Jorge D'Alessandro

argentinar futbolari ohia eta entrenatzailea

Roberto Jorge D'Alessandro Di Ninno (Buenos Aires, Argentina, 1949ko uztailaren 28a) futbol jokalari eta entrenatzaile ohia da. Jokalaria zenean, atezain gisa jokatzen zuen. Entrenatzaile gisa bere azken taldea Sociedad Deportiva Huesca izan zen, 2.B mailara jaitsi zen bera entrenatzaile zela. Gaur egun, El Chiringuito de Jugones telebista saioan parte hartzen du.

Jorge D'Alessandro
Bizitza
JaiotzaBuenos Aires1949ko uztailaren 28a (74 urte)
Herrialdea Argentina
Jarduerak
Jarduerakfutbolaria eta futbol entrenatzailea
Ibilbidea
Taldeak Urteak J G
Real Madril /
Club Atlético San Lorenzo de Almagro1968 / 1974
UD Salamanca1974 / 19842800
 
Posizio edo espezialitateafutbol atezaina

Twitter: pibedale Edit the value on Wikidata

Ibilbidea aldatu

Jokalari gisa aldatu

Bere ibilbide profesionala bere herrialdeko Club Atlético San Lorenzo de Almagro taldean hasi zen. 1968an Los Matadores[1] talde ezaguneko parte izan zen, Carlos Buttice atezain titularraren ordezkoa zen. Bertan jokatu zuen 1974 urtera arte eta lau liga irabazi zituen.

1974an San Lorenzo taldea Salamacan (Espainia) izan zen San Juan de Sagahún trofeoa jokatzeko. D´Alessandroren partiduek bertako taldea liluratuta utzi zuen, beraz UD Salamancako taldean jokatzeko kontratatu zuten. Horretarako, Argentinako burokrazia gainditu behar izan zuen, 26 urte baino gutxiagoko jokalariek herrialdetik kanpo jokatzea debekatuta zeukatelako. UD Salamancan mito bihurtu zen, bertan 9 urte iraun zuen bi sasoi desberdinetan, lehenengoan 7 urte egon zelarik. 344 partidu jokatu zituen han, klubeko errekorra.

1977-1978ko sasoian lesio oso larria izan zuen. Athletic Club eta UD Salamancaren arteko ligako partiduko jaurtiketa batean, D'Alessandrok kolpe baten ondorioz giltzurrunean urratze bat pairatu zuen. Nahiz eta partida arazorik gabe jarraitu ahal izan zuen, bueltako autobusean txarto sentizen hasi zen eta ospitalera eraman zuten. Larrialdietan ingresatua geratu zen, eta istripuaren ondorioz nefrektomia bat egin zioten[2]. Giltzurrun bat falta zitzaionez, medikuen futbolean ez jokatzeko gomendatu zioten. Berak, ordea, itzultzea erabaki zuen, hain zuzen ere Athletic Cluben kontrako itzuleko partiduan.

1983ko urriaren 13an beste arazo bat izan zuen. Santiago Bernabeu estadioan John Metgod-ekin talka egin ondoren meniskoko eta kanpoko lotailu gurutzatuko lesioa izan zuen. Hilabete batzuk kanpo egon zen eta bueltatzean ezin izan zion postua kendu Angel Lozanori, taldeko beste atezainari.

1983-1984ko sasoia bukatzean UD Salamancako zuzendaritzak kontratua ez berritzea erabaki zuen. Nahiz eta eskaintzak eduki, jokalariak erretiroa hartzea nahiago izan zuen 35 urterekin, Salamancan bizitzeko. La Unión futbol taldeko harrobiko entrenatzailea izateko proposamena onartu zuen.

2019ko abeduaren 16an, Marca egunkarira egindako erreklamazio baten ondorioz[3], 1974-1975 eta 1976-1977 urteetako Zamora saria eman zioten. Aurreko akats baten ondorioz, saria 45 urte geroago eman zioten. Sari hau ohorezkoa izango zen, edizio haietako irabazleekin: Salvador Sadurní (Fútbol Club Barcelona), 1974-1975 kanpainan, eta Miguel Reina (Atlético de Madrid), 1976-1977 denboraldian[4].

Entrenatzaile gisa aldatu

D’Alessandro Salamancaren harrobian hasi zen entrenatzaile gisa 1989-1990 denboraldian hirugarren mailan. 1990eko udan Bigarren Mailako UE Figueresek sinatu zuen. Bi urtean, bere kirol-historiako arrakastarik handienera eraman zuen klub apala: lehen mailarako promozioa jolastea. Ez zuen igoera lortu, baina D'Alessandro teknikari preziatu bihurtu zen. 1992-93 denboraldian, Real Betis Balompiék kategoria gorenera itzultzeko proiektua eman zion, baina D'Alessandrok ez zuen zorte onik izan etapa berri horretan. Manuel Ruiz de Lopera klubeko presidenteak zalantzan jarri zuen bere sistema, eta denboraldi erdian kanporatua izan zen.

Urtebete geroago, beste presidente polemiko batek, Jesús Gilek, lehen mailan debutatzeko aukera eman zion. Sei hilabetetan bost teknikari izan ondoren, 1994ko martxoan, D'Alessandroren aldeko apustua egin zuen Gilek, Atletico Madril bigarren mailara jaisteko postuetatik ateratzeko. Azken bederatzi jardunaldietan, 18 puntuetatik 12 batu zituzten zuri-gorriek jokoan, eta 14. postuan amaitu zuten liga. Helburua lortu arren, entrenatzaileak ez zuen kontratua berritu eta Pacho Maturana kolonbiarrak ordeztu zuen.

Kolonbiako teknikariak, ordea, bost hilabete baino ez zituen egin Vicente Calderóneko aulkian. 1994ko azaroan, Jesús Gilek berriro kontratatu zuen D'Alessandro, taldea azken postutik ateratzeko[5]. Oraingo honetan, ordea, D'Alessandroren lanak ez zuen konbentzitu agintari koltxoneroa, 1995ko otsailaren 17an kanporatu baitzuen.

1995-96 denboraldian, D'Alessandro kontratatu zuen UD Salamancak, bigarren mailako jaitsiera postuetatik ihes egiteko borrokatzen zegoen taldea. Hamahiru egun falta ziren liga amaitzeko. Teknikariak aire berriak ekarri zituen, baina ez zuen taldea sailkapenaren azken postutik atera[6].

Guztiz bestelakoa izan zen hurrengo denboraldia. D'Alessandro bigarren mailako Merida IPra iritsi zen, denboraldi erdian, eta lehen mailarako igoera lortu zuen. Hala ere, urtebete baino ez zuten iraun kategoria gorenean.

2000ko urtarrilean, CF Elcheko Tolo Plaza ordezkatzeko itzuli zen aulkira. Bigarren itzuli ona egin ondoren, kategorian irautearen helburua lortu zuen.

Bigarren etapa, UD Salamancako aulkian, 2002-03 denboraldia hasi eta gutxira hasi zen, oraingoan bigarren mailan. 2002ko urriaren 13an, D'Alessandro hautatu zuten Balta[7] ordezkatzeko eta zazpigarren postuan sailkatu zituen.

2003ko azaroan, larrialdiko ordezkapen bihurtu zen berriro, oraingoan Rayo Vallecanok[8] ez zuen lortu egoera korapilatsua gainditzea bigarren mailan eta denboraldi amaieran kaleratu zuten[9].

2010eko apirilean (2009-10 denboraldiaren amaieran), UD Salamancaren aulkian sartu zen berriro ere[10]. Etapa horretan Pablo Zegarra izan zuen bigarren entrenatzaile. Azkenik, azken partidetan kategorian iraupena lortu zuen, taldea hartu zuenetik lan gogorra egin ondoren, egoera oso zaila baitzen. Taldea salbatzeko helburua lortu ondoren, entrenatzen ez jarraitzea erabaki zuen[11].

2011ko urriaren 30ean, Tarragonako Gimnàstic-eko entrenatzaile berria bihurtu zen. Juan Carlos Olivaren ordez, salbazioa lortu nahian[12]. 2011ko azaroaren 6an, talde katalanean lehen partida jokatu zuen, eta 5-0 irabaztea lortu zuen CE Sabadellen aurka. Baina hasierako erreakzio ona eten egin zen eta bigarren B mailara jaitsi ondoren D'Alessandrok ez zuen jarraitu entrenatzaile bezala.

2012ko abenduaren 26an, Huesca Kirol Elkarteak kontratu zuen, zilar-kategorian ere, eta helburua bertan irautea zen[13]. Hasieran, Aragoiko taldearen emaitzak hobetu zituen, eta bi jardunaldi egin zituen jaitsiera-postuetatik kanpo, baina azkenean Bigarren B mailara jaitsi zen[14].

Kazetari/Tertulia-kide gisa aldatu

D’Alessandro entrenatzaile lanetan zegoen bitartean, kazetaritza munduan lehen hastapenak eman zituen. Bere lehen lan aipagarria COPE irrati katean izan zen, Jose Maria Garcia kazetariarekin batera. Ondoren, Onda Cero katean jarraitu zuen, eta telebistara salto eman zuen, Antena 3 katean lan egiten hasi zenean. Onda Cero-n zein Antena 3-en, futbol komentarista gisa lan egin zuen. Garciak erretiroa hartu eta gero, D’Alessandrok COPE-n bere ibilbidea bukatu zuen. Aldiz, Josep Pedrerolek Punto Pelota saiorako fitxatu zuen, oraingoan tertulia-kide gisa. Aldi berean, Intereconomia irratian eta Intereconomia TV-en lan egin zuen. Gaur egun, Punto Pelota desagertu eta gero, saioaren bertsio berrian lan egiten du, El Chiringuito de Jugones saioan, MEGA telebista katean. Gainera, saioaren Twitch-ean eta Youtube kanalean La Liga, Errege Kopa eta Txapeldunen Ligako partiduak komentatzen ditu.

Taldeak aldatu

Jokalari gisa aldatu

Taldea Herrialdea Urtea
San Lorenzo de Almagro Argentina 1968-1974
UD Salamanca Espainia 1974-1984

Entrenatzaile gisa aldatu

Taldea Herrialdea Urtea
UD Salamanca B Espainia 1989-1990
UE Figueres Espainia 1990-1992
Real Betis Espainia 1992-1993
Atletico Madril Espainia 1994-1995
UD Salamanca Espainia 1996
CP Merida Espainia 1997-1998
Elx CF Espainia 2000-2001
UD Salamanca Espainia 2002-2003
Rayo Vallecano Espainia 2003-2004
UD Salamanca Espainia 2010
Gimnàstic de Tarragona Espainia 2011-2012
SD Huesca Espainia 2013

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) «Cumplen 50 años "Los Matadores", el primer campeón invicto» Gaceta Mercantil (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
  2. (Gaztelaniaz) Rosell, Maria del Mar. (1978-01-02). «A D'Alessandro se le extirpó un riñón» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-11-22).
  3. Mf, Ángel. (2019-06-30). «Desde mi grada vieja: Las sombras del Zamora: 1975 y 77, reivindicación legítima, MARCA. Insisto.» Desde mi grada vieja (Noiz kontsultatua: 2022-04-25).
  4. (Gaztelaniaz) «D'Alessandro recibe 45 años después el Trofeo Zamora a mejor portero de la Liga» MARCA Claro Argentina 2019-12-16 (Noiz kontsultatua: 2021-11-22).
  5. (Gaztelaniaz) Miguélez, José. (1994-11-01). «D'Alessandro: "El Atlético parecía un equipo de veteranos"» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-11-22).
  6. (Gaztelaniaz) País, El. (1996-05-21). «D'Alessandro dimite» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-11-22).
  7. (Gaztelaniaz) AS, Diario. (2002-10-14). «D'Alessandro, nuevo entrenador» AS.com (Noiz kontsultatua: 2021-11-22).
  8. (Gaztelaniaz) AS, Diario. (2003-11-11). «D'Alessandro: "Intentaré devolver la tranquilidad con victorias"» AS.com (Noiz kontsultatua: 2021-11-22).
  9. (Gaztelaniaz) SER, Cadena. (2004-02-15). «Jorge d'Alessandro, destituido como técnico del Rayo Vallecano» Cadena SER (Noiz kontsultatua: 2021-11-22).
  10. «Jorge D'Alessandro, nuevo entrenador del Salamanca - MARCA.com» www.marca.com (Noiz kontsultatua: 2021-11-22).
  11. [https://www.marca.com/2010/06/22/futbol/equipos/salamanca/1277233377.html «D'Alessandro no seguir� en el Salamanca - MARCA.com»] www.marca.com (Noiz kontsultatua: 2021-11-22).
  12. «D'Alessandro, nuevo entrenador del Nástic de Tarragona» web.archive.org 2016-03-09 (Noiz kontsultatua: 2021-11-22).
  13. «D'Alessandro ficha por el Huesca» www.marca.com (Noiz kontsultatua: 2021-11-22).
  14. (Gaztelaniaz) AS, Diario. (2013-06-02). «El Huesca desciende pese a su cómoda victoria ante el Xerez» AS.com (Noiz kontsultatua: 2021-11-22).

Kanpo estekak aldatu