Irlandako Gerra konfederatuak

Irlandako Gerra konfederatuak, batzuetan hamaika urteko gerra ere deitua (irlandar gaelikozko Cogadh na haon deag mbliana esalditik eratorritakoa) 1641 eta 1653 artean gertatu ziren. Hiru erresumen gerrak izeneko gatazkaren barnean gertatu ziren, Irlanda, Ingalaterra eta Eskoziako erresumen arteko gerra zibil batzuk (hiru erresumetako erregea Karlos I.a Ingalaterrakoa eta Eskoziakoa zen. Gatazkak, funtsean, bertako biztanle katolikoak kolono britainiar protestanteen eta hauen Ingalaterra eta Eskoziako babesleen aurka altxatu zituen.

Deskribapena aldatu

Gerra Ulsterreko irlandarren matxinadarekin hasi zen, honetan zehar eskoziar eta kolono ingeles protestante ugari hil zituztelarik. Matxinada herrialdean zehar hedatu zen, eta bertakoek Irlandako konfederatu katolikoen elkartea sortu zuten gerrako erresistentzia antolatzeko. Konfederakuntza estatu independente batek eta gizarte katolikoko herritar orok, gaelikoek zein ingeles zaharrek osatzen zuten. Elkarte honek gerra zibiletan errege zaldunen alde agertu zela adierazi zuen, baina gehienek euren gerra propioa egin zuten irlandar lurjabeen interesen defentsan.

Konfederatuek uhartearen zati handi bat gobernatu zuten estatu subirano de facto bezala 1649 arte, eta Karlos I.aganako leialtasuna adierazi zuten. 1641etik 1649 arte eskoziar covenanterren eta roundheaden armaden aurka borrokatu zuten. Ingalaterrako gerra zibilaren testuinguruan, nolabait erregezale edo cavalier ingelesekin aliatuta zeuden, baina banatu egin ziren Ingalaterrako gerra zibilean laguntzeko laguntza militarra bidaltzeko erabakiagatik. Azkenean, sekula ez zuten troparik bidali ingalaterrara, baina bai espedizio bat Eskoziara eskoziar erregezaleen alde egitera, Eskozian gerra zibil bat bizituz.

Gerrek nabarmen zatikatutako indar batzuk sortu zituzten. Protestanteak hiru alderdi nagusitan banatu ziren (Erregezale ingelesak, Parlamentario ingelesak eta Covenanter eskoziarrak) Ingalaterran eta Eskozian gertatutako gerra zibilen ondorioz. Katolikoak behin baino gehiagotan banatu ziren euren leialtasun nagusia katolizismoaren aldekoa ala Karlos I.aren aldekoa ote zen erabakitze aldera.

Gerrak Konfederatuen eta euren aliatu ziren erregezale ingelesen porrotarekin amaitu ziren Oliver Cromwellek egin zuen Irlandaren konkistaren bidez bere Armada Eredu Berriarekin 1649 eta 1653 artean. 1641eko matxinadaren ondoren etorri ziren gerrek hildako mordoa eragin zuen uhartean, Irlandaren historian soilik Irlandako gosete handiak 1840 eragin zuenarekin alderatu daitkeena. Ingalaterrako Legebiltzarrak irlandarrenak ziren lur konfiskazio masiboa antolatu zuen matxinadagatik zigor bezala eta gerragatik ordainarazteko. Lur batzuk euren jabeei 1660 ondoren itzuliak izan ziren arren, Ingalaterran monarkia berrezarri zenean, Irlandako antzinako lurjabe katolikoen klasearen amaiera adierazi zuen.

1641eko urriko konspirazioa aldatu

1641eko matxinadak Phelim O'Neillek zuzendutako konspiratzaile talde txiki baten partetik Irlandaren botere hartze odoltsu eta azkar bat izan behar zuen. Senide eta euren ardurapeko pertsonen talde txikiak Dublinen, Wicklown eta Ulsterren mugitu ziren Dublingo gaztelua bezalako toki estrategikoak hartzeko. Uhartean soldadu ingeles kopuru txiki bat zegoenez, planaren arrakasta zentzuduntzat hartzen zen. Behin hau lortu ondoren, herrialdeko gainontzeko goarnizio ingelesak errenditu egingo ziren, irlandarrak indar egoera baten utziz erreforma zibil, tolerantzia erlijioso eta irlandar autogobernuaren euren eskakizunak negoziatzeko. Alabaina, plana azken unean traizionatua izan zen, eta, ondorio bezala, matxinada biolentzia anarkikora endekatu zen. Etsaitasunen hasieraren ondoren, Irlandako bertako biztanleriak kolono protestanteei zion ezinikusia neurrigabeko biolentziara pasa zen.

1641-1642ko matxinada aldatu

1641 eta 1642ko hasiera artean, borroka Irlandan tokiko nobleek bildutako edo zibilek prestatutako talde txikien erasoez markatua zegoen, kontrako talde etniko eta erlijiosoetako kideak zirenak. Hasieran, nagusiki Ulsterreko katolikoak izan ziren, zegoen botere hutsunea probestuta, ingelesek aurrera eraman zuten prozesu kolonizatzaileari esker Irlandan ezarri ziren kolono protestanteekin kontuak garbitzera dedikatu zirenak. Lehen une batean, noblezia katolikoa biolentziaren gorakada gelditzen saiatu zen, baina Dublingo gobernuak katolikoak zigortzerakoan ezberdintasunik egingo ez zuela argi geratu zenean, protestanteen aurkako erasoetan parte hartu zuen eta matxinada geldiaraztera bidalitako tropa ingelesei aurre egin zien. Protestanteen dentsitate gehien zegoen tokietan, Cork, Dublin, Derry edo Carrickfergus kasu, kolonoek euren milizia propioak sortu zituzten euren burua defendatzeko eta matxinatuak geldiarazteko. Alderdi guztiak ankerkeria biziz aritu ziren gerraren lehen fase honetan. 4000 protestante inguru sarraskituak izan ziren eta beste 12.000 gosearen ondorioz hil ziren euren etxeetatik bota izan ondoren. Gertakizunik nabarmenetako batean zehar, Portadowneko biztanle protestanteak preso hartuak eta herriko zubian sarraskituak izan ziren. Kolonoek, Dublingo gobernuak bezala, irlandar biztanleria zibilaren aurkako erasoekin erantzun zuten. Katolikoen sarraskiak gertatu ziren Rathlin Islanden eta beste zenbait tokitan. Ulsterreko matxinatuek gobernuaren tropa bat garaitzea lortu zuten Julianstowngo guduan, baina ez zuten gertuko Drogheda hiria hartzerik lortu, eta sakabanatu egin ziren Dublineranzko euren bidean.

1642 hasieran, indar matxinatuak lau tokitan zeuden: Ulsterren, Phelim O'Neillen agindupean, Latesian, Dublin inguruan, Gormanstown bizkondearen agindupean, hegoekialdean, Butlertarren lurraldea, Richard Butler, Mountgarreteko III. bizkondea nabarmenduz, eta hegomendebaldean, Donagh MacCarthy, Muskerryko bizkondea buru zutenak.

Gerra konfederatuak aldatu

Karlos I.a Ingalaterrakoa erregeak Irlandara armada handi bat bidali zuen 1642an matxinada desegiteko, eskoziar Covenanterrek bezala. Eskoziar armadak matxinoak Ulsterretik kanporatu zituen, eta ingelesak Dublin askatzea lortu zuen. Irlandar katolikoek, orduan, Konfederazio Katolikoa sortu zuten, Kilkenny hiriburu zutela, eta euren armada propioa biltzen hasi ziren. Konfederatuek euren boterepean Waterford eta Wexford bezalako portudun herriak mantentzea lortu zuten, horien bidez indar katoliko kontinentalen laguntza lortzea espero zutelarik. Irlandar katoliko asko Konfederaziora batu ziren, zenbait salbuespenekin, Clanricardeko kondea kasu, neutraltasun egoeran mantentzea nahi izan zuena. Matxinatuek zenbait milizia eta nobleen tropa partikularrak zituzten, Lord Mountgarret bezalako esperientziarik gabeko aristokratek zuzenduak. Tropa ingeles eta eskoziarrek garaitu zituzten Liscarrol, Kilrush, New Ross eta Glenmaquinngo guduetan.

Alabaina, Ingalaterrako lehen gerra zibilaren eztandak tropa ingeles asko erregezaleekin borrokatzera deituak izatera eragin zuen, Irlanda utziz eta konfederatuei arnas apur bat emanez.

1642 erdialdean, Karlos I.ak Abenturazaleen Aktak berretsi zituen, xedapen honek irlandar matxinatuen aurka borrokatzeko dirua lortzeko asmoa zuen. Koroak inbertsoreengandik jasotako dirua, konfederatuei konfiskatzea lortuko zen lurrak emanez edo salduz itzulia izango zen. Lege honek, irlandarrak euren borrokan are gehiago mugitzeko balio izan zuen, euren askatasun erlijiosoaz gain, euren jabetzak mantentzeagatik borrokatzen zuten.

Konfederatuek euren lurraldetik bota zituzten goarnizio etsaiak, soilik Ulster, Cork eta Dublin geratu zirelarik tropa ingeles eta eskoziarren eskutan. Garret Barryk Limerick hartzea lortu zuen 1642an, Galwayko biztanleria zibilak hirian goarnizio ingelesa 1643an errenditzea lortu zuen bitartean. Irlandako gainontzeko tropa britainiarrak banatu egin ziren Ingalaterrako gerra zibilagatik. Corkeko goarnizioa, Murrough O'Brien Inchiquineko I. kondeak zuzendua, parlamentarioen alde jarri zen, Derryko protestanteak bezala, alabaina, uhartearen ekialdean zeuden tropek, James Butler, Ormondeko I. dukeak zuzenduak, erregearen alde egin zuten. Covenanter eskoziarren armadak, basea Carrickfergusen zuena, Edinburgoko gobernuaren aginduak jarraitzen zituen, eta parlamentarioen alde egin zuen 1647 arte.

Berdinketa aldatu

Egoera honek Konfederatuei armada erregular bat sortzeko denbora eman zien. Sistema fiskal bat ezarri zuten herrialde osoan zehar, hiriburu Kilkenny zutela. Gainera, Espainiak, Frantziak eta Vatikanok ere laguntza ekonomikoa eman zieten. Armada konfederatuak soldadu profesional irlandarrek gidatzen zituzten, Thomas Preston eta Owen Roe O'Neill kasu, azken hau espainiar armadan ibili zelarik Hogeita Hamar Urteko Gerran eta Laurogei Urteko Gerran. Orotara, konfederatuek 60.000 soldadu biltzea lortu zuten gerran zehar.

Zoritxarrez eurentzako, Armada Konfederatuak Ingalaterrako Gerra Zibilak Irlanda birkonkistatu eta berrantolatzeko eman zion aukera alferrik galdu zuen. Su eten bat sinatu zuten erregezaleekin 1643an eta hurrengo hiru urteak horiekin ezertara eraman ez zuten negoziaketetan eman zituzten. 1646 arte ez zuten erabaki Irlandako enklabe protestanteen aurkako erasoa hastea. 1642 eta 1646 artean, Irlandako gerra garrantzi belikorik gabeko asaltu eta borroketara mugatu zen. Zerikusia izan zuten alderdi guztiek lur errearen taktika erabili zuten, euren aurkariak uztak errez eta hornigaiak moztuz ahultzen saiatuz. Honek hildako ugari eragin zuen, bereziki herritar zibilen artean, gosetea eta izurriteak jasan zituena. 1644an, Konfederatuek Ulsterreko eskoziarren aurkako espedizio bat antolatu zuten, baina ez zuten lurralde garrantzitsu bakar bat ere hartzerik lortu.

Herrialdearen hegoaldean, Konfederatuek Corken inguruko lurraldea estutzea lortu zuten 1644 eta 1645 artean, Bandon hartzea lortuz, baina ez ziren Inchiquineko goarnizioa desegiteko gai izan. Euren arrakastarik handiena Duncannon hartzea izan zen, Thomas Prestonek zuzenduta, 1645eko urtarrilean, hala parlamentarioak kanporatzea lortuz. Alabaina, Preston eta Castlehaven buru zituen Munster eta Ulsterreko tropen ekintza bateratu batek porrot egin zuen Youghal hartzeko bere saiakeran. Youghalek Duncanonnekoa baino indar parlamentario indartsuago bat zuen, eta hornikuntza arazoek Konfederatuei setioa utziarazi zien 1645eko martxoan.

Errefuxiatuak aldatu

Gerraren lehen urteetan, zibilen desplazamendu masibo bat gertatu zen, bi alderdiak euren lurraldeetan garbiketa etnikoa egiten aritu baitziren. 1641eko matxinadaren hasiera fasean, kolono protestanteek babesa bilatu zuten Cork, Dublin edo Derry herri harresituetan edo Ingalaterrara ihes egin zuten. Ulster eskoziar Covenanterrek 1642an okupatu zutenean, irlandar biztanleria katoliko zibilaren aurkako mendekua gertatu zen. Uste denez, 30.000 pertsona inguruk ihes egin zuten Ulsterretik 1642an Konfederazioaren mende zeuden lurraldeetara. Errefuxiatu hauetako asko Owen Roe O'Neill buru zuen Ulsterreko armadaren zati izatera pasa ziren, creaght izeneko taldeetan biziz, klan egituraren arabera antolatuak zeudenak. Gainontzeko Irlandan, zibilen aurkako erasoak ez ziren hain ankerrak izan, konfederatu eta ingelesen arteko "inoren lurraldea" Leinster eta Munster probintzien artean behin eta berriz erasoa eta errea izan zen arren batzuen zein besteen aldetik, biztanleria zibilaren ihesa eragin zuena.

Kanpo estekak aldatu