James Fitz-James (Berwickeko I. dukea)
James Fitz-James, Berwickeko dukea (Moulins, 1670ko abuztuaren 21a - Philippsburg, 1734ko ekainaren 12a) Frantziako mariskala izan zen. Ingalaterrako Jakue II.aren eta Arabelle Curchillen sasiko semea. Frantzian hezia, Espainiako Filipe V.a erregea agintean bermatu zuten armada frantsesen buruzagi izan zen (1704 eta 1706). 1719an kanpaina militarra egin zuen Euskal Herrian, eta Donostia setiatu eta konkistatu zuen.
Biografia
aldatuFrantzian camisard zirelakoen aurkako zapalkuntza bideratu zuen (1705, kalbinisten altxamendua, protestanteen eskubideak ezagutzen zituen Nantesko Ediktua balio gabe utzi ondoren).
1707ko apirilaren 25ean Almansako gudua irabazi zuen Karlos artxidukearen osteen aurrean eta, ondorioz, Katalunia eta Valentziako foruak ezerezean gelditu ziren. Borboiko Filipe V.ak, bitartean, foruen aurkako politika bultzatu nahi izan zuen: 1714an, Berwickek Bartzelona setiatu zuen, eta hiru hilabete geroago hartu egin zuen hiria.
Kanpaina militarrak Euskal Herrian
aldatu1717ko abuztuaren 31n Filipe V.ak aduanak Ebrotik Bidasoara aldatzea erabaki zuen. Horren ondorioz Bizkaian matxinadak izan ziren, eta erregearen osteek hartu zuten Hego Euskal Herria. 1719an, ordea, Berwick kondearen soldaduak Baionan sartu eta lehen zerbitzatu zuen erregearen aurka aritzeko prest azaldu ziren (Espainiaren aurkako Lauko Aliantza).
Bidasoako muga 1719ko apirilaren 20an igaro zuen Berwickek, eta Behobia, Hondarribia, Oiartzun, Errenteria eta Pasaia hartu zituen hurrengo egunetan.[1]
Harriturik, errege borboiak osteak erretiratzea agindu zuen, eta euskal probintziak errenditu egin ziren Berwick dukearen armadaren aurrean, baina herrialde bakoitzari zegozkion foruak errespetatzekotan. Horren aurretik, kanpaina militarrean, Donostia setiatu zuen Berwickek; hiri barruan Alejandro de la Mota zelarik defendatzaileen komandantea. Setioa ekainaren 23an hasi zuen Berwickek, 16.000 gizonekin; Felipe V.a bere nagusiak beste 15.000 soldadu zituelarik erretagoardian Lesakan.
Hirira erasoa uztailaren 4an hasi zen, eta aurrera egin zuren uztailaren 25ean kanoiak Zurriola aldeko harresiaren pare jarri ziren artean. Hurrengo egunetan erasoak eta bonbaketa alde horretatik areagotu zen, eta bretxa ireki zuten harresian, geroztik Donostian Bretxa esaten zaion tokian hain zuzen. Uztailaren 30ean soldaduak Urgull mendiko gaztelura erretiratu ziren, baina 1719ko abuztuaren 1ean, errendizioa paktatu zuten Berwickeko Donostiako Udaleko bi ordezkarik, Martin Olozagak eta Pablo Agustin Agirrek. Hurrengo egunean Pedro Antonio Amitesarobe izendatu zuten alkate, eta formalki honek utzi zion sartzen hirian Berwicki.[1]
Filipe V.ak hurrengo urtean izenpetuko zen bakea eskatu zuen 1720an, eta euskaldunak kontent edukitzeagatik aduanak berriz ere Ebrora aldatzeko agindua eman zuen urtebete geroago (1722ko urriak 16). Berwickeko dukea Philippsburgeko guduan hil zen, Poloniako Erregetzarako Gerran (1734).
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b (Gaztelaniaz) SADA, JAVIER. (2008-07-27). «El duque de Berwick» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2025-02-25).