Juan Antonio Larrañaga

euskal futbolaria

Juan Antonio Larrañaga Gurrutxaga (Azpeitia, Gipuzkoa, 1958ko uztailaren 3a - ) futbolaria izan zen, Errealaren historiako urte onenetan ibilitakoa, taldearen titulu guztietan parte hartu baitzuen, bi Liga, Kopa eta Superkopa garaipenetan hain zuzen ere. Realean partida gehien jokatu dituen bigarren jokalaria da (589 partida), "Bixio" Gorrizen atzetik. Realaren Ligako 2000. gola sartu zuen[1].

Juan Antonio Larrañaga

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJuan Antonio Larrañaga Gurrutxaga
JaiotzaAzpeitia1958ko uztailaren 3a (66 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakfutbolaria eta esataria
Ibilbidea
Taldeak Urteak J G
Real Sociedad B1977 / 19807615
Real Sociedad1980 / 199446015
Espainiako 21 urtetik beherako futbol selekzioa1986 / 198740
Espainiako 23 urtetik beherako futbol selekzioa1987 / 198720
Espainiako futbol selekzio nazionala1988 / 198810
 
Posizio edo espezialitateaatzelaria
Pisua75 kilogramo
Altuera177 zentimetro

Espainiako selekzioarekin behin jokatu zuen eta Euskadiko selekzioarekin ere behin baino ez.

Gaur egun irrati esatari lanak egiten ditu Euskadi Irratian.

Ibilbidea

aldatu

Hastapenak

aldatu

Azpeitiarra izanik herriko Lagun Onak taldean hasi zen jokatzen eta Hirugarren mailan ere aritu zen, harik eta 19 urte zituela Realak fitxatu zuen arte. 1977an izan zen fitxaketa eta aurreneko hiru denboraldiak Sansen egin zituen, hirugarren mailan. Aurreneko denboraldia bikaina egin zuen, partida ia guztiak jokatu eta 9 gol sartu baitzituen. Sanserekin 76 partida jokatu zituen eta erdilaria izateko gol asko sartu zituen, 16 hain zuzen ere.

1980ko urtarrilaren 16an egin zuen debuta Realarekin. Kopako partida izan zen, Peña Sporten aurka jokatu zuena. Denboraldi hartan talde nagusiarekin jokatu zuen partida bakarra izan zen. Sanserekin ordea lehen postuan gelditu eta bigarren B mailara igo zen.

Realean aurreneko tituluak

aldatu

1980-81 denboraldian dagoeneko lehen mailako taldeko fitxarekin aritu zen eta Realaren lehen liga titulua izan zen. Ez zuen ordea ibilbide erraza izan taldeak. Hamar partidaren faltan Bartzelonan 2-0 galduta Atlético Madril liderrarengandik sei puntutara zegoen (garaipenak 2 puntu balio zituen garaian). Azken partidara ordea titulua irabazteko moduan iritsi zen. Berdinketa nahikoa zuen Gijónen. Reala aurreratu zen baina Sportingek buelta eman zion markagailuari eta azken unean Zamorak gola sartzerakoan Reala txapeldun bihurtu zen. Larrañagak denboraldi hartan 9 partida soilik jokatu zituen, baina Gijóngo partidu hartan ere izan zen, bigarren zatian atera zen[2].

 
1988ko Errege Kopako finaleko taldea. Larrañaga bere bibote famatuarekin goiko lerroan, eskumatik hasita bigarrena.

Hurrengo denboraldian erabat finkatu zen Realaren atzealdean eta Ligako partida guztiak jokatu zituen, bai eta bi gol sartu ere. Kopan ere 10 partida eta Europako Kopan bi. Realak bigarren aldiz lortu zuen Liga titulua azken partidan Atotxan Athletic 2-1 garaituta. 1982-83 denboraldian Realak bost txapelketa jokatu zituen eta Larrañaga guztietan aritu zen. Denetara 44 partida jokatu zituen eta lau gol sartu. Sortu berria zen Espainiako Superkopa irabazi zuen taldeak Real Madrilen aurka, Madrilen 1-0 galdu eta Atotxan 4-0 irabazi ondoren[3]. Europako Kopan ere paper bikaina egin zuen finalaurrekoetara iritsi baitzen. Hamburger SV alemaniarren aurka jokatzea tokatu zen eta Donostian 1-1 egin ondoren Hanburgon 2-1 galdu zuen, jokoz kanpo sarturiko gola epaileak ontzat eman ondoren[4]. hainbeste txapelketatan lehiatu beharraren ondorioz Ligan zazpigarren postua baino ez zuen eskuratu.

Ondorengo denboraldietan makalago ibili zen taldea eta 1985ean John Benjamin Toshack entrenatzailea fitxatu zuen zuzendaritzak[5]. Hark tenkika berritzaileak ekarri zituen eta berehala nabaritu zen taldearen emaitzetan, 1987an Errege Kopako finalera iritsi baitzen. Atlético Madrilen aurka jokatu zuen Zaragozan eta partida 2-2 amaitu ondoren penalti jaurtiketatan erabaki zen auzia. Larrañagak bere penaltia sartu zuen eta azkena Arkonadak gelditu zuenean Realak Kopa eskuratu zuen[6], 1909an Club Ciclistak irabazi eta 80 urtetara. Entrenatzaile galestarraren eskutik hurrengo denboraldia ere bikaina izan zen, ligan bigarren egin ondoren berriz ere finalerako sailkatu zen. Bartzelona zen aurkaria eta talde kataluniarrak ligan seigarren egin ondoren gipuzkoarrak ziren faborito argiak. Bartzelonak ordea 1-0 emaitzaz irabazi zuen[7]. 1989an Luis Migel Arkonada atezaina erretiratu zenean kapitainaren besokoa hartu zuen[8]. 1990. urtean Johan Cruyff-ek Bartzelonarako deia egin zion baina Larrañagak Realean jarraitzea erabaki zuen[8]. 1990ko urtarrilaren 13an Realaren Ligako 2000. gola sartu zuen, etxean Sevillaren aurka[1].

Erretiroa

aldatu

1986 eta 1992 artean Realak jokaturiko Ligako partida guzti guztiak jokatu zituen Larrañagak[9]. 1993-94 denboraldia bukatzean erretiratu zen eta orduan ere 34 partida jokatuta, Ligan 27 eta Kopan 5. Azken partida Athleticen aurkakoa izan zuen Anoetan, 1994ko maiatzaren 8an. 0-0 berdinketaz amaitu zen[10].

Realean partida gehien jokatu dituen futbolaria da Gorrizen atzetik. Ligakoak bakarrik aintzat hartuta partida bakarrera gelditu zen eta denak kontutan hartuta 10 partidatara. Era berean Realaren eta Athleticen arteko partida gehien jokatu dituena da, talde bietako jokalariak kontutan hartuta. 27 euskal derbi hain zuzen ere[11].

Aipatzekoa ere bada partida guzti horietan txartel gorri bakarra hartu zuela. 1987an izan zen Santanderren[12].

Selekzioak

aldatu

21 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin lau partida jokatu zituen baina Espainiako selekzio nagusiarekin partida bakarra. 1988ko otsailaren 24an izan zen Txekoslovakiaren aurka, eta txekiarrek 1-2 irabazi zuten[12]. Euskadiko selekzioarekin ere partida bakarra jokatu zuen, Tottenham Hotspur talde ingelesaren aurka San Mamesen eta 4-0 emaitzaz nagusitu ziren euskaldunak[13].

Entrenatzaile lana

aldatu

1998an Berio Futbol Taldea (gaur egun Real Sociedad C) sortu zen eta Juan Antonio Larrañagak sei urte egin zituen bertan entrenatzaile[14]. Taldea maila baxuetatik hartu eta 2004an hirugarren mailara igotzea lortu zuen. Gaur egun Astigarragako Mundarro FKE taldeko kirol zuzendaria da[8].

Esatari lana

aldatu

Euskal Telebistan hasi zen esatari lanetan. Lehen mailako partiduetan kolaboratzaile aritu zen 2006 arte, ETB-k lehen mailako partiden eskubideak galdu zituen arte[14]. Ordutik bigarren B mailako partidueta ematen du iritzia.

Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia kirol irratsaioan ere urteak daramatza Realaren eta beste euskal talde batzuen (Alavés, Eibar, Osasuna) partidetan iritziak eta komentarioak egiten. 1996an hasi zen eta 2021. urtean 25 urte bete ditu irrati esatari[15].

Palmaresa

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b (Gaztelaniaz) «Desde el primer gol de Bienzobas pasando por el 500, el 1000 y el 2000 a la espera del 3000» Rincondelforero 2013-03-16 (Noiz kontsultatua: 2021-04-02).
  2. 2013/07/19. «Lehen Liga» www.realsociedad.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).
  3. (Gaztelaniaz) «4-0: Supercampeón en una noche mágica» Mundo Deportivo 2020-12-28 (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).
  4. (Gaztelaniaz) 19/07/2013. «Semifinalista de Copa de Europa» www.realsociedad.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).
  5. «John Benjamin Toshack (Real Sociedad)» atotxa.org (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).
  6. REAL SOCIEDAD CAMPEÓN COPA DEL REY 1986-87 / Tanda penaltis TVE. (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).
  7. (Gaztelaniaz) Sport. (2013-03-28). «La Copa que 'salvó' al Barça cumple 25 años | sport.es» sport (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).
  8. a b c (Gaztelaniaz) «Larrañaga, el círculo virtuoso» Panenka 2017-10-02 (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).
  9. (Gaztelaniaz) «Real Sociedad» www.realsociedad.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).
  10. «Real Sociedad VS Athletic Club 8/5/1994 | Athletic Club Website Oficial» www.athletic-club.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).
  11. www.deia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).
  12. a b (Gaztelaniaz) Qué fue de… Juan Antonio Larrañaga: una leyenda de la Real Sociedad. (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).
  13. «EUSKADI - TOTTENHAM HOTSPUR FC (10/05/1988) - EUSKAL SELEKZIOA» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).
  14. a b (Gaztelaniaz) «El Berio prepara su regreso a Tercera» El Diario Vasco 2007-03-13 (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).
  15. «Juanan Larrañaga 'Larra': "Hipodromoan entrenatzen ginen, zaldi artean"» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-03-29 (Noiz kontsultatua: 2021-03-31).

Kanpo estekak

aldatu