Jansenismo

Jansenista» orritik birbideratua)

Jansenismoa Janseniusen doktrina da, Jainkoak aldez aurretik hautetsiak soilik salba daitezkeela baiezten zuena; doktrina horren aldekoek eragin zuten erlijiozko higikundea.

Cornelius Jansen Augustinus liburuaren portada, 1640an hilondokoa argitaratua. Liburuak eztabaida janseanista sortu zuen.

Ezaugarriak aldatu

Jansen edo Janseniusen idatzietan oinarritzen den dotrina. XVI. mendean sortu zen higikunde hau, agustindarren eta jesuiten arteko istiluen ondorioz. Bost dira mugimenduaren oinarrizko ideiak:

  • jatorrizko bekatuaren ondorioz, lizuna da giza izaera;
  • gizonak ez du zoriaren aukera grazia onartu edo ukatzeko;
  • grazia Jainkoak emana datorkio; gizonak ekintza onak egiteko beharrezkoa du Jainkoarengandik datorkion grazia;
  • ezin du grazia hori erdietsi;
  • bakoitzaren merezimenduen arabera gizon batzuk zerura bidaltzen ditu Jainkoak eta beste batzuk berriz infernura.

Horren kontra atera ziren jesuitak, giza borondateak salbamenean zerikusirik baduela esanez. Valencia, Lessio eta batez ere Molina izan ziren gatazka horretan parte hartu zuten jesuita ezagunenak. San Agustinen ideiak azaltzen dituen liburua idatzi zuen Janseniusek, baina jansenistek ez zuten lortu lan horrek beren kontra eragindako zigorra bertan behera gelditzea. Politikaren alorrean jansenismoak kontzientzia indibidualaren defentsa aldarrikatzen du estatu arrazoiaren aurrean. Jansenistek, lehenik, Richelieu kardinalak printzipe protestanteekin egindako aliantzak gaitzetsi zituzten Habsburgotarren kaltetan zirelako, katolizismoaren kaltetan beraz. Erregeak, bere ministroaren defentsan, aita santua bultzatu zuen jansenismoa zigortu zezan. Azkenean monarkaren boterea indartu egin zen eliza galikanoaren kaltetan. Jansenismoak botere politiko eta erlijiosoaren arteko harremanaren auzia mahaigaineratu zuen eta burgesiaren eta kleroaren zenbait sektoretan errotzea lortu zuen.[1] Egoera laztu egin zitzaien pixkana: buldaren bidez zigorrak ezarri zizkieten 1642, 1653 eta 1656. urteetan; Mazarinen eta Luis XIV.a erregearen erasoak nozitu behar izan zituzten. 1669tik 1679ra bitartean, Elizaren bakea deritzonarekin, lasaitasuna iritsi zen Port Royalera. Harrezkero jansenismoa gero eta gehiago lotu zitzaion politikari eta berriro piztu zen borroka: elizari legedi bat betearazi nahi izan zion Luis XIV.ak, jansenistek onartu ez zutena. Port Royalgo abadetxea suntsitu zuen erregek 1709ko urriaren 29an[2].

Bestalde, Euskal Herriko iparraldean garrantzi handia izan zuen jansenismoak. Duvergier de Hauranne, Saint Cyrango abade izango zena, baionesa zen sortzez, bere iloba Martin de Barcos bezala. Horrela jarraitu zuten Frantziako Iraultza lehertu arte. Holandan aurkitu zuten erregeen eta aita santuen eraso horiengandiko babesa eta han sortu zuten eliza bereizia. Jansenismoa ez da Herbehereetatik kanpora hedatu baina eragin handia izan du XX. mendeko eliza katolikoan.

Erreferentziak aldatu

  1. Azurmendi, Joxe (2020): Pentsamenduaren historia Euskal Herrian, Andoain, Jakin. 159. or.
  2. (Frantsesez) «La dissolution de Port-Royal | Histoire et analyse d'images et oeuvres» histoire-image.org (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).

Kanpo estekak aldatu