Isabel Etxeberria Gorriti

Donostiar irakaslea

Isabel Etxeberria Gorriti (Donostia, 1915eko urtarrilaren 31) eskola maistra bat da, irakasle gisa urte gehienak Llançà (Alt Empordà, Katalunia) herrian egindakoa. Bigarren Errepublikaren garaian irakasletzan hasi zen, praktikak egiten, Araban; han harrapatu zuen Francoren estatu kolpe militarrak. Agintari frankisten depurazioen ondorioz, Getarian (Gipuzkoa) eta Gabirian (Gipuzkoa) lan egin ostean, Llançà herrira bidali zuten.

Isabel Etxeberria Gorriti

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakIsabel Echeverría Gorriti
JaiotzaDonostia1915eko urtarrilaren 31 (109 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
BizilekuaLlançà
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
katalana
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakirakaslea
Jasotako sariak

Jatorria eta lehen urteak aldatu

Isabel Etxeberria donostiar familia euskaldun batean jaio zen. Isabelez gain, beste bi ahizpa eta neba zaharrago bat, eta neba gazteago bat ziren.[1][2]

 
Ikastetxea Frantzia pasealekuko 9. zenbakiko eraikinean zegoen.

Lehen ikasketak Donostian eginda, Zumaiako Karmeldar Oinutsen ikastegian bi urte egin zituen, barnetegi moduan. Batxilergoa ikastera Donostiara itzuli zen,Teresiar Instituzioak zeukan ikastetxera, Frantziako pasealekuan.[3][4] Han ikasten ari zela, Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zen, berak 16 urte zituela artean.[1]

Batxilergoa amaiturik, eta emaitza bikainak lortzen zituela ikusita, ikasketetan jarraitzeko gogoa ernatu zitzaion, Bigarren Errepublikak hezkuntzaren esparruan eragin zuen erabateko aldakuntzak erakarririk. Horrela, irakasle ikasketak egitea erabaki zuen, alde batetik, ikaskuntzaren munduari loturik jarraitzeko aukera bat zein heinean; eta, bestetik, Errepublikaren erreformarekin maisu-maistrek jasotzen zuten heziera zabal eta sakona bereganatzeko egokiera ezin hobea zelakoan.[1]

Ikasketak aldatu

Irakasle izateko bidea luzea aldatu

 
Marcel·lí Domingo (1930).

Espainiako Bigarren Errepublikak goitik behera aldatu zituen ikasketa planak, Marcel·lí Domingo Irakaskuntza Publikoko ministro katalanaren gidaritzapean.[5][6]

Erreformaren arabera, maisu edo maistra izan nahi zuten ikasleek, behin batxilergoa amaituta, azterketa zorrotz bat gainditu beharra zeukaten, Irakasle Eskolak eskaintzen zituen ikaspostu kopuru mugatuetako bat bereganatu ahal izateko. Hiru urteko ikaskuntza aldi trinko baten buruan, amaierako azterketa bat gainditu beharra zeukaten, azken urratsari ekin aurretik: ikasturte bateko praktikaldia, eskola batean, irakasle baten lansari berdinarekin.

Bigarren Errepublikaren lehen urratsetan, Jesusen Lagundiaren ikastetxean ezarri zuten Donostiako Irakasle Eskola.[7] Isabel Etxeberriak 1932ko udazkenean hasi zituen han ikasketak. Irakasgai trinkoekin batera, ingelesa eta eskulanak egiten ikasten zuten. Musika ere asko lantzen zuten; Isabel Etxeberriak etxetik zekarren musika ikasketa egina, gurasoak eta senide guztiak musikazaleak baitziren. Piano ikasketak egin zituen; txistua jotzen ere saiatu zen, 85 urte zituela, baina «oso zaila» egin zitzaion.[8][9]

Zientzien espezialitatea hautatuta, Isabel Etxeberriak aukera izan zuen, hiru ikasturte haietan, Bigarren Errepublikaren erreforma pedagogiko grinatsuari etekin guztia ateratzeko. Ikaslearen berezkotasuna pizteko joera pedagogiko guztiak baliatzen zituzten, irakaslearen jokabidea guztiz aldatzea zuten helburu: eskolako agintaria izatetik haurren erreferentzia izatea nahi zuen Errepublikaren hezkuntza sistema berriak.[10]

Pedagogia berritzailearen oinarriak eta ikuspegiak hobeki uler zitzaten, irakasle gaiek egonaldi bat egiten zuten Madrilen, ikasketa amaierako txango gisa, Institución Libre de Enseñanza proiektu pedagogikoak antolatuta mintegi batean parte hartzeko.[1]

Praktikaldia, Erriberabeitian aldatu

 
Errepublika garaian Quintanilla Erriberabeitian eraikitako eskola, 2021eko argazkian. Etxebizitza bihurtua da.

Irakasle Eskolan egindako hiru ikasturteen buruan, maistra tituluaren jabe izateko, Isabel Etxeberriak ikasturte bateko praktikaldia egin behar izan zuen Quintanilla Erriberabeitian, Arabako Añanako kuadrillan, 1935eko urrian hasita.

Herri txikia izan arren, egin berri-berria aurkitu zuen Isabel Etxeberriak eskolaren eraikina; Errepublikaren plangintzaren barruan 1931-1935 bitarte Espainia osoan eraikitako lau mila eskola berrietako bat izan zen Quintanilla Erriberabeitikoa.[11] Ikastalde mistoak ziren, neska-mutilak, ez bakarrik herrikoak baizik inguruetako auzo guztietakoak.

Praktikaldian ziren irakasleek maisu-maistren lansari arrunta jasotzen zuten ia; hori izan zen Errepublikak ezarritako neurrietako bat, maisu-maistren lanbidearen duintasuna areagotzeko.[5]

Ikasturtea amaitzeko, hezkuntzako ikuskari batek ebaluazio bat egiten zion irakasle bakoitzari, hura gainditu gabe ezin baitzen maisu edo maistra titulua eskuratu. Isabel Etxeberriak ez zuen arazorik eduki ikuskariaren ebaluazioa gainditzeko.[1]

Gerra zibila aldatu

 
Mateo Muxika

Ikasturtea uztailaren 15ean amaitzen zen arren, Gasteizko apezpiku zen Mateo Muxikak adierazi zuen herrira bisita egin behar zuela hurrengo egunetan, gaztetxoei sendotza ematera. Halako herri txiki batean apezpikuaren bisita jasotzea ezohikoa zenez, herriko apaizak —jatorriz Astigarragakoa— eskatu zion herrian egoteko.[1]

Hala, 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpeak Arabako herrixka hartan harrapatu zuen Isabel Etxeberria.

Araba osorik matxinatuek esku bazegoen ere, eta Donostia, berriz, Errepublikaren mende, Isabel Etxeberriak etxerako bidea hartu zuen, ahal izan zuen orduko. Alabaina, Donostiako etxea frankisten aldeko familia batek okupatuta aurkitu zuen; Isabelen ama eta senideak Arroara joanak ziren, frankistek Gipuzkoako hiriburua okupatu aurretik; izan ere, errepublikanoek Isabelen Juan anai apaizgaia behin atxilotua zutenez, beldur ziren berriro haren bila etorriko ote ziren.

Egoera hartan, eta familiarekin harremanetan jartzeko aukerarik gabe, Quintanilla Erriberabeitira itzultzea erabaki zuen. Aste batzuen buruan lortu zuen familiak Donostian elkartzea, etxeko okupatzaileak joanak zirela jakin zutenean. Isabel Etxeberriak 21 urte zituen orduan.[1]

Errepublikako maistra Frankismoan aldatu

Errepublikako maisu-maistren aurkako errepresaliak hasi ziren aplikatzen frankista matxinatuak, mendean hartzen zituzten lurralde guztietan eta berehala. «Gerra Zibila piztu orduko, gu arerioak ginen», Isabel Etxeberriaren hitzetan.

Depurazioaren ondorioak aldatu

Frankismoaren errepresioa pairatu zuen lehen taldea izan zen Errepublikako maisu-maistrena. Zenbait aukera erabili zituzten faxistek, erbesterako bidea hartzea erabaki ez zuten irakasleen aurkako errepresaliak aplikatzeko:[12]

  • Heriotza zigorreko kondenak, epaiketa militarren bitartez.
  • Irakaskuntzarako gaitasungabetzea.
  • Erretiro behartuak.
  • «Birzuzentze» ikastaroak behartuak.
  • Lekualdaketa behartuak urruneko probintzia edo lurraldetara.
  • Depurazio batzordeen ikerketak.[13]

Donostiara itzuli zenean Isabel Etxeberria, frankismoak emakumeentzat ezarri zuen Gizarte Zerbitzua egitera behartu zuten; izan ere, hura gabe ezin zitekeen irakasle titulurik eskuratu, erregimen faxista berrian. Falange Españolako Sección Femenina emakumeen adarrak antolatzen zuen Gizarte Zerbitzua nahitaezkoa zen lan egin nahi zuten 17-35 urte bitarteko emakume ezkongabeentzat. Makinaz josten, erizaintza lanetan, jantoki sozial batean zerbitzari zereginetan eta, asteburuetan, kalez kalez diru eskean eduki zuten Isabel Etxeberria bizpahiru hilabetez.[1]

Getaria, Gabiria aldatu

 
Getariako herria, 1932an.

Behin Gizarte Zerbitzua amaituta, depurazio txostenaren ondorioz Getariara (Gipuzkoa) bidali zuten behartuta lanera. 1937ko irailaren 11n hasi zen maistra lanetan, Arrantzaleen Kofradiaren eskolan,[14] mutilak soilik zituen talde batean. Herrian bazen eskola nagusi bat, baina eskola txikiago hartan ikasle gehienak arrantzaleen semeak ziren.

Getariako populazioak pobrezia handia pairatzen zuen urte haietan, Isabel Etxeberriaren esanetan. Adibide gisa, Isabel bera ostatua hartua zegoen etxeko nagusia, Frantzisko Iruretagoiena, elbarria zena, gauez errepidean guardia egitera behartuta zegoen, herri guztietan guardiak ipini behar baitzituzten errepideetan, gauez; arrantzaleek dirua ordaindu behar izaten zuten, eginkizun hartatik libre egoteko.[8]

Bi ikasturte egin zituen Isabel Etxeberriak Getariako eskola hartan, 1939ra bitarte. Han jakin zuen Espainiako Gerra Zibila amaitua zela.[15]

 
Gabiria, Ormaiztegitik ikusita (1940).

Getariako eskolatik bigarren depurazio espediente baten ondorioz irten behar izan zuen Isabel Etxeberriak. Horrela, 1939ko irailaren 17an, Gabiriako (Goierri, Gipuzkoa) eskolara bidali zuten behartuta, nesken taldearen ardura hartzera.

Lau ikasturte egin zituen Isabel Etxeberriak Gabirian, 1942ko abendura arte. Ikuskaritzak ez zuen, ziurrenik, oso begi onez ikusiko, euskaraz aritzen zelako ikasleekin; horrela, Llançà herrian eman zioten behin betiko lanpostua.[16]

Llançà, lantoki eta bizileku aldatu

Behartutako aukera aldatu

Irakasleen lanpostuak Espainian barrena esleitzeko lehiaketa orokorrera aurkeztera behartu zuten Isabel Etxeberria, depuratutako Errepublikako beste maisu-maistra askorekin batera:

« Lehiaketan, Errepublikako maisu-maistrak azken-azkenak izan ginen postua hautatzen, gelditzen zena hartu behar, beste guztiek aukera egina zeukatenean. Itsasoagatik hautatu nuen Llançà. [...] Andaluzian, Galizian, Asturiasen edo Valentzian gelditzen ziren postuak; nik etxetik hurbil egon nahi nuen, baina ez zegoen aukerarik, noski. Urrutira joan behar, ezinbestean. Amak esaten zidan Llançà oso urrun zela, baina nik erantzuten nion gogoz kontra joanez gero, noizbait itzuliko nintzela. Beti saiatu naiz libre izaten, ahal zen neurrian, jakina. Behintzat, borrokatu egin naiz.[17] »

Horrela, bada, 1943ko urtarrileko egun batez iritsi zen Isabel Etxeberria Llançà-ko herrira, Kataluniako Alt Empordà eskualdean.

Llançà, gerraosteko eskola aldatu

Llançà herri errepublikazalea eta ezkerrekoa izan zen, orobat, Espainiako Lehen eta Bigarren Errepublika bitarteko garaian,[18] Esquerra Republicana alderdiaren izenean Pere Purcallas i Salvà alkate zelarik.[19] Horren ondorioz, frankismoaren diktaduraren lehen urteetan errepresio gogorra pairatu zuen populazioak; herriko gizon asko hilak ziren gerran, familia asko erbestera ihes eginak.

 
Llançà-ko eskolen eraikina, gaur egun udaletxea.

Eskolaren eraikina 1920ko hamarkadan egina zen, orduko udalak ardura handi bat hartua baitzuen herrian barrena sakabanatuta zeuden ikasgelak elkartu eta eraikin egoki batera biltzeko. Ricard Giralt Casadesús arkitektoaren proiektuari jarraituta, 1928-1929 ikasturtean zabaldu zen, azkenik, eskola berrien eraikina, udalaren kudeaketa zail eta korapilatsu baten ostean.

Gaur egun, eraikin horretan udaletxea dago, 1976an Pompeu Fabra izena daraman eskola berria eraiki zenez geroztik.[20]

Frankismoaren aginduz, noski, neskak eta mutilak bereizita zeuden, eraikinaren solairu banatan; lehen solairuan mutilak, behe solairuan neskak. Lehen ikasturtean, Isabel Etxeberriak 3. mailako neskak izan zituen bere ardurapean, baina handik aitzina, 12-14 urte bitarteko neska taldeekin lan egin zuen, trantsizioaren azken urteetan berriro talde mistoak onartzen hasi ziren arte.[8] Jakina, irakasle bakarrak irakasten zituen ikasgai guztiak.

Bizitza oso bat irakaskuntzan aldatu

 
Isabel Etxeberria, Llancàn, 2021ean.

Isabel Etxeberriak maistra ibilbide profesionalaren zatirik luzeena Llançà herrian egin zuen, bertako eskolako irakasle izan baitzen 37 urtez, 1980an erretiroa hartu zuen arte.

Urte luze haietan, Llançà-ko eskola, herria eta gizartea aldatzen ikusi zuen, frankismoaren diktadura hertsienetik demokraziaren lehen urteetara, baina bera Errepublikaren maistren ikusmoldea eta espiritua beti bizirik iraunarazten saiatu zen, irakaskuntza jokamoldeaz bezala hizkuntza jokabideaz ere:

« Haurrak maite egin behar ditu maistra batek; maitatuta soilik ulertuko dituzu umeak. Haur bihurriena ere aurrera atera daiteke. Haserretuko zaizu, irainak botako dizkizu,... baina zer edo zer aurkituko diozu. Erosoago da bakean uztea, baina maistra batek saiatu beharra dauka [...] Maistrak gogoan izan behar du bere eskutan duela haur hori izango den helduaren heziera.

[...] Hemen katalanez mintzatzen ginen, eskola nahitaez gaztelaniaz egitera behartuta baginen ere. Gabiriako neskatoekin euskaraz aritzen nintzen bezala, nahiz debekatuta egon. Hemen, beraz, haurrekin katalanez aritzen ginen, noski.[17]

»

Ezkontza eta alabak aldatu

Isabel Etxeberriak erroak egin zituen Llançà-n, bertako seme Miquel Fa i Caula-rekin[21] ezkondu eta bi alaba izan baitzituen: Maria Dolors eta Mayra.

Oroimena eta sariak aldatu

 
Llança d'or 1989 saria.

Llança d'or (1989) aldatu

1989ko urtarrilean, Llançà-ko Udalak Llança d'Or ohorezko bereizgarria eman zion, «gure herrian 37 urtez egindako irakaskuntza emankorragatik eta ekarpen sozial eta kultural eskuzabalagatik».[22]

Ehun urte bete zituenean, 2015ean, Quintanilla Erriberabeitira itzuli zen Isabel Etxeberria, 1935ean taldean izan zituen hamalau ikasle haietatik bizirik ziren bostekin elkartzeko.[1]

 
Ezker-eskuin: Maria Casas, Llancà-ko pubilla; Francesc Guisset, Llançà-ko alkatea; Isabel Etxeberria; eta Haritz Alberdi, Getariako (Gipuzkoa) alkatea, 2020ko irailaren 12an.

Udalen omenaldia (2020) aldatu

2020ko irailaren 12an, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Llançà-ko Udalak eta Getariako Udalak omenaldi bat eskaini zioten Isabel Etxeberriari, Llançà-n, Frankismoan pairatutako depurazioagatik eta bizitza osoan herriko maistra gisa egindako lanagatik. Getariako alkate Haritz Alberdik ohorezko aurreskua dantzatu zuen omenaldian.[14]

Creu de Sant Jordi (2021) aldatu

2021ean, Kataluniako gobernuak Sant Jordiren gurutzea eman zion —Katalunian jaso daitekeen ohorezko sari garrantzitsuenetako bat— «aintzat hartuta egin duen ahalegina gure herriari pedagogia propio bat eta hezkuntza sistema indartsu bat eskaintzeko, langintza pertsonal etengabe baten bitartez, Llançàko eskolara iritsi zelarik 1943an, eta bertan irakasle izanik 40 urtez».[23]

Saria Kataluniako Generalitateko presidente Pere Aragonès-en eskuetatik jaso zuen, 2021eko abenduaren 13an, Barberà del Vallès herriko udal antzokian egindako ekitaldi batean. Isabel Etxeberriarekin batera bereizgarria jaso zuten gainerako 29ko kideek eta ekitaldian ziren ikusleek zutiturik txalotu zuten Isabelek saria jasotzeko unea.[24]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h i Anna Alfaro (2021) «La mestra que estima els nens des de 1915». La Mira.
  2. Artikulu honetan ematen diren datu biografiko gehienak Anna Alfaro Lucas kazetariak 2021ean La Mira aldizkarian argitaratutako elkarrizketatik hartuak dira. Ikus bibliografiaren atala.
  3. Ikus Francisca Rosique Navarro eta Maria Dolores Peralta Ruiz (2012). «La institución teresiana durante la dictadura de Primo de Rivera. Una aproximación a su proyección educativa, social y pública» in Hispania Sacra (CSIC) 64-129: 355-356. or. ISSN 0018-215X.
  4. Ikus Donostiako Frantzia pasealekua OpenStreetMap
  5. a b Ikus Pedro Álvarez Lázaro(2002) Cien años de educación en España. En torno a la creación del Ministerio de Instrucción Pública y Bellas Artes. Fundación BBVA/Ministerio de Educación, Cultura y Deporte.
  6. Ikus Josep-Lluís Carod-Rovira (1990) Marcel·lí Domingo (Tarragona 1884-Tolosa 1939): de l'escola a la República. Tarragona, Edicions El Médol.
  7. «Gipuzkoako irakasleak prestatzeko eskolak - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-15).
  8. a b c «Isabel Etxeberria: "Ez nuen espero. Nik uste gehiegi izan dela"» Artzape 2020-10-08 (Noiz kontsultatua: 2021-08-18).
  9. Familiaren musikazaletasunak iraun egin zuela esan daiteke, Isabel Etxeberriaren alabetako batek, Mayra Fa Echeverriak, musikaren historiari eta irakaskuntzari buruzko ikerketak eta argitalpenak egin baitzituen. Ikus Dialnet.
  10. Ikus EDE Fundazioa (2021) Errepublikako hezkuntzaren garrantzia demokrazia eraikitzea sustatzeko tresna gisa. Bilbo, EDE Fundazioa.
  11. (Gaztelaniaz) Méndez, Rodríguez; Javier, Francisco. (2014). Pero, ¿cuántas escuelas construyó realmente la República? Parte primera: 1936-1939. Sociedad Española para el Estudio del Patrimonio Histórico Educativo (Madrid, España) ISBN 978-84-617-1800-9. (Noiz kontsultatua: 2021-08-16).
  12. (Katalanez) Marquès, Salomó. «Ensenyament republicà vs ensenyament franquista: la repressió del magisteri» www.memoriacatalunya.org (Universitat de Girona) (Noiz kontsultatua: 2021-08-17).
  13. Errepublikako maisu-maistren aurkako faxisten errepresioa 1936ko uztailaren 18an bertan hasi zen; lege itxura eman zioten 1936ko azaroaren 8ko 66. Dekretuaren bitartez. Ikus Francisco Morente Valero (2001) «La depuración franquista del magisterio público: un estado de la cuestión» in Hispania: Revista española de historia, 208. zk., 661-688. or. ISSN 0018-2141.
  14. a b «Getariako Udalak, Llançako Udalarekin batera, Isabel Etxeberria Gorriti omendu du» Artzape 2020-09-12 (Noiz kontsultatua: 2021-08-17).
  15. Ikus Ione Zuloaga (2020) Getaria1936-1945. Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan Getaria, Aranzadi Zientzia Elkartea. ISBN 978-8417713324.
  16. Frankismoaren eskoletan euskaraz hitz egitea guztiz debekatuta zegoen arren, Isabel Etxeberria euskaraz aritzen zen ikasleekin; nahitaez, garai hartako Gabirian. Hezkuntzako ikuskaritza ikusmiran izaten zuen maiz, horregatik. Ikustaldi haietako batean, ikuskariak Ave Maria otoitza esateko agindu zion Mirentxu Murua ikasleari; hark berehala egin zuen agindutakoa, euskaraz, jakina. Ikus «Isabel Etxeberria, duintasun irakasle» in Goiberri 2020-10-02.
  17. a b Anna Alfaro (2021). Adierazpenak itzulita daude jatorrizko katalanetik.
  18. Ikus Josep Claveguera i Canet (1999) «Llançà» in Quaderns de la Revista de Girona, 84. alea. Girona, Diputació de Girona. ISBN 978-8495187000.
  19. (Katalanez) «Biografia Pere Purcallas i Salvà · memoriaesquerra.cat» memoriaesquerra.cat (Noiz kontsultatua: 2021-08-18).
  20. Ikus Direcció General del Patrimoni Cultural, Inventari del Patrimoni Arquitectònic de Catalunya.
  21. «Llançà - Revistas» doczz.es (Noiz kontsultatua: 2021-09-17).
  22. Ajuntament de Llançà - Butlletí d'Informació Municipal, 38. zk., 1989ko urtarrila.
  23. (Katalanez) «El Govern distingeix amb la Creu de Sant Jordi 20 persones i 10 entitats» Govern.cat (Noiz kontsultatua: 2021-12-03).
  24. Lliurament de la Creu de Sant Jordi 2021. , ikus bideoaren tarte hau: 28:20 - 30:00 or. (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).

Bibliografia aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu