Josueren Liburua

seigarren liburu Bibliaren, konpost 24 kapituluen
Josue (Biblia)» orritik birbideratua)

Josueren liburua Bibliako Itun Zaharreko seigarren liburua da, Deuteronomioaren eta Epaileen liburuaren artean kokatua.

Josueren Liburua
Jatorria
Izenburuaסֶפֶר יְהוֹשֻׁעַ eta Josua
Atalak24
Honen izena daramaJosue
Ezaugarriak
TelesailaNeviim
Deskribapena
Honen parte daTanakh
Itun Zaharra
Septuaginta
Neviim
Catholic Old Testament (en) Itzuli
Historical books (en) Itzuli
Fikzioa
kronologia
Deuteronomioa Josueren Liburua Epaileen Liburua
Josue eta israeldarrak Jordan ibaia igarotzen. Gustave Doré, 1883

Israeldarrek Kanaan lurraldea nola konkistatu eta leinuen artean nola banatu zuten kontatzen du. Liburuak garrantzia du, Pentateukoaren eta ondorengo historiaren arteko zubi eta ardatz baita. Pentateukoa burutzen du liburu honek; harekin corpus kontzeptual bat osatzen du, eta konkistaturiko lurraldean garatuko den herriaren historiari hasiera ematen dio.

Josueren liburuaren kanonikotasuna ez da inoiz ezbaian egon. Juduek eta kristauek kanonikotzat ematen dute, eta Bibliaren bertsio guztietan agertzen da. Beraz, liburu protokanonikoetako bat da.

Liburuaren sorrera aldatu

Liburuaren sorrera eta eraketa historia luze baten emaitza dira. Liburuaren arabera, israeldar hamabi leinuak, gorputz bat osatuz eta Josue buruzagi bakarra gidari zutela, lurraldean sartu eta hartaz jabetu ziren. Kanaan lurraldeaz jabetzea, baina, ez zen hain sinplea izan. Leinu guztiek ezin izan zuten batera jardun, ez baitzuten denen arteko batasuna David erregearen garaia arte erdietsi (K.a. 1000. urte inguruan). Sinesgarriagoa da, beraz, Epaileen liburuan, Ep1,1–2,5ean, ematen den ikuspegia: leinuek nork bere aldetik egin zituzten konkistak, ezari-ezarian, eta era aski baketsuan kokatu ziren lurraldean. Konkista baino gehiago okupazioa izango zen. Hala ere, mendeetan zehar eta poliki-poliki gertaturiko okupazio hura, egintza bakar, handi eta epiko izan balitz bezala aurkezten du Josueren liburuak.

Liburua bera ere poliki-poliki eratu zen, eta ez osorik aldi berean. Lehen unean konkistari buruzko leinuen tradizioak bildu, eta bata bestearekin josi zituzten K.a. X. mendearen lehen erdian. Geroago, Babiloniako erbestealdiaren inguruan, VII. eta VI. mendeetan, Deuteronomio liburua sortu zuen idazle edo eskolak historia zaharra hartu eta berrantolatu egin zuen, tradizio-multzoari zentzu berria emanez eta zenbait eranskin garrantzitsu sartuz, hala nola 1 eta 23–24 kapituluak. Berrantolaketa horri zor dizkio liburuak bere kutsu teologikoa eta ezaugarri mamitsuenak. Azkenik, apaiz-eskolako idazleren batek, erbestealdiaren bukaera aldera, beste zenbait eranskin sartu zuen liburuan, 13–21 kapituluetan batez ere.

Liburuaren ezaugarriak aldatu

Liburua ez da Kanaango lurraldeaz jabetu ahala izan ziren gertakarien kronika, baizik eta gertakari haiek sinesmenaren ikuspuntutik kontatuz eman nahi den irakaspen teologikoa.

Sinaiko ituna egitean emandako arauak israeldarrek leial betetzen dituztenean Jainkoa haien alde egon ohi dela eta lurraldeaz jabetzen laguntzen diela adierazten du idazleak. Baina arauak baztertuz gero etsaien menpe erori eta atzera egin beharrean gertatzen direla. Jainkoa bere alde zuelako garai zitzakeen Israelek etsaiak.

Bestalde, israeldarrak lurraldeaz jabetzea Jainkoaren egintza izan zela adierazten da liburuan, erakutsi nahian hala bete zituela Jainkoak arbasoei eginiko promesa eta Moisesi emaniko hitza. Honela dio (Jos 21, 45): Jaunak israeldarrei egindako promes eder haietarik batek ere ez zuen huts egin, denak bete ziren.

Jainkoaren leialtasun horri leialtasunez erantzun behar zion herriak, Moisesen lege-liburuan idatzia zegoena betez, Kanaanen aurkitutako herriekin ez nahasiz, Jauna baizik ez adoratuz, kanaandarren sasijainkoei kulturik ez emanez, Jainkoa maitatuz…. Josueren eraginez, herriak aukera egin behar izan zuen sasijainkoen eta Jaunaren artean eta, hala, ituna berritu (24. kapituluan ageri da hori).

lurralde eskuratu berria leinuen artean banatzea ere Jainkoaren egintza izan zela erakutsi nahi zuen idazleak. Jainkoak horrela agertzen zien israeldar leinu guztiei haietaz zuen ardura. Hori da idazlearen helburua 13., 15. eta 16. kapituluetan hiri-zerrendak aipatzen dituenean.

Egitura aldatu

Hauek dira liburuaren egitura eta azpiatalak:

ISRAEL HERRIA AGINDUTAKO LURRALDEAZ JABETU (1,1–13,7) (1,1-13,7) aldatu

  • Jainkoak beste buruzagi bat hautatu: Josue (1,1-9)
  • Josue Jordan igarotzeko prestatu (1,10-18)
  • Josuek ikertzaileak bidali Jerikora (2,1-7)
  • Ikertzaileek Rahabekin hitzarmena egin (2,8-21)
  • Ikertzaileak itzuli (2,22-24)
  • Jordan ibaia igarotzeko prestaketak (3,1-13)
  • Ibaian barna igaro (3,14-17)
  • Hamabi harri oroigarritzat (4,1-5,1)
  • Bigarren erdainkuntza (5,2-9)
  • Lehen Pazko-jaia Kanaanen (5,10-12)
  • Josue eta ezpatadun gizona (5,13-15)
  • Josuek Jeriko hartu (6,1-21)
  • Josuek Rahab salbatu (6,22-27)
  • Israel garaitua (7,1-15)
  • Erruduna agertu (7,16-23)
  • Akan zigortu (7,24-26)
  • Ai hiria hartzeko asmoak (8,1-9)
  • Aiko gudua (8,10-29)
  • Lege-liburua irakurtzeko biltzarra (8,30-35)
  • Gabaongo bizilagunen amarrukeria (9,1-15)
  • Israeldarrek amarrukeriari antzeman (9,16-27)
  • Amortarren erregeak Gabaon hiriaren aurka (10,1-11)
  • Josuek eguzkia geldiarazi (10,12-15)
  • Bost errege amortarrak Makedako leize-zuloan (10,16-27)
  • Josuek Kanaan hegoaldeko hiriak hartu (10,28-43)
  • Josuek Kanaango iparraldea hartu (11,1-15)
  • Josuek hartutako lurraldeak (11,16-20)
  • Josuek Anaken ondorengoak hondatu (11,21-23)
  • Israeldarrek Jordanez ekialdera garaitutako erregeen zerrenda (12,1-6)
  • Israeldarrek Jordanez mendebaldera menderatutako erregeak (12,7-24)
  • Hartzeko gelditzen ziren lurraldeak (13,1-7)


AGINDURIKO LURRALDEAREN BANAKETA (13,8–21,45) (13,8-33) aldatu

  • Jordan ibaitik ekialdera (13,8-33) (13,8-33)
  • Rubenen leinuaren lurraldea (13,15-23)
  • Gaden leinuaren lurraldea (13,24-28)
  • Manasesen leinu erdiaren lurraldea (13,29-33)
  • Jordan ibaitik mendebaldera (14,1–19,51) (14,1-19,51)
  • Hebron hiria Kalebentzat (14,6-15)
  • Judaren leinuaren lurraldea (15,1-12)
  • Kalebek Hebron eta Debir hartu (15,13-19)
  • Judako hirien zerrenda (15,20-63)
  • Joseren ondorengoen lurraldea (16,1-4)
  • Efraimen leinuaren lurraldea (16,5-10)
  • Manasesen leinu erdiaren lurraldea (17,1-13)
  • Joseren ondorengoek toki handiagoa eskatu (17,14-18)
  • Gainerako lurraldearen banaketa (18,1-10)
  • Benjaminen leinuaren lurraldea (18,11-28)
  • Simeonen leinuaren lurraldea (19,1-9)
  • Zabulonen leinuaren lurraldea (19,10-16)
  • Isakarren leinuaren lurraldea (19,17-23)
  • Axerren leinuaren lurraldea (19,24-31)
  • Neftaliren leinuaren lurraldea (19,32-39)
  • Danen leinuaren lurraldea (19,40-48)
  • Lurraldearen banaketa bukatu (19,49-51)
  • Babes-hiriak eta lebitar-hiriak (20,1–21,45) (20,1-21,45)
  • Babes-hiriak (20,1-9)
  • Lebitarren hiriak (21,1-45)


BUKAERA (22,1–24,33) (22,1-24,33) aldatu

  • Ekialdeko leinuak etxera itzuli (22,1-8)
  • Aldarea eraiki Jordan ibaiertzean (22,9-34)
  • Josueren azken hitzak (23,1-16)
  • Sikemgo biltzarra (24,1-28)
  • Josueren heriotza (24,29-31)
  • Joseren hilobia. Eleazarren heriotza (24,32-33)

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu