Iparburu magnetikoa

Iparburu magnetiko» orritik birbideratua)

Iparburu magnetikoa edo ipar polo magnetikoa Lurraren ipar hemisferioko azaleko puntu mugikor bat da, non planetaren eremu magnetikoak beherantz jotzen duen bertikalki (hau da, iparrorratz magnetiko baten orratzari ardatz horizontalean biratzen uzten bazaio, zuzen beherantz seinalatuko du). Hori toki bakar batean gertatzen da, iparburu geografikotik eta iparburu geomagnetikotatik hurbil (baina bi horietatik bereizita).

Iparburu magnetikoa eta iparburu geomagnetikoa, 2017. urtean.[1]

Iparburu magnetikoa denborarekin mugituz doa, Lurraren nukleoan gertatzen diren aldaketa magnetikoen eraginez.[2] 2001ean, Kanadaren Geologia Ikerketak zehaztu zuen iparburu magnetikoa Ellesmere uhartearen mendebaldean zegoela, Kanada iparraldean, 81°18′N 110°48′W / 81.300°N 110.800°W / 81.300; -110.800 koordenatuetan.[3] 2005ean, 83°06′N 117°48′W / 83.100°N 117.800°W / 83.100; -117.800 koordenatuetan zegoen. 2009an, oraindik Kanadako artikoaren barruan zegoen, 84°54′N 131°00′W / 84.900°N 131.000°W / 84.900; -131.000 koordenatuetan,[1] baina urtean 55 - 60 kilometro mugitzen ari zen Errusia alderantz.[4] Egindako proiekzioek ziotenez, 2019 urtetik aurrera iparburua Kanadako artikotik kanpo egotekoa zen, 86°26′52.8″N 175°20′45.06″E / 86.448000°N 175.3458500°E / 86.448000; 175.3458500 koordenatuetan.[5][1]

Iparburu magnetikoaren hego hemisferioko kidekoa hegoburu magnetikoa da. Lurraren eremu magnetikoa guztiz simetrikoa ez denez, ipar eta hego buru magnetikoak ez dira antipodalak, hau da, batetik bestera marraztutako lerro zuzen bat ez da Lurraren erdigune geometrikotik igaroko.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c (Ingelesez) Geomagnetismoaren Munduko Datu Zentroa, Kyoto. «Magnetic North, Geomagnetic and Magnetic Poles» wdc.kugi.kyoto-u.ac.jp (Noiz kontsultatua: 2020-04-28).
  2. (Ingelesez) Merrill, Ronald T.. (1996). The magnetic field of the earth : paleomagnetism, the core, and the deep mantle. Academic Press ISBN 0-12-491245-1. PMC 35042312. (Noiz kontsultatua: 2020-04-28).
  3. (Ingelesez) «Magnetic north just changed. Here's what that means.» Science 2019-02-04 (Noiz kontsultatua: 2020-04-28).
  4. (Ingelesez) «North Magnetic Pole Moving East Due to Core Flux», National Geographic, 2009-12-24.
  5. (Ingelesez) NP.xy

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu