Diktadorea hegazkin batetik jaurtiriko bonba su-eragile eta metrailadunen pean hilko zen Donostian Kontxako badian estropadak ikusten zegoela. Ekintzak, baina, ez zuen arrakastarik izan inguruan zebiltzan Espainiako Aireko Armadaren ehiza-hegazkinen eta ur-hegazkin baten kausaz. [13] [5]

Hirurogeiko hamarkadaren hasieratik Limogesko kongresuan sortu zen Defensa Interior (euskaraz: «Barne defentsa») taldearekin, El Submarino (euskaraz: «urpekaria») izenaz ere ezaguna, lankidetzan aritu zen. Taldearen helburua erbestetik diktaduraren aurkako ekintzak antolatzea zen. [14][12] 1962an beste eraso saiakera batean parte hartu zuen, Donostiako Aiete Jauregian. Kasu horretan, Hermosilla arduratu zen inguruaren azterketaz bonba jarriko zen lekua zehazteko eta bertatik kontrolatu eta aktibatzeko. [15] [16] 1970eko hamarkadan Frente Libertario (Fronte Libertarioa) adarraren partaide izan zen. Adar horrek izen bereko egunkaria zuzentzen zuen eta diktadura frankistaren aurkako kanpaina erasokorra defendatzen zuen. Hermosillak Frente Libertariok Narbonan antolaturiko urteko batzarretan parte hartu zuen.

2009ko urtarrilaren 10ean hil zen Baionako Côte Basque Ospitalean.[8] Haien testigantzak Maizales bajo la lluvia: testimonios de los últimos gudaris y milicianos de la Guerra Civil en Euskadi (euskaraz: «Euripeko artasoroak: Euskadiko Gerra Zibileko azken gudari eta milizianoen lekukotzak»).[17]

Eskerrak aldatu

2006ko ekainaren 18an, frankismoaren aurkako beste borrokalari batzuekin batera, Artxandan omenaldia jaso zuen; han altxamendu frankistaren ondorioz Trevianan hil zituzten bere familiako hemezortzi kideak gogoratu zituen. [11]

Atirohecho konpainiaren Les Solidàries antzezlanak Hermosilla omentzen du, beste emakume batzuen artean. [18]

Bibliografia aldatu

  • Maizales bajo la lluvia: testimonios de los últimos gudaris y milicianos de la Guerra Civil en Euskadi. Azurki, Aitor. Alberdania argitaletxea. 2011. [17]
  • Mujeres de Temple. Berenguer, Sara. L'eixam Edicions. 2008.[19]
  • Matar a Franco, los atentados contra el dictador, Antoni. Editorial Eztabaida. 2015.[20]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c «Nord-est Llibertari: [01/04/2019 Julia Hermosilla Sagredo»] Nord-est Llibertari dijous, 4 de juliol de 2019 (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  2. «Hermosilla, Julia: La anarquista de Sestao que intentó matar a Franco | Memoria Libertaria» memorialibertaria.org (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  3. «juliahermosilla» www.estelnegre.org (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  4. a b c (Gaztelaniaz) «ANARQUISTAS GR-HERM» Anarquismo en imágenes (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  5. a b c «Hermosilla, Julia | Memoria Libertaria» memorialibertaria.org (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  6. Txantiloi:Local «La paradoja de ser antimilitarista y combatir en tres guerras» www.elsaltodiario.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  7. (Gaztelaniaz) elgajedeloficio. (2017-03-10). «Muerte de una miliciana» El Gaje del Oficio (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  8. a b c (Gaztelaniaz) joselito. (2020-01-13). «Julia Hermosilla Sagredo (Vida y obra)» SOBRE LA ANARQUÍA Y OTROS TEMAS (VIDA, OBRA Y BIOGRAFIAS DE ACTIVISTAS, LUCHADORAS Y LUCHADORES ANARQUISTAS) II. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  9. Acrata, Librepensador. «Anarquismo: Julia Hermosilla» Anarquismo (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  10. a b «La Rebeldía Heroica» (PDF). LA ALBOLAFIA: REVISTA DE HUMANIDADES Y CULTURA
  11. a b (Ingelesez) «Hermosilla Sagredo, Julia, 1916-2009» libcom.org (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  12. a b «In memoriam de Julia Hermosilla» (pdf). Rojo y Negro.
  13. (Ingelesez) Téllez Solá, Antonio. (2006). The assassination attempt on Franco from the air: 1948. Kate Sharpley ISBN 978-1-873605-80-6. PMC 84677325. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  14. (Gaztelaniaz) Batista, Antoni. (2015-02-12). Matar a Franco: Los atentados contra el dictador. Penguin Random House Grupo Editorial España ISBN 978-84-9992-445-8. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  15. www.publico.es (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  16. (Gaztelaniaz) | Los franceses que atentaron contra FrancoForo por la Memoria - Federación Estatal de Foros por la Memoria. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  17. a b Azurki, Aitor, 1983- (2011). Maizales bajo la lluvia : testimonios de los últimos gudaris y milicianos de la Guerra Civil en Euskadi. Alberdania. ISBN 978-84-9868-279-3. OCLC 769143046. 2020ko ekainaren 24an kontsultatua.
  18. (Gaztelaniaz) «El teatro político de Atirohecho llega con la obra feminista ‘Les Solidàries’» eleconomico.es (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  19. (Gaztelaniaz) Berenguer, Sara. (2008). Mujeres de temple. L'Eixam ISBN 978-84-96014-77-0. PMC 434021213. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  20. (Gaztelaniaz) Batista, Antoni. (2015). Matar a Franco: los atentados falidos contra el dictador. Debate ISBN 978-84-9992-378-9. PMC 900724826. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).

Kanpo estekak aldatu