Joanen gutunak Bibliako Itun Berriko hiru liburu dira: Joanen Lehen Gutuna, Joanen Bigarren Gutuna eta Joanen Hirugarren Gutuna. Gaur egun, K.o. 90 eta 100 urteen artean idatzi zirela uste da.

1 Joanen hasiera Codex Harleianus 5537

Egilea aldatu

Kristau-tradizioak Joani egozten dizkion hiru gutun hauek, Errebelazioa bezala, laugarren ebanjelioaren tradizio berekoak dira –hizkuntzaz eta pentsamoldez ere oso antzekoak–, baina ez du esan nahi pertsona berak idatziak direnik. Litekeena da, ordea, ebanjelioaren azken idazketa egin zuena bera izatea gutun hauen idazlea ere.

Hartzailea aldatu

Joandar erkidegoko kideei idatziak izan ziren K.o. 100. urte inguruan. Lehen gutuna, luzeena, beste biak baino geroago idatzi zela uste da. Gainera, lehenak ez du gutun-itxurarik molde aldetik, ez du igorlerik, ez hartzailerik, ez agurrik zehatz aipatzen. Bigarrena eliza-elkarte batengana zuzenduriko gutuna da, eta hirugarrena Gaio delako bati.

Sumatzen denez, bazen erkidego hartan jakinbide-gatazkarik (Jesusen benetako izaerari buruzko zalantzarik), jatorrizko mezuarekiko desbiderapenik (antikristoak, sasiprofetak) edo elkar bizitzan arazorik (maitasunik eza, alegia).

Edukia aldatu

Lehena da mezu teologiko sakon eta garatuena duena. Hala ere, ez du ematen idazleak gutuna idazterakoan aurretiazko plan zehatz bati jarraitu zionik. Oinarrian hainbat gai dago (argia eta iluna, gezurra eta egia, bekatua eta barkamena, Espiritua eta ezagutza, Jainkoaren agindua –maitasunarena batik bat–, sinesmena eta mundua, antikristoa…); gero bi gai nagusiren inguruan ardazten da idazkia: fede-aukera sakona Jesus Jaunari buruz eta elkarrekiko maitasun-bizitza (1 J 3:23-24).

1 J 2:18-19 zatian esaten denez, antikristo asko agertu zen ordurako, erkidego barrutik, hain zuzen ere, eta 1 J 4:1 txatalean sasiprofetak aipatzen dira. Jatorrizko jakinbide nahasle horien aurka kontuz ibiltzeko ohartarazten ditu sinestedunak, fedean sendo eta zintzo irauteko.

Bigarren gutunean ere engainatzaile eta antikristoekin kontuz ibiltzeko aholkua errepikatzen da, eta elkar maitatzeko agindua gogorarazten bereziki.

Hirugarrenean, Gaio goraipatzen du fede-senideei emaniko laguntzagatik, eta Diotrefes kritikatzen bere handikeriagatik eta apostoluak bidalitako predikari ibiltarien aurkako jarreragatik.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu