Lasa eta Zabalaren hilketa

Joxi Zabala» orritik birbideratua)
Lasa eta Zabala izenburuak artikulu honetara dakar; Pablo Malok zuzenduriko izen horretako filmari buruzkoa hau da: Lasa eta Zabala (filma)

Lasa eta Zabalaren hilketa Euskal Herrian 1983 urtean ETAren aurka izandako gerra zikineko hilketa izan zen: Espainiako Gobernuko kargu politiko eta Guardia Zibileko agintari eta kide zenbaitek Joxean Lasa eta Joxi Zabala Ipar Euskal Herrian errefuxiatutako etakide gazteak bahitu, Guardia Zibilaren Donostiako La Cumbre jauregiko instalazioetan bortizki torturatu eta, azkenik, Alacantera eraman eta bertako landan hil zituzten. Bahiketa eta ondorengo hilketa estatuko aparatuek antolatutako GAL erakundearen lehen ekintza izan ziren.

Egilea: Maitane Azurmendi, 2023

Hil ondoren, haien gorpuak lurperatu zituzten. 1984 urtearen hasieran, ezezagun batek hilketa GALen izenean erreibindikatu eta gorpuak Busot herrian lurperaturik zeudela adierazi zuen; baina Lasak eta Zabalak desagerturik segitu zuten, harik eta 1985 urtean Busot herrian halabeharrez aurkitutako gorpuzkiak 1995 urtean aztertu eta Lasa eta Zabalarenak zirela frogatu zen. Lekuko baten testigantzak 1983 urtean Donostian ziharduten Enrique Rodríguez Galindo Guardia Zibilaren komandantea eta beste zenbait guardia zibil hilketan inplikatu zituen. Ondorengo epaiketak Galindo –ordurako Guardia Zibileko jenerala–, Ángel Vaquero teniente koronela, Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibil ohia eta Enrique Dorado eta Felipe Bayo guardia zibil ohiak erruduntzat jo eta kartzela zigorra jarri zien 2000 urtean. Espetxe zigorrak 70 urtetik gorakoak izan ziren arren, erantzule guztiak 2004an aske ziren.[1]

Joxean Lasa eta Joxi Zabala

aldatu

Jose Antonio Lasa Arostegi, Joxean (Tolosa, 1963ko martxoaren 21a - Busot, Alacant, 1983) eta Jose Ignazio Zabala Artano, Joxi (Tolosa, 1962ko urtarrilaren 6a - Busot, Alacant, 1983) ETAko Gorki komandoa osatu zuten 1981 urtean, Iñigo Alonso Uranga eta beste kide batekin aurrera. 1981eko azaroaren 6an, komandoaren lehen ekintzan, Tolosako San Frantzisko kaleko Lankide Aurrezki Kutxako bulego batean atrako-saialdia egin zuten, baina poliziarekin izandako tiroketa baten ondoren, Iñigo Alonso etakidea atxilotu eta komandoko beste kideek ihes egin zuten. Joxean Lasa eta Joxi Zabala Ipar Euskal Herrira ihes egin eta euskal errefuxiatuen kolektiboan integratu ziren.[2]

Gertakariak

aldatu
 
Tonneliers karrika, Baionan, non Lasa eta Zabala bahitu zituzten.

1983ko urriaren 16ko 00:30 aldera, kalez jantzitako espainiar guardia zibilek Joxean Lasa eta Joxi Zabala Tolosako ETAko kideak bahitu zituzten Baionako Tonneliers karrikan, haien lagun batek Arrangoitzeko jaietara joateko utzi zien autora sartzean. Bezperan, senide eta lagun batzuekin poteoan ari zirelarik, nabarmena izan zen ezezagun batzuek egiten zieten jarraipena.[3] Isilpean, bahitutako gazteak Donostiara eraman eta Guardia Zibilak Aiete auzoan duen La Cumbre jauregian sartu zituzten, guardia zibilen eskuetan betiere.

Gau horretan bertan, Oñatin Guardia Zibilaren konboi bat erasotu zuten eta gizon bat hil zen. PSOE alderdiko Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibila eta Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko komandantea atentatu lekura joan ziren. Arrasateko ospitalean gaua igaro ondoren, goizeko seirak aldera berri bat jaso zuten Intxaurrondoko kuarteletik: "Frantzian bi erori dira, eta hona ekarriko dituzte", Lasa eta Zabala bahiturik zeuden lekura erreferentzia eginez.

Urriaren 17an, astelehenean, Mariano Martinez Colomo bi tolosarren iheskidea goizean goiz lanera abiatu zen. Bi egun lehenago utzi zien autoa atea zabalik zuela aurkitu zuen. Susmo txarra hartu zuen, geroztik ez baitzituen ikusi. Autoko giltzak itzultzera ere ez ziren gerturatu, eta Joxiren jaka gorria atzeko eserlekuan utzita zegoen, han borroka izan zelako arrastoekin batera. Desagerpenaren berria hedabideetara zabaldu zen berehala.

Bitartean, eta zehaztu ezin izan denboraz, bi gazte tolosarrak La Cumbre jauregian krudelki torturatu zituzten. Operazioaren antolatzaileek, informazio helburuak betetzat eman zituztenean, Lasa eta Zabalaren hil zitzaten agindu zuten. Horretarako, Alacantera eraman zituzten. Bertan, bieie beren hilobiak eginarazi zizkieten, eta ondotik, buruan tirokatuz hil zituzten. Azkenik, guardia zibilek kare bizia erabili zuten hilobia estaltzeko, gorpuen deskonposaketa azkartze aldera, ahalik eta zantzu gutxien gera zedin.

1984ko urtarrilaren 20an, arratsaldeko 16:15etan, Espainiako SER irrati katearen Alacanteko egoitzan dei bat jaso zuten. Nieves Martínez kazetariak hartu zuen telefonoa. Gizonezko ahots batek GALen izenean ari zela jakinarazi zuen:

« Entzun arretaz esango dudana, ez dut berriro esango. Lasa eta Zabala ETAko kideak hil ditugu. Hil aurretik, abade bat eskatu dute, baina ez diegu eman, ez baitzuten merezi. »
 
Hobia aurkitu zuten Busot herriaren kokalekua, Valentziako Erkidegoan

Ahots anonimoak Alacanteko Busot herrian kokatu zuen gertakaria, eta ondoren deia eten zen. Hasieran garrantzirik eman ez zitzaionez, inoiz ezingo da jakin Lasa eta Zabala benetan 1984ko urtarrilaren 20an hil zituzten edo ez.

Gertaera haren ostean, Tolosan Guardia Zibilak Josu Mujika atxilotu zuen, eta galdeketan hauxe esan zioten: "Lasa eta Zabalarengatik harrapatu zaitugu. Eta badakizu non dauden? Hilda daude, ondo lurperatuta eta urruti."

1985eko urtarrilaren 25ean, ehiztari batek giza gorputzen arrastoak ziruditenak aurkitu zituen Foya de Coves izeneko Busoteko inguru menditsu batean. Hobi batean pertsona baten gorpuzkinak aurkitu zituen eta Busoteko Guardia Zibilaren egoitzara deitu zuen. Lurraren eta karearen azpian bi gorpu aurkitu zituzten. Ahoan trapuak zeramatzaten eta begien parean zintzak zituzten, baita bendak ere. Hobitik 3 metrora Geco motako bala bat atzeman zuten, eta hobian bertan Parabellum erako 9 mm-ko kalibreko beste bat. Garezur batean tiro batek eragindako zuloa atzeman zuten, eta bestean, bi. Gorpuak ez zituzten identifikatu, eta Alacanteko udal hilerriko deposituan gorde zituzten.

1995eko udaberrian, Alacanteko Polizia Judizialeko goi karguak, GAL erakundeari egozten zitzaizkion pertsonen desagerpenen kasuei erreparatuta eta kareaz egiten zuten erabilera antzekoaz konturatuta, Busot herrian atzemandako gorpuak Lasa eta Zabalarenak izan zitezkeela susmatu zuen. Gorpuzkinei autopsia eta ADN probak egin ostean, hipotesia baieztatu egin zen. Hamahiru urteren ostean, Lasa eta Zabalaren gorpuak identifikatu zituzten.

1995eko ekainaren 21ean, Lasa eta Zabalaren gorpuzkiak Euskal Herrira iritsi ziren. Zekartzan hegazkina Hondarribiko aireportuan lurreratu zen arratsaldez. Aireportuko atarian senitarteko, lagun eta herritar ugari bildu ziren bi gazteen senitartekoei babesa eman eta gorpuen bahiketa salatzeko. Espainiar poliziaren eta bildutakoen artean istiluak sortu ziren, eta hainbat lagun zauritu ziren.[4] Carlos Bueren epaileak gorpuak heldu bezain laster lurpera zitzaten emandako aginduaren aitzakian, polizia indarrek gorpuak bahitu eta maite zituztenei haiengana gerturatzen utzi gabe eraman zituzten Tolosara. Hilerrian bildu zirenek ezin izan zieten azken agurra lasai eman GALek hildako bi gazteei. Ertzaintzak gogor egin zuen senitarteko eta adiskideen aurka, eta hainbat pertsona zauritu. Lasa eta Zabalaren familiek[5] polizia autonomikoaren jarrera irmoki salatu zuten. Hurrengo egunean, Santa Maria parrokia leporaino bete zen bi gazteei eskainitako elizkizunean.[6]

Epaiketa

aldatu

2000ko maiatzean, Espainiako Auzitegi Nazionalak sententzia atera zuen: Enrique Rodriguez Galindo, Julen Elgorriaga, Angel Vaquero, Felipe Bayo Leal eta Enrique Dorado Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazteagatik, guztira 365 urteko kartzela zigorrera kondenatu zituzten. Galindo eta Elgorriagari 75 urteko zigorra, Vaquerori 73 urteko zigorra eta Bayo Lear eta Doradori 71 urteko zigorra. Haietako bakar batek ere ez du hamar urte eman kartzelan. Galindok 5 urte eta 5 hilabete egin zituen preso, osasun arazoengatik libre utzi baitzuten. Elgorriagak 21 hilabete egin zituen preso eta bera ere osasun arazoengatik aske utzi zuten. Lekukoek azaldu dutenez, kartzelan egon ziren bitartean, tratu preferentziala jaso zuten.[7]

Lasa eta Zabalaren hilketa espainiar epaitegietara iritsi den GAL kasuarekin loturiko sei kasuetako bat izan zen, guztira GALek 27 pertsona hil zituen arren.[1]

Oroimena

aldatu
 
Lasa eta Zabalaren desagerpenaren 25. urteurrena oroitzeko elkarretaratzea, Tolosan. Manifestariek bi hildakoen erretratuak daramatzate
 
Twist eleberria 2012ko Euskadi Literatura Saria

1998an, Oroit eta Sala taldeak Baiona Ttipiko Patxa plazan Lasa eta Zabalaren zein Iparretarrak erakundeko Jean Louis Larre "Popo"ren oroimenezko margoketa egin zuen[8]. Margolan hori oraino ikusten ahal da.

2008ko urriaren 18an, berriz ere istilu larriak izan ziren Tolosa herrian, Madrilgo Audientzia Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz Ertzaintzak Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren aldeko omenaldi bat indarrez galarazi baitzuen.[9]

Gertakarietan, zenbait herritar zauritu eta 6 atxilotu zituzten.[10] Gerla zikinaren bi biktimen senideek eta herritarrek gogor salatu zuten omenaldia horrela zapuztu izana, "Joxi eta Joxeanen hiletako irudiak errepikatu" zirela adierazita. Aldarrikatu zutenez, "armen, atxiloketen eta jazarpenaren bidez ez dute lortuko herri honen historia isiltzerik, ez dute Joxi eta Joxeanen oroimena ezabatzerik lortuko".

Jokin Bildarratz Tolosako alkateak (EAJ), aldiz, "Madrildik inposatu zaigun beste erabaki baten ondorioa izan da hori" adierazi zuen.

Tolosako Bentaundi auzoko plaza batean haiei eskainitako monolitoa dago eta bertan omentzeko ekitaldiak egin izan zaizkie.

Kultura eragina

aldatu

Ikus gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Berria. «GAL 30 urte - Berria.eus» berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-15).
  2. (Gaztelaniaz) Lasa eta Zabala auziaren sententzia, El Mundo, 2013-10-17an kontsultatua.
  3. (Gaztelaniaz) Dos testigos afirman que los etarras vieron a policías españoles vigilándoles Dicen que sospecharon de un coche en el que iban dos personas, elpais.com, 2000-01-14.
  4. Hondarribiako aireportua (1995eko ekaina). (Noiz kontsultatua: 2019-10-15).
  5. «Feli Artano, Zabalaren ama: 'Guk ez genuen sinistu nahi hilik zeudela'» EITB (Noiz kontsultatua: 2022-05-18).
  6. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1995-06-22). «La Ertzaintza carga contra los familiares de Lasa y Zabala cuando intentaban hacerse cargo de los féretros» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-10-15).
  7. «Guztira 365 urteko zigorra izan arren, errudun guztiak aske - GARA» gara.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-15).
  8. (Frantsesez) «Bayonne : les murs de la « place Patxa » gardent la parole» SudOuest.fr (Noiz kontsultatua: 2020-01-07).
  9. Lasa eta Zabalaren omenaldia, 2008. (Noiz kontsultatua: 2019-10-15).
  10. Berria.info. «Sei lagun atxilotu ditu Ertzaintzak Tolosan, Lasa eta Zabala oroitzeko manifestazioa eragoztean» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-10-15).

Bibliografia

aldatu
  • Galtzaundi 289 (2008-11-07)

Kanpo estekak

aldatu