Iraitz-sistema

Gorputzeko fluidoen konposizioa erregulatzen duen sistema, hondakin metabolikoak eta toxinak kanporatuz batetik, eta ura, gatzak eta bestelako molekulak kontzentrazio egokian mantenduz bestetik.
Iraitz-aparatu» orritik birbideratua)

Iraitz-sistema edo iraitz aparatua gernua eratzeaz, metatzeaz eta kanporatzeaz arduratzen den organoen multzoa da. Gernuaren bitartez metabolismoko hondakin nitrogenodunak, hots, urea, kreatinina eta azido urikoa, eta beste substantzia toxikoak kanporatzen dira organismotik. Iraitz-sistema bi giltzurrunez eta gernu-bide multzo batez osatuta dago. Oinarrizko iragazketa-unitateei nefrona deritze eta giltzurrun bakoitzak 1.000.000 nefrona inguru ditu. Giltzurrunek gernua sortzen dute eta osmorregulazio prozesuaz arduratzen dira. Giltzurrunetan eratutako gernua gernu-maskurira garraiatzen da ureterren bidez, eta bertan metatzen da uretraren bitartez kanporatzen den arte[1].

Iraitz-sistema
Xehetasunak
Identifikadoreak
Latinezsystema urinarium
TAA08.0.00.000
Terminologia anatomikoa

Ezaugarri nagusiak aldatu

Iraitz-aparatua gernuaren bidez hondakin metabolikoen eta gehiegizko gatzen eta toxinen kanporaketaz arduratzen den organoen multzoa da. Urea da kanporatzen den hondakin-substantzia nagusietako bat eta gernuaren bitartez kanporatzen da. Gernua odolaren iragazpenaren ondorioz eratzen da giltzurrunen azpiunitateak diren nefronetan[2].

Gizakien iraitz-aparatuak bi atal nagusi ditu:

 
Iraitz-aparatuaren[Betiko hautsitako esteka] atal nagusiak.
  • Giltzurrunak. Gernua sortzen dute eta beste hainbat funtzio betetzen dituzte, hala nola eritropoietinaren sekrezioa. Bizkarrezurraren alde bietan kokatuta daude, eskuinekoa ezkerrekoa baino apur bat beherago, eta kolore gorri iluna daukate. Bakoitzak 150g-ko pisua du eta 10-12 cm-ko luzera, 5-6 cm-ko zabalera eta 3 cm-ko lodiera. Giltzurrun bakoitzaren goialdean giltzurrun gaineko guruinak daude. Horrez gain, giltzurrunak hiru ataletan banatzen dira: giltzurrun-azala, giltzurrun-muina eta giltzurrun-azpila edo giltzurrun-pelbisa. Giltzurrun-azalean odola iragazten da, giltzurrun-muinean organismoarentzat garrantzitsuak diren substantziak birxurgatzen dira eta, azkenik, giltzurrun-azpilan gernua giltzurrunetatik ateratzen da ureterraren bitartez.
  • Gernu-bideak: gernua giltzurrun-azpiletik jasotzen dute eta kanpoaldera isurtzen dute. Gernu-bideak hainbat hodiz osatuta daude.
     
    Giltzurrun-korpuskulua[Betiko hautsitako esteka].
    • Ureterrak. Gernua giltzurrunetatik gernu-maskurira bideratzen duten bi hodiak dira.
    • Gernu-maskuria. Gernua metatzen den errezeptakulua.
    • Uretra. Gernu-maskurian pilatutako gernua kanpoaldera isurtzea ahalbidetzen duen hodia.

Nefrona aldatu

Giltzurruna maila mikroskopikoan nefrona deritzen unitate funtzionalez osatuta dago eta giltzurrun bakoitzak 800.000 eta 1.000.000 nefrona inguru ditu. Odol-plasmaren iragazpena eta gernuaren eraketa nefronan gertatzen dira. Gernua hodi-biltzaileek biltzen dute ondoren. Giltzurrun bakoitzean 250 hodi-biltzaile daude eta bakoitzak 4000 nefronaren gernua jasotzen du.

Nefronaren egitura konplexua da, giltzurrun-tubulu batekin kontaktuan dagoen giltzurrun-korpuskulu batez osatuta dago.Giltzurrun-korpuskulua Bowmanen kapsulaz eta haren barnean dagoen glomeruluaz osatuta dagoen egitura esferoidala da. Iragazki glomerularra isurtzen den tubulua hiru zatitan banatzen da: tubulu bihurgunetsu proximala, Henleren lakioa eta tubulu bihurgunetsu distala[3].

Giltzurrunaren jarduera nagusia nefronan gertatzen da. Nefrona bakoitzean arteriola aferente deritzon odol-hodi txiki bat sartzen da eta glomeruluetara odola eramaten du. Arteriola eferentearen bitartez, odolaren kontrako ibilbidea bideratzen da.

Gernuaren eraketa aldatu

 
Nefronaren[Betiko hautsitako esteka] fisiologia

Gernuaren eraketaren oinarria nefronetan gertatzen diren hiru urratsetan banatu daitezke. Hiru urrats nagusiak ondorengoak dira:

  • Iragaztea: Glomerulutik Bowman-en kapsularainoko mugimendua ahalbidetzen du. Bowman kapsulan sartzen den likidoa odoleko plasmaren oso antzekoa da, proteinek ezin baitute kapilar glomerularra gurutzatu. Odolaren zelula-osagaiek, hots, globulu gorriek, globulu zuriek eta plaketek, ez dituzte glomeruluak zeharkatzen.
  • Birxurgapena: Plasmatik iragazten diren konposatuetatik, askok odolera itzultzen dira berriro. Prozesu honen bidez substantziek, giltzurrun-tubuluen barnealdetik inguruneko kapilarretara doaz, hau da, odolera. Prozesu horri esker, glomerulura iragazitako ura, gatzak, azukreak eta aminoazidoak berreskuratzen dira.
  • Sekrezioa: Birxurgapenaren kontrako prozesua da; prozesu horren bidez odoleko osagaiak aktiboki kanporatzen giltzurrun-tubulu zeluletatik. Sekrezioa ez da eskrezioaren sinonimoa, sekrezioan osagaiak aktiboki kanporatzen dira tubuluaren argira. Sekrezio-mekanismo baten bidez hidrogeno-ioiak (H+) kanporatzen dira odolaren pH-a erregulatzeko. Zenbait farmako eta amoniakoa ere jaria daitezke[4].

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) «The Urinary Tract & How It Works | NIDDK» National Institute of Diabetes and Digestive and Kidney Diseases (Noiz kontsultatua: 2019-12-12).
  2. Cohen, Barbara J.. (2010). Memmler : el cuerpo humano salud y enfermedad. (11a ed. argitaraldia) Wolters Kluwer Health/Lippincott William & Wilkins ISBN 978-84-96921-56-6. PMC 667752573. (Noiz kontsultatua: 2019-12-12).
  3. «UNIVERSIDAD AUTONOMA DE ZACATECAS AREA DE CIENCIAS DE LA SALUD APARATO URINARIO. MVZ Miriam Damián Sandoval HISTOLOGÍA Sesión 15 - PDF Free Download» docplayer.es (Noiz kontsultatua: 2019-12-12).
  4. Langlebert, Edmond; Cuesta y Sáinz, Antonio de la; Langlebert, Edmond. (1921). Historia natural : anatomía y fisiología de los animales, anatomía y fisiología vegetales, geología y paleontología, higiene. Obra enteramente refundida con 700 grabados en el texto ; traducida de la última edición francesa por Antonio de la Cuesta y Sáinz. Librería de la vda de C. Bouret, (Noiz kontsultatua: 2019-12-12).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu