Jan Vermeer

Johannes Vermeer» orritik birbideratua)

Jan Vermeer[1], jaiotzez Joannes Vermeer (Delft, 1632ko urriaren 31 - Delft, 1675eko abenduaren 15a) herbeherear margolari barrokoa izan zen. Haren bizitzari buruzko datu gutxi iritsi da. 1662-1670. urteetan Herbehereetako pintoreen elkarteko lehendakaria izan zen. Erretratugile bikaina izan zen eta paisaiak ere margotu zituen. Maisutasun handiz erabili zuen argia.

Jan Vermeer

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJohannes Vermeer
JaiotzaDelft1632ko urria
Herrialdea Zazpi Herbehere Batuen Errepublika
BizilekuaDelft
HeriotzaDelft1675eko abenduaren 15a (43 urte)
Hobiratze lekuaOude Kerk (en) Itzuli
Familia
AitaReijnier Janszoon Vermeer
AmaDigna Baltus
Ezkontidea(k)Catharina Bolenes (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzaknederlandera
Jarduerak
Jarduerakmargolaria eta arte bildumagilea
Lantokia(k)Delft
Lan nabarmenak
InfluentziakCarel Fabritius, Gabriel Metsu, Dirk van Baburen eta Leonaert Bramer (en) Itzuli
MugimenduaHerbehereetako margolaritzaren Urrezko Aroa
Barrokoko margolaritza
Genero artistikoagenero-margolana
erretratua
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaKalbinismoa
katolizismoa

Musicbrainz: 3a0fcc05-3037-4d26-8358-69138b8f00de Discogs: 2234860 Find a Grave: 3757 Edit the value on Wikidata
Kristo, Martaren eta Mariaren etxean, Eskoziako Galeria Nazionala, Edinburgh

Bizitza aldatu

Ehule eta ostalari baten semea zen, XVII. mendean Herbehereetan nagusi zen burgesia txikikoa zen, beraz. 1653aren bukaeran, Delfteko margolarien gidan onartu zuten Vermeer, eta horrek esan nahi zuen hainbat urtez ari izan zela itzal handiko maisu batekin ikasten. Leonaert Bramer (1595-1674) izango zen, ziur asko, maisu hura, Delfteko garai hartako margolari ospetsuenetako bat.

Vermeerren obra ez zen oso oparoa izan, hogeita hamar bat koadro hartzen dira gaur egun hark margotutakotzat; oparotasunik eza guztiz bat dator haren lan egiteko modu arduratsu, zehatz eta zorrotzarekin. Garai hartako lekukotasun idatzien arabera, Vermeerrek arrakasta izan zuen, eta prezio onean saldu zituen margolanak, baina, 1672ko krisi ekonomikoaren ondorioz, erreka jo zuen, eskasian egin zituen azken urteak, eta hil ondoren zorpeturik utzi zuen bere familia.

Margogintza aldatu

Vermeeren hiru koadroren data zehatza baizik ez dakigu: Kortesana (1656, Gemäldegalerie Alte Meister, Dresden), Astronomoa (1668, Louvre, Paris) eta Geografoa (1669, Städelsches Kunstinstitut, Frankfurt)[2]. Hala eta guztiz ere, haren obra ia osoa gaur egun arte gorde denez, badago jakitea zer urrats artistiko egin zuen eta zer nolako bilakaera izan zuen. Kristo, Martaren eta Mariaren etxean (Eskoziako Galeria Nazionala, Edinburgh)[3] eta Diana eta haren lagunak (Mauritshuis, Haga)[4] 1653-1656koak behar dute izan. Vermeer barrualdeetako gaiak lantzen zituen margolari gisa baldin bada ere ezaguna, bide hori geroago baizik ez zuen hartu, eta hasieran men egin zion Italian sortu eta Herbehereetan indar handia hartua zuen gai historikorako zaletasunari.

1650etik aurrera, maila handiko artista batzuek Delften hartu zuten bizilekua. Rembrandten ikasle Carel Fabritius izan zen haietako bat. Haren trompe-l'œil teknikarekin eta perspektibazko kutxekin, hirugarren dimentsioaren irudipena sortzen zuen eraikinetako barrualdeak irudikatzen zituzten margolanetan. Urte hartan, halaber, Emanuel de Wittek goi-mailaraino eraman zuen elizetako barrualdeak irudikatzeko antzea. Berrikuntza haiek guztiek hasieran ez zuten eragin handirik izan Vermeerengan, baina erabakigarriak izan ziren gerora haren lanetan. Garai hartan, Vermeer genero galaiari eta erotikoari atxiki zitzaion, Jacob van Looren, Gerbrand van den Eeckhouten eta Gerard ter Borchen eraginez.

 
Esneketaria, 1658-1660 aldean, Rijksmuseum, Amsterdam.

1656an, Kortesana (Gemäldegalerie Alte Meister, Dresden)[5] margotu zuen. Koadro hori sakonerarik gabeko plano baten gisa zegoen irudikatua, ez baitzituen artean bereganatu Fabritiusek eta de Wittek sakoneraren eremura ekarri zituzten berrikuntzak. Joera horren baitakoa du orobat Neska gaztea lozorroan (1657 aldean, Metropolitan Museum of Art, New York)[6].

Delften bizileku hartu zuen Pieter de Hooch margolariak bikain asmatu zuen gertakari galaiak barrualde guztiz errealistetan kokatzen, arestian aipatu diren pintore horien guztien eraginak bildurik. Hoochek eragin handia izan zuen Vermeerrengan: haren bideari jarraiki, gorputz-erdiz ikusitako giza irudi bat edo bi jartzen hasi zen gela bereko leiho ondoan; horren adibide dira, besteak beste, Soldadua eta neska gaztea (1658 aldean, Frick Collection, New York)[7], Neska irakurlea (1657, Gemäldegalerie Alte Meister, Dresden), Esneketaria (1658-1660, Rijksmuseum, Amsterdam)[8] eta Neska gaztea eta baso bat ardo (1660, Gemäldegalerie, Berlin). Margolan horietan, eguzkiaren argiak gainalde batean jotzen duenean iristen duen distiraren bizitasun osoa nahi zuen irudikatu, eta hori, garai hartan, ezin irudikatuzkotzat jotzen zen. Litekeena da, zatika eta aldez aurretiko zirriborroak erabili ordez, Vermeerrek zuzenean kopiatzea koadro osoa, garai hartako ohituren oso bestela.

 
Delfteko ikuspegia, 1660-1661, Mauritshuis, Haga.

1658tik 1661era, Vermeerrek orobat margotu zituen kanpoaldeko ikuspegiak. Haien artean, Delfteko ikuspegia (1660-1661, Mauritshuis, Haga)[9] da bikainena. Garai horretako koadroen ezaugarri nagusiak dira trinkotasun errealista, gogorra, pintzelkada gotorrez eta pintura sendo oraturik egina -zati argituetan batez ere- eta axaleko margo-geruza zimurtsua.

 
Neska perlarekin, 1665 aldean, Mauritshuis, Haga

Perla pisatzailea (1662-1665, Washingtongo Arte Galeria Nazionala)[10], Perlazko lepokoa (1662-1665, Gemäldegalerie, Berlin)[11] eta Neska gaztea urdinez jantzita gutuna irakurtzen (1662-1665, Rijksmuseum, Amsterdam)[12] lanetan, ordea, Vermeerren pinturak izan zuen aldaketarik: margoaren ehundura leunagoa da, koadroa argiztatzeko modua ez hain bortitza eta bolumenak eta marrak finagoak. Margolariari, ordea, eragozpena zitzaion giza irudien mugimendua nahi bezain zehatz irudikatzea, eta hori zela eta zurrunak ziruditen ordu arteko margolanetako giza irudiek. Alabaina, hiru lan horietatik aurrera, giza irudiak geldirik egon beharreko zereginetan irudikatuz -begiak erdi itxita askotan- konpondu zuen arazo hura, Lantegia (1662-1668 aldean, Kunsthistorisches Museum, Viena)[13] lanean garbi ikusten denez. Garai hartan eta koadro horiekin erdietsi zuen Vermeerrek heldutasuna eta betetasuna. Bazekien ezin zuela hobeto margotu, ezin zela urrunago joan, eta, hortaz, estilizaziora jo zuen aurrerantzean.

1667tik aurrera, Vermeeren azken urteetan alegia, argi ageri dira estilizazio horren ondorioak: alferrikako osagaiak kendu zituen, argia eta itzala zehatzago banatu eta mugatu zituen, oro har, ezin bikainago eta ezin indar handiagoz jakin izan zuen giza jarduera baten edo langintza baten ardura eta arreta irudikatzen. Joera horren erakusgarri dira Andrea zutik birjinalaren aurrean (1670-1673 aldean, National Gallery, Londres)[14], Maitasunezko gutuna (1667-1670, Rijksmuseum, Amsterdam)[15], Parpaila-egilea (1669-1671, Louvre, Paris)[16], Neska gitarra jotzen (1670-1672, Kenwood House, Londres)[17] eta Fedearen alegoria (1670-1674, Metropolitan Museum of Art, New York)[18].

Irudi galeria aldatu

  Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Erreferentziak aldatu

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
  2. Martínez Ripoll, Antonio. Vermeer y los pequeños maestros del género. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-22).
  3. Christ in the House of Martha and Mary. essentialvermeer.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-24).
  4. Diana and her Companions. essentialvermeer.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-24).
  5. The Procuress. nationalgalleries.org (Noiz kontsultatua: 2015-11-24).
  6. A Maid Asleep. essentialvermeer.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-24).
  7. Oficial y mujer sonriendo. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-23).
  8. La lechera. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-23).
  9. View of Delft. essentialvermeer.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-24).
  10. Woman Holding a Balance. essentialvermeer.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-24).
  11. Woman with a Pearl Necklace. essentialvermeer.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-24).
  12. Woman in Blue Reading a Letter. essentialvermeer.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-24).
  13. The Art of Painting. essentialvermeer.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-24).
  14. A Lady Standing at a Virginal. essentialvermeer.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-24).
  15. The Love Letter. essentialvermeer.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-24).
  16. The Lacemaker. essentialvermeer.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-24).
  17. The Guitar Player. essentialvermeer.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-24).
  18. The Allegory of Faith. essentialvermeer.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-24).

Kanpo loturak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jan Vermeer