Indiako arkitektura
Indiako arkitektura oso aberatsa eta askotarikoa izan da, historiaurretik garatu dena denboraren eta lekuaren arabera. Artearen historia Maurya dinastian hasi zen, K.a. III. mendean. Orduan hartu zuen indarra eta jarraitasuna. Aurretik, material galkorrak -zura, adreilua- erabili baitziren eraikinetan, ezer ez dago. Hala ere, Maurya dinastia sortu baino askoz lehenago, K.a. 2500-1500 bitartean, zibilizazio handi bat izan zen Indus ibaiaren ertzean, Mesopotamia eta Egiptoko zibilizazioak adinakoa hirigintzan. Ehun bat hiri eraiki ziren, Mohenjo-Daro eta Harappa, besteak beste.
Indusko zibilizazioa
aldatuMohenjo-Daro eta Harappa Pakistango lurretan daude gaur egun, Indus ibaiaren ibarrean. Hirigintzan oso aurreratuak zeuden, kale zuzenak zituzten, 10 metro zabal ere baziren batzuk, eta estolda sarea ur zikinak eramateko. Etxeak adreiluzkoak ziren, patio angelu-zuzenen inguruan antolatuak . Etxerik hoberenetan ura eramateko hodi sistema zeukaten, komuna eta guzti.
Eraikuntza publikoak akropolian zeuden : aletegiak, biltzar aretoak, bainu publikoak.
Hiri haietan eta beste batzuetan egin diren azterketa lanetan era eta estilo askotako estatua txikiak aurkitu dira. Mohenjo- Daron, adibidez, terrakotazko estatua txiki mordo bat aurkitu zen, ama jainkosak deituak : bular eta lepoko handiak dituzte, besoak doi-doi zirriborratuak eta begiak, berriz, buztinezko tontortxo banatan zirritu baten gisa eginak. Baina aurkitu dira horiek baino era naturalistago batez egindako eskulturak ere : hareharri gorrizko giza soin bat Harappan eta brontzezko dantzari bat Mohenjo-Daron, adibidez. Eskultura guztiak txikiak dira, 20 cm luze gehienez ere. Zeramika zatiak ere aurkitu dira, irudi geometrikoez eta animalien irudi abstraktuez margotuak, eta baita terrakotazko zigilu zilindrikoak ere, animalia itxurakoak. K.a. 1500 inguruan ariarrak Indian sartu ziren eta haien mendean erori zen zibilizazio hau.
Antzin aroa
aldatuIndusko zibilizazioa erori zenetik Maurya dinastiaren inperioa hasi zen arteko garaiko oso arkitektura eta arte aztarna gutxi aurkitu dira ; ugari dira, berriz, orduko literaturaren lekukotasunak. Garai hartako lehenengo aldia, K.a. VI. mendea arte, brahmanismoaren garapenari eta goren uneari dagokio. Brahmanismoa ariarrek India inbaditu zutenean ezarritako gizarte eta erlijio antolaketa da, eta kastetan dago oinarritua. VI. mendean bizi izan ziren Indiako lehenengo bi erlijio eraberritzaile nagusiak : Buda (K.a. 558-478) eta jina (K.a. 540-468). Orduan hasi zen aro honetako bigarren aldia, aldi historikoa deritzana. Bai budismoak bai jainismoak eragin handia izan zuten Indiako zibilizazioan eta artean.
K.a. 322an Maurya dinastiaren lehenengo errege Chandragupta (322-289 bitartean errege) Indiako inperioa fundatu zuen eta merkataritza harremanak izan zituen Pertsiako eta Greziako merkatari eta eskulangileekin. Hauetako asko inperioaren hiriburu Pataliputran (Patna, gaur egun) finkatu ziren.
Asoka enperadoreak (K.a. 264-226) budismoa bultzatu zuen eta era horretan Maurya dinastiaren ospea handitu zuen. Enperadore hau budista sutsua izan zen, inperioan zehar sakabanatuta zeuden haitzei eta zutabeei buruzko ediktuetan agerian utzi bezala.
Estupak dira aldi horretako eraikuntza budista ohikoenak, Indiako arkitekturako lehenengo harrizko eraikuntzak, gotorrak, esfera erdi baten formakoak, eta hilobi tumulu zaharren irudira eginak, nonbait. Estupak zirkulu formako oinarria du, eta esfera erdi baten itxurako kupula trinkoa gainean, unibertsoaren sinbolo gisa. Kupulan begiratoki bat izaten da baranda txiki batez inguratua. Erdian masta dago, hainbat diskorekin, zeinak handitik txikira eta zeharretara dauden jarriak, eguzkitako sakratu baten gisa. Eraikuntza osoa balustra sail batez inguratua dago, eta sarrera gisako lau atondo izaten dira behe erliebe aberatsez apainduak .
Estupa hilobi monumentua eta erromesaldi lekua da, erlikia budistaren bat -santuren baten errautsak edo gauza sakraturen bat- lurperatutako tokia. Erromesa ekialdetik gerturatuko da estupara eta ezkerretik eskuinera inguratuko du, izarrek zerua inguratzen duten norabide berean alegia, monumentua eskuinaldean duela. Estupa zaharrak oso aldatuak daude egun, hainbat aldiz berritu eta osatu baitira.
K.a. 185. urtean Maurya dinastiaren azken erregea hil zuten, eta hainbat zatitan banatu zen inperioa. K.a. I. mendeko arkitektura eta eskultura inperioa zatitu ondoren eskualde bakoitzean sortu ziren joeren emaitza dira. Teknikak hobera egin zuen eta adreilu gordinaren erabilera zabaldu zen. Behe erliebeak egin ziren estupetako sarrera atondoak apaintzeko.
K.a. II. mendean, estupez gainera, beste erlijio eraikuntza batzuk egiten hasi ziren, harkaitzean zulatuak. Bi eratako eraikuntzak ziren : catiya edo santutegiak, eta uitara edo monasterioak. Puntu erdiko arkua edo ferra arkua zuten sarrera gisa, eta zutabe ilarak barruan, benetako eraikuntzak antzeratuz. Haitzetako arte horretako eraikuntza garrantzitsuenak Bhajako santutegiak dira (Maharashtra), K.a. II. mendekoak.
Aro Klasikoa
aldatuIndiako zibilizazioa IV. eta V. mendeetan iritsi zen goren unera. Bake eta oparotasun aldi hau Gupta dinastiarekin hasi zen.
Chandragupta I.ak (320-335) sortu zuen dinastia, eta Magadha (Ganges) eta Ganhdhara (Indus) eskualdeak bateratu zituen. Gupta enperadoreak budistak ziren, liberalak eta toleranteak erlijio higikundeekin, eta mezenas handiak literatura eta arte kontuetan. Aldi horretan landu zen arteari Gupta artea edo arte klasikoa esaten zaio, erreferentzia eta eredu izan baitzen hurrengo estiloentzat. Gupta artean iritsi zuen gorena arte budistak, baina artelan budistez gainera lan hinduistak ere egin ziren, eta garrantzi handikoak gainera.
Aldi klasikoan balaustrada galdu zuten estupek. Kupula eta oinarria danbor batean txertatu ziren eta danborraren barruan hilobiak jarri ziren, Budaren estatuez apainduak. Eraikuntza goratasunean handitu zen eta itxura gotorragoa hartu zuen.
Arkitektura hinduistak ez zuen estuparik egin, oin karratuko santutegiak baizik, zutabedun atondo batekin. Santutegiari erlaitzak erantsi zitzaizkion bata bestearen gainean, eta piramide mailakatu baten itxura hartu zuen. Santutegiak, barrutik, ganga poligonala izaten zuen oin karratukoa bazen eta kanoi ganga, berriz, angelu-zuzena bazen. Santutegi mota horrek eragin handia izan zuen Asiako hego-ekialdeko arkitekturan, eta tokian tokiko interpretazio artistiko eta erlijiosoen araberako aldaerak egin ziren.
Ajantako haitzuloak (Maharashtra), 1819an aurkituak, Gupta artearen haizpeko santutegi garrantzitsuenak dira. Hogeita hamar haitzulo dira, haitzartean bata bestearen ondotik eginak. Santutegi monasterio hau, aipagarria arkitektura eta eskultura lanengatik, margolanez apaindua dago, lehenengo aldiz Indiako artean. Ajantako monasterio budistako haitzulo horiek zulatzen K.a. II. mendean hasi ziren, budismoaren goraldian, eta K.o. VII.. endean bukatu zuten, Indiako budismoaren beheraldian. Haitzuloak leku bakartu eta babestu batean daude, haina merkataritza bideekin lotuak aldi berean, erromesei irispidea errazteko. Ajantako monje komunitatea aberastu egin zen oparien bidez, eta maileguak ematen zituen gizarte moduko bat bihurtu zen, harik eta, budismoaren gainbeheraren ondorioz, VIII. mendean erabat desagertu zen arte.
Ajantako horma lanetan, margotzen hasi aurretik lur burdintsu, gorotz, lasto eta animalia ilez egindako ore batez estaltzen zen horma. Orearen gainean erretxina eta argizarizko geruza bat zabaltzen zen gero, eta igeltsu eta karezko beste geruza mehe bat ondoren. Behin margoaren euskarria prestatuz gero, puntzoi baten bidez marrazkiaren zirriborroa irartzen zen, irudien ertzak beltzez edo gorriz margotzen ziren, eta formak kolorez betetzen. Bukatzeko, elefante letagin batez leuntzen zen margolana.
Ajantako margolanetan, irudiek ez dute itzalik, kolore lauak erabiltzen dira, eta marra gorriez adierazten da bolumena. Edozein gainaldetan margotzen zen, hormetan ez ezik sabaietan eta euskarrietan ere, baina kontakizunaren hari nagusia hormetan adierazten zen. Kontakizuneko irudiek, baina, bat egiten dute zokalokoekin eta sabaikoekin, ikuslea erabat inguratuz eta harrapatuz. Buda izaten zen gai nagusia, baina Guptaren gorteari buruzko irudiak ere azaltzen dira. Budismo dekadentea zen garai hartakoa. Budismoaren lehenengo garaietako aszetismoa alde batera utzita, estetika eta sentsualtasuna ziren nagusi.
Erdi Aroa
aldatuV. mendearen bukaeran Gupta dinastia hunoen mendean erori zen, eta erregeak beren erreinu basailuetan babestu ziren, Indiako hegoaldean eta sortaldean : Ajanta eta Bengala erreinuetan.
Iparraldeko printze gobernariak elkarren kontra borrokan hasi ziren inperioaren nagusitasuna eta batasuna lortzearren. VIII. mendearen bukaeran lau erreinu eratu ziren, zein baino zein ahaltsuago : Orissa, Bundelkhand, Rajputana eta Gujarat. Handik aurrera egoera baretzen hasi zen eta arte estilo bereziak sortu ziren iparraldeko eskualdeetan . Gero, X. mendean musulmanek Punjab eta Gujarat konkistatu zituzten eta Lahoreko sultanerria fundatu zuten. Bien bitartean, hegoaldean, bakean egon ziren, inbasio horietatik urrun, harik eta bi mende geroago musulmanak Ganges eta Indus osoan zehar zabaldu ziren arte, Delhiko sultanerriaren barruan.
Aldi horretan tenplu eta jauregi handiak eraikiarazi zituzten bertako dinastiek : Khajurahoko santutegia, Chandela dinastiako erregeek X. mendean eraikiarazia, eta Vimanako jauregia, Cola dinastiako erregeek XI. mendean eraikiarazia.
Erdi Aroan santutegiak haitzean zulatzeari utzi zioten, eta harriz eta adreiluz egiten hasi ziren. Tenpluak ere konplexuagoak egin zituzten, santutegi edo cellaren aurretik pabilioia, atartea eta zutabeekiko aretoa edo mandapa zituztela. Tenpluaren gune nagusia osatzen zuten gela horien inguruan beste zenbait eraikin edo gela izaten ziren, tenpluko zerbitzarientzat eta bisitarientzat. Bigarren mailako eraikin horiek lau angeluko esparru zentrokideetan biltzen ziren tenpluko gune nagusiaren inguruan. Zenbait santutegitan gisa horretako bost esparru zentrokide ere eraiki ziren gune nagusiaren inguruan.
Oinaren eta aurretiko bistaren arabera bi motako tenpluak bereiz daitezke : Vimana eta Shikara. Vimana tenpluak oin angelu-zuzena du, eta zutabeekiko aretoa, atartea eta pabilioia, santutegi nagusiaren aurretik. Hainbat mailatan banatutako piramide itxurako estalkia du, erliebeez betea, apaingarri gisa. Shikara tenpluak, herriz, gune nagusiaz gainera, zutabeekiko areto bat du, eta atarteak eta pabilioiak aurrealdean eta alboetan, gune nagusiari erantsita, gurutze formako oina eratuz. Gela gehiago dituenean poligono edo izar formako oina izan dezake. Ojiba itxurako estalkia du. Bi tenplu mota horiek oinean eta albotiko bistan ez ezik, desberdinak dira sinbolismoan ere. Vimanak mendi sakratua sinbolizatzen du, jainkoaren bizilekua ; Shikarak, berriz, gorputz kosmikoa eta jainkozkoa.
Indiako tenplu multzo inportanteena Erdi Aroan eraiki zen Khajuraho hirian, Indiaren erdialdean (Madhya Pradesh). Chandela dinastiaren hiriburua izan zen Khajuraho. Guztira laurogeita bost tenplu daude, Shiva, Vishnu, Brahma eta santu jainistei eskainiak. 925an eraiki zen lehenengo tenplua, Vishnuri eskainia, eta mende bat geroago bukatu zen azkena.
Tenpluak bi taldetan bereiz daitezke. Mendebaldeko taldean Shikara motako tenplu handienak eta ederrenak daude. Horien arteko Karzdariya Mabadeu da nagusia, Shivari eskainia. Ojiba formako estalkia du, eta 31 metroko garaiera. Aberaski apaindua dago Chandela estiloko eskultura hoberenekin. Vimana motako lehenengo tenpluak ez ziren oso handiak eta estalkiek, piramide formakoak, hiru maila zituzten gehienez. Eraikuntzok, baina, barrokismora jo zuten, apaingarriez hornitu eta teilatu garaiagoez estalirik. Tanjoreko Vimana tenpluak, adibidez, zeina XI. mendearen hasi baitzen, bi solairuko gorputz angelu-zuzena du, eta piramide formako eta hamahiru mailako teilatu garaia. Piramide itxurako teilatu hori, mendi sakratuaren sinboloa, gopura edo esparru sakratuetako ate handiak estaltzeko ere erabili zen. Gopura horietan piramide egitura lurretik gertuago hasten da eta askoz zutagoa izaten da.
Erdi Aroan tenpluen apaingarri erabili zen eskultura. Gizakien irudi biluziak egin ziren batez ere, eta gaia erotikoa izaten zen. Paisaia, herriz, gutxitan eta estilizaturik irudikatu zen, gizaki irudien errealismoari kontrajarriz . Gai erotikoak, hainbat eta hainbat aldiz irudikatua agertzen delarik erliebeetan, konnotazio erlijiosoak ditu Indian. Sexu harremana sorkuntza da, jainkoaren ekintza, beraz. Badira, baita ere, brontzezko estatua txikiak, argizari galduaren metodoaz eginak. Estatuok jainkoak irudikatzen dituzte gehienetan, eta animaliak, hodeiak edo beste atributu batzuk izaten dituzte irudi nagusiaren inguruan.
Erdi Aroko fresko apaingarrietatik oso gutxi gorde dira, eta egoera txarrean, gainera. Dekkango eskualdean daude gehienak. Ajantako pinturen aldean, kolore gutxiago erabiliz eginak daude eta gai herrikoiak azaltzen dituzte, paisaia eta jauregien marrazkirik gabe.
Musulman eragina
aldatuMusulmanek Delhi hartu zutenean (1192) atal berri bat hasi zen Indiako eta indiar artearen historian, musulmanen mendean. Musulmanek hinduismoaren kontrako jarrera hartu zuten adierazpen plastikoari dagokionez. Meskitetan ez dago elementu esoterikorik, baina, hori bai, Mekarantz begira egon behar dute nahitaez.
Lehenengo meskiten oina Medinako profetaren lehenengo etxebizitzaren arabera egina zen. Egiturak, baina, Siriako eta Bizantzioko elizetan oinarritzen ziren, tronpek eutsitako arkuak eta kupulak zituztela. Meskitaren eraikuntza nagusiaren albo banatan dorreak zeuden, eta inguruan patio karratu zabal bat zutabekiko galeria batekin. Esparrura ate handi batetik sartzen zen.
Musulmanek lurraldeak hartu ahala tenplu hinduistak suntsitu zituzten, baina, aldi berean, material horiek erabili zituzten meskita berriak eraikitzeko, gizaki eta jainko irudi apaingarriak mailukatu ondoren. Gero, musulmanen aginpidea finkatu zenean, material berriak erabili zituzten, baina arkitektura jainista edo hinduaren zatiak ere baliatu zituzten, zutabeak eta sabaiak batez ere.
Arte hinduistak ez bezala, Indiako arte musulmanak garrantzi handia eman zion hilak gurtzeko arteari. Askotan santu baten hilobia izaten da tenplu multzo baten erdigunea. Errege edo agintari baten mausoleoa meskitarik ospetsuena baino garrantzitsuagoa izan daiteke. Delhiko sultanerriak aginpidea galdurik, Jaunpur, Gujarat, Malva eta Bengalako erreinu independenteak eratu ondoren, lau estilo desberdin sortu ziren, arte musulmanaren eta hinduaren sintesi gisa.
Mogolek India konkistatu zutenean, elementu musulmanak nagusitu ziren hinduen gainetik, baina, hala ere, arte hinduak eragina izaten jarraitu zuen, baita estilo mogolean ere, XVI eta XIX. mendeen bitartean.
Estilo inperial mogola
aldatuAkbar enperadore mogolak (1556-1605) Indiako inperioaren iparraldea atzera batzea lortu zuen. Errege tolerantea zen, eta erlijio guztietako artistez inguratu zen. Eklektizismo hori nabarmena da bere erreinaldian eginarazi zituzten eraikuntzetan. 1569 eta 1585 bitartean jauregi bat eraikiarazi zuen inperioko hiriburuaren ondoan, Fatepur Sikri-n. Jauregiko arkitekturan bi tradizioak nahasten dira : musulmana (arkuak, gangak eta patio zabalak), batetik, eta hindua (harri leuneko habeak, apaindurazko eskultura ugari eta sendotasuna), bestetik. Terraza asko egoteak eta parapetoek eta erlaitzek murruetan egiten duten itzalak horizontaltasun sentipena sortzen dute Fatepur Sikriko eraikuntzetan. Akbar-eko jauregiak Pertsiakoen antolaketa bera du, baina kanpoaldeko harri masa gorriak gotorleku itxura ematen dio.
Arte mogolaren monumentu aipagarriena Taj Mahal da. Hileta monumentu ikusgarria da. Shah Jahan enperadoreak (1627- 1658) eraikiarazi zuen Agra hiriaren kanpoaldean, bere emazte Murotaz Makalen gorpua gordetzeko, hamabosgarren semeaz erditzean hil baitzen. Arte mogolarena ez ezik Sortalde osoko monumentu aipagarrienetakoa da Taj Mahal. Eraikuntzaren fatxadak arku zorrotzeko leihoak ditu, eta erraboil baten itxurako kupula handi bat estalki gisa. Kupula handien albo banatan beste bi daude, txikiagoak. Multzo osoa inguratzen duen laukiaren kantoietan zilindro itxurako lau dorre mehe daude, kanpoaldera pixka bat makurtuak, lurrikararen batek eraitsiz gero, ez daitezen erori eraikuntza nagusiaren gainean. Eraikuntza marmol zuriz egina dago eta lore marrazkiez apaindua, simetria, ordena eta zorroztasun ikaragarriaz.
Enperadore horrek berak Delhin ezarri zuen gero bere inperioaren hiriburua.
1638an Delhi osatzen dute zortzi hirietako zazpigarrena eraikitzen hasi zen : Shahjahanabad. Hiriak hareharri gorrizko harresi bat du inguruan eta hiribide zabal bat alderik alde. Lekurik altuenean meskita handi bat eraikiarazi zuen eta geroago Gotorleku. Gorria, luxuzko jauregi bat hareharri gorrizko harresiez inguratua, enperadorearen bizileku eta altxor inperialaren gordeleku. Harresiez barne marmol zurizko pabilioiak zeuden gorteko zeremoniak ospatzeko. Jauregi hartan bizi izan ziren enperadore mogolak ingelesek Delhi hartu zuten arte (1858).
Mogolen garaiko pintura Pertsiako eta Indiako pinturaren sintesi bat da. Akbar enperadoreak pintore maisuak ekarrarazi zituen Pertsiatik haren lantegian egitandien eskuizkribuak irudiztatzen ziharduten pintore hinduen irakasle izan zitezen. Miniaturak kolore bizi-bizikoak ziren, eta gorteko eszenak irudikatzen zituzten, jauregietan edota paisaia idealizatuetan kokatuak. Beste eskolak ere sortu ziren, baina lantegietan inperialetan egiten zenaren eraginpean egon ziren denak.
Iruditegia
aldatu-
Santa Catarina katedrala (1640), Goa.
-
New Delhiko North Block delakoa, gobernuaren egoitzetako bat (arkitektoa: Lutyens.
-
Chandigarh idazkaritza (arkitektoa: Le Corbusier).
-
Akshardham te,plua Delhin, 2005an amaitua, munduko tenplu hindu handienetakoa.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.