Irantzuko monasterioa
Irantzuko Andre Maria monasterioa abadia katolikoa da, Abartzuzan dagoena, Nafarroa Garaiko mendebaldean. Petri Artaxoakoak 1176an fundatua, zistertar arkitekturaren eredu ederra da. XII. mendearen amaiera eta XIV. mendearen hasiera bitartean eraiki zen, erromanikoaren eta gotikoaren arteko trantsizio garaian.[1]
Irantzuko monasterioa | |
---|---|
Kultura ondasuna | |
![]() Irantzuko monasterioan kokatzen den XII. mendeko latindar gurutzearen xehetasuna. Nahiz eta arkitektura gotikoaren barnean sailkatuta egon, erromanikoaren nolabaiteko zantzu batzuk ere baditu. ![]() | |
Kokapena | |
Herrialdea | ![]() |
Probintzia | ![]() |
Udalerria | Abartzuza |
Koordenatuak | 42°45′03″N 2°02′20″W / 42.7508°N 2.0389°W |
![]() | |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1176 (egutegi gregorianoa) |
Suntsipena | 1839 |
Arkitektura | |
Estiloa | arkitektura gotikoa |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0000758 |
Webgune ofiziala | |
Mendizabalen Desamortizazioaren ondorioz,[2] zistertar fraideak kaleratuak izan ziren, eta monasterioa hutsik eta erabat utzia egon zen 1839tik 1942ra. Urte horretatik aitzina, Vianako Printzea Erakundeak zaharberritu zuen, eta teatino-komunitate bat kokatu zen bertan.[3] Monumentu babestua da 1931tik, eta Kultura Intereseko Ondasuna 1996tik.[3]
Kokapena
aldatuIrantzuko Andre Maria monasterioa Andimendiaren hegoaldeko magalean dago, Abartzuzatik 3 kilometrora, Nafarroa Garaiko mendebaldeko Lizarrako merindadean.
Historia
aldatuZistertarrak iritsi baino lehenago, Irantzuko ibarrean beneditar zenobio txiki bat izan zen, San Adrian, XI. eta XII. mendeetako zenbait agiritan aipatzen dena. Beneditarren komunitate txiki hori, Iruñeko elizbarrutiaren mendekoa, desagertu zen, baina San Adriani eskainitako eliza txiki batek iraun zuen.[4]
Iruñeko apezpiku Petri Artaxoakoak, bere anaia bat Orléans aldeko Cour-Dieu abadian monje zegoela baliatuz, Irantzun zistertar komunitate bat ezartzea erabaki zuen. Horrela, 1176an, "Irantzuko eliza eta bere ondasun guztiak" Nikolas anaiari eman zizkion "bertan monasterio bat eraikitzeko non, Jainkoaren laguntzarekin, erregelapeko bizitza beti gordeko zen, Cour-Dieuko abadearen eta fraideen ezarpenen arabera". Petrik baldintza bakar bat paratu zuen: monasterioa zistertar ordenaren eta Iruñeko apezpikuaren mende egotea.[4]
Ordutik aurrera, Iruñeko apezpikuen, Nafarroako errege-erreginen eta aita santuen laguntzek eta mesedeek ahalbidetu zuten monasterioa eraikitzea eta haren ondarea haztea. Lehenik, ohikoa zen bezala, abade-eliza hasi ziren eraikitzen. Petri Artaxoakoa elizako presbiterioan ehortzi zuten, 1193ko udan.[4] XIII. mendean eliza amaitu eta, bai klaustroaren, bai gainerako barrundegien eraikuntza hasi zen, XIV. mendean bukatu zena.
1512an Gaztelak Nafarroako Erresuma beretu zuenetik, leinu aristokratikoak lehiatu ziren familiako norbait iritsi zedin Irantzuko abade izatera. Karlos Habsburgokoak, abadeen botere ekonomikoa murrizteko asmoz, monasterioaren errentak hiru zatitan banatu behar zirela agindu zuen: bat abadearentzat, beste bat komunitatearen mantenurako eta hirugarrena eraikuntzen mantentze lanetarako.[5]
Filipe II.a ahalegindu zen Espainiako zistertar monasterioak Frantziako nagusiengandik bereizten. Zehazki, Iberiar penintsula osorako zistertar kongregazio bakarra sortzea zen haren asmoa. Baina Nafarroako eta Aragoiko monjeek errefusatu zuten zentralizazio saiakera hori, eta beren kongregazioak osatzeko lanei ekin zieten. 1616an, Paulo V.ak onartu zuen Aragoiko kongregazioa (Cesaraugustana-Tarraconense), eta nafarrak harekin batu ziren.[5]
1835-1836an onartutako Desamortizazio dekretuek Espainiako monasterio guztiak hutsarazteko agindu zuten, erlijio-ordenen esku zeuden ondasunak desjabetzeko eta saltzeko.[6] Estellerria karlisten mende zegoenez, desamortizazioa ez zen gauzatu eta lekaideak monasterioan geratu ziren. Baina 1839an, Bergarako besarkadaren ostean, alde egin behar izan zuten.[2]
Arkitektura
aldatuJatorrizko tenplua erromaniko estilokoa eta XII.-XIV. mendeetakoa da, eta gaur egun ere klaustro gotiko ederra ikus daiteke.
Irudi galeria
aldatu-
Kalostraren panorama
-
Kalostraren ikuspegia
-
Kalostra
-
Kalostra
-
Elizaren ikuspegia
-
Ikuspegi orokorra eta ingurua
Erreferentziak
aldatu- ↑ Irantzuko Monasterioa. tierrasdeiranzu.com (Noiz kontsultatua: 2025-3-7).
- ↑ a b Monasterio de Santa María de Irantzu (Abárzuza, Navarra, España). pares.mcu.es (Noiz kontsultatua: 2025-3-7).
- ↑ a b Finalizan las obras de restauración de la iglesia del monasterio de Irantzu con una inversión superior a 700.000 euros. Nafarroako Gobernua, 2024ko ekainak 18, navarra.es (Noiz kontsultatua: 2025-3-7).
- ↑ a b c Martínez Álava, Carlos J.. Del románico al gótico en la arquitectura de Navarra. culturanavarra.es (Noiz kontsultatua: 2025-3-7).
- ↑ a b Iranzu. Gran Enciclopedia de Navarra, enciclopedianavarra.com (Noiz kontsultatua: 2025-3-10).
- ↑ Martínez Rueda, Fernando. Desamortizazioa. Auñamendi Entziklopedia [on line], aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2025-3-12).
Kanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Nafarroa |
- (Gaztelaniaz) Irantzuko monasterioaren webgunea
- Jimeno Jurío, José María, El libro rubro de Iranzu, Institución Príncipe de Viana. Gobierno de Navarra, 1970, binadi.navarra.es