Labayru Ikastegiak (gaur egun Labayru Fundazioa) 1981. urtean kaleratu zuen literatur aldizkaria da Idatz eta Mintz. Mikel Zarateren "Idatz eta Mintz" izeneko alegia bat izan zen lehen zenbakiko lehen testua, aldizkariari izena eman ziona. Gaur egun arte 67 ale argitaratu ditu.

Historia aldatu

Idatz & Mintz aldizkariaren lehenengo zenbakia 1981eko abenduaren 3an argitaratu zen. Egitasmo hori sortzeko, aurretik hamabi urteko ibilbidea zegoen eginda. Derioko Udako Ikastaroak egiten hasi orduan, eskolak emateko beste hainbat premia sortu ziren: gramatika-gaiak irakasteko materialak eta ariketak behar ziren, irakurgaiak zuzendu behar ziren… Eta ikasleek, Ikastaroa amaitu eta gero, euskaraz bizitzen eta euskara lantzen jarraitu nahi izanez gero, beste bide batzuk emateko premia sortu zen.

Literaturako ikerketa bideratzeko, “Mikel Zarate Iker Mintegia” sortu zen. Ikerketarako lan-taldeak eratu ziren, bat literatura-testu hautuen azterketak egiteko, beste bat testu zahar eta esku-izkribuen edizioak atondu eta aztertzeko, eta hirugarren bat herri-literaturako corpusa batu eta lantzeko. Horien emaitza dira egitasmo eta lan-ildo batzuk: Litterae Vasconicae-Eskeraren Iker Atalak aldizkariaren lehenengo zenbakia 1982koa da; Sutondoan liburu-bilduma 1981ean hasi zen, Kirikiñoren idatziak batzen dituen liburuarekin. Ostekoak dira Etxeita, Lauaxeta, Otxolua, Erkiaga… Esku-izkribuak lantzen hasitako bidearen emaitza da Jarein bilduma.

Horri guztiari sorkuntza alderdia gehitu zitzaion Idatz & Mintz Literatur Atalen Sorta izeneko aldizkariarekin. Kultura- eta literatura-gaiak euskaraz emateko helburuz sortu zen lehenengo zenbakia, 1982an. Azalean gizon potoloa purua erretzen dauka, munduan pozik eta ezeren beldurrik gabe dabilenaren itxurarekin.

Izena Mikel Zarateren ipuin baten izenburutik hartuta dago. Zarateren ipuinean Idatz eta Mintz anaia bikiak dira, siamdarrak, gorputzez lotuta daudenak. Eztabaida handia darabilte euren inguruan medikuek banandu edo ez, zer egin. Diseinua Leopoldo Zugazarena da.

Testuingurua gizartean aldatu

1978tik 1985era bitartean literatur aldizkari asko sortu ziren. Aurreko urteetan indarra hartuta zeuden alfabetatzeko gau-eskolak eta euskaltegiak, ikastolak sortzen hasita, eta euskara bultzatzeko gogoa.

Honakoa da Sarean Literatur Aldizkarien Gordailua: Ustela (1975-1976), Pott (1978-80), Oh! Euzkadi (1979-83), Susa (1980-94), Xaguxarra (1980-81), Idatz & Mintz (1981-), Maiatz (1982-), Stultifera Navis (1982-1983), Pamiela (1983-1993), Txistu y Tamboliñ (1983-93), Kandela (1983-84), Korrok (1984-89), Ttu-Ttuá (1984-85), Txortan (1984-85), Porrot (1984-90), Plazara (1985-1992), Literatur Gazeta (1985-89), Zintzhilik (1986-1994), Enseiucarrean (1986-1999).

Aldizkarien egitekoa literaturaren gaineko ikuspegiak, joerak, gogoetak gizarteratzea izan da.

Aldizkaria bera aldatu

Aldizkariaren izen osoa Idatz & Mintz Literatur Atalen Sorta da. Literatur atalak era askotakoak dira; batzuk eutsi egin diote zenbakia joan zenbakia etorri.

Ale guztietan ekartzen da lehenagoko idazleren bat idazlan eta guzti. Tradizioari lekua egiten zaio aspaldiko testu hautuen bitartez. Bestalde, “Ahorik aho” izena dauka herri-literaturaren tarteak. Aldizkarian, sorkuntzak dauka lekurik gehien. Bai narrazioa, bai poesia, eta antzerkia ere inoiz edo behin. Narrazioa besteen gainetik dago.

Aldizkaria hiru hilekoa izan zen hasieran; urtean lau zenbaki ateratzen ziren. Urteekin bira etorrita dago, bata uda hasieran argitaratzen da eta bestea urte amaieran.

Kanpo loturak aldatu