Indus haraneko zibilizazioa
Indo haraneko kultura edo Harappako kultura Brontze Aroko zibilizazio bat da, indiar azpikontinenteko antzinakoena. Gutxi gora behera, K.a. 2500an inguruan sortua eta K.a. 1900 urte arte iraun zuena.[1] Rita P. White estatubatuar antropologo, arkeologo eta historialariarentzat, K.a. 3300 eta K.a. 1300 bitartean iraun zuen, eta bere heldutasun garaia K.a. 2600 eta K.a. 1900 bitartean izan zen.[2]
![]() | |
Mota | kultura arkeologiko, antzinako zibilizazio eta eskualde historiko |
---|---|
Honen parte | Brontze Aroa |
Eponimoa | Indus |
Geografia | |
Jatorria | Indiako azpikontinentea |
Estatua | Pakistan |
Hasiera | K.a. 3000 |
Amaiera | K.a. 1800 |
Koordenatuak | 27°19′45″N 68°08′20″E / 27.329167°N 68.138889°E |

Gutxi gorabehera triangelu-formako azalera zuen, milioi bat hirurehun mila kilometro karratu ingurukoa. Brontze Aroko kultura honen 150 kokaleku gehienak Pakistanen daude. Gune nagusiak bi kokaleku handienak izan ziren: Mohenjo-Daro eta Harappa.[3] Mesopotamia eta Egiptoko zibilizazioak bezala, ibaiaren beharrean zeuden. Nilo bezala, Indo urtero gainezkatzen zen, zona zabalak urgaineztatuz eta sedimentu emankorrak utziz, eta arkeologoek induskatu dituzten hirietan, aipatutakoez gain, Mehrgarh edo Lothal, hegoaldean Gujarat eskualdean.[4]
Nekazaritzako potentzial neurrigabe hau Indo ibaiaren inguruan, Punjaben eta Sindh ibaiaren inguruan garatutako hirigintzaren oinarria izan zen.[1] Dena den, hasieran pentsatu zen baina zabalagoa zen eta horregatik, ez da guztiz egokia "Indo ibaiaren zibilizazioa" izena; Ganges ibairaino ere iritzi ziren. K.a. 2500an inguruan garatutako hiritar zibilizazio konplexua Egiptoko eta Mesopotamiakoaren parekagarria zen.
Indoariarren konkistak kontatzen dituen Rig Vedan aipatzen da eta honela deskribatzen du: hirurogei eta hamar erregek gobernatutako hirurogeita hamar mila gotorleku.[3]
Ur zibilizazioa
aldatuKasu bakoitzaren berezitasunak eta ezberdintasunak gorabehera, bai Eurasiako kontinentean, bai Afrikan, lehen zibilizazio historikoek badituzte elementu komun batzuk, hala nola nekazaritza-komunitateak izatea, beren egitura sozial eta politiko garatuekin, edo ura banatzeko ureztatze-sistema batzuk eraiki eta mantentzea ahalbidetu zutenak, eta, aldi berean, ibaien eta uholdeen ur-goraldiak kontrolatzeko beharrezko neurriak ezartzea. Hala, Indus haraneko hiriak eta hiribilduak leku estrategikoetan ezarri ziren ibai nagusietan zehar, edo, nolanahi ere, kostaldean, eskualdeen arteko harreman arinak ahalbidetuz, kultura- eta merkataritza-mugimenduak eta -trukeak erraztuz.[1]
Biztanleak
aldatuIndoko hiri hauetako biztanleei buruz ez dago askorik jakiterik. Mesopotamian, Egipton eta Txinan ez bezala, hemen ez dira orain arte klase menderatzailearen hilobiak aurkitu. Metodologia zientifikoa jarraituta orain arte argitaratu diren giza hondakin urriak, zoritxarrez, Mohenjo-Daroren azken aldikoak dira. Fazies antropologiko oso konplexua eskaintzen dute, arrazen nahasketa bat ere bai: proto-australoidea, mediterraneoa, alpetarra, alpino-mongoloidea.[3]
Zenbait ikerketek ondorioztatu zuten prototamilak, eta drabidiarrak oro har, Irango hegoalde zaharreko Zagrose mendietako nekazari neolitikoekin lotuta daudela eta jatorri komuna dutela. Mendebaldeko Asiarekin lotutako jatorri neolitiko hori hegoaldeko asiar guztien antzinako osagai nagusia da.
Asko Parpola hizkuntzalari finlandiarraren arabera, protoelamdarrak, beste drabidiar gehienak bezala, Indus haraneko zibilizazioaren ondorengoak dira, ziur asko elamdarrei lotuta dagoena.[5][6]
Lehenengo nekazariak
aldatuUste da hiri-zibilizazio zabal hori Afganistango eta Balutxistango kultura neolitikoetatik abiatuta garatu zela, mendebaldean.
Egindako indusketek erakutsi zuten lehenengo nekazariak K.a. 3. milurtekokoak zirela, Balutxistango mendixken eta Indus-Gangesetako lautada arteko lurralde batean. Eskualde horrek lur garaiak (udan larratzeko egokiak) eta Kacchiko lautadan isurtzen duten ibai iraunkorrak zituen.
K.a. 6000a inguruan adreilu eta buztinezko etxeak eraiki zituzten eta hezurrezko eta suharrizko tresnak egiten zituzten: aizkora leunduak, zorrozteko harriak eta abar. Pakistango Mehrgarh aztarnategian, Kacchiko lautada, tresna horien aleak aurkitu dira.
Indus zibilizazioa
aldatuKacchiko lautadako lehenengo askotariko gizarte horrek Indus harana kolonizatzen hasi zen. Hasieran nekazarien taldeak bizi ziren, eta geroago hiri gotortuak agertzen hasi ziren. Aro honi “Indoko Hasierako Aroa” deitzen zaio. Eraketa-etapak — Indus aro goiztiarra esaten zaio (eta Harappa goiztiarra edo aurre-Harappa ere esaten zaio) — Indo zibilizazio heldua ekarri zuen.
Fase osagarri hori bukatzean “Indus Aro Garatua”-n (K.a. 2800-2500) hasi zen. Lehengo lurraldez-lurraldeko aniztasunaren ordez, kultura homogeneoa zabaldu zen
Hiru aldi edo etapa
aldatuKultura konplexu honetarako guztirako, hiru etapa definitu dira: Amri, Harappa eta Jhucar . Amri kulturaren gorena K.a. IV. milurtekoaren amaiera aldean izan zen, eta muinoetako kultura izena ere ematen zaio. Planifikatutako hiriak, gotorlekuak eta Harappa zibilizazioaren zeramika motaren aurrekariak ekoiztu zituzten.
Harappa aldia K.a. III. milurtekoaren erdi puntutik K.a. bigarren milurtekoaren bigarren partera arte irauten du. Accad dinastiako Mesopotamian (K.a. 2340-2200 ) Indiako zigiluak aurkitu izan dira, eta horregatik, datatu ahal izan da Harappa aldia.
Ezagutzen diren Indo ibaiaren kokaleku ugarietatik, askoz handiagoak ziren Mohenjo-Daro eta Harappa hiriburuak zirela ematen du. Bi zentroek (bakoitzak 100 hektarea baino gehiagoko azalera zuen) eta hiri txikienek (gehienak 10 hektarea inguru) ezaugarri batzuk partekatzen zituzten, eta horrek, ziurrenik, zehatz-mehatz planifikatu zirela adierazten du.
Harappako kulturari Jhukar eta Jhangar kultura ezegonkorragoa jarraitu zitzaion. Badirudi, kasu batean behintzat, Induseko populazioaren parte batek, arpilatutako eta suntsitutako hirietatik ihesi, bere antzinako distira berreskuratzen saiatu zela, eskala txikian, bitarteko prekarioekin, eta leku urrun eta sarbide zaila zituztenak. [3]
Ekonomia-baliabideak
aldatuNekazaritza
aldatuElikadura labore nagusiak garia eta garagarra ziren, udaberrian ereiten zirenak, uholdeko urak atzera egiten zuenean eta erraz hazten zirenak.[7] Sesamoa, lekaleak, datilak eta meloia ere hazten zituzten.
Leku batzuetan arroza ere landatzen zuten, baina Ganges Ertain eta Behe ibairaino asentamenduak hedatu zirenean soilik bihurtu zen funtsezko laborantzako landare, K.a. 1400. urtearen ondoren.
Ehungintza
aldatuIrundegian eta artilezko eta kotoizko ehungintzan aritzen ziren. Mohenjo-Darotik datorren kotoi ehunaren zati bat antzinako munduan kotoizko ehunen erabileraren frogarik zaharrena da, eta gaur egun Indiako ehunik garrantzitsuena da.
Abeltzaintza
aldatuEtxekotutako askotariko abereak hazi zituzten, besteak beste, astoa, idiak, Indiako konkordun behiak ( Bos indicus), ibaiko bufaloa, elefantea, gaur egun ere, oraindik, Indiako landa abere tipikoak. Zaldi-behorra, ordea, ez zuten ezagutzen.
Industria
aldatuZilar, urre, boli eta harribitxizko apaingarri aberatsez apaintzen zituzten beren gorputzak. Kobrea, eztainua eta beruna ezagutzen zituzten. Kobrea arma eta tresnetarako erabiltzen zuten, eta brontzezko erremintak ere bazituzten (aizkorak barne). Etxeko lanetarako, buztinezko lanabesak egiten zituzten, forma askotakoak.
Nekazaritza, abeltzaintza, metalurgia eta buztingintza uztartzen zituzten, eta animalien indarra aprobetxatuz, bai garraioan bai goldean, barne kontsumorako eta merkataritza trukerako lehengaiak eta ondasunak kargatzen zituzten.
Merkataritza
aldatuHiriek, nekazaritza-produktuekin ez ezik, metalekin (urrea, zilarra, beruna eta eztainua), harribitxiekin eta harri erdipreziatuekin (lapislazulia eta turkesa), erremintekin, tresnekin eta zeramikekin ere saltzen zuten. Haren aztarnak sumertar eta akadtar dokumentuetan agertu dira, eta horietan erregistratzen da urrearen, ebanoaren eta kornalinaren merkataritza, zenbait historialariren arabera eskualde horretakoak ziren ontzietan.
Sargonek, Akadeko erregeak (K.a. 2334-2279), inskripzio batean dioenez, Meluhhatik (horrela esaten zioten Harappako zibilizazioari) zetozen itsasontziek Tigris ibaia igo zuten hiribururaino (Irak erdialdean), Dilmun eta Magan hirikoekin batera. Ur errege hilerrian (Irakeko hegoaldea), K.a. 2350 inguruan, kornalinazko bihi grabatuak aurkitu zituzten, Indus zibilizazioaren produktu bereizgarri bat, hain zuzen. K.a. 2350-2000 urteetakoa den Tell Asmar aztarnategian (Eshnunna hiriko hondakinek osatutako muino artifiziala) , horiek ez ezik, bolizko inkrustazioak eta zeramika indiarreko ontzi zatiak zituzten piezak ere aurkitu ziren. K.a. 2350-2000 aldiko Mesopolamioko testuetan marfil, harri bitxi txertatuak dituzten objektuak, urrea, kornalina, egur gogorrak, animalia arraroak eta "Meluhha"-tik ekarritako esklaboak aipatzen dira. Induseko merkatariak, ustez, Dilmunen finkatu ziren lehenik, eta gero Mesopotamiara mugitu ziren.[8]
Kultura
aldatuHiri planifikatuak zituzten, berezko idazkera garatua zuten, bitxiak diseinatu eta terrakotazko irudiak moldeatu zituzten.
Idazkera
aldatuMerkataritzarekin batera, buztin egosizko zigiluetan inskribatutako karaktere eta zeinuak zituen idazkera sortu zen. Induseko idazkera deitzen da eta oholtxoetan idatzitako ikurren multzo laburrez osatua dago. Idazkera hori ez da guztiz deszifratua.
Iruditxoak
aldatu1946an, Mortimer Wheeler Harappan ehunka terrakotazko iruditxo aurkitu zituen. Irudi horien artean, andrazkoak figurak zeuden, antzinako ugalkortasun-jainkosak baino estilizatuagoak zirenak. Haietariko batzuetan lepokoak eta metal preziatuzko txertatutako zatitxoak aurkitu ziren.
Beste artisautzazko lan batzuk aurkitu zituen, adibidez abereek tiratutako miniaturazko orgen irudiak eta herrialdeko animalien irudiak (errinozeroak, tigreak, tximinoak, elefanteak eta bufaloak).
Aurkitutako artisau lan kopuru altuak, era eta diseinu aniztasunak, industria hori merkataritza, nekazaritza edo metalgintza bezain garrantzitsua zela pentsarazten dute
Hiriak
aldatuHarappa eta Mohenjo-Daro hirien zentroa muino garai bat edo gotorleku batean zeuden, bizitegi-eremu zabalago bat menderatzen zuena. Gotorlekuen barnean erlijiosozko, erritualezko eta administraziozko eraikinak omen zituzten, baina ez da jauregien hondakinik aurkitu. Leku batzuetan hiriako kaleak sare erregular baten barruan trazatu zituztela nabaria da. Biztanle txiroenak gela bakarreko etxebizitzetan bizi ziren. Eraikuntzan neurri estandarreko (24 x 14 x 7 cm.) adreilu egosiak erabili zituzten. Banakako etxeek bainugelak eta komunak zituzten, zeramikazko ontzietan edo zuzenki kaleetako isurbideetan hustuak zirenak.
Eraikuntzen funtzionaltasun zorrotzez diseinatuak zeuden, adreilu egosietan eta egurrean eginak, teknika hidraulikoa nabarmena erabili zuten, ubidetan, edateko ur hodietan eta estoldetan agerikoa dena. Hau da, arkitekturak eta hirigintzak izaera arrazionalista zuten.
Harappa eta Mohenjo-Daroko gizarteak izaera hiritarra zuen funtsean; oinarrizko ekonomiak bizi-maila handia erakusten du, ia luxuzkoa. Bi hiri horiek (hoberen aztertu direnak) ibai-merkataritzaren eta inguruetako nekazaritzaren mende zeuden, eta nekazaritza, kanal-sistema batean oinarritutako irrigazio artifizialeko teknika baten arabera hobetu zen.
Hiriak merkataritzaren, manufakturaren eta industriaren erdigune ziren, eta beren elikagai-biltegiekin eskualde zabalak hornitzen zituzten. Afganistan, Rajastan, Iran edo Txinatik inportatzen zituzten: beruna, zilarra, kobrea, lapis lazulia, jadea, eztainua agian, gehi amazonita eta jadea bezalako gai preziatu batzuk, aristokratikoen luxurako erabiliak.[3]
Erlijioa
aldatuTamalez zibilizazio honen politika eta gizarte antolakuntzaz gutxi ezagutzen da, ezta haren sineste erlijiosoez ere, bereziki geroko garaietan India bi erlijio handi (Hinduismoa eta Budismoa) eta santu ospetsu anitzen sorleku bilakatu zelako. Pentsa dezakegu erlijioa eta pentsamendua garrantzitsuak izan zirela, geroago Indian izan ziren neurrian. Alexandro Handia K.a. 327an Indiako mugetara iritsi zenean, azpikontinentea, bere gizon santuengatik ospetsua zen, eta indiar jakitunak haien filosofia berari aurkeztera gonbidatu zituen.
Esan izan da indiarrek gaur egun erlijio bat praktikatzen dutela, gaur egungo aroaren lehen mila urteetan nagusiki garatu zena. Bere sustraiak, ordea, duela 2500 urte haietan daude, Indus haranean gutxi gorabehera 2500 eta 1500 bitartean loratu zen indiar zibilizazio distiratsuan. K.a. 1500 inguruan Indiako ipar-mendebaldea inbaditu zuten ario-herriek Indus haraneko herrien sinesmen eta praktika erlijioso batzuk beren sinesmenetara gehitu zituzten; hori, antzinako eskrituren bidez transmititua, funtsezkoa da hinduismoan.
Induseko jendearen erlijio-praktikak nolabait berreraiki ahal izateko dagoen froga nagusia, agian jainkoak irudikatzen dituzten harrizko irudi txiki batzuk baino ez dira; buztinezko iruditxoak, horietako batzuk jostailuak besterik ez zirenak, eta beste batzuk zinopariak izan zitezkeenak, baina horien artean, zalantzarik gabe, erlijio-ikonoak daude; zigilu eta kutun ugari daude, eta horietako batzuek erlijio-gaiak edo jainkoen irudiak ere eskaintzen dituzte, eta, azkenik, harri sakratuak eta sinbolo falikoak daude.[3]
Zibilizazioaren amaiera
aldatuZibilizazio honen kolapsoa, K.a. 1600an inguruan gertatu zena, klima aldaketek edo ibaien ibilbidearen aldaketak eragina omen zen. Kolapso horren seinaleak estepetatik etorritako indoeuropar herrien inbasioak baino lehenagokoak dira. Indoeuroparrek (ariarrek) brontzezko armei eta guda-gurdiei esker oso erraz menperatu zuten herrialdea.
Aztarna arkeologikoen arabera, zibilizazioaren erdialdeko hirietan zibilizazioaren gainbehera berehala gertatu zen, eta, hegoaldeko eta ekialdeko eremuetan, aldiz, pixkanaka gertatu zen. Mohenjo-Daroren kolpe hilgarria 1500 a.C inguruan ipar-mendebaldetik sartu ziren ariarrek eman zuten, nahiz eta hiria aspaldi hilzorian egon. Egoera hori Rig Vedaren liburuetan jaso da.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Bru Turull, Ricard. «El agua en el antiguo valle del Indus» Tecnología del agua 26. urtea, 270 zk.: 104-115. ISSN 0211-8173..
- ↑ (Ingelesez) White, Rita P. (2009). The Ancient Indus. Urbanism, Economy, and Society. ISBN 9780521576529..
- ↑ a b c d e f (Gaztelaniaz) Román López, Maria Teresa. (1997). «Las grandes ciudades del Indo» Espacio, Tiempo y Forma, Serie II, Historia Antigua, 10 lib., (UNED): 23-33. doi: ..
- ↑ (Gaztelaniaz) Castañares Franco, Eva. (2024-08-23). «Los arios en el valle del Indo. El fin del culto a la diosa» Desperta Ferro (kontsulta data: 2025-06-22).
- ↑ (Ingelesez)Science Daily «Prehistoric genomes from the world's first farmers in the Zagros mountains reveal different Neolithic ancestry for Europeans and South Asians». ScienceDaily.
- ↑ (Ingelesez)Parpola, Asko (2015-07-15). The Roots of Hinduism: The Early Aryans and the Indus Civilization (en inglés). Oxford University Press. ISBN 9780190226916.
- ↑ (Ingelesez)Jarrige, J.-F. (1986). «Excavations at Mehrgarh-Nausharo». Pakistan Archaeology, 10 (22): 63-131.
- ↑ (Ingelesez) Habib, Irfan. (2002). The Indus civilization. A People's History of India bilduma, 2. Tulika books, 49 or. ISBN 818522966X..
- ↑ (Ingelesez) Giffen, Karel. (2021). Invasion or migration? A survey of the nature of influence of the ancient peoples of South Asia on the development of Classical India. , 13 or. doi: ..