Inocencia Arangoa

euskal margolari eta zeramikaria

Inocencia Arangoa Figueroa (Altza, Gipuzkoa, 1884ko uztailaren 3a - Madril, 1935eko irailaren 25a) gipuzkoar margolaria izan zen.

Inocencia Arangoa
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakInocencia Arangoa Figueroa
JaiotzaAltza1884ko uztailaren 3a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaMadril1972ko abenduaren 10a (88 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Emilio García Martínez (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Irakaslea(k)Pedro Alejandrino Irureta Artola (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakmargolaria eta zeramikaria

Vicente Arangoa Matxiandiarena eta Elisa Figueroa Villarren alaba, 12 anai-arreben arteko hirugarrena zen. Emilio García Martínez madrildar arkitekto eta margolariarekin ezkondu zen.[1] Alejandrino Irureta tolosar irakaslearekin hasi zen bere arte-ikasketetan, eta gero Margolan, Eskultura eta Irarlanen Goi Mailako Eskolan jarraitu zuen. Madrilgo Arte Ederretako Erakusketa Nazionaletara joan zen 1901 eta 1930 urteetan. Urte batzuk bizi izan zituen Oviedon, geroago Madrila joan zen bizitzera, eta bertan irarlanetan aritu zen. Bere lan aipagarrienak honako hauek dira: Samotraziaren garaipena, Eguna, Arantzako umea eta Nadongo harana.

Biografia

aldatu

Haurtzaroan, 1891ko Euskal Lore Jokoetan parte hartu zuen, eta 15 urtetik beherakoen artean irakurketa-ariketetan saritua izan zen. Alejandrino Irureta margolariarekin trebatu zen eta Madrilgo Margolan, Eskultura eta Irarlanen Eskola Berezian ikasi zuen, eta hiri horretan finkatu zen gero. Francisco Pradillaren ikasle izan zen eta irartze-teknikan ere aritu zen. 1899-1900 ikasturtean teoria eta historia jakintzagaiko domina lortu zuen, eta 1901ean Diario del Comercioren arabera lehiaketara aurkeztu zen Erroman artista pentsioduna izateko, José Alea y Rodríguez margolari gaztearen heriotza zela-eta hutsik geratu zena.[1] Lehiaketa horrek eztabaida mediatikoa sortu zuen garai hartan. Inocenciaren kontrako betoa jartzeko saiakera izan zen hura, emakumea zelako. Egunkarietako editorialen arabera badakigu 1901eko maiatzaren inguruan gertatu zela.[2] Eztabaida horretan, José Parada y Santín margolari eta kazetariaren laguntza izan zuen, Inocenciaren aldeko kanpaina sustatu zuen Madrilgo El Liberal egunkarian argitaratutako artikulu baten bidez. Beste egunkari batek ere, La Unión Vascongadak, desadostasuna agertu zuen Inocencia Arangoaren kontrako betoarekin. Margolaria eragotzi nahi zutenen aurka artikulu bat erreproduzitu zuen, aurkezteko zuen eskubidea defendatzeko.

 
Inocencia Arangoa. Paisaia. Olioa kartoian. 30X35 cm

“(...) Inocencia Arangoa andereñoak baldintzak ditu bere izena margolari ospetsuenen artean jarri ahal izateko; orduan, zergatik ukatu behar zaio besteei emandako laguntza? Zergatik ez zaizkio inspirazio eta talentua erakusteko erraztasunak eman behar? Emakumea delako. Jenioak ez du sexurik, eta artea maitasuna bezalakoa da; aurkitzen den tokitik jaso behar da, identifikazio-txartel pertsonalik eskatu gabe edo bestelako ikerketetan sartu gabe (...) "

Azkenean, Arangoa XX. mende osoan zehar proba horiek egitera heldu zen artista bakarra izan zen, deialdi hori geroago ez baitzen errepikatu. El Cantábrico egunkariak garaipen feminista gisa deskribatzen du.[2] Horren ondoren, Inocencia Arangoak, beste hamar emakumerekin batera, Madrilgo El Liberal egunkariko zuzendariari idatzitako gutun bat sinatu zuen "La mujer y el arte" izenburupean, oposizioetan sartu izanaren poza erakutsiz eta José Parada y Santín irakasleari eskerrak emanez. Mugak muga, Inocencia Arangoak bere ibilbide artistikoa garatu zuen. 1901 eta 1930 urteetan Arte Ederretako Erakusketa Nazionaletan parte hartu zuen. Urte batzuk bizi izan zituen Oviedon (1909-1917) eta Segovian (1918-1923), gero behin betiko Madrila joateko. Oviedon egon zen bitartean, Inocencia Arangoak 1916an bere senarrarekin batera parte hartu zuen bien arteko erakusketa batean.

 
Inocencia Arangoa. Real Casa de Campo-n, 1900. Oihal gaineko olio-margolana. 52 x 33

Lehiaketarena ez zen emakumea izateagatik Inocencia Arangoak izan zuen arazo bakarra, emakumeek anatomiaren azterketa debekatuta baitzuten; ikasketetan eta lanean animaliak, loreak eta abar margotzea beste aukerarik ez zuten. Horrek argi eta garbi eragin zuen bere produkzio artistikoan, Inocencia Arangoa eta beste emakume askorenetan. Horri gehitzen zitzaion bidaiatu ahal izateko aitaren edo senarraren baimena behar zuela, Erromara edo Parisa joan nahi izan zuenean, Inozentziaren kasuan.

Artistaren lan aipagarrienen artean Auñamendi Entziklopediak lau aipatzen ditu: "Samotraziaren garaipena"; "Eguna"; "Arantza duen umea" eta "Nadóneko harana". Beste lan batzuen artean, San Telmo Museoaren aktaren arabera, Donostiako Udalak 1901 eta 1903an eman zizkion museoari Inocencia Arangoak Madrilgo Udaleko pentsiodun gisa egindako lanak. Lan horietako lau kopiak dira: "Las Hilanderas", "Pertsona ezezagun baten burua" eta "Felipe IV.aren erretratua", Velazquezenak, "Toledoko zalduna /Caballero de Toledo", Grekoarena eta "Paisaia", Santiago Regidorrena.

San Telmo Museoko agiriaren arabera, minuta berean, "Paisaia" izeneko bere beste lan bat ere izendatzen da, 1900an margotua, olioz, 52 x 33 cm-ko luze-zabalarekin. "San Telmo Museoaren bitxikeriak eta altxorrak" (1997) erakusketan parte hartu zuen oihal ospetsuenetako bat landa-paisaia bat zen, "Real Casa de Campo" izenburupean. Erakusketa horren katalogoan Inocencia aurkezte dute artista sendo gisa, errealismotik gertu dagoena: "... landarediaren azterketara erabat bideratuta, artista sendoa dela erakusten du, errealismotik gertuago mendeko inpresionismotik baino" .

Erreferentziak

aldatu

Kanpo-estekak

aldatu