Intxaurrondo Haundi baserria

eraikitako euskal ondare nabaria Donostian

Intxaurrondo Haundi baserria Donostiako Intxaurrondo auzoko altxor preziatuetakoa da. Gaur egun eraikinaren atarian Itxaurrondo Zahar izena agertzen den arren, jatorrizko izena bestea du[1]. XVI-XVII. mende aldaketan eraikia da, errenazimentu estilokoa.

Intxaurrondo Haundi baserria
Kultura ondasuna
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°19′14″N 1°57′10″W / 43.32044°N 1.95279°W / 43.32044; -1.95279
Map
Historia eta erabilera
EraikuntzaXVI. mendea - XVII. mendea
Arkitektura
Estiloapizkundetar arkitektura
Ondarea
BICRI-51-0001558
1227

Historia aldatu

Bere estiloa medio, besteen artetik erraz nabarmentzen den oinetxea da. Bere garrantziaren erakusgarri da auzoari izena berak eman diola. Inguruan eraikitako etxebizitzak Intxaurrondo izena hartu zuten. XX. mendearen lehen erdian auzo polita osatu bazen, handik urte gutxira, gerra ostean, trenbidearen beste aldean etxe eta auzune berriak eraiki ziren eta haiek ere Intxaurrondo izena hartu zuten. XX. mende hasieran etxe bakarra zena, Donostiako auzo handienetakoa bihurtu da egun[2].

Ezaugarriak aldatu

Eraikin bikaina, non bere murru sendoak, harlanduak, dobela handiko erdi puntuko arkuak, balkoi-galeria, zutabeak, erlaizak eta abar ditugun. Baserri hau lehen gerra karlistan erre zuten ziur aski. 1968 urtean erabat hustu egin zen eta perimetroko lau hormak soilik geratu ziren zutik. Barnealdea hormigoiz berreraiki zen, baina egurrezko estalkiari eutsi zitzaion. Tamaina ertaineko baserria da, bi solairu eta lau isurkiko egurrezko estalkia eta sakonunea gorantz duen teila ditu. Nahiko irtenak diren gapirio landuzko teilategalak ditu. Ekialdeko fatxadan artekorma dauka. Perimetro hormak betelan oneko harlangaitzezkoak dira. Hareharrizko harlanduak bao markoetarako eta eskantzuetarako gorde dira. Erlaiza fintasunez molduratu da. Fatxada nagusia alderik luzeenenan kokatuta dago eta iparraldera begira dago. Behe oinak hiru hutsarte dauzka, bat harrizko ateburuduna. Goiko solairuan hiru leiho daude halaber, mentsuladun harlanduz inguratuta eta harri molduratuzko hegazpearekin; beren karelean, eta indargarri gisa, harlanduen ilarak daude. Mendebaldeko fatxadak, lehen solairuan, lehen deskribatutakoen antzekoak diren hiru leiho dauzka. Fatxadako hormaren ezkerreko herena harlanduzkoa da. Fatxada honetan dobeladun erdi puntuko arku bat dauka. Behe oinean horma konka bat kukuleiho zahar baten ordez dago. Hegoaldeko fatxadan, mendebaldeko eta ekialdeko fatxaden luzapenak lehen solairuan dagoen galeria bat inguratzen du, eta horretara zuzenean sartzen da behe oinetik, patiotxo bateko eskailera batetik. Sektore honetan bertan bi zutabek estalkia sostengatzen dute[3].

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Irutxuloko Hitza. Irutxuloko Hitza Aldizkaria. (Noiz kontsultatua: 2017-09-21).
  2. Tellabide Azkolain, Josu. (). 101 bazter Donostiako. Ezagutzen duzu Donostia?. Alberdania ISBN 9788498680034. (Noiz kontsultatua: 2017-09-22).
  3. Kultura eta Hizkuntza Politika saila. Kultura Ondarea. (Noiz kontsultatua: 2017-09-21).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu