Isabel Lobiano Ibaseta (Ermua, Bizkaia, 1583ko uztailaren 26a - Mutriku, Gipuzkoa, 1673ko urriaren 6a) leinu aberats bateko oinordekoa izan zen, inposatutako ezkontza bati aurre eginez, garaiko gizartea bere maitasun istorioarekin astindu zuena. Euskal Romeo eta Julieta bezala bataiatu dituzte bera eta bikotea.[1]

Isabel Lobiano
Bizitza
JaiotzaErmua1583ko uztailaren 26a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaMutriku1673ko urriaren 6a (90 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakfilantropoa

Biografia aldatu

Joan Lobiano eta Clara Ibasetaren alaba bakarra dugu Isabel. Aita, ermuarra, merkatari eta armadore aberatsa zen; ama, mutrikuarra, ondasun ugariren jabegaia. Bera ume zela aita hil ostean, etorkizunerako prestatzeko eta arriskuetatik babesteko, familiaren jabegokoa zen Mutrikuko Aritzeta monastegian sartu zuten “Doña Isabel”,[2] bertako lekaimeen kargu lagata bederatzi urteko neskatoaren heziketa “enseñandole toda buena criança y a leer y escrevir”.[3] Ana Urrutia moja debarra, konfidente eta tutore izan zuena, arduratu zen hain zuzen irakurtzen eta idazten erakusteaz.[4]

Amaren familian, zirkunstantzia desberdinak tarteko (heriotzak, gaixotasunak…), ez zegoen oinordeko zuzenik, Isabel zen bakarra. Ume oraindik, Brigida Berriatua birramonak bere ondasun guztien oinorde izendatu zuen, besteak beste, Mutrikuko Berriatua dorretxearena, herritarren artean Sulengua ezizenetik ezaguna.[5] Hiribildu berean, ama Clararen Zabiel jauregia[6] ere berea izango zen etorkizunean eta baita aitaren enborretik jasotako Ermuko Lobiano edo Zubiaur dorrea,[7] izen bereko kalean, eta baita hari lotutako baso, orube eta abarrok.

Isabelek ia lau urte eman zituen Aritzetako mojen babespean, familiak bere ezkontza negoziatzen zuen bitartean. Pedro Idiakez Aranburu azkoitiarra izan zen aukeratua, baina Idiakeztarren maiorazko gisa haren anaia zaharrena izendatu zutenean, senargai komenigarriago baten peskizan jarri ziren Lobianotarrak.[4] Gazteok baina, gutun eta mezulari bitartez elkar ikusteko aukera izan eta gauerdi baten gezileiho baten zulotik eskuak lotuz, ezkontzeko hitza eman zioten elkarri. Neskatoaren familiaren oztopoei izkin egiteko asmoz, monastegitik hanka egitea adostu zuten.[8][9]

Ihesaldia aldatu

Gertakariak aldatu

 
Mutrikun, Aritzetako monastegia.

1596ko martxoaren 28a. Berba eginda zegoen hori izango zela iheserako eguna. Bikoteak konplize izan zituen moja pare bat, berauetako baten aita, Pedroren senide batzuk eta hauen konfiantzazko zerbitzariak. Monastegiko atezainak giltzak atean utzi izana aprobetxatu zuten erne zeuden Isabel eta Ana Urrutiak kanpo aldera abiatzeko. Neskatxa, kapa batez estalita, Pedro eta gainerako lagunak zain zeuden gaztainondora hurbildu zen, zaldiz abiatzeko asmoz.[10]  Agudo konturatu ziren monastegian apopiloa falta zitzaiela eta kanpai-hotsez herriko jendea ohartarazi zuten; ahal zuten guztiak, iheslarien ondorik joan ziren.

Mutrikutik Sasiolako komentura bitarteko Errege-bidea, Kalbaixo bezala ezagutua dena, beranduago, 1786-89 urteen artean zabalduko zen.[11] Ganorazko bide baten faltan, mendiz mendiko ihesaldi gorabeheratsua izan zen. Neskatoak ez zekien zaldiz ibiltzen eta horrek asko mantsotu zuen segizioa. Kostata, iritsi ziren azkenean Deba ibaiaren bazterreraino. Han, Sasiola ondoan, txalupa bat zuten zain, gazteok beste aldera pasatzeko ezinbesteko. Zaldiek goragotik pasa arazi zituzten, errekak ur gutxiago zekarren pasabide batetik.

Mutriku aldetik zetozenak ere orduantxe iritsi ziren errekara, haserre eta garrasika. Domingo Erkizia elizgizona, ihesean zihoazenen laguntzailea, ibaia gurutzatzean harrikada batek buruan jo zuen. Zorabiatu eta igeri egiteko gauza ez, denen begien aurrean itota hil zen. Maiteminduen taldeak aurrera jarraitzea beste erremediorik ez zuen izan. Sasiolatik, Lasturrera eta handik Zestoara. Lili jauregian, Pedroren lehengusuaren etxean atseden hartu, afaldu eta ihesaldi gorabeheratsuari amaiera emanez gauerdian ailegatu ziren Azkoitira, Idiakeztarren jauregira.

Ezkontza aldatu

Isabeli, Pedroren arreba Catalinaren etxean eman zioten ostatu. Egun batzuk beranduago, emaztegaiaren ekimenez eta lagunarte bat aprobetxatuz, herriko parrokoaren aurrean ezkondu ziren "orainaldiko hitzengatik", tradizionalki egin izan zen bezala: hau da, ezkongaien arteko promesarekin, eskuak elkarlotuz eta bi lekukoren aurrean.[12] Formulismo horrek ezkontza baliogabetzen zuen Isabelen senideen begien aurrean, familiaren ohorea eta izen ona leku txarrean utziz. Bikotea baina berorren bitartez konprometitu zen betirako, Isabelen senideen ezkontza asmoak pikutara bidaliz.

Auzia aldatu

Emaztegaiaren senitartekoek bere borondatez baino gogoz kontra bahitua izan zela salatu zuten, epaiketa eta liskar luzeetan korapilatuz. Isabelen ama, Clara, honen bigarren senarra Juan Ibarra eta Brigida Berriatua birramamak, ohore kontuak zirela-eta gauza larritzat hartu zuten Idiakeztarren ausardia.[13] Bi familiek eskura zituzten tresna eta kontaktuak erabili zituzten alde bakoitzaren interesak eta prestigioa defendatzeko. Isabel deklaratzera deitua izan zen. Epailearen aurrean behin eta berriro azpimarratu zuen ez zela amarruz bahitua izan eta bere erabaki hutsez alde zuela monastegitik.

 
Azkoitian, Idiakeztarren dorrea, Etxe Beltza.

Auzia konpontzeko behar izandako urte eta erdian agintari zibilek, judizialek zein elizgizonek parte hartu behar izan zuten. Gertakaria familia baten eskubide sakratuen aurkako atentatutzat jo zenez, besteak beste, Gipuzkoako Probintzia Batzarretako bitartekariek, Valladolideko Kantzelaritzako ordezkariek, Aita Santuaren Nuntzioak eta Castillako Gorteek zeresan handia izan zuten aferaren konponbidean. Azkenean, erabakigarria izan zen Martin Idiakezen esku-hartzea, Pedroren anaia nagusia eta Filipe II.aren monarkian goi karguduna zena. Gortean zituen hartu-emanez baliatuz, Maria enperatriza, Austriako Maximiliano II.aren alarguna eta Filipe erregearen arrebaren bitartekaritza lortu zuen, urak bere ubidera ekarriz: enperatrizak Isabelen familiari galdutako ohorea eta ospea itzuli zien, leinu bien arteko liskarrok baretuz.[14]

Delituaren larritasuna zela-eta, ihesaldian parte hartu zutenetako batzuk, (tartean Ana Urrutia, Isabelen lekaime laguna), espetxeratu egin zituzten eta beste batzuei heriotza-zigorra jarri. 1596ko irailaren 23an, Iruñeko eliz auzitegiak epaia eman zuen: ezkontza legitimoa eta baliozkoa zen, indarkeriarik eta bahiketarik gabe egin zelako, bi ezkongaien oneritziarekin.[15] 1597 urte amaieran, Isabelen aitaordeak, Juan Ibarrak eta Martin Idiakezek hitzarmen bat sinatu zuten, auziak sortutako kostu ekonomikoak kitatzeko eta inplikatuei zigorrak kentzeko.[16]

Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan gertakariokin lotutako lagun guztien testigantzak eta epailearen eginbideak aurkitu daitezke auzi-agiri baten, Domingo Erkizia elizgizonaren heriotzaren zergatiei tarte handia eskeiniz. Agiritegi berean gordetzen da ere Ana Urrutiak, iheserako plana prestatzen ari zirenean, garaiko "bascuencean" idatzitako gutuna.[17]

Oinordekoak aldatu

Hiru seme-alaben guraso izan ziren Pedro Idiakez eta Isabel Lobiano: Clara (Azkoitia, 1598),[18] Pedro Ipeñarrieta Galdosekin ezkonduko zena;[19] Catalina (Ermua, 1600)[20] Eibarko Agustinen ordenako moja-etxera sartu zena eta gaztena Pedro (Azkoitia, 1603),[21], postumoa, aita hil ostean jaiotakoa. Azken honek, Martin Idiakez osaba ere gazterik hilda, bi adarretako maiorazkoak jaso zituen oinordetzan. Horrez gain, Malagako gobernadorea izan zen eta 1638an Hondarribiaren frantsesen aurkako defentsan hartu zuen parte. Juana Isasi Manrique de Leguizamon bilbotarrarekin ezkonduta,[22] Granada de Egeako I. Dukea izango zen bikotearen bilobetako bat[23] eta Peñaflorida kondearekin ezkonduko zen birbilobetako beste bat .[24]

Belaunaldiz belaunaldi eta ezkontza desberdinen bitartez, espainiar nobleziaren leinu ugarirekin ahaidetzen joan ziren ondorengoak.[25] [26] Idiakez-Lobianotarren ondarea nabarmen handitu zen bi familien ondasunen baturagatik: oinetxe, lur-orube, baso, burdinola eta negozio ugari eskuratu zituzten, besteak beste, Ermua,[27] Azkoitia,[28] Mutriku,[29] Aia, Elgoibar,[30] Hernani eta Beasainen.[31]

Ondarea aldatu

Ondare esanguratsu baten jabe, beroni eusteko Isabel Lobianok negozio berriak sortu zituen (Igartzako ostatua kasu) eta diru-ekarpenak egin erlijio-komunitateen onurarako (Santa Catalina komentu berria adibide).

Igartzako ostatua aldatu

 
Beasainen, Igartzako bide bazterreko ostatua.

Idiakeztarren aldetik oinordetzan jasotako Igartzako Anderea titulua zuen Isabelek eta bere jabegokoa zen Beasaingo Igartza Monumentu Multzoko dolarea, sagardoa egiteko lekua izateaz gain, 1611an bide bazterreko ostatuan bihurtuko zuena.[32] Martin Abaria harginak diseinatutako proiektua izan zen, aurrerakoia bere sasoirako: fatxada nagusia adreilu-bistan apainduko du, 30.000 pieza erabiliz. Langai arazorik ez izateko, Igartzako Anderearen ekimenez teileria berri bat eraiki zen eta Lapurdiko teilaginak kontratatu zituen, garaiko espezialistarik onenak.[33] Eraikina zaharberritua dagoen arren, leihoak Isabelen sasoian egindako berberak dira.[34]

XVII. mendean eta hurrengoetan, Dolarea bide bazterreko ostatu estrategikoa izan zen, Araba eta Gaztela portu gipuzkoarrekin lotzen zituen Errege-bidean. Madril eta Parisen arteko joan-etorrian, bidaiari eta hauen garraio-animalien atseden leku izan zen eta baita Barnealdeko euskal Donejakue Bidearen erromesena. Sagarra txikitzeko dolare gotikoaren egurrezko egitura berreskuratu eta, museo bihurtuta, jatorrizko leku berberan dago ikusgai.[35]

Santa Catalina komentua aldatu

 
Mutrikun, Santa Catalina moja-etxea.

1576an Joan Ochoa de Berriatua eta  Catalina de la Plaçaren jabegokoa zen eta Mutrikuko Aritzetako dorretxean sortu zen. 1638an, berriz, portu ondoko Berriatua dorrera leku-aldatu zen Agustinen moja taldea. Azkenik, 1661tik aurrera, Mutrikuko harresitik kanpoko orube baten kokatuko zen Isabel Lobiano eta Pedro Idiakez semearen ekimenez, haren ihesaldiak moja komunitateari ekarritako kalteordain gisa. Fatxada nagusia xumea duen arren, barruko erretaulan nabarmentzekoak dira 1663ko bi margolan handi: Santa Catalinaren martiria eta Jesusen gurutziltzaketa, pinturan eskola flamenkoko jarraikide izandako Wandick eta Rechorest artistek sinatutakoak.[36] [37]

Lanak aldatu

Euskal Romeo eta Julieta bezala bataiatu dituzte zenbaitzuk,[38][39] eta hainbat herri aldizkarik eta argitalpenek eman dute amoranteon maitasun istorioaren berri beraien orrietan: esaterako, Deba aldizkaria,[40] Ermua eta Mallabiko Drogetenitturri,[41] Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza[42] eta Azkoitiko Maxixatzen.[43] Bestalde, zenbait historia liburuk bikotearen maitasun kontuon berri jasotzen dute eta bi eleberri historikok ihesaldia dute ardatz: Jose Antonio Azpiazuk 1999an argitaratutako Historia de un rapto. Isabel de Lobiano y Pedro de Idiaquez, un retrato de la sociedad vasca de finales del siglo XVI eta hamar urte beranduago Manuel de Ordoñanak idatzitako Árbol de sinople.

Aitortzak aldatu

  • 2010 urtean Mutrikuko udalbatzak Isabel Lobiano izena jartzea erabaki zuen Goiko Arban sortu berri zen kaleari.[44] [45][46]

Erreferentziak aldatu

  1. https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/isabel-lobiano-ibaseta-jaio-zen-ermuan
  2. (Gaztelaniaz) Azpiazu, José Antonio. (1999). Historia de un rapto. Isabel de Lobiano y Pedro de Idiaquez, un retrato de la sociedad vasca de finales del siglo XVI. Erein, 36 or. ISBN 84-7568-836-5..
  3. (Gaztelaniaz) Azpiazu, José Antonio. (1995). Mujeres vascas. Sumisión y poder.. R & B Ediciones, 185 or. ISBN 84-88947-38-0..
  4. a b (Gaztelaniaz) Azpiazu, José Antonio. (1999). Historia de un rapto. Isabel de Lobiano y Pedro de Idiaquez, un retrato de la sociedad vasca de finales del siglo XVI. Erein, 45 or. ISBN 84-7568-836-5..
  5. (Gaztelaniaz) Susi. (2019-09-19). «Mutriku (Guipúzcoa)» VIAJES CON ENCANTO (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  6. «Hirigune historikoa» Mutrikuko Udala (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  7. (Gaztelaniaz) Ybarra, Javier. (1946). Las torres de Vizcaya. Vol III.. Ediciones Diana., 241-242 or. ISBN 97-88450018363..
  8. (Gaztelaniaz) Azpiazu, José Antonio. (1999). Historia de un rapto. Isabel de Lobiano y Pedro de Idiaquez, un retrato de la sociedad vasca de finales del siglo XVI. Erein, 53 or. ISBN 84-7568-836-5..
  9. «Isabel Lobiano Ibaseta jaio zen Ermuan» www.argia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-28).
  10. (Gaztelaniaz) Azpiazu, José Antonio. (1999). Historia de un rapto. Isabel de Lobiano y Pedro de Idiaquez, un retrato de la sociedad vasca de finales del siglo XVI. Erein, 59 or. ISBN 84-7568-836-5..
  11. Arrieta, Leyre. (1996). Gure historiara hurbiltzen. Mutrikuko Udala, 63 or. ISBN 84-7086-330-4..
  12. (Gaztelaniaz) Azpiazu, José Antonio. (1999). Historia de un rapto. Isabel de Lobiano y Pedro de Idiaquez, un retrato de la sociedad vasca de finales del siglo XVI. Erein, 63 or. ISBN 84-7568-836-5..
  13. (Gaztelaniaz) Euskadi, DOKUKLIK: Euskadi Artxibo Historikoa-Archivo Histórico de; Mutriku, Archivo histórico Municipal de. «Archivo histórico Municipal de Mutriku» DOKUKLIK (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  14. (Gaztelaniaz) Azpiazu, José Antonio. (1999). Historia de un rapto. Isabel de Lobiano y Pedro de Idiaquez, un retrato de la sociedad vasca de finales del siglo XVI. Erein, 144 or. ISBN 84-7568-836-5..
  15. (Gaztelaniaz) Ordoñana, Manuel. (2009). Árbol de sinople. Manuel Vázquez, 253 or. ISBN 978-84-96287-36-5..
  16. (Gaztelaniaz) Azpiazu, José Antonio. (1999). Historia de un rapto. Isabel de Lobiano y Pedro de Idiaquez, un retrato de la sociedad vasca de finales del siglo XVI. Erein, 149 or. ISBN 84-7568-836-5..
  17. Urkizu, Patri. (2005-12-31). «Euskal poesia idazleen artean lehen anderea. Maria Estibaliz de Sasiola (Deba 1550a – 1611)» Lapurdum. Euskal ikerketen aldizkaria | Revue d'études basques | Revista de estudios vascos | Basque studies review (10): 287–302.  doi:10.4000/lapurdum.84. ISSN 1273-3830. (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  18. «Búsquedas Sacramentales» dokuklik.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-01).[Betiko hautsitako esteka]
  19. «Búsquedas Sacramentales» dokuklik.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-01).[Betiko hautsitako esteka]
  20. «Búsquedas Sacramentales» dokuklik.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-02).[Betiko hautsitako esteka]
  21. «Búsquedas Sacramentales» dokuklik.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-02).[Betiko hautsitako esteka]
  22. (Gaztelaniaz) «Genealogía de Juana Isasi Manrique de Leguizamón» Geneanet (Noiz kontsultatua: 2021-04-02).
  23. «Mutriku: Armarriak erdigune historikoan - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-11).
  24. (Gaztelaniaz) Ducado de Granada de Ega. 2020-09-06 (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  25. «Pagina nueva 1» www.euskalnet.net (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  26. «Pagina nueva 1» www.euskalnet.net (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  27. (Gaztelaniaz) «Foto 11013601.jpg - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  28. «de Idiaquez etxea. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  29. «Mutriku: Berriatua Dorrea. - Guía de Ocio de Gipuzkoa - Gipuzkoako Aisialdi Gida» www.kulturweb.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  30. (Gaztelaniaz) Euskadi, DOKUKLIK: Euskadi Artxibo Historikoa-Archivo Histórico de. «Consejo de la Cámara de Castilla» DOKUKLIK (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).[Betiko hautsitako esteka]
  31. (Gaztelaniaz) Aldabaldetrecu, Roque. (1979). Casas solares de Guipúzcoa.. Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa., 39 or. ISBN 84-7231-501-0..
  32. «Igartza Monumentu Multzoa, herritik eta herriarentzat» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  33. (Gaztelaniaz) «La importante presencia de la mujer en Igartza, hoy, en una visita guiada» El Diario Vasco 2020-08-05 (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  34. Igartzako Monumentu Multzoa. 2020-10-18 (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  35. (Gaztelaniaz) «De venta caminera del siglo XVII a hotel» El Diario Vasco 2007-02-03 (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  36. «ZAHARBERRI» zaharberri.gipuzkoakultura.net (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  37. «Mutriku: Convento de Santa Catalina - Guía de Ocio de Gipuzkoa - Gipuzkoako Aisialdi Gida» www.kulturweb.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  38. «ARGIA.» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  39. www.noticiasdegipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  40. (Gaztelaniaz) Javi Castro / Juan Carlos Etxebeste, Deba. (1998). El rapto de Isabel de Lobiano. Debako Kultur Elkartea, 12-15 or..
  41. Estibalitz González, Drogetenitturri 112 zk. (2004 apirila). Isabel de Lobiano, maitxasuna edozerren gainetik. Euskal Birusa Elkarte Kulturala, 18-19 or. ISBN 1133-973X..
  42. «Mutrikuko Romeo eta Julietaren maitasun istorioa - Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza» Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza 2020-04-23 (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  43. «Azkoitiko Romeo eta Mutrikuko Julieta -» Maxixatzen.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  44. (Gaztelaniaz) 1309348. «KALAPUTXI 101» Issuu (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  45. (Gaztelaniaz) «Isabel Lobianok kalea izango du» El Diario Vasco 2010-10-03 (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  46. Elkartea, Euskal Birusa. (2019-11-19). «Drogetenitturri, 283 zenbakia (2019ko azaroa) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS: 10. (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).

Bibliografia aldatu

  • Azpiazu, José Antonio. Historia de un rapto. Isabel de Lobiano y Pedro de Idiaquez, un retrato de la sociedad vasca de finales del siglo XVI. Erein argitaletxea. Donostia,1999.
  • Ordoñana, Manuel de. Árbol de sinople. Manuel Vázquez argitaratzailea. Donostia, 2009.
  • Aguinagalde, Francisco Borja de. De Caballeros de Hábito a diplomáticos ilustrados. Los Corral de 1630 a 1810. Real Sociedad Bascongada de Amigos del País. Donostia, 2010.
  • Martínez de Lezea, Toti. Urak dakarrena. Ttarttalo, 2012.

Kanpo estekak aldatu