Ireki menu nagusia

BiografiaAldatu

1959an, Santa Cruzen (AEB) Jack O’Neillek bere izena zeraman surf denda San Frantziskotik 90 milia hegoaldera aldatu zuen, bertan eguraldia epelxeagoa zelako, eta olatuak hobeak. Hamar urte lehenago finkatu zen San Frantziskon eta arrantzan hasi zen lanean. Aisialdia ere itsasoan ematen zuen gehienbat, surf egiten, bainujantzi arrunt bat soinean, Ozeano Bareko ur hotzak jasaten urte osoan zehar[1].

Berehala hasi zen uretan bero eusteko zerbait asmatzeko ahaleginetan, eta PVCz egindako jantzia asmatu zuen lehenik. Handik gutxira, hegaldi batean, DC-3 hegazkinean neopreno izeneko materiala erabili zutela ikusi zuen eta harekin esperimentatzen hasi zen. Neoprenozko jantzia sortu eta pixkanaka hobetu zuen[1].

Ordura arte, surf dendek oholak baino ez zituzten saltzen baina, 1952an, Jackek O’Neill Surf Shop zabaldu eta, oholez gain, parafina eta berak asmatutako jantziak ipini zituen salgai. Ingurukoek porrota aurreikusi arren, O’Neillek surf denda modernoa sortu zuen, eta surf munduko inperio nagusietakoa abiatu[1].

60ko hamarkadan surfak loraldia izan zuen, baita Jacken negozioak ere. Neoprenozko jantziari nylon geruza bat erantsi zion errazago jantzi eta eranzteko eta atzean lokarri baten bidez ixten zen kremailera ipini zion. 1971n Jacken seme Pat O’Neillek surflarien orkatila eta ohola lotzen dituen lokarria asmatu zuen; handik gutxira, aitak istripua izan zuen lokarriarekin eta ezkerreko begia galdu zuen[1].

80ko hamarkadan O’Neill arropa ekoizten hasi zen eta negozioa Europara zabaldu zen. 1985ean Jackek semeen esku utzi zuen San Frantziskoko garaje batean zabaldutako negozio txiki hura, nazioarteko inperio bihurtua. Gainera, nahi izanez gero, surfaren mundua irauli eta negozioa handitu lezakeen edozein unetan; “surf shop” deituraren eskubideak zituen eta izendapen hori erabiltzen duten enpresa handi nahiz denda txiki guztiak auzipetu zitzakeen[1].

Azken urteetan Jack O’Neillek negozioa albo batera utzi zuen. Ingurumenari lotutako hainbat proiektu sortu zituen, baita bera bezalako haur dislexikoentzako eskola bat ere. Duela 50 urte Santa Cruzeko hondartzan erositako etxe berean bizi izan zen, olatuei begi bakarrez begira. Haren helburua ez zen milioika eta milioika dolar fakturatzea: “Nire asmo bakarra gustukoen dudana barrabilak izoztu gabe (sic) egitea zen”. Eta surfean noiznahi eta nonahi aritu ahal izatea ahalbidetu zuen[1].

ErreferentziakAldatu

  1. a b c d e f Nagore Irazustabarrena, «Surfa berotu zuen gizona», Argia, 2009-09-06, CC-BY-SA lizentzia