Inbestimendu funtsak edo inbertsio-funtsak inbertsio kolektiboko erakunde bat da (IKE), eta inbertitzaile fisiko edo juridiko desberdinen funtsak biltzean datza, hainbat finantza-tresnatan inbertitzeko. Haren erantzukizuna sozietate administratzaile baten esku uzten da, inbertsio-zerbitzuetako banku edo enpresa bat izan daitekeena.[1][2]

Inbertsio-funts bat hainbat pertsonaren (fisiko edo juridiko) ekarpenak osatzen duen ondarea da. Pertsona horiek funtsaren partaide dira, eta funtsaren kudeaketaz eta administrazioaz arduratzen den sozietate kudeatzaile batek (burtsa-agenteak) administratzen du.[1]

Funtsa partaidetza ezberdinetan zatituta dago eta partaidetza horiek egunero prezio edo likidazio-balio bat dute.[2] Funtsaren errendimendua partaidetzak saltzeko unean gauzatzen da (kapitalizazioa), eta nahi den aldi guztietan egin daiteke, likidezia data batera mugatuta dagoen funtsetan izan ezik. [3]

Jarduteko modua

aldatu

Funtsa hainbat inbertitzaileren ekarpenek osatutako ondarea da; ekarpen horiek izaera desberdinekoak izan daitezke (banakakoak, taldekoak edo instituzionalak; pribatuak edo estatukoak), eta profesional-talde baten esku uzten dute administrazioa. Inbertsio-funts mota desberdinak daude, sozietate administratzaileak aukeratutako inbertsio-zorroaren arabera.[4]

Honako tresna hauetan inbertitzen da:

  • Kotizazioa duten balioak (akzioak, bonuak, etab.).
  • Dirua (tokiko edo atzerriko moneta).
  • Higiezinak

Zehazki, inbertsio-funtsek kapitalen merkatuan parte hartzeko aukera ematen diete aurreztaile txiki eta ertainei, inbertitzaile handiek erabiltzen duten irizpide eta profesionaltasunarekin.[5]

Erakundeen aldetik, bi sozietate bereizten dira: sozietate kudeatzailea eta sozietate gordailuzaina. Sozietate kudeatzaileak inbertsioaren xedea ezartzen du, kontabilitatea kontrolatzen du, legez eskatutako argitalpenak egiten ditu eta gordailu-sozietatea kontrolatzen du. Bestetik, sozietate gordailuzainak inbertsioak adierazten dituzten balioak eta gainerako tresnak zaintzen ditu.[6]

Bezeroek ematen duten dirua sozietate gordailuzainak jasotzen du, eta ondoren inbertsio-funtsaren xede diren aktiboak erosteko erabiltzen da. Sozietate kudeatzailearen eta gordailuzainaren artean kontrolatu behar dute Kudeaketa Erregelamenduko jarraibideak betetzen direla.[7]

Inbertsio Funtsaren errendimendu motak

aldatu

Errendimenduaren arabera, bi funts mota bereizi daitezke:[8]

  • Erlatiboa. Denbora-tarte jakin batean lortzen duen errendimendua indize bati dagokio. Hauek dira ohiko funtsak, hain arriskutsuak ez diren eta komisio gutxiago dituzten inbertsioen alde egiten dutenak.[9]
  • Erabatekoa. Inbertsioaren balioa bere diru-balioaren arabera neurtzen da. Funts horiek garestiak dira eta mota guztietako inbertsio-teknikak erabiltzen dituzte.[9]

Errendimendu Erlatiboa

aldatu

Zertan inbertituko duten (akzioak, bonuak, lehengaiak, burtsa-indizeak), zer eremu geografikotan inbertituko duten eta merkatuko sektore espezifiko batean (teknologikoak, farmazeutikoak...) zentratuko diren ezagutzen da funts horietan. Kudeaketaren arabera, 2 taldetan banatzen ditugu.[5]

  • Kudeaketa aktiboaren bidez, inbertsio-funts baten kudeatzaileak bere irizpide eta analisian oinarritutako finantza-aktiboak bilatzen eta hautatzen ditu, merkatuan baino errentagarritasun handiagoak lortzeko helburuarekin. Adibide bat inbertsio funtsa tradizionala da eta komisioa %2koa izaten da.[10]
  • Kudeaketa pasiboaren bidez, indize edo merkatu jakin baten bilakaera erreplikatzea da helburua. Komisioak kudeaketa aktiboan baino txikiagoak dira, ez baitago kudeatzailerik finantza-aktibo onenen bila ezta merkatuan baino errentagarritasun handiagoak lortzearen bila. Kudeaketa pasiboaren adibideak funts indexatua edo ETF-a dira. Kasu hauetan komisioa %0,5-%1 tartekoa da.[11][12]

Errendimendu Absolutua

aldatu

Funts horiek burtsako agenteek kudeatzen dituzte, eta ez dakigu zehazki zertan inbertituko duten (edozein gauzatan inbertitu dezakete: dibisetan, lehengaietan, bonuetan, akzioetan...) eta inbertsio-teknika espekulatiboagoak erabiltzen dituzte.[8] Horien artean daude kudeaketa alternatiboko funtsak edo Hedge fund.

Inbertsio Funtsen motak

aldatu

Inbertsio-politikaren arabera, funts-kategoria desberdinak daude.[13] Horietako bakoitzak errentagarritasuna bilatzeko irizpide zehatz bati erantzuten dio, eta hauek dira garrantzitsuenak:[14]

  • Errenta aldakorra: errentagarritasun bermaturik ez duten funtsak dira, onura handiagoak ekar ditzakete arrisku handiago baten truke.[14]
  • Errenta finkoa: inbertsio kontserbadoreagoei dagokie. Aktibo mota horiek aldakortasun txikiagoa duten arren, ez daude arriskutik salbuetsita eta errentagarritasuna ez dago bermatuta. [15]
  • Mistoak: inbertsio-funts berean errenta finkoaren eta aldakorraren arteko inbertsio mistoak konbinatzen dituzte.[16]
  • Itzulera absolutua: funts horietan ez da erreferentziazko indize zehatz bat jarraitzen, eta kapitalaren balioa babestera bideratuta daude.[17]

Fiskalitatea

aldatu

Inbertsio funtsek ez dute zergarik ordaindu beharrik funtsatik dirua atera arte. Hau da, inbertitutako dirua kentzen denean, irabazia edo galera aurrezkiaren zerga-oinarrian sartu behar da PFEZn (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga).[18]

Inbertsio-Funtsen Tributazioa

aldatu

Inbertsio-funtsaren dirua kentzerakoan, lortutako etekinagatik ordaindu beharko da zerga. Zerga-ordainketa ezberdina da lurralde nazionalean eta Euskal Autonomia Erkidegoan.

LURRALDE NAZIONALEKO TRIBUTAZIOA[18]
6.000€ arte Errendimenduen gaineko %19ko tributazioa
6.000€ eta 50.000€ artean Errendimenduen gaineko %21eko tributazioa
50.000€ baino gehiago Errendimenduen gaineko %23ko tributazioa

Hau da, lurralde nazionaleko tributazioaren arabera, fondotik dirua ateratzerakoan, lehenengo 6.000€-ak %19ko tributazioa izango dute; ondoren, 6.000€ eta 50.000€ balioen artean %21ko tributazioa izango dute; azkenik, 50.000€ baino altuagoko balioak %23ko tributazioa izango dute.

EAE-KO TRIBUTAZIOA[18]
2.500€ arte Errendimenduen gaineko %20ko tributazioa
2.500€ eta 10.000€ artean Errendimenduen gaineko %21eko tributazioa
10.000€ eta 15.000€ artean Errendimenduen gaineko %22ko tributazioa
15.000€ eta 30.000€ artean Errendimenduen gaineko %23ko tributazioa
30.000€ baino gehiago Errendimenduen gaineko %25eko tributazioa

Jarriko dugu adibide bat modu argiago ikusteko tributazio bakoitzak duen eragina. Demagun duela 20 urte 20.000€ inbertitzen ditugula inbertsio-funts batean. Orain, 20 urte geroago, funtsaren balioa 100.000€koa da. Ateratzen dugu dirua eta gure PFEZn sartu behar da lortu dugun etekina, kasu honetan 80.000€ (100.000€-20.000€).

  • Espainiako tributazioaren arabera hurrengoa ordainduko dugu. Lehenengo 6.000€ak %19ko tributazioarekin, beraz, 1.140€; ondorengo 44.000€ak (50.000€-6.000€) %21eko tributazioarekin, beraz, 9.240€; eta azkenengo 30.000€ak %23ko tributazioarekin, beraz, 6.900€. Guztira ordaindu beharreko zerga 17.280€koa da.
  • EAEko tributazioaren arabera hurrengoa ordainduko dugu. Lehenengo 2.500€ak %20 tributazioarekin, beraz, 500€; ondorengo 7.500€ak (10.000€-2.500€) %21eko tributazioarekin, beraz, 1.575€; ondorengo 5.000€ak (15.000€-10.000€) %22ko tributazioarekin, beraz, 1.100€; ondorengo 15.000€ak (30.000€-15.000€) %23ko tributazioarekin, beraz, 3.450€; eta azkenengo 50.000€ak %25eko tributazioarekin, beraz, 12.500€. Guztira ordaindu beharreko zerga 19.125€koa da.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b (Gaztelaniaz) Sanchis, Pedro. «Qué es un Fondo de Inversión | FONDOS.COM» www.fondos.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  2. a b Txantiloi:Es-co «¿Qué son los fondos mutuos de inversión y cómo funcionan?» Rankia 2017-10-05 (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  3. (Gaztelaniaz) BBVA. (2022-02-10). «BBVA ESPAÑA» www.bbva.es (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  4. Txantiloi:Es-CO BBVA. (2022-02-09). «BBVA COLOMBIA» www.bbva.com.co (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  5. a b (Gaztelaniaz) Erasso, Nohorayda. «Inversiones para Todos» Acciones y Valores (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  6. (Gaztelaniaz) «¿Qué son los Fondos Comunes de inversión o FCI?» Educación Financiera | Banco Galicia (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  7. «Request Rejected» itau.co (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  8. a b «Banco de Bogotá - Fondo Inversion Colectiva» www.bancodebogota.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  9. a b (Gaztelaniaz) «Diccionario económico» Economipedia (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  10. (Gaztelaniaz) «¿Vale la pena comprar un fondo de gestión activa? | Blog inbestMe» Blog de inbestMe 2020-01-22 (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  11. (Gaztelaniaz) BBVA. (2018-03-16). «¿Qué son los fondos indexados y qué ventajas tienen?» BBVA NOTICIAS (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  12. (Gaztelaniaz) Tiempo, Casa Editorial El. «¿Qué son los ETF?» Portafolio.co (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  13. (Gaztelaniaz) «Fondos de inversión - Renta 4 Banco.» www.r4.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  14. a b (Gaztelaniaz) S.A.S, Editorial La República. «Este es el ABC de cómo invertir en los fondos de inversión colectiva que son los más rentables» Diario La República (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  15. (Gaztelaniaz) CEO, Juan Puente-. «Fondos de Inversión Renta Fija | FONDOS.COM» www.fondos.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  16. (Gaztelaniaz) Castelló, Vera. (2021-02-18). «Fondos mixtos, protagonistas en tiempos de volatilidad» Cinco Días (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  17. (Gaztelaniaz) BBVA. (2022-02-10). «BBVA ESPAÑA» www.bbva.es (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  18. a b c (Gaztelaniaz) «Fiscalidad y tributación de los fondos de inversión - Renta 4 Banco» www.r4.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-18).

Kanpo-estekak

aldatu