Inozentzio Olea

euskal idazlea

Inozentzio Olea Ariztimuño (Zerain, 1921eko abenduaren 28a - Legazpi, 2010eko azaroaren 12a) gipuzkoar bertsolaria eta euskal idazlea izan zen.[1]

Inozentzio Olea

Bizitza
JaiotzaZerain1921eko abenduaren 28a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaLegazpi2010eko azaroaren 12a (88 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea, bertsolaria eta poeta
Genero artistikoaolerkigintza

Literaturaren Zubitegia: 112
2021ean idazlearen ehungarren urtemuga Zerainen ospatu zen.

Biografia

aldatu

Olea bertsolaria Zeraingo Mendarte baserrian (Gipuzkoa) jaio zen 1921eko abenduaren 28an. Txikitatik jaso zuen etxean bertsozaletasuna amak kantatzen zituen bertso zaharren bitartez. Anaien artean ere zaletasuna zabalduta zegoen eta iturri horietatik edan zuen bertsolari ezaguna izango zenak. Patrizio Etxeberriaren lantegian lana aurkitu eta Legazpira joan zen bizitzera; han Floren Agirre zegamarrarekin ezkondu eta bi seme-alaba izan zituzten. 60ko hamarkadaren bukaeran eta 70ekoan bere bertsoak ezagun egin ziren eta Inozentzio ohiko pertsonaia bihurtu zen txapelketetan, baina ez bertsolari paperean, gai jartzaile eta epaile gisa baizik. Garai berean bere bertsoak ohikoak bihurtu ziren Diario Vasco egunkarian Basarrik zeraman sailean.[2] Aldi berean bere kolaborazioak komunikabide desberdinetan agertu ziren: Olertin, La Voz de España, Segura Irratian, Loiola Irratian, Zeruko Argian, e.a. 1966an Euskaltzaindiaren Xenpelar Saria eskuratu zuten "Nere jaiotetxea" bertsoekin; 1965ean, 1975ean eta 1976an bigarren saria eskuratu zuen eta 1972an hirugarrena. 1970.urtean, Antonio Zavalaren eskaerari erantzunez, Goierriko lorak bertso-liburua argitaratu zuen Auspoa bilduman. 1984an esperientzia errepikatu zuen, orduan Otemotxeko arnasa izenburupean.[3] 1994an Bertsolari Egunaren barruan bertzozaleen omenaldia jaso zuen. 1997an eta 2002an bere lan periodistikoen antologiak argitaratu ziren. 2010eko azaroaren 12an Legazpin hil zen; bere errautsak Mendarte baserrian zabaldu ziren horrela idazlearen gogoa betez.

2021eko abenduaren 28an, Zerainen, ZerainLabek elkarteak antolatuta eta Iñaki Muruaren zein Aitor Furundarenaren eskutik, haren jaiotzaren mendeurrena ospatu zuten bere bertsoen irakurketa batekin.[4]

Estiloa

aldatu

Olearen bertso-paperak eta artikuluak gipuzkeraz idatziak izan ziren, idazlearen jarrera, belaunaldi bereko beste kasu askotan bezala, Euskaltzaindiak bultzatutako Euskara Batuaren aurkakoa baitzen. Ideologikoki Euskerazaintza akademiaren aldekoa zen, nahiko tradizionala. Pentsamendu hori ondo asko islatu zen bere lanetan, non ohikoak diren erlijioaren eta betiko bizimoduaren laudorioak; sarritan baserritarren mundua eta izadia nostalgikoki jaso zituen. Estiloa ez zen oso garbizalea, nahiz eta garai hartarako nahiko kultua izan. Olea komunikatzaile ona izanik, garbi zuen irakurleari lana erraztu behar zitzaiola; ondorioz, estilo landua, aberatsa, baina aldi berean herrikoia erabili zuen. Modu batez, Olearekin bertsoak asmatzeko modu berri bat sortu zen, landuagoa eta literarioagoa.

Iritzi kritikoa

aldatu

Paulo Iztueta idazlearen, iritziz Olea bertso jartzaile eskolatuen artean kokatu behar da. Kategoria horretan, besteak beste, Basarri, Uztapide, Xalbador, Lasarte, Manuel Matxain, Etxahun idazleak kokatu zituen. Juan Mari Lekuonak, bestetik, Inozentzio Olearen bertso-paperak bertsolaritzaren historian egindako onenetarioak jo zituen, Xalbadorrenekin batera.

Herri kazetaritza

aldatu

Bertso-liburuak

aldatu

Bibliografia

aldatu
  • Juan Mari Lekuona: "Literatura oral vasca", Cultura Vasca II liburuan, Erein, Zarautz, 1978.
  • Paulo Iztueta: "Euskararen adierazpen soziala gerraondoan (1937-1984)", Euskal Herria. Realidad y Proyecto, II tomoan, Lan Kide Aurrezkia, Oiartzun, 1985.
  • Juan Luis Zabala: "Inozentzio Olea. Idazlea eta bertso jartzailea: "Bertsoak egiteko nire egarria bertsoak idaztek ase dit". Euskaldunon Egunkaria, 2003ko urtarrilaren 14an.
  • Argia astekaria: "Inozentzio Olea: Plaza gizona ez naiz izan baina lotsagabe samarra bai". 2006/08/13.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu