Ipar Euskal Herriko blokeo eguna

Ipar Euskal Herriko blokeo eguna Bakegileek deitu zuten 2022ko uztailak 24an "salbuespen-egoerari salbuespenezko erantzuna emateko" haien hitzetan. Parisek bake prozesua blokeatuta zeukala salatu eta aitzinamenduak behartzeko, Ipar Euskal Herria geldiaraziko zutela iragarri zuten. Bakegileen iritziz, ezarritako helburua zinez erdietsi zuten. Aireportuak, trenbideak eta errepideak blokeatu zituzten 2.000 ekintzaile inguruk, eta hankaz gora jarri zuten lurraldeko egunerokotasuna. Atxilotuak ere izan ziren; 26, guztira. Iluntzean Bakegileek jakinarazi zuten guztiak aske utzi zituztela.[1]

Aferaren jatorria aldatu

Ekain bukaeran iragarri zuten mobilizazio erraldoia, gatazka konpontzeko prozesuan Frantziako Gobernuarekin duten blokeo egoera gainditzeko; Ion Parot eta Jakes Esnal presoen egoera azpimarratu zuten bereziki. «Mendekuaren gainean oinarritzen diren aterabideak ez ditugu onartuko», esan zuen Anaiz Funosasek, mugimenduaren bozeramaileak. Ipar Euskal Herri osoko errepide sarea osoki blokeatzeko asmoa zuten, Paris mugiarazteko.

Debekua aldatu

Prefekturak deialdia debekatu zuen baina, hala ere, bakezaleek aurrera egin zuten. Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak jakinarazi zuen deekua agiri batean. Are, erran zuen Ipar Euskal Herrian manifestazio oro debekatua izanen zela. «Segurtasun dispositibo handia» iragarri zuen hori errespetarazteko.

Bakegileak ez zituen kikildu. Aurreikusitako protesta eginen zutela berretsi zuten. Baionako suprefetura aitzinean egin zuten agerraldi jendetsuan horrela azaldu zuten: «Masiboki» mobilizatzera deitu zuten.[2]

Ekintza batzuk aldatu

Hona hemen oiartzun handiena izan zutenak:[3]

  • Biarritzeko aireportuko pistan azaldu ziren sei lagun, eta, ondorioz, bi hegazkin desbideratu behar izan zituzten. Azkar iritsi zen Frantziako Polizia, eta atxilo eraman zituen sei ekintzaileak.
  • Errepideetako blokeoak. Pausun, Ezpeletan, Azkainen, Miarritzen, Donibane Garazin eta Onizepean, besteak beste, eten zituzten bideak.
  • Bokale eta Baiona arteko trenbidea moztu zuten bederatzi lagunek 10:30 aldera, besoak bidoietara lotuak zituztela. Atxilotu egin zituen Poliziak, baina tren zerbitzuan arazoak eragin zituzten. Trenik ez zen ibili arratsalde erditsura arte. Tentsio handiako momentuak ere sortu ziren.
  • Sei lagunen artean A-63 autobidea blokeatu zuten Baionan, Miarritzeko norabidean, eta auto ilara luzeak eragin zituzten. Frantziako Jendarmeriak berehala esku hartu zuen, eta gutxi iraun zuen ekintzak.
  • Ziburun, manifestazioan abiatu ziren 300 bat lagun herri hori Donibane Lohizunerekin lotzen duen zubira, eta ordurako han ziren hainbat ekintzaile; elkarri besotik helduta batzuk, bidoietara eta zubia alderik alde zeharkatzen zuen katera loturik besteak. Oztopo handirik gabe itxi zuten bidea.
  • Baionan izan zen mobilizazio jendetsuenetakoa. Marechal Soult etorbidea blokeatu zuten ekintzaileek goizean egurrezko paletak eta kautxuzko errotak erabilita. Frantziako Poliziak ez zuen esku hartu. Arratsalde hasieran, handik gertu dagoen Aritsague etorbidera jautsi zen talde bat, eta han ere blokeatu zuten zirkulazioa.
  • Ehunka lagun elkartu ziren suprefeturaren aurrean «Euskal presoak etxera! eta Atxilotuak askatu!» oihuen artean, Frantziako Polizia andanak haien aitzinean hesi bat osatzen zutela.

Balorazioa aldatu

Egunaren balorazio positiboa egin zuen Anaiz Funosas Bake Bideko bozeramaileak: «Gure determinazioa erakutsi dugu. Gaur, harro izaten ahal gara, finkatutako planak eman duelako erran genuena: bai, Euskal Herria paralizatu da; bai, blokeoa egon da; eta bai, denen artean segurtasuna eman diegu herritar guztiei».[4]

Konponbide prozesuan Ipar Euskal Herriko hautetsiek duten inplikazioa ere goratu zuen Funosasek. Hain justu, hautetsien ordezkaritza bat, hamalau lagunekoa, Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetarekin bildu zen, hala nola Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, Frederic Espagnac senataria, Emilie Dutoya Akitania Berria eskualdeko hautetsia.[3]

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu