Ireki menu nagusia

Ilargi harria (ingelesez: The Moonstone) Wilkie Collinsen eleberri bat da, 1868an argitaratua. Eskuarki ingeles literaturako lehen detektibe-nobela dela esaten da, bai eta XIX. mendeko garrantzitsuenetako bat ere.

Ilargi-harria
The Moonstone 1st ed.jpg
Ilargi-harriaren lehen argitalpena.
Datuak
Idazlea Wilkie Collins
Argitaratze-data 1868
Generoa Eleberria
Jatorrizko izenburua The moonstone
Hizkuntza ingelesa
Argitaletxea William Tinsley Itzuli
Herrialdea Erresuma Batua
Euskaraz
Izenburua Ilargi-harria
Itzultzailea Antton Olano
Argitaratze-data 2008
Bilduma Liburutegi Unibertsala
Orrialdeak 748
ISBN 978-84-9868-026-3

Hasiera batean, Charles Dickensek 1859an sortutako All the Year Round astekari literarioko faszikuluetan argitaratua izan zen.[1]

1878an, Collinsek antzerkirako moldatu zuen obra eta XX. mendean zehar egokitzapenak egin ziren bai telebistarako eta baita zinemarako ere.

ArgumentuaAldatu

Istorioa Ingalaterran kokatzen da eta emakume aristokrata gazte bat du protagonista; Rachel Verinder, hain zuzen ere. Rachelek, bere hemezortzigarren urtebetetze festan, diamante zoragarri bat jasotzen du opari: ilargi-harria (the moonstone). Diamantea osabak, John Herncastlek, oinordean utzi zion Racheli.

Baina diamante baliotsu horrek hasiera-hasieratik arazoak ekarriko dizkio Rachel gazteari. Izan ere, Herncastlek ilargi-harria Indian zegoela lapurtu zuen jainkosa baten kopetatik, eta ordutik hiru jarraitzaile sutsu diamantearen bila dabiltza, nola edo hala berreskuratzeko helburuarekin. Hori gutxi balitz, diamantea Rachelen urtebetetze festa eta gero bat-batean desagertzen da, inolako arrastorik utzi gabe.

Momentu horretan ilargi-harria aurkitzeko abentura hasten da. Nork lapurtu ote du? Zergatik? Eta zertarako?

Lekuko bakoitzak gertaeren inguruan duen bertsio pertsonalari esker, irakurleak galdera horien erantzuna aurkituko du eleberrian zehar.

PertsonaiakAldatu

  • Rachel Verinder – Protagonista. Ilargi-harria jasotzen du oinordean.
  • Franklin Blake – Rachelen lehengusu eta ezkongaia.
  • Godfrey Ablewhite – Rachelen beste lehengusu eta ezkongai bat. Filantropoa da.
  • Gabriel Betteredge – Langileri zerbitzuko burua.
  • Rosanna Spearman – Rachelen zerbitzaria. Iraganean lapur ohia izan zen.
  • Drusilla Clack – Rachel Verinderren lehengusina. Emakume zorrotza. Erlijioarekin lotutako panfletoak banatzen ditu.
  • Bruff jauna – Familiaren abokatua.
  • Cuff sarjentua – Detektibe ezaguna.
  • Candy doktorea – Familiako medikua. Istorioak aurrera egin ahala, burua galtzen du.
  • Ezra Jennings – Candy doktorearen laguntzailea, nahiko arraroa. Minbizia dauka eta minari aurre egiteko opioa erabiltzen du.
  • Hiru funanbulu hinduak. Istorioan "hinduak" izenpean agertzen dira.

Obraren garrantzia literaturanAldatu

Obra hau misteriozko lehen eleberri modernotzat jotzen dute kritiko gehienek. T. S. Eliotek, esate baterako, "Ingalaterrako detektibe-nobela modernoen artean lehena, luzeena eta hoberena" zela esan zuen[2]. Hain zuzen ere, Ilargi-harrian aurrerago genero horretan ohikoak izango diren baliabideak erabiltzen ditu Collinsek: "susmagarri" mordo bat, argudiaketan falaziak erabiltzea, krimena gertatzen denean pertsonaiak bertan egotea, pertsonaia horiek krimenaren ikerketan parte hartzea eta bi polizia arketipok parte hartzea ikerketan (eskualdeko polizia traketsak, alde batetik, eta Scotland Yardeko ikertzaile abilak, bestetik).

Collinsek, era berean, bikain erabiltzen du askotariko narratzaileen kontaketa-teknika, eta baita eleberri epistolarraren baliabide estilistikoa ere. Gainera, Gabriel Betteredgek (langileri zerbitzuko burua) eta Clack andereak (Rachelen lehengusina, oso erlijiosoa) kontatzen dituzten zatiak oso barregarriak eta patetikoak suertatzen dira, bereziki gainerako pertsonaien testigantzekin alderatzen badira.

Ilargi-harriak izan zuen arrakastaren beste gakoetako bat Collinsek opioaren adikzioaren inguruan egin zuen deskribapen xehea da. Izan ere, Wilkie Collinsek hark benetan zuen esperientziaz baliatuz idatzi zuen opioari buruz: helduaroan laudanoarekiko mendekotasun latza sufritu zuen, eta horren eraginez eldarnio paranoikoak edukitzen zituen.

Eleberri hau Collinsek idatzi zituen obra arrakastatsuen artean azkenekoa izan zen. Hain zuzen ere, "best seller" bihurtu zen Ilargi-harria, aurretik idatzitako hiru eleberrien antzera. Dena den, obra honen ostean bere bizitzako ziklorik emankorrena bukatu zen; geroago lan gehiago ere idatzi zituen, baina ez ziren aurrekoak bezain arrakastatsuak izan.

Zinema eta telebista egokitzapenakAldatu

  • 1934an, obraren lehenengo film egokitzapena egin zen, Monogram Pictures Corporationen eskutik.
  • 1972an, bigarren egokitzapen bat kaleratu zuten Britainia Handian. Egokitzapen hori, ordea, telesail gisa eman zen.
  • 1996an, hirugarren telebista egokitzapen bat egin zen, BBCren eta Carlton Televisionen eskutik.

Eleberria euskarazAldatu

Ilargi-harria 2008. urtean argitaratu zen euskaraz, Alberdania eta Elkar argitaletxearen eskutik. Antton Olanok egin zuen liburuaren itzulpena.

ErreferentziakAldatu

  1. «All the Year Round» www.victorianweb.org . Noiz kontsultatua: 2019-02-25.
  2. (Ingelesez)David, Deirdre; Deirdre, David (2001) The Cambridge Companion to the Victorian Novel Cambridge University Press ISBN 9780521646192 . Noiz kontsultatua: 2019-02-25.

Ikus, gaineraAldatu