Jean Hiriart-Urruti Abittu

Jean Hiriart-Urruti Abittu (Hazparne, 1927ko otsailak 11 - Ib., 1990) lapurtar apaiz, idazle eta euskaltzaina izan zen. Aitaren osaba zuen Jean Hiriart Urruti (1859-1915), Eskualduna aldizkariaren buru izan zena. Jean Haritxelharrek euskal idazlerik hobenetarikotzat jo zuen[1].

Jean Hiriart-Urruti Abittu
Bizitza
JaiotzaHazparne1927ko otsailaren 11
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaHazparne, 1990 (62/63 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakapaiza eta idazlea

Literaturaren Zubitegia: 459

Bizitza aldatu

Ustaritzen, Baionan eta Erroman egin zituen teologiazko eta soziologiazko ikasketak. 1951eko ekainaren 29an apaiz egin zen. 1955eko abuztuan euskaltzain urgazle izendatu zuten. Baionako Apaizgaitegi Nagusiko irakaslea izan, eta, 1976. urteaz geroztik, Baionako elizbarrutiko Bikario Nagusia.

1960. urtean bere gain hartu zuen Gazte hilabetekaria, 1956an Piarres Xarritonek abiarazi zuena. 1960an, Gazte hilabetekariaren lana eten zenean, Hiriartek bertako idazleak Herria aldizkariaren gazteentzako sail batean ezarri zituen. 1967an Herria-ko zuzendari izan zen, eta 1968an Afrikara, Burundiko Apaiztegira, joan zen hiru urterako. Afrikatik lanak igortzen zituen aldizkarira.

1977ko martxoaren 27an euskaltzain oso izendatu zuten.

Lanak aldatu

Elizako gaiez gainera, antzerkilarien, kantarien eta bertsolarien mundua ere ongi ezagutzen zuen. Gazte, Etchea, Herria eta Gure Herria aldizkarietan idatzi zituen lanak, eta horietako batzuk bildu eta argitaratu dituzte haren adiskideek. Hiriarten bederatzirehun lan inguru biltzen dituzten bost liburu daude, gaien araberako aurkibidea dutenak: Jauna dut argi I eta II, Fedea gidari, Artzain-solas eta Izar-alde; seigarrena argitaratzeko dago, eta azken bi urte eta erdietako artikuluak bilduko ditu. Beste lan aipagarria, Mixel Garikoitz, Jainkoari baietz erran dion saindua da. Itzulpenak ere baditu, batzuk lagunekin batera egindakoak, Elizako liburua eta Otoizlari aldizkarian.

Erreferentziak aldatu

  1. Ibaibarriaga, P.. Jean Hiriart-Urruti (1927 - 1990). argia.eus (Noiz kontsultatua: 2015-10-07).

Kanpo loturak aldatu