Isaac Puente

Euskal osagile anarkista

Isaac Puente Ameztoi, (Abanto-Zierbena, Bizkaia, 1896ko ekainaren 3aPancorbo, Burgos, 1936ko irailaren 2) Maeztuko (Araba) medikua izan zen, CNT eta FAI erakundeen aktibista eta espainiar anarkismoaren teorilaria.

Isaac Puente

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakIsaac Puente Amestoy
JaiotzaAbanto1896ko ekainaren 3a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Lehen hizkuntzagaztelania
HeriotzaPancorbo1936ko irailaren 1a (40 urte)
Heriotza modua: bala zauria
Hezkuntza
HeziketaValladolideko Unibertsitatea 1918)
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jardueraketxe-medikua, politikaria, anarkosindikalista, sindikalista eta medikua
KidetzaLanaren Konfederazio Nazionala
Izengoitia(k)El médico rural

Biografia aldatu

Abantoko Las Carreras auzoan jaioa, sei senidetatik hirugarrena izan zen. Aita, Lucas Puente García, karlista kantabriarra zen; ama, berriz, Josefa Ameztoi Hermoso de Mendoza, Lantziegokoa (Araba). 1911ean familia Gasteizera aldatu zen, non aitak eta Federico anai nagusiak farmazialari bezala aritu ziren San Francisko Aldapako farmazian.[1]

Batxilergoaren lehen lau urteak Urduñako jesuiten eskolan egin zituen, bere aitabitxi Isaac Uriarteren etxean bizi izan zelarik; azken bi urteak Gasteizen. 1913an Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan akzesit bat irabazi zuen,[2] eta medikuntza hasi zuen Konpostelan (Coruña) eta 1918an amaitu zuen Valladoliden.

Soldadutza ostean, landa-mediku bezala hasi zen Cirueñan (Errioxa); 1919an Maeztuko mediku plaza atera zuen, eskualdeko 20 herrien ardurarekin. Lanpostu hori mantendu zuen bizitza osoan. 1931etik aurrera Metalúrgica Ajuria enpresako langileen ardura esleitu zitzaion.[2]

1919ko maiatzaren 12an, Luisa Garcia de Andoin gasteiztarrarekin ezkondu zen. Harekin alaba bi izan zituen, Emeria eta Araceli.[3]

Osasuna aldatu

Malthusen teoriak, higienea, feminismoa eta naturismoa defendatzen zituen. Jaiotzen kontrolaren alde eta prostituzioaren aurka zegoen. Artikulu asko idatzi zituen aldizkari zientifikoetan (“La Medicina Ibera”, “La Medicina Argentina”, “La Revista de Medicina de Alava” eta “Alava Médico - Farmacéutica”). Halere, bere ospe nagusia prentsan dibulgazio artikuluetatik etorri zen, batez ere "Generación Consciente" eta "Estudios" aldizkarietan 1923tik aurrera argitaratutakoak, batzuk bere izenarekin eta beste batzuk Un médico rural ezizenarekin.[3] Iniciales eta Orto aldizkarietan ere idatzi zuen.[4][5]

Sexualitate arloan bere ekarpena nabarmena izan zen: "Estudios" aldizkarian dohaineko kontsulta sexologikoak eskaintzen ziren, Puenteri zuzendutako gutunen bidez; Espainian II. Errepublika garaian emakumeen arazoa aztertu izan duten ikerlarien arabera, aldizkari honen kontsulta sexologikoak benetako abangoardia izan ziren.[3]

Naturismoari buruz, Puente moderazioaren aldekoa zen: muturreko jarrerak salatu zituen (barazkijaletasun zorrotza, botiken aurkako jarrerak, mediko batzuen gaixotasun salerosketa jarrerak); garrantzi handia ematen zion prebentzioari, eta osasunaren autogestioa bultzatzen zuen, osasunaren giltzak pazienteen esku jartzeko.[3]

Mediku bezala profesional serioa eta zintzoa zen, eta inguruetan ospe handia hartu zuen:[6] pazienteen jarraipen zorrotza egiten zuen, behartsuak dohain bisitatzen zituen, botikak ematen zizkien eta batzuetan dirua ere bai, bere burua bigarren mailan jarriz. Kirolaria zen (igeria eta eskia), barazkijalea eta mendizalea.[7]

Anarkismoa aldatu

Ez dirudi 1921 baino lehen Isaac Puentek militantzia politikorik izan zuenik; halere, Luisa emazteak gogoratzen zuenez, Valladoliden ikasten ari zela, Oscar Pérez Solís sozialistaren mitin batek inpresioa egin zion.[3]

Itxuraz, Puenteren lehen kontaktua anarkismoarekin bi gazte gasteiztarren eskutik izan zen: Alfredo Donnay eta Daniel Orille. Lehenak Birgara Goieneko haltzari fabrika batean (Maeztu ondoan) lan egin zuen 1921-22 artean, eta Puentek bere emaztearen artritisa artatu zuen. Daniel Orille, berriz, CNT-koa zen eta Maeztun bertan ezagutu zuen, Gasteiz-Lizarra trenbideko obretako langileen artean kuotak kobratu eta propaganda egiten ari zirela.[3]

1923an Foru Aldundirako diputatu hauteskundeetara aurkeztu zen. Esperientzia txarra izan zen: hautatu bazuten ere, hile gutxira dimisioa aurkeztu zuen, agindutakoa ezin izan zuelako bete; une horretatik aurrera, bere mediku kontsultan zentratu zen.[8] 1923rako, jada aldizkari anarkistetan artikuluak idazten ari zen[3] Denborarekin, gaztelerazko aldizkari askotan argitaratu zituen, bai espainiar estatuan baita atzerrian ere: “Inquietudes” eta “Cultura Proletaria” (New York); “Algo” (Cleveland); “La Protesta” eta “Nervio” (Buenos Aires); “Prismas” (Beziers); “La Voz Libertaria” (Brusela), "Álava Republicana", “Etica”, “Iniciales”, “Orto”, “El Sembrador”, “Solidaridad Obrera”, “Tierra y Libertad”, “Tiempos Nuevos”, “La Revista Blanca”... Bere gai nagusiak osasuna eta biologia baziren ere, artikuluotan beste gaiak ere ukitzen zituen, hala nola kritika filosofikoa edo literarioa, edo mundu berri baterako hezkuntza.[3]

1926ean "Berako Gertakarien" ostean errepresaliatutako anarkistei laguntza ematen aritu zen.[2]

1930 urtetik aurrera bere jarduera politikoa areagotu zen. Urte horretan, Primo de Riveraren dimisioaren ostean, Dámaso Berenguerren gobernuak diktadurako diputatuak kendu zituen, aurrekoek itzul zitezen dekretatuz.[9] Puente Arabako Foru Aldundian diputatu izendatua izan zen, Arabako Mediku Elkargoaren ordezkari bezala. Lan honetan hainbat komisiotan lan egin zuen mendiak, hirigintza, hezkuntza eta osasun arloak landuz. Halere, bi hilebete geroago dimisioa aurkeztu zuen, ez zelako eroso aurkitzen "diktadura itxurako gobernuarekin" kolaboratuz.[7]

Teorilari izateaz gain, Isaac Puentek hainbat ekintzetan ere parte hartu zuen. 1932ko apirilaren 16an atxilotu egin zuten, anarkisten kontrako errepresio operazio batean: CNT-k II. Errepublikaren ospakizun ekitaldiei boikot deialdia egina zien; kaleko liskarretan udaltzain bat hil zen, eta ondorioz, sindikatuaren egoitza itxi zuten, buruzagiak atxilotuz eta udalarentzat lanean ari ziren afiliatuak kaleratuz. Puentek liskarretan parte hartu ez bazuen ere, autoritateek anarkista arabarren buru nagusietakotzat hartuta atxilotu zuten; Puentek gose greba hasi zuen maiatzaren 2an; hamar egun geroago askatu zuten, guztira gartzelan hilebete egin zuelarik.[7]

Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu eta gero, anarkistek komunismo libertarioan oinarritutako iraultza aurreikusten zuten, eta 1933ko urrian, FAIaren Batzar Penintsularrak Komunismo libertarioaren inguruko txostena idazteko lana proposatu zion Puenteri. Gai honi buruzko bere El Comunismo Libertario liburuxkak izugarrizko hedapena izan du mundu osoan zehar (Puente arabar idazle irakurriena bihurtuz[2]), eta hainbat hizkuntzatara itzulia izan da, baita euskarara ere, 2012an[10]. Orijinaltasunean baino -Puente Kropotkinen proposamenetan oinarritu zen- liburuxka honen arrakasta bere hizkera argian datza, eta abstrakzio teorikoetatik Espainiako kasura egokitutako proposamen konkretuetan.[3]

1933ko abenduaren 8an, Buenaventura Durruti eta Cipriano Merarekin batera, Puente Zaragozako iraultza saiakeraren arduradunetako bat izan zen. Mugimendu hau aste batzuk lehenago hasia zen, eskuineko alderdiek irabazitako hauteskundeei emandako erantzun bezala, eta Aragoi, Errioxa eta Nafarroan hedatu zen (Araban bertan ere oihartzuna izan zuen, Bastidako matxinadan). Zenbait egunetan Zaragoza hiria zein Aragoiko herri batzuk CNT sindikatu anarkistaren eskuetan egon ziren. Komunismo Libertarioa proklamatu zen, eta dirua debekatu. Aste batzuk pasata, Ejerzitoak altxaera kontrolatu zuen eta arduradunak espetxeratu, traizio akusaziopean. 1934an atera zen, amnistiatuta.[7]

Heriotza aldatu

Bere hirugarren eta azken atxiloketa 1936ko uztailaren 28an izan zen, Gerra Zibila hasi eta bi astetara. Puente mendian ezkutaturik zegoen, baina herrira itzuli zen balaz zauritutako mutil bat artatzera. Lan hori egin ostean, etxean gelditzea erabaki zuen. Goizaldean, Guardia Zibilak eta falangistek etxea inguratu eta atxilotu zuten. Gasteizko La Paz kaleko presondegian izan zen, eta Gorbeian trintxerak eraikitzera derrigortu zuten. CNT-k birritan saiatu zen bera askatzen, lehenengo Maeztun bertan, eta bigarren preso-trukaketa baten bitartez; baina ez zuten lortu, kolpistek bera hiltzeko asmoa baitzuten. Irailaren 2ko goizaldean, Bruno Ruiz de Apodakaren patruilek gartzelatik atera zuten, kamioi batean eraman zuten eta ez zen haren berri gehiago izan. Pancorbo inguruan (Burgos) afusilatu zutela uste da; gorpua ez da lokalizatu.[3] Batzuen ustez gorpua Erorien Haranean ere egon daiteke.[11]

Heriotzaren ostean, Puenteren ondasunak konfiskatuak izan ziren; familiak isunak ordaindu behar izan zituen; emazteari Maeztura itzultzera debekatu zioten eta -hil eta gero- heriotzera kondenatua izan zen. [7]

Omenaldiak aldatu

1936ko irailean bertan, CNT-k Isaac Puente Batailoia sortu zuen bere ohorez, konfederazioaren 3garrena, eta Eusko Gudarosteko 11garrena. Eusko Gudarostearen Estatu Nagusiak talka batailoi izendatu zuen[8].

1984an, Gasteizen "Asociación Isaac Puente" elkartea sortu zen, anarkismoa bultzatzeko asmoarekin.[12]

1996ean, Zumalde Kultur Elkartearen ekimenez, Maeztuko enparantzari Isaac Puente izena eman zitzaion.[6]

2013tik, Gasteiz ekialdean kale batek bere izena darama.[1]

2016 urtean Maeztun omenaldia egin zitzaion, bere desagerpenaren 80. urteurrenean.[13]

Argitalpenak aldatu

Hainbat aldizkaritan, hala nola: Acción, Álava Republicana, Algo, El Amigo del Pueblo, Antorcha de Las Palmas (1935), CNT (1932-1933), Crisol, Cultura Libertaria, Cultura Proletaria, ¡Despertad! de Vigo (1928-1929), En Marcha, Estudios (1929-1937), Ética (1927-1929), Eugenia (1926-1927), Faro de Játiva (1933), Generación Consciente (1924-1928), Helios (1928-1931), Iniciales (1932), Inquietudes, Liberación (1935), Mañana (1930, 1933), Más Lejos de Barcelona, La Medicina Íbera (1927), Nervio (1932), Orto (1932), El Pájaro Azul (1928-1930), Prismas (1928), Proa, La Revista Blanca (1935), Revista de Medicina de Álava (1928), Revista Nueva (1924-1925), Revista Única, Ruta, El Sembrador (1932), Solidaridad, Solidaridad Humana, Solidaridad Obrera de Barcelona (1930-1936) y La Coruña (1931-1932), Suplemento de La Protesta (1926, 1930), Suplemento de Tierra y Libertad (1932-1933), Tiempos Nuevos (1934-1936), La Tierra, Tierra y Libertad, Trabajo de Soria (1931-1936), Umbral, El Único, La Verdad, Voz Libertaria de Bruselas, etc. [2]

Puenterenak:

  • Fetxarik gabe. "Por pensar así, ¿somos delincuentes?". Natura, Logroño.
  • 1925. "Alpinismo". Viuda e Hijos de Sar, Gasteiz.
  • 1925. "Divulgación de la embriología".
  • 1930. "Neomalthusianismo". Revista Estudios. Octubre de 1930, p.2-4.
  • 1930. "Higiene individual o privada". Estudios, Valentzia.
  • 1930. "Proyecto de ordenanzas de montes de Álava". Gasteiz.
  • 1931. "Los microbios y la infección".
  • 1931. "Menstruación, su significación e higiene, Los microbios y y la infección". Cuadernos de Cultura, Valentzia.
  • 1931. "Pueblo, el Gobierno es tu enemigo". Grupo Cultura, Requena.
  • 1932. "Apuntes sobre el comunismo libertario". Tierra y Libertad, Bartzelona.
  • 1932. "La sociedad del porvenir". Bartzelona.
  • 1932. "Los mártires de la CNT". (Leopoldo Martinezekin, Bartzelona).
  • 1933. "El Comunismo Libertario y otras proclamas insurreccionales y naturistas".[14]
  • 1933. "La sociedad del porvenir. El comunismo anárquico". Amor y Voluntad, Bartzelona.
  • 1933. "Ventajas e inconvenientes de los procedimientos anticoncepcionales". Iniciales, Bartzelona.
  • 1933. "Hipótesis, experimentación y perfeccionamiento". Horizonte, Bartzelona.
  • 1933. "Métodos anticoncepcionales". Iniciales, Bartzelona.
  • 1934. "Cómo curar la impotencia sexual".
  • 1934. "La fiebre. Sus causas. Su tratamiento". Estudios, Valentzia.
  • 1935. "La higiene, la salud y los microbios". Estudios, Valentzia.
  • 1935. "Independencia económica, libertad y soberanía individual". Cuadernos Rojo y Negro, Bartzelona.
  • 1935. "El ocultismo científico del aborto".
  • 1935. "Tratamiento de la fiebre (conocimientos científico-naturales al alcance de todos), Tratamiento de la impotencia sexual". Estudios, Valentzia.
  • 1938. "Propaganda". Tierra y Libertad, Bartzelona.

Puenteri buruzkoak:[2]

  • Miguel Iñiguez-Juan Gómez. Isaac Puente. Médico rural, divulgador científico, y revolucionario. Papeles de Zabalanda. ISBN 84-920090-6-3
  • Fernández de Mendiola, Francisco (2007). Isaac Puente: el médico anarquista. Txalaparta. ISBN 9788481364897.
  • Ignacio C. Soriano Jiménez. Isaac Puente Amestoy. Anarquista. Asociación Isaac Puente. 2011. ISBN 978-84-614-3
  • La medicina ante el nuevo milenio: una perspectiva histórica.
  • Miguel Íñiguez. Anarquismo y naturismo. El caso de Isaac Puente. Vitoria: Asociación Isaac Puente. 2004.

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Gaztelaniaz) «Isaac Puente: nuestro más ilustre desaparecido» El Correo 2013-11-04 (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  2. a b c d e f (Gaztelaniaz) sobrelaanarquiayotrostemasvidayobradepensadoresy. (2017-12-23). «Isaac Puente Amestoy (Vida y obra)» SOBRE LA ANARQUÍA Y OTROS TEMAS (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  3. a b c d e f g h i j «ISAAC PUENTE, MÉDICO ANARQUISTA - CNT Gipuzkoa» web.archive.org 2011-07-28 (Noiz kontsultatua: 2019-10-25).
  4. Anarquismo y sexualidad. (Noiz kontsultatua: 2019ko urriaren 26a).
  5. Fernández de Mendiola, Francisco.. (2007). Isaac Puente : el médico anarquista. (1a. ed. argitaraldia) Txalaparta ISBN 8481364894. PMC 173605848. (Noiz kontsultatua: 2019-10-25).
  6. a b (Gaztelaniaz) www.funtsak.com, Funtsak-Diseño y Programación Web-. «Isaac Puente: el médico anarquista de Maeztu» www.txalaparta.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  7. a b c d e (Gaztelaniaz) Ega�a, I�aki. » Isaac Puente - Memoria. (Noiz kontsultatua: 2019-10-25).
  8. a b Vargas Alonso, Francisco Manuel. (1996). Anarquismo y Milicias de la CNT en Euskadi. Bilbo: Eusko Ikaskuntza.
  9. (Ingelesez) «Puente Amestoy, Isaac - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-05).
  10. Puente, Isaac. (2012). Komunismo libertarioa. Bilbo: DDT.
  11. «#MEMORIA · ¿Fue el médico anarquista Isaac Puente un 'santo laico'?» Mugalari Kultura 2017-05-09 (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  12. «Navío Anárquico» www.navioanarquico.org (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  13. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2016-09-01). «Recuerdan en Maeztu al médico anarquista Isaac Puente, muerto durante la guerra del 36» naiz: (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  14. El comunismo libertario. (Noiz kontsultatua: 2019ko urriaren 26a).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu