Ireki menu nagusia

Jose Antonio Ybarra

Bizkaiko euskal merkataria
José Antonio Ibarra» orritik birbideratua)

Jose Antonio Ybarra[1] De los Santos (Muskiz, 1774ko maiatzaren 15a - Bilbo, 1849ko urriaren 31) merkatari, enpresaburu eta industrialari bat izan zen. Bera jotzen da euskal industrializazioan protagonismo berezia izandako Ybarra leinu eraginkorraren aitagoitzat.

Jose Antonio Ybarra
Bizitza
Jaiotza Muskiz1774ko maiatzaren  15a
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza Bilbo1849ko urriaren  31 (75 urte)
Familia
Seme-alabak
Jarduerak
Jarduerak industrialaria

Muskizko Somorrostron jaio eta hazi zen, baita familiaren bertako lurrak oinordetzan eskuratu ere. Bertako meatzeetatik, Euskal Herriko eta Santanderreko azken burdinolak hornitu zituen, eta haiekin aberastu. Garraioaren bidez negozioa dibertsifikatuz, I. Karlistaldian areagotu egin zituen diru-sarrerak zerealen gaineko espekulazioaz. Ingalaterrara ikatz eta burdina merke saldu zituen ondoren, baita esklabo tratuan aritu ere. Merkatari izatetik siderurgiara bideratu zuen bere negozioa, Bizkaiko industria kapitalaren lehen haziak jarriz. Semeek jarraitu zuten aitaren ekimena.

Eduki-taula

FamiliaAldatu

Emaztea Jeronima Genoveva Gutiérrez de Cabiedes zuen, Potes Kantabriakoa, eta 1802tik 1819ra 11 seme-alaba izan zituzten elkarrekin. Horietatik, baina, zazpi atera ziren umetan bizirik: Concepción, Luisa, Juan Maria (1809), Gabriel (1814), Jose Maria (1816), eta beste bi emakumezko.

Negozio gizonaAldatu

 
Hego Euskal Herriko burdinolak XVIII. mendean

Frantsestea amaitzearekin batera (1814), denda bat jarri zuten emazteak eta biek Bilboko Erriberan, arrakasta handikoa. Negozio horrek eta Jose Antonioren burdinoletarako mea-hornitzaile negozioak gorakada handia izan zuten hurrengo urteetan. Askotariko ehunak eta aberats produktuak saltzen zituzten, Jose Antoniok Frantziarekiko tratuan ekarritakoak; itzulbidean, berriz, mea (burdina) eramaten zuen Baionara.[2] 1816rako, trafiko oparoa zuten hiri horrekin, inportazioko produktuek zituzten aduana salbuespena probestuz. Askotan idazten zuten bertara dendarako produktuak eskatuz. Baionatik Bilboratzen ziren, halaber, Ameriketako produktu kolonialak. Dendak Valladolideko hainbat herrirekin ere izan zuen tratua. Dendaren arrakastaren erakusgarri, 21 jostun izatera heldu zen aldi berean, ehun eta oihal akastunak konpontzen.[3]

Somorrostron zituen lurretako mea baliatu zuen hura burdinolei saltzeko, horiek azken beheraldian ziren unean. 1815erako, burdinolentzako zain- eta burdin-hornitzaile garrantzitsuena zen. Ehun burdinola ingururekin zuen tratua 1820rako. Bertako jabeak ez ziren gai dena unean ordaintzeko eta, atalka ordainduz, zorpetzen joan ziren. Batzuetan, zorra ezin ordainduz, Ybarrak ondare higiezinetan kobratzen zuen hura eta, era horretan, ondare zabalaren jabe egin zen 1820rak; horiek kudeatzeko administratzaile bat jarri zuen. Beste erregai-hornitzaile handi gutxiekin zuen lehia ikusita eta Gernikako Batzar Nagusien 1827ko uztaileko meatzeei buruzko legearen epelean, haiekin elkartu eta konpainia bat sortzeko deliberoa hartu zuen (Jose Txabarri, Jose Antonio Mier, Nicolas Maria Llano), prezioak kontrolatzeko asmoz: Ybarra, Mier y Compañía (1827ko azaroaren 22a).[4]

Batzuetan, zorrak burdin produktuetan kobratzen zituenez, horiei kabotajez garraiatuz eman zien irteera Espainiako kostaldean barrera, baita barnealdera ere noizbait: Madril, Kadiz, Valentzia, baita Baiona, Bordele eta Niza. Gero, portu horietatik, beste salgai batzuk ekartzen zituzten itzultzean. Era horretan, harreman garrantzitsuak lortu zituzten toki horietan, baina horiek baino baliagarriagoak izan zitzaizkion Londres eta Parisen lortu zituenak: Uribarren eta Abaroa banku etxeak eta Murrieta banku etxea, hurrenez hurren, konexio oneko bizkaitar jatorriko familiak. Haien bitartez, Ameriketako merkatuetara sartu ziren, hara burdinak esportatuz. Une horretan, Konpainiaren aktiboaren % 60 burdinolen zorrak ziren.[5]

Lehenengo Karlistaldia kristinoekinAldatu

1833an, Lehenengo Karlistaldia piztu zen. Bilbo kristinoen gunean geratu zen, baina Bizkaia eta Gipuzkoa gehiena, berriz, karlistenean. Horrek izugarri oztopatu zuen burdinaren eta zainaren trafikoa 1839 arte, baita Somorrostrotik mea beste helmuga batzuetara ateratzea ere. 1835ean, Bilboko liberalek (kristinoek) karlisten erasoari aurre egin zioten, eta Jose Antonio Bilboko Guardia Nazionalean sartu zen haien kontra; Zahar Laguntzaileen Konpainiako partaide ere izan zen.[6]

Horregatik, Maria Cristina erreginordeak sariak eman zizkion, hala nola Isabel Katolikoaren Amerikar Errege Ordenako Zaldun Gurutzea; 1836ko irailean, berriz, Bizkaiko Aldundiak antolatutako Armamentu eta Defentsako Batzordean parte hartu zuen Karlos errege-nahiaren kontra borrokatzeko, baita bi hilabete geroago Bilboko Merkataritza Batzordeko kide bihurtu ere, eta haren presidenteorde aukeratu zuten urtebete geroago. Espainiako Iparraldeko Armadak titulu eta konpromiso hori aitortu zizkion, armadari hornitutakoa (ardoa, pattarra, arroza, bakailaoa) kobratzeko orduan hari lehentasuna onartuz. Ybarratarrek Espainiako Armadaren eskuetan zen Donostia ere hornitu zuten, Bilbotik Bordelera bidean, eta itzuleran.[7]

Bestalde, irina eta garia bereziki beharrezkoak ziren eta, haren eskasiaz, kontrabandoari ekin zioten, kanpotik hura ekarriz eta espekulazioaren bidez aberastasun handia lortuz. 1836ko apiril eta maiatzean, Bilbora heldutako irinaren heren bat ybarratarrek eraman zuten. Alekien trafiko horren sorburua askotan Bordele izaten zen. Bitarte horretan, ybarratarrek irabaziak atera zituzten Kubako esklabo afrikarren trafikotik ere, baina arriskuak zituela iritzita atzera egiten joan ziren (britainiarrak zorroztuz joan ziren trafiko horren kontrako jazarpena).

Aberastu ez ezik, baina, karlisten setioaren eraginpean Jose Antonio tifusak astindu zuen. Handik gutxira, Jeronima Gutiérrez de Cabiedes hil zen, eta Bilboko denda itxi zuten. Inguruabar horietatik ihesi, Jose Antonio Bordelera joan zen osasun bainu batzuk hartzera. Denbora horretan, harreman estuak izan zituzten Londresko Murrieta familiakoekin. 1838ko otsailean, baina, Bilbora bueltan ziren berriz, Ybarra, Mier y Compañíaren lema berriz hartzeko eta karlisten porrota hurbil zelakoan. Karlistaldiak Jose Antonioren negozioen dibertsifikazioa eta sendotzea ekarri zuen.[8]

Ekintzaile testuinguru ekonomiko-politiko berrianAldatu

1839 ostean, burdinolekiko harremanak berritu ziren, baina eskaintza aldatzen ari zen. Aduanetako zergak desagerrarazi egin ziren Espainiako barrualdearekin 1841ean, eta Euskal Herriko aduanak kostaldera [eta Pirinioetara] eraman ziren. Ordu arte, orduko industria Sevilla eta Malagako fabrika berrietatik babestuta zegoen bi noranzkoetan. Bestalde, proiektu berri bat jarri zen abian Bilboko merkatari batzuek bultzatuta: Santa Ana de Bolueta burdin fabrika, Espainiako merkatuari begira. Horrek arrisku bizian jartzen zituen burdinolak, eta ybarratarrak haiek hartzekodunak ziren.[9]

Negozioa semeen eskueran utzi ahala, Jose Antoniok ordurako ybarratarren kontrolpean zegoen Ybarra, Mier y Compañía siderurgiako enpresa bat bihurtzeko bidean jarri zuen, Santa Ana de Boluetarekin lehian, baita Malagarekin ere (Manuel Agustin Heredia). Horretarako, La Merded de Guriezo fabrika sortu zuten Guriezon 1846tik aurrera.[10][11]

ErreferentziakAldatu

  1. Ibarra da abizenaren euskara batuko idazkera (ikus Euskal Onomastikaren Datutegia), baina pertsona ospetsu horren abizenaren grafia oso finkatuta dago Ybarra formarekin.
  2. Díaz Morlán, Pablo. 2002, 26-28. or.
  3. Díaz Morlán, Pablo. 2002, 28. or.
  4. Díaz Morlán, Pablo. 2002, 36-37. or.
  5. Díaz Morlán, Pablo. 2002, 40-42. or.
  6. Díaz Morlán, Pablo. 2002, 48-58. or.
  7. Díaz Morlán, Pablo. 2002, 48-58. or.
  8. Díaz Morlán, Pablo. 2002, 48-58. or.
  9. Díaz Morlán, Pablo. 2002, 60-71. or.
  10. Díaz Morlán, Pablo. 2002, 60-71. or.
  11. Díaz Morlán, Pablo. 2002, 78. or.

BibliografiaAldatu

 

Ikus, gaineraAldatu