Irlandar bolo jokoa (irlanderaz: Ból an bhóthair; ingelesez: Irish road bowling) Irlandan jokatu ohi den bolo joko mota bat da.

Irlandar bolo joko lehiaketa

Nagusiki herrialde honetako bi konderrietan grina edo zaletasun handiz jokatu ohi da, Armagheko konderria (Ipar Irlandan) eta Corkeko konderria (Irlandako Errepublikan), kurioski uhartearen ipar-ekialdeko eta hego-mendebaldeko muturretan dauden bi konderrietan, hots, bata bestearengandik urrutien dauden uharteko konderriak. Beste konderri batzuetan ere jokatu ohi da: Mayoko konderria (Castlebar inguruan), Limerickeko konderria, Waterfordeko konderria eta Loutheko konderrian, eta oraintxuki Tyroneko konderria eta Wexfordeko konderrian.

Armagheko konderrian kirol honek bullets edota long bullets izena hartu ohi du ("balak" edota "bala luzeak"), jokatzeko erabiltzen den "boloa" berez kanoi-bola bat baita.

Historia aldatu

Kirol hau jada XVII. mendean Irlandan jokatu ohi zela erregistratua dago. XIX. mendearen amaiera arte Eskozia, Ingalaterra eta Ameriketako Estatu Batuetan (azken honetan etorkinei esker) ere jokatu ohi zelarik, halere, gaur egun Irlandan mantendu izan da.

1950eko hamarkadan kirol honek bide bazterretan liskar eta istilu ugari sortzearen ondorioz eta jokoa ongi arautu nahirik Bol-Chumann na hEireann erakundea sortu zen, gutxiago antolatua zegoen aurreko All-Ireland Bowl Players Association erakundea ordezkatu asmoz.

Hamarkada askotan zehar Corkeko eta Antrimeko konderrietan txapelketa eta lehiaketa ez-ofizial ugari ospatu izan dira, 1963an lehenbiziko txapelketa ofiziala ospatu zelarik. 1985an Cork 800 jaialdiaren barnean lehenbiziko Irlandar Bolo Joko Txapelketa ospatu zen.

Jokoa aldatu

Oso kirol herrikoia da, Irlandatik kanpora edota herrialde hau ongi ezagutzen ez duen edonorrentzat asko kirol ezezaguna da. Landa bide edo baserri giroko bidexketan jokatu ohi da, hots, ibilgailu trafiko gutxi dauden bideak. Joko honetan hainbat partaideek jokatu ohi dute, aurretik jokalariek jaurtiketa kopuru bat izatea hitzartzen dutelarik, jaurtiketa kopuru horren arabera jokalariek ahal duten distantzia handi edo luzeena burutu behar dute, irabazlea distantzia luzeena gauzatzen duena delarik. Jaurtiketak egiterakoan jaurtilariek dena kontuan hartu ohi dute: bidearen gorabeherak, bihurguneak, ur-putzuak, euria, bidean topa daitezkeen oztopoak (azienda, abereak, aparkatutako ibilgailuak)...

Jokatu ohi den eskualdeko jende andana handia bildu ohi duen kirola da, ikusleak bide bazterretan jarri ohi dira, gainera txapelketa zorrotz zuzendu ohi duten epaileak egon ohi dira, bai eta noizbehinka igaro ohi diren ibilgailuak gelditu edota zuzendu ohi dituzten arduradunak ere, istripuak saihestuz. Kirol honen inguruan jokalari beraiek nahiz ikusleen artean luzatu ohi diren apustuak nagusi dira, maiz apustuak joko honen iraupenaren eta berarekiko jendeak duen grinaren giltzarri direlarik.

Ikus gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu