Iholdi (Mariasun Landa)

Iholdi Mariasun Landa euskal idazleak sortutako pertsonaia da. Iholdi Iholdi obraren protagonista da, 1988. urtean argitaratuta. Erein argitaletxeak argitaratu zuen eta 1992. urtean Honour List of the IBBY (International Board on Books for Young People) saria irabazi zuen. Horren ondoren, Iholdi pertsonaiaren saila sortu zen. Guztira sei liburu argitaratu ziren: "Iholdi", "Amona, zure Iholdi", "Marina", "Haginak eta hilobiak", "Alex" eta "Izeba txikia".

Olaziregik (1996)[1] dioen moduan Mariasun Landak konpromiso feminista handia dauka. Hau argi eta garbi geratzen da Iholdiren bilduma irakurtzerakoan, neska bat protagonista eta ardatz nagusi izateaz gain, oso ondo azaltzen direlako Iholdiren kezkak, interesak, nahiak eta, orokorrean, haren barne mundua. Bestalde, azpimarratu beharra dago honek guztiak neska izatearen kontzientziarekin zerikusi handia daukala, Iholdi (1988) lehen liburuko Diligentzia kontakizunean ikus daitekeen moduan, besteak beste. Horretaz gain, Olaziregik neska protagonistaren sentiberatasuna azpimarratzen du, testuak daukan estetikaren garrantzia eta ludikotasuna ere, hurrengo liburuetan ere (Amona, zure Iholdi eta Haginak eta hilobiak) ikus daitekeena.

Hori dela eta, Olaziregik dio Landaren testuetan bereziki Amona, zure Iholdin, liburuko estetikotasunak garrantzi handia duela. Iholdiren pertsonaiak baliabide literario asko erabiltzen ditu bizitakoak kontatzeko, metafora askorekin eta pentsaera modu lasaian adierazita. Jone Arroitajauregi Aranbururen (2012)[2] arabera, Iholdik ezin dio hitz egiteari eta bere bizitza kontatzeari utzi. Iholdi herri batean bizi zen bere familiarekin. Hasieran, etxean, kalean edo eskolan gertatutako bizipenak kontatzen zituen baina pixkanaka istorio luzeagoak kontatzen hasi zen. Istorio luze horietan bere lagunen bizitzak kontatzen hasi zen ere. Lagun horiek Ainhoa eta Alex ziren. Hala ere, zalantzarik gabe, Iholdi erosoen sentitzen zen momentua amonari (zeruan zegoena)  istorioak kontatzen zizkioenean zen. Hau guztia ondo islatua dago bilduman zehar erabiltzen den hizkeran ere, baita haurren munduaren ezagutzan ere, Iholdik haurrek duten inozentzia eta irudimena oso ondo islatzen dituelako.

Bestalde, Mariasun Landak (2011)[3] CLIJ aldizkarian, El enfado de las niñas atalean, hain zuzen ere, aitortu zuen Iholdi bere alter ego literarioa zela.

"Iholdi" pertsonaiaren irudia (Elena Odriozola)
"Iholdi" pertsonaiaren irudia, Amona, zure Iholdi libururako egina (Asun Balzola)

Lehen agerpena

aldatu

Iholdi (1988)

aldatu

Iholdi agertzen den lehen liburua da honako hau, lehen aldiz Erein argitaletxeak[4] kaleratu zuena 1988. urtean. 16 anekdotek osatzen dute liburu hau, denak Iholdik berak bizitako esperientzietan oinarrituta. Anekdota guzti horietan zehar ikus dezakegu Iholdiren izaera nolakoa den, neskatoaren barne-mundua eta hausnarketak baitira lehen liburu honen ardatzak. Liburuetan, Iholdiren arazoak, interesak eta nahiak zeintzuk diren ikusten dira, esate baterako, mutilekin duen harremana eta marrazteari eta idazteari dion estimua. Horretaz gain, oso argi geratzen dira neskaren irudimena eta sentiberatasuna, baita inozentzia ere, haurra dela ikustarazten diguten ezaugarriak. Hala ere, hausnarketa batzuek Iholdiren heldutasuna erakusten dute, hala nola, zigarro izatearen tristezia edota hardun sagar bat delako sentsazioa.

Liburuen saila

aldatu

Sail hau sei liburuk osatzen dute eta ale guztiak 2005ean berrargitaratuak izan ziren. Liburu hauek guztiak frantsesez, gazteleraz eta katalanez irakurri daitezke. Aipatzearren, gaztelerarako itzulpenak autoreak berak eginikoak dira, Mariasun Landak, hain zuzen ere. Frantsesezko bertsioak, Lucien Etxezaharretak eta katalanezkoak Ainara Munt Ojangurenenak.[5]

Sei liburu hauek lehenengo pertsonan idatzita daude, eta horregatik, kasu batzuetan irakurleak protagonistarekiko, hau da, istorioa kontatzen duenarekiko enpatia sentitu dezake. Istorioetan bizitzen diren egoerak haur batek egunerokotasunean bizi ditzaken egoerak dira.

Iholdi

aldatu

Lehen ipuin hau pasarte laburrez osatuta dago. 1988an argitaratutako liburuaren kontakizun berberak azaltzen dira, nahiz eta 2005ean berrargitaratu. Iholdiren bizimodua, sentipenak, gertakizunak eta hausnarketak azaleratzen dira. Neska eta mutilen arteko liskarrez, animismoaz eta Kike bere lagunaz hitz egiten du beste hainbat gauzen artean.

Izeba txikia

aldatu

Ainhoak izeba izango dela jakiten du. Albiste hau lehenengoz amaren izebak, Potixak, ematen dio, hau noizbehinka protagonistaren etxera joaten da baserriko barazkiak eramatera. Ilobaren etorreraren esperoan, galdera ugari dauzka buruan Ainhoak eta horiei erantzuna ematen saiatuko da.

Alex, Ninaz maiteminduta dago, baina momentu honetan ezin dute elkar ikusi Alex ospitalean baitago. Nahiz eta jende asko joan zaio bisitatzera, berak Ninaren falta somatzen du.

Amona, zure Iholdi

aldatu

Lehen aldiz 2000. urtean[6] argitaratu zen liburu honetan, Iholdi dagoeneko ez da haurra, gaztetxoa baizik. Iholdik zeruan dagoen amonari gutun bat idazten dio eta bertan bere lehengusu Martinekin atzo bizitako gertakizun bat kontatzen dio. Protagonistari lagungarria suertatzen zaio amonari idaztea, izan ere, idazten bukatzen duenean, soluzioa etortzen zaio burura eta amonak aholkuak ematen dizkiola dio.

Iholdiren sentiberatasunak eta irudimenak berdintsu diraute, beraz, ez da inola ere galtzen Iholdi liburuko protagonistaren muina.

Marina

aldatu

Iholdik, Migeltxo izeneko neba txiki bat du, eta gurasoek beraiek zaintzeko Marina izeneko zaintzaile bat bilatu dute. Hasieran, Iholdik uste du ez duela zaintzailearen beharrik, baina behin Marina ezagututa, harreman estua izatea lortzen dute. Egunero joaten dira Marinarekin parkera, honek jarrera desegokia izaten duen arte.

Haginak eta hilobiak

aldatu

Iholdik Deo izeneko bizilagun bat du eta honen aita hil zenetik Iholdiren etxera lehen baino maizago joaten da. Iholdiren hitzetan emakume itxurako ume handi bat da Deo eta bizilagunak Iholdiri hainbat sekretu gordetzeko eskatzen dio.

Ilustrazioak

aldatu

Mariasun Landak idatzitako Iholdiren liburu guztien ilustrazioak Asun Balzolak eginak dira.

Iholdiren edizio ezberdinetan, azpimarratzekoa da ilustrazioek duten izaera estetikoa. Hernández Cavasen (2005)[7] arabera ilustrazioak musikaltasunez beteta daude eta koloreek eta lerroek pertsonaiak hobeto ezagutzen laguntzen dute, haien barne mundua oso ondo islatzen dutelako. Askotan, ilustrazioak begira daudela dirudiela dio Hernandezek eta honek testuaren eta ilustrazioen arteko harremana sakontzen du. Horretaz gain, Iholdi bildumako ilustrazioak emozioz beteta daude, bai lehen edizioetakoak baita edizio berrikoak ere, nahiz eta elkarren artean ñabardura eta diferentzia asko egon. Erabilitako teknikak ere oso ezberdinak dira. Lehen edizioko ilustrazioak eskuz eginak dira eta izaera abstraktoagoa dute, bigarren edizioko liburuak irakurtzeko eta interpretatzeko errazagoak diren bitartean. Hala ere, bi ilustrazio motek oso ondo adierazten dute Iholdi nor den, sentiberatasun handiz eginda daudelako.

Erreferentziak

aldatu
  1. Olaziregi, M. J.(1996). Mariasun Landa o la poética de la ternura. CLIJ: Cuadernos de Literatura Infantil y Juvenil. (122), 7-21.
  2. (2012ko azaroa-abendua). La verdadera historia de Munia y Iholdi (o por qué Balzola y Landa son amigas). CLIJ: Cuadernos de Literatura Infantil y Juvenil. (250), 21-27.
  3. (2011). El enfado de las niñas. CLIJ: Cuadernos de Literatura Infantil y Juvenil. (240), 42-46.
  4. Landa, M. eta Balzola, A. (1988). Iholdi. Donostia: Erein.
  5. Ibarluzea, Miren. (2011). Iholdi (1988). Kortazar, J. Etxaniz, X. eta Lopez Gaseni, J.M. (zuz.). Egungo euskal haur eta gazte literaturaren historia.. EHU, 121-126 or..
  6. Landa, M. eta Balzola, A. (2000). Amona, zure Iholdi. Donostia: Erein.
  7. Hernández Cava, F. (2005). Las ataduras de la libertad gráfica: a propósito de la serie Iholdi. CLIJ: Cuadernos de Literatura Infantil y Juvenil. (183), 52-54.

Kanpo estekak

aldatu