Ireki menu nagusia
Zisjordaniako israeldar kokalekuak magentaz erakusten dituen mapa, 2012koa.
Golango gainetako israeldar kokalekuak erakusten dituen mapa, 1992koa.
Modi'in Illiteko israeldar kokalekua hiri izateraino hazi da.

Lurralde okupatuetako israeldar kokalekuak —eskuarki israeldar kokalekuak edo Israelen kokalekuak izenez aipatuak— Israelek Sei Eguneko Gerran 1967an okupatu zituen lurretan eraikitako koloniak dira. Gaur egun, kokaleku horiek Zisjordanian, Ekialdeko Jerusalemen eta Golango gainetan daude. Sei Eguneko Gerraren aurretik, lur okupatu horiek Egipto, Jordania eta Siriaren menpe zeuden. Israelek lur okupatuetako batzuetatik alde egin zuen 1981etik 2005era bitartean, baina kokaleku kopurua hazi egin da, baita bertako biztanleria ere. Askotan, bertan bizi izan ziren palestinarrek alde egin behar izan zuten, eta batzuei lurrak ere kendu zizkieten.

DemografiaAldatu

Palestinako lurretan bizi diren israeldar kolonoen kopurua bikoiztu egin da. 2005ean Israelek Gazan zeuden kolonia apurrak eta Zisjordaniako batzuk deuseztatzea onartu bazuen ere, kopurua egunetik egunera handitzen ari da. Gaur egun, miloi erdi inguru kolono daude. Kolonoen %75a (360.000) ultraortodoxoa da.

Kolonien izaera juridikoaAldatu

Israelek okupatutako lur palestinarretan eraiki dituen bizitokiak dira koloniak. Bertan juduen komunitateak bizi dira. Nazioarteko legeak legez kontrakotzat jo dituzte. Txalet-multzo itxurako gotorleku armatu hauek Nazio Batuen Ginebrako Hitzarmena urratzen dute. Militarki okupatutako lurretara herritarrak eramatea zehazki debekatzen badu ere, Israelek guztiz kontrakoa egin du 1967ko gerran Zisjordania okupatu zuenetik.

Herrixka horien eraikuntzaren bitartez lur horien gaineko jabetza ziurtatu nahi du Israelgo Gobernuak; etorkizunean bake-akordiorik balego horrek suposatuko lukeenari aurre hartuz. Kolonien eraispena izan da palestinarrekin bake-hitzarmenik ez lortzeko arrazoi nagusietako bat. Israelek akordio guztiek kolonien biziraupena jasotzea nahi du.

Kolonoentzako abantailakAldatu

 
Israeldar soldadu eta kolonoak Iraq Burin (Naplusa) herriko manifestazioaren aurrean.

Kolonietara joatearen argudio nagusia erlijioa da. Jainkoak judutarrei han bizitzeko eskubidea eman diela uste dute kolonoek. Badaude beste arrazoi batzuk ere: kolonietan bizitzeko laguntza ekonomikoak ematen ditu Israelgo Gobernuak. Kolonoek zerga txikiagoak ordaintzen dituzte. Etxebizitzarako eta kredituak lortzeko laguntza bereziak dituzte. Enpresek hobariak jasotzen dituzte kolonietan egoitza jar dezaten.

Kolonien eragina palestinarrenganAldatu

Koloniak Zisjordania okupatuaren barruan badaude ere haien azpiegiturak Israelekin lotuta daude. Kolonoek bakarrik erabil dezaketen 200 kilometrotik gorako errepide sarea eraiki dute lur palestinarretan. Koloniak eta kolonoak babestea helburu bakarra duten Israelgo armadaren milaka soldadu daude Zisjordanian. Justiziaren aurrean ere aldeak daude. Kolonoak lege zibilaren arabera epaitzen ditu Israelgo justiziak baina palestinarrak Israelgo aginte militarraren legeriapean bizi dira. Checkpointak, gaueko etxeratze-aginduak, kargurik gabeko atxiloketa prebentiboak eta bestelako murrizketa andana dira aginte militarraren ondorioak palestinarrentzat. Koloniek Zisjordaniako lurraren %3a besterik okupatzen badute ere, errepideek, base militarrek, Checkpointen, Harresiaren eta gainerako segurtasun zonaldeen inguruko azpiegiturek lurren % 40 hartzen dute.[1]

Eusko Legebiltzarraren erakunde adierazpenaAldatu

2007an, Eusko Legebiltzarrak, Palestinako lurralde horien okupazioaren 40. urteurrena zela eta, erakunde adierazpen bat onartu zuen. Besteak beste, beharrezkotzat jo zuen munduko gobernu guztiei dei egitea, «har ditzatela lehenbailehen premiazko neurri guztiak Israelgo estatua honako hauetara behartzeko: 1967an okupatutako lurraldeak uztea, Zisjordaniako eta Jerusalem ekialdeko israeldar kokalekuak desegitea, eta Zisjordanian eta ekialdeko Jerusalemen eraikitako murrua eraistea».[2]

ErreferentziakAldatu