Indar nuklear

Atomoaren nukleoan nukleoiak (protoiak eta neutroiak) elkarri atxikirik mantentzen dituen indarra. Gaur egun, indar nuklearra quarken arteko interakzio bortitzaren hondar-indartzat hartzen da.

Indar nuklearra (edo nukleoa-nukleoi elkarrekintza edo hondar-indar indartsua) atomoetako protoien eta neutroien artean eragiten duen indarra da. Neutroiak eta protoiak, nukleoi biak, indar nuklearraren eraginpean daude ia modu berdinean. Protoiek karga +1e dutenez, horiek bereizteko joera duen indar elektrikoa esperimentatzen dute, baina distantzia nahiko laburrean indar nuklear erakargarria indar elektromagnetikoa gainditzeko bezain indartsua da. Indar nuklearrak nukleoak batzen ditu nukleo atomikoetan.

Historia aldatu

Atomoaren elektroi-egituraren kasuan bezala, nukleoaren osaeraren aurkikuntzak ere azalpen bat eskatzen zuen, indar elektromagnetikoa eta grabitatorioa kontuan hartuta ezinezkoa zelako ulertzea karga positiboko partikulak, hau da, protoiak, nukleoan elkarri atxikirik nola egon zitezkeen (elektromagnetikoren aldaratze-indarra grabitatearena baino askoz ere intentsitate handiagokoa baita).[1]

Erantzuna indar berri bat proposatzea izan zen: indar nuklearra. Oso distantzia laburretan, indar hori aldaratze elektromagnetikoa baino bortitzagoa da, baina distantzia handitu ahala, berehala hutseratu egiten da eta protoiek elkar aldaratzen dute orduan.[1]

Pentsatzekoa da, beraz, bi protoi elkartu ahal izateko, energia handia beharko dela, lehenik aldaratze elektromagnetikoa gainditu behar baita. Izan ere, halaxe da, energia-kantitate itzela dagoenean bestetan ezin delako elkartze edo "fusio" hori gertatu. Izarretan bai, adibidez. Nukleoak, hidrogenoaren kasuan protoiak, elkarri atxikitakoan, energia izugarria askatzen da: nukleoaren lotura-energia (ikus «fusio nuklear»; «nukleoaren lotura-energia»).[1]

Bestetik, nukleoa egonkorra izan dadin, hidrogenotik aurrera neutroiak behar dira protoien arteko aldaratze-indar elektromagnetikoari kontra egiteko. Taula periodikoan kaltziora iritsi arte, isotopo egonkorretan protoi- eta neutroi-kopuru bera egoten da gutxi gorabehera. Hortik aurrera, nukleoak egonkorrak izan daitezen, neutroi gehiago behar dira. Berunetik eta bismutotik aurrera, ordea, nukleoa ez da betiko egonkorra, ezin die partikulei iraunkorki eutsi. Nukleoak energia-maila txikiagoko egoerara jotzen du eta, horretarako, desintegratu egiten da. Horretarako probabilitatea nukleoaren osaeraren, hau da, egonkortasunaren araberakoa da (ikus «erradioaktibitate»; «fisio nuklear»).[1]

Gaur egun, badakigu protoiak eta neutroiak ez direla oinarrizko partikulak, quark-ez osatuak diren hadroien multzo ugariko partikulak baizik (eredu estandar; quark). Protoien eta neutroien arteko indar nuklearra ere quarken arteko interakzio edo indar bortitzaren "hondar-indar" bat da.[1]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e «ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-09).

Kanpo estekak aldatu