Julene Eguzkizaga

Maistra euskalduna Galdakaon

Julene Eguzkizaga Oleagordia (Bilbo, 1928ko azaroaren 25a - Usansolo, 2022ko otsailaren 9a) “Julita” izenarekin ezaguna, maistra izan zen.

Julene Eguzkizaga

Bizitza
JaiotzaBilbo1928ko azaroaren 25a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaUsansolo2022ko otsailaren 9a (93 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakirakaslea

Biografia

aldatu

Basurtoko Santiago auzoan jaio zen. Aita Manuel Eguzkizaga Zabala "Bolu" baserrikoa, lanbidez praktikantea zena, Basurtoko ospitalean praktikante moduan lan egiten zuen; gerora aita Erandioko sorosle etxean egon zen lanean. Ama “Juli” edo Juliana Oleagordia Arriortua, "Jeuri" baserrikoa. Usansolon zendu zen, 2022ko otsilaren 9an, 93 urte zituela.

Batxilerra Bilbon bertan ikasi zuen eta Magisteritza "Deustuko normalean”, horrela esan ohi zioten orduan Magisteritza eskolari, orain Hezkuntza Fakultate moduan ezagutzen dena, EHUren Leioako campusean.

Bere maistra titulua 18 urterekin eskuratu zuen. Esan behar da, Julenek uda guztiak bere amama Kandidarekin igarotzen zituela Lezaman, eta hantxe etorri zitzaion euskara ondo ikasteko eta zabaltzeko gogoa.

Gaztea zela, Acción Cátolica taldekoa bihurtu zen eta Begoñako basilikan ezkondu zen Victor Atxutegi Alberdi Galdakaoko gaztearekin. Orduantxe etorri zen Usansoloko Labeaga auzora, eta garai haietan ohikoa zenez, eszedentzia hartu zuen amatasunagatik. Seme-alaba bi izan zituen, eta gaixotasun larria jasan zuenez 36 urterekin, urte oso bat erreposoan egotera behartuta egon zen. Hala ere, hezitzaile izateko zeukan gogoa ez zen gutxitu, ezta sinestun sakona izateko eta abertzale peto-peto izatekoa ere.

Julene, pertsona bezala, garai haietako emakume aiztzindaria izan zen. Beste gauza askoren artean, Usansolon meza euskaraz izan arte ez zuen etsi, bere senarraren laguntzarekin. Parrokoak eta udalak, beste indar faktikoekin batera, zenbait oztopo jartzen ahalegindu ziren. Urte asko pasatu ziren meza goiztiarrena izaten, goizeko 8:00etan hain zuzen ere. Julene emakumeen munduarekin ere konprometituta egon zen.

Irakaskuntza
aldatu

Maistra moduan izan zuen lehen destinoa Berritxu izan zen. Bere ikasleak oso handiak zirela gogoratzen du, bera baino askoz handiagoak, eta jakin-mina sortu zuela inguruan, hain maistra gaztea izateagatik eta hiriburutik etorri izanagatik. Bere ikasleen artean ongi gogoratzen du bertsolari bat: Jon Azpillaga (garai hartan 14 urte zituen). "Ganbe" baserrian bizi zen garai hartan eta bertoko zeregin guztietan parte hartzen zuen; bere oroimenean ongi gordetzen du parroko biek, On Pedro eta On José anaiak, errespetu handiz tratatzen zutela. “Maestrie” esaten omen zioten maitekiro.

Euskaltzaletasuna
aldatu

Elizbarrutiak aurrera atera nahi zuen “KILI-KILI” proiektuan parte hartu zuen, Aita Retolazaren zuzendaritzapean, euskara zabaltzeko. Auzoko eta Usansoloko neska-mutilekin hainbat arratsalde eman zituen euskara irakasteko. Eskola ibiltaria zen eta gelak ikasleen etxeak ziren, hurbiltasunaren arabera taldekatua: eskura zeukan teknologia guztia disko-jogailu bat zen, tocadiscos xume bat, saioaren bukaeran Kili-Kili bat, Kili-Kili bi... abestia kantatu ahal izateko.

Andereño
aldatu

40 urte zituenean, Lemoako abadearen deia jaso zuen, Ariz-Basauriko Elurretako Parrokian ikastola martxan jarri nahi zutela esanez, gerora Ariz Ikastola bihurtu dena; tituludun jendea behar zuten, euskara zekitenak. Hasiera baten klaseak parrokiako lokaletan ematen ziren. Julene bost urtez egon zen Arizko ikastola hartan klaseak ematen.

Arizko ikastolan lanean zegoenean, gertakari barregarria gertatu zitzaion. Gidari lanak egiten zituen Galdakaoko ikasleekin. Horretarako, gidari karneta atera behar izan zuen. Normalean, autoan eraman beharko zituzkeen umeak baino gehiago garraiatzen zituen. Behin, Basauri hiruan bertan, errebuelta bat hartzerakoan, zorionez astiro, inguruko autoen bozinak entzun zituen. Atzeko atea irekita zegoenez, umeren bat bidera erori omen zitzaion! Egundoko ezustekoa izan zen, baina ondorio larririk gabe. Txofer jarraitu zuen, Arizko ikastolan andereño ibili zen artean.

Maistra D ereduan
aldatu

45 urterekin, bere senarra Galdakaoko Udalean zinegotzi zenean, Galdakaoko Gandasegi eskoletan hasi zen lanean “D eredua” deitzen zen hartan klaseak ematen. Oposaketak prestatu eta gainditu egin zituen, pre-escolar deitzen zen etaparako ikastaro bat egin, eta 65 urte bete arte, 3 eta 5 urte arteko neska mutilekin lan egin zuen.

Erretiratzean egin zioten agurra gogoratzeko modukoa izan zen. Udalak ikastetxeko jolastokian musika taldeek erabiltzen duten moduko eszenatokia jarri zuen eta gurasoen elkarteak, bere eskuetatik pasatu ziren ikasle guztiak deitu zituen: euretariko asko ordurako unibertsitariak ziren. Hunkigarria izan zen, eta alkatea bera ere hurbildu zen agurra emateko. Ondoren, meza eta bazkari batekin bukatu zen omenaldia.

Kanpo estekak

aldatu