Jokin Altuna
Altuna III.a | ||||
---|---|---|---|---|
![]() Jokin Altuna, 2018ko abuztuan | ||||
Izen osoa: | Jokin Altuna Altuna | |||
Jaiotza data: | 1996ko martxoaren 27a (23 urte) | |||
Jaioterria: | Amezketa (Gipuzkoa) | |||
Pilotaria | ||||
Modalitatea: | esku huskako pilota | |||
Egungo enpresa: | Aspe | |||
Postua: | aurrelaria | |||
Altuera: | 1,80 m | |||
Pisua: | 71 kg | |||
Debutatze data: | 2014ko ekainaren 24a | |||
Debutatze pilotalekua: | Astelena (Eibar) |
Jokin Altuna Altuna, pilota arloan Altuna III.a deituraz ezaguna (Amezketa, Gipuzkoa, 1996ko martxoaren 27a)[1] esku huskako pilotari profesionala da. Aurrelari aritzen da, Aspe enpresarekin. Txikitatik nabarmendu izan da, erasoko joko ikusgarria baitu, oldarkorra, irudimentsua, intuiziozkoa; ez du oso kolpe bortitza, baina kolpe mota guztiak teknika apartaz egiten ditu, eta eskuinez jotzen duenean bizi ateratzen zaio pilota.[2][3][4] Trebetasun berezia du errematea norantz egingo duen ezkutatzeko, eskumuturrarekin azken unean aldatu egiten baitu pilotari ematen dion noranzkoa.[5][6] Profesionaletan 2014ko ekainaren 24an debutatu zuen, Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan, Titin III.a handiaren aurka.[7] Lehen Hezkuntza ikasten ari da Mondragon Unibertsitatean.[8]
Kirol ibilbideaAldatu
Profesionaletan debutatu zuenetik bost hilabete betetzerako, lehen finala jokatu zuen: Bigarren Mailako Lau eta Erdiko Txapelketa, Iñaki Artolaren aurka.[9] Artola gailendu zitzaion, 22-8.[10] Profesionaletan egindako lehen urtebetean asko hobetu zuen defentsan (bereziki ezkerrez, debutatu berritan hutsunerik handiena zuen hartan), eta gorputzez indarra eta eusmena hartu zituen (debutatu berritan laster nekatzen zen, urtebete lehenago pneumotoraxa izan baitzuen, 2013ko uztailaren 17an egin zioten ebakuntzaz sendatua);[4] horri esker, 2015eko uda bikaina izan zen Altunarentzat, eta aurretik udako torneoetako bi finaletara iritsi eta galdu eta gero, irailean San Mateokoa irabazi zuen, Merino II.a lagun zuela, Olaizola II.a eta Urrutikoetxea 22-21 mendean hartuta.[11]
2016ko udan aurrelaririk hoberena izan zen, eta 2016ko lau eta erdiko txapeldunordea. Finalerdietan Aimar Olaizola (lau eta erdiko txapelketa nagusi gehien irabazi duena) kanporatu eta gero,[5] finalean 22-21 galdu zuen Oinatz Bengoetxearen aurka. 2017ko lau eta erdiko txapelketa nagusian, ordea, txapelduna izan zen, finala Mikel Urrutikoetxeari 22-21 irabazita.[12]
2018an eskuratu zuen orain arteko bere garaipenik handiena: Buruz Buruko Txapelketa Nagusia irabazi zuen, finalean 22-14 Olaizola II.a mendean hartuta.[13] Ustekabea izan zen Altuna hain gazterik finalera iristea.
Kirol lorpenakAldatu
Buruz Buruko Pilota Txapelketa Nagusiko finalakAldatu
Urtea | Txapelduna | Txapeldunordea | Tantoak | Pilotalekua |
---|---|---|---|---|
2018 | Altuna III.a | Olaizola II.a | 22-14 | Bizkaia |
Lau eta Erdiko Txapelketa Nagusiko finalakAldatu
Urtea | Txapelduna | Txapeldunordea | Tantoak | Pilotalekua |
---|---|---|---|---|
2016 | Bengoetxea VI.a | Altuna III.a | 22-21 | Ogeta |
2017 | Altuna III.a | Urrutikoetxea | 22-21 | Bizkaia |
2018 | Ezkurdia | Altuna III.a | 22-17 | Nafarroa Arena |
2019 | Ezkurdia | Altuna III.a | 22-16 | Nafarroa Arena |
ErreferentziakAldatu
- ↑ (Gaztelaniaz) «Altuna debutará ante Titin III», Aspepelota.com, 2014-05-30.
- ↑ Jon Eskudero: «Tolosaldeko uzta oparoa», Berria, 2014-06-20.
- ↑ «Altunak eta Urruzolak datorren asteartean debutatuko dute Eibarren», EITB.com, 2014-06-19.
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Joseba Lezeta: «Jokin Altuna lleva la pelota en los genes», Diario Vasco, 2014-06-24.
- ↑ a b Imanol Magro Eizmendi: «Oinatz Bengoetxea, Asegarceko pilotaria: “Ez diot beldurrik finala galtzeari”», Berria, 2016-11-22.
- ↑ (Gaztelaniaz) Enrique Echavarren: «Oinatz Bengoetxea: “Altuna tiene una habilidad especial para esconder la pelota a la hora de rematar”», Diario Vasco, 2016-11-22.
- ↑ (Gaztelaniaz) Joseba Lezeta: «Victoria de Altuna III y derrota de Urruzola en los debuts de Eibar», Diario Vasco, 2014-06-24.
- ↑ «Jokin Altuna pilotari eta Lehen Hezkuntzako ikasleak irabazi du Buruz Buruko Pilota Txapelketa Nagusia - Berriak - Mondragon Unibertsitatea» www.mondragon.edu . Noiz kontsultatua: 2019-03-11.
- ↑ Joseba Lezeta: «Altuna-Artola Promozio mailako finala Donostian jokatuko da», Diario Vasco, 2014-11-17.
- ↑ Ander Gartzia: «Etorkizun oparoko txapela», Berria, 2014-11-23.
- ↑ Asier Imaz: «Jokin Altuna: "Gauza asko dauzkat hobetzeko"», Tolosaldeko Ataria, 2015-10-01.
- ↑ «Jokin Altuna estu nagusitu zaio Urrutikoetxeari (21-22)» Berria 2017-11-19 . Noiz kontsultatua: 2017-11-19.
- ↑ «Altunarentzat da txapela» Berria 2018-05-27 . Noiz kontsultatua: 2018-05-27.
Kanpo loturakAldatu
- Pilotariaren fitxa, Asperen webgunean.