Juan Lizarralde "Altxerri"
Juan Lizarralde Garate "Altxerri" (Orio, 1934ko maiatzaren 12a - Orio ondoko itsas uretan, 2013ko uztailaren 7a) traineru estropadetako patroi ospetsuenetakoa izan zen, 10 aldiz irabazi baitzuen Kontxako Bandera.[1]
Juan Lizarralde "Altxerri" | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Orio, 1934ko maiatzaren 12a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Orio, 2013ko uztailaren 7a (79 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | arraunlaria |
Izengoitia(k) | Altxerri |
Kirol ibilbidea
aldatu1954ean egin zuen debuta Orioko traineruarekin 20 urte zituela. Lehenengo bandera 1955ean eskuratu zuen Inaxio Sarasua patroi zuela eta berdin 1958an ere. 1960an Oriok ez zuen trainerurik atera eta Altxerrik Aginagaren izenean egin zuen arraun, oriotar dezentek bezala, eta bandera eskuratu zuten. 1964koa izan zuen arraunlari gisa lorturiko azken kontxako bandera.
1965ean Orio Arraunketa Elkartea sortu zen eta "aulki mugikorrari " ekin zion lehendabiziko urteetan. Altxerri anaiek marka bikainak egin zituzten lemazaingabeko bikoan eta 1967an estropada guztiak irabazi zituzten. Espainiako txapelketetan ezin izan ziren aritu herriko jaiak zirela eta. Urte hartan bertan trainerua atera zuen Oriok eta bigarren gelditu zen Kontxako Banderan zein Espainiako Txapelketan.
1970an traineruari serio ekitea erabaki zuen klubak. Patroirik ez zuen ordea eta Altxerri karisma handiko gizona izanik bera hautatu zuten aldi baterako patroi. Urte hartan baina, jokaturiko estropada guztiak irabazi zituzten eta aro berri bati hasiera eman zion Oriok, 1976 artean 5 Kontxa eta 5 Espainiako Txapelketa irabazi baitzituen, bai eta Kantaurialdeko estropada garrantzitsu ugari ere. Bereziki aipagarria da 1970an aurkariei abantailak emanez irabazitako estropada gogoangarria.
Azken Kontxako garaipena 1983an lortu zuen, polemika handi baten erdian izan bazen ere.
Bere kirol ibilbidea amaitzeko Mundakako entrenatzailea ere izan zen.
Palmaresa
aldatu- Kontxako Banderak (10): 1955, 1958, 1960, 1964, 1970, 1971, 1972, 1974, 1975 eta 1983.
- Espainiako Traineru Txapelketak (7): 1955, 1964, 1971, 1973, 1974, 1975 eta 1976.
- Espainiako Trainerilla Txapelketak (2): 1959 eta 1964.
- Espainiako Batel Txapelketak (1): 1960.
- Espainiako zortziko txapelketa (3): 1968, 1969 eta 1970.
Erreferentziak
aldatuBibliografia
aldatu- Orio en el Remo, 75 años de historia, Luis Azcue Aldaz