Ikaria wariootia zizare-antzeko organismo bilateriar baten adibide goiztiarra da, 2-7 mm luzekoa. Haren fosilak Hego Australiako harkaitzetan aurkitzen dira, gutxi gorabehera 555 milioi urte inguru dituztenak. Hori Ediacarar aldian kokatzen da, Kanbriarra baino 14 milioi urte inguru lehenago, noiz eta gertatu baitzen Kanbriarreko leherketa eta arras hedatu baitziren bilaterarrak. [1] [2] [3]

Ikaria wariootia
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
GeneroaIkaria (en) Ikaria
Espeziea Ikaria wariootia
Evans, 2020

Aurkikuntza aldatu

Scott D. Evans, Ian V. Hughes, James G. Gehling eta Mary L. Droser-ek artikulu bat argitaratu zuten Proceedings of the National Academy of Sciences of the United States of America aldizkarian, 2020ko martxoaren 23an, I. wariootia-ren aurkikuntza eta identifikazioa deskribatuz. [3]

Etimologia aldatu

Izen generikoa Adnyamathanha hizkuntzan 'topaleku' esateko hitzetik hartua da (Ikara, inguruko Wilpena Pound-en izena ere badena) fosilak bildu ziren eskualdean bizi ziren bertako indigenen aldeko ezagutza gisa. Izen espezifikoak Warioota Creek kokagune-tipoari egiten dio erreferentzia (alegia, organismoa lehen aldiz identifikatu zuten eremuari). [3]

Ezaugarriak aldatu

100 Ikaria fosil baino gehiago aurkitu dira. [1] Aztarna sinpleak dira, arroz ale txiki baten modukoak (1,9 eta 6,7 mm arteko luzerakoak), muturretako baterantz apur bat lodituz doazela. "Aurrealde"/"atzealde" desberdintzeak Ikaria aldebiko simetriadun animalia zela adieraz dezake. Fosiletan ez da Ikaria-ren anatomiako beste xehetasunik aurkitu. [3]

Hareharrizko ohe berean Helminthoidichnites aztarna fosil ugari dago. Aztarnok utzi zituen animalia narrasean edo induska ibiltzen zen itsas hondoan ondo oxigenaturiko hareazko geruza meheetan[2] hazkurri bila, bere borondatez mugitu ahala biratuz. Giharrak uzkurtuz higitzen zela pentsatzen da, eta zeloma, ahoa, uzkia eta alderik aldeko hestea zituela, zizareen antzera.[3]

Ikaria deskribatu zutenak konturatu ziren haren tamaina eta morfologia (biologia) Helminthoidichnites aztarna fosilen ekoizleari buruz egindako iragarpenekin bat datozela. [1] [2] [3] Hala ere, ohartarazi zuten ez zutela Ikaria-k aztarna fosil horiekin duen loturaren adibiderik ezagutzen.[3] Hori dela eta, Ikaria aztarna horien ekoizlea delako ustea, bai eta Ikariaren portaeraren, anatomiaren eta taxonomiaren inguruko azalpenak espekulatiboak dira, eta okerrak izan daitezke.

Garrantzia aldatu

Aurkikuntza aipagarria da, zeren aspaldidanik susmatu baita bilateriarrak Ediacararrean garatu zirela (adibidez, Temnoxa eta Kimberella), nahiz eta Ediacararreko biota gehien-gehiena Kanbriarretik hona Lurreko bizitzan nagusitu diren animalien oso desberdina izan. Charles Darwinek lehen aldiz azaleratu zuen, arazo gisa, nola bizitza zelulaniztun gehiena, bereziki bizi-forma konplexuak, Kanbriar aldiaren hasieran garatu zen, duela 541 milioi urte. Fosil honek arazo hori konpontzen duela dirudi.

Ikus, gainera aldatu

Organismo

Erreferentziak aldatu

  1. a b c (Ingelesez) Davis, Nicola. (2020ko martxoak 23). «Fossil hunters find evidence of 555m-year-old human relative» The Guardian.
  2. a b c «Ancestor of all animals identified in Australian fossils» phys.org (argitaratze data: 2020ko martxoak 23).
  3. a b c d e f g (Ingelesez) Evans, Scott D.; Hughes, Ian V.; Gehling, James G.; Droser, Mary L.. (2020-04-07). «Discovery of the oldest bilaterian from the Ediacaran of South Australia» Proceedings of the National Academy of Sciences 117 (14): 7845–7850.  doi:10.1073/pnas.2001045117. ISSN 0027-8424. PMID 32205432. PMC PMC7149385. (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).

Kanpo estekak aldatu