Ikama

IKAMA» orritik birbideratua)

Ikama («Ikasleria martxan» enuntziatuaren akronimoa), "Euskal Herriko hezkuntza ereduak iraultzeko" helburuarekin, 2020an sortutako ezker abertzaleko[1] gazte antolakunde bat da. Euskal eskola herritar, burujabea, nazionala, publikoa eta askatzailea dute helburu[2][3].

Ikama
Datuak
Ikamako pankarta Bilbon, 2022.

Sorrera aldatu

Ikastetxe batekoak beste batekoen berri izaten hasi ziren, Lasarte-Oriako institutukoek Oiartzungoen berri, haiek Nafarroakoekin erlazionatzen eta abar. Elkar ezagutzen eta ideiak partekatzen hasi ziren eta 2019. urteko ekainean Donostian bildu ziren denak, Euskal Herri osotik etorritako ikasleak DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak. Lehenengo bilkura nazionala izan zen eta Gora Ikasleon Borroka dinamika sortu zen handik.

Ikasle borrokaren garrantzia izan zuten hizpide orduan eta ikasleentzat subjektu berri bat eratzeko beharra mahai gaineratu zuten. Beraz, sortze etapa hori gainditu eta, orain aldi berri bat idekiko da antolakunde berriarentzat, bereziki Euskal Herriko hezkuntza ereduak irauli eta ikasleen neurrira egindako hezkuntza egitasmoa eraikitzeko[4]

2020ko irailaren 12an, Elizondon Euskal Herriko herrialde guztietatik hurbildutako 180 ikasle inguruk parte hartu zuten Iriarte pilotalekuan egindako aurkezpen ekitaldian.

Aurkezpenarekin bukatu zen, 2019-2020 ikasturtean Euskal Herri osoko ikasleek Gora Ikasleon Borroka! lelopean abiatutako ikasle dinamika, urte osoko jardunaren eta lau hilabeteko eratze prozesuaren ondotik. Elizondon zaldutakoaren arabera "Euskal Herriko hezkuntza ereduak irauli eta gure neurrira egindako hezkuntza egitasmoa eraikitzeko antolatu eta borrokatuko duen ikasle antolakundea".

Goizeko 10.00etan hasi zen jardunaldia, ikasle mugimenduaren inguruko hitzaldi batekin. Gero Kaleak hartu izeneko tailerra burutu zuten laxoa plazan eta Baztan pilotalekuan, aldarrikapenak kalean islatzeko modu klasiko zein berrien inguruko formakuntzarekin, eta eguerdian, aurkezpen ekitaldia burutu zen.

Gaur egungo ikasle gazteen jarreraren inguruko antzerki labur batekin abiatu zen ekitaldia, taula gainean bi dantzarik lekukoa hartuz, hauen emanaldiaren erdian, eskenatokian jarritako oihala kendu eta Ikama irakur zitekeen oihal gorri bat agertu zen, ezustean. Hura zen izena, horren baitan izana. Iriarte pilotalekuan zeuden guztiak aulkietatik zutitu eta txaloka hasi ziren, ikasle mugimendu berriari ongi etorri erranez.

Gero, dozena bat gazte igo zen eskenatokira eta denen izenean Aitzol Gil de San Vicente eta Izaro Cuadrak hartu zuten hitza.

"Ikasleak gara. Ikasleak gara klasean lokartuta gaudenak aurreko gaua azterketarako ikasten pasa behar izan dugulako. Ikasleak gara eskuak tintaz zikinduta ditugunak. Ikasleak gara ikaskideekin etorkizuneko ametsak partekatzen ditugunak, dena egiteke dugula sinetsita gaudenak. Ikasleak gara Historiako irakasleak gure Herriko historia kontatzeko moduak amorratzen gaituenak. Ikasleak gara eskola liburuetatik kanpo, eskola liburuetan baino gehiago ikasten dugula ohartzen garenak. Ikasleak gara pandemia baten erdian ordenagailuari begira egunero zortzi ordu igaro ditugunak ezer ikasi gabe. Ikasleak gara bizi ditugun zapalkuntzen aurrean bestelako ereduen alde martxan jartzen garenak. Ikasleak gara, han eta hemengoak, elkartu garenak, antolatu eta gure indarraren potentzialitatearen jabe garenak. Martxan dagoen ikasleria gara, eta Ikama da gure lanabesa".

Helburu horretarantz, inoren zain egon gabe, Euskal Eskola Herritar eta Burujabearen oinarriak ehuntzen hasteko asmoa dute, eguneroko borroka hiru filosofiaren baitan ardaztuz: lehena, "ikasleria subjektu politiko den heinean hitza eta erabakia gureak direla aldarrikatzen dugu"; bigarrenik, "Herritik eta Herriarentzat egingo dugu lan, hezkuntza komunitateko kideekin elkarlanean"; eta azkenik, "Euskal Herria gure borroka espazioa dela ulerturik, nazio eta herri eraikuntzaren baitan egingo dugu lan, hezkuntza eremutik Euskal Herriaren eraikuntza eta askapen prozesua indartuz".


 
Ikamako pankarta bat.

Eratze prozesua aldatu

Cuadrak Ikamaren sorreraren aitzinetik egindako lana gogora ekarri zuen. Azaldu zuenez, iazko ekainean Euskal Herri osoko ikasleak lehen aldiz bildu ziren Donostian egindako asanbladan, tokian toki bakoitzak garatutako borrokak partekatu, ikasle borrokak izan behar zukeenaren inguruan hausnartu eta ikasle subjektu berri bat eratzeko beharra sentituz. Ikastetxez ikastetxe beren problematikei aurre egiteko planak egin zituzten, "azaroaren 28ko greban ikasgelak hustu eta kaleak hartuz". Eratze Prozesuarekin batera kargatzen eta kargatzen joan direla azpimarratu zuen, Covid19ak sortutako egoerei zaintza sare eta ikasle asanbladetatik erantzunez, bertzeak bertze. Errealitatea iraultzeko mugimendua beharrezkoa dela aldarrikatu zuen, "martxan gaudelako elkartu gara gaur hemen, guk defendatuko ditugu ikasleon eskubideak, guri dagokigulako Euskal Herrirako hezkuntza eredu berri bat borrokatu eta eraikiko duen ikasleriaren indarrak bildu eta eskuz esku lan egitea". Ikasle izateari zentzua ikasle mugimenduak ematen diola azaldu zuen, "ezagutu, saretu, elkartu, antolatu eta batera egungo hezkuntza sistema iraultzeko ardura hartzea da". Bide horretan umiltasunez, anbizioz eta konpromisoz lan egiteko deia egin zuen[5].

Partaideak aldatu

2021eko azarorako Euskal Herri osoko 70 ikastetxe, institutu eta Lanbide eskoletako 370 ikasle ziren[3].

 
Ikamako pegatina.

Euskal Eskola Herritar eta Burujabea aldatu

Euskal Herriko hezkuntza egitasmoak ikasleak erdigunean jartzea nahi dute. Bizi diren gizarteko baldintza sozialak, kulturalak, politikoak nahiz ekonomikoak aintzat hartzen dituen eredua aldarrikatzen dute. Horrekin batera, errealitatearekin lotura izatea garrantzitsua iruditzen zaie, eta errealitate hori ulertzeko eta eraldatzeko bitartekoak eskaintzea ere bai. Jasotzen duten jakintza elkartrukatzea nahi dute eta herriaren mesederako erabiltzea. Pertsona kritiko, parte-hartzaile eta aktiboak heztea nahi dute. Eta hori guztia posible egingo duen eredua Euskal Eskola Herritar eta Burujabea dela diote.

Hezkuntza egitasmoaren ezaugarriak ongi definituta ditu Ikamak: burujabea, nazionala, publikoa eta askatzailea. “Lau ezaugarri horietan barnebiltzen dira gure ideia guztiak eta lau ezaugarri horien baitan txertatzen dira gure hausnarketa guztiak” dio Izaro Cuadra Ikamako bozeramaileak.

Burujabea: “Herri ororen eskubidea da bere hezkuntza antolatzea eta kudeatzea eta herri garen heinean, gurea ere bai”, idatzi dute Izpia dokumentuan. Herriaz gain, herritarrak ere aipatzen dituzte, azpimarratuz herritar orok duela erabakietan parte hartzeko eskubidea. Era berean, euskal curriculum propioa garapena defendatzen dute, alegia, curriculum propioan ardaztea heziketa prozesuaren edukiak: ebaluazio-sistema, pedagogia eredua, lantzeko den materiala, ikaskuntza metodoak eta gainerako alorrak. Bertako eta momentuko behar errealen arabera zehaztutako euskal curriculuma izango litzateke, eta horren baitan ikasleak prozesuaren zentroan jartzea aldarrikatzen dute.

Nazionala: Euskal Herri osoa bilduko duten hezkuntza sistema defendatzen dute Ikamako ikasleek. Euskara, euskal kultura eta Euskal Herriaren historia ardatz harturik nazio izaera eta identitatea landuko dituena, herriarekiko lotura bultzatuz, euskalduna izango dena eta ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituena. Hezkuntza Euskal Herriaren behar errealei erantzuteko moldatu behar dela diote eta eredu dezentralizatuak horretan lagundu egingo lukeela.

Publikoa: hezkuntzak guztientzat eskuragarria izan behar duela azpimarratzen dute. Eta hezkuntza planifikatzeko, antolatzeko eta gauzatzeko garaian hezkuntza-komunitateak izan behar duela protagonista. Komunitate horren barruan ikasleak zentroan kokatzeari garrantzi berezia ematen dio Ikamak. Publikoa definitzeko unean, Ikamarentzat publikoak esan nahi du doakoa, eskuragarria, euskalduna, merkatuaren logikatik at kokatzen dena, feminista, inklusiboa, laikoa eta ahalduntzailea.

Askatzailea: norgehiagoka, indibidualismo eta menpekotasun oro gainditzeko, bizi eredu askatzaileak garatzeko oinarriak eta tresnak eskainiko dituen hezkuntza defendatzen dute. Kolektibotasuna indartu eta elkartasuna eta auzolana landu nahi dituzte. Era berean, heziketa prozesuak, askatzaile izango bada, pertsona kritikoa, aktibo eta parte-hartzaileak sustatu beharko dituela azpimarratzen dute.

Lanerako filosofiak aldatu

“Lanerako filosofiak, finean, gure helburuak lortzeko garatuko ditugun borrokak diseinatzeko aintzat hartu beharreko elementu zentralak dira, begiratzeko jarriko ditugun betaurrekoak”, dio Aitzol Gil de San Vicente bozeramaileak. “Euskal Eskola Herritar eta Burujabearen oinarrian dauden balore eta gako ideologikoak barnebiltzen dituzte filosofia hauek. Ikasleen artean hausnartzeko, jarduteko eta borrokatzeko filosofia bat txertatzen dugu”. Hala, ikasle subjektu berriak oinarrian izango dituen filosofiak hiru dira:

“Euskal ikasleriaren subjektu politiko izaera aitortzea eta lantzea nahi dugu, askotan bigarren mailan geratzen garelako ikasleak hezkuntzaz hitz egitean, gurasoen eta irakasleen azpitik”, dio Gil de San Vicentek. Ikasle subjektua hezkuntza prozesuaren erdigunean jartzea aldarrikatzen dute.

Hezkuntza herritik eta herriarentzat: hezkuntzaz ari garelarik, komunitatearen eta herriaren inplikazioa eta parte-hartzea bilatzen dituen filosofia da, hezkuntzaren eta errealitatearen arteko beharrezko lotura aldarrikatzen duen filosofia. “Izan ere, hezkuntza ez da ikastetxean gertatzen eta geratzen den zerbait soilik, baizik eta herri osoari eragiten dion zerbait.”. Herria-ikastetxea-herria logika sustatzearen alde agertzen dira, herriaren, herritarren eta hezkuntzaren arteko lotura indartzeko xedez. Nazio eta herri eraikuntza: “Non gauden jakitun izan behar dugu, ez dituelako ezaugarri berak leku bateko edo besteko hezkuntza sistemak. Euskal Herrian lurreratze jakin bat dauka hezkuntzak, Euskal Herriak bere ezaugarriak dituelako eta horren kontziente izan behar dugula uste dugu”, diote bi bozeramaileek. Euskal hezkuntza sistema Frantziako eta Espainiko hezkuntza sistemen mende dagoenez, euskal hezkuntza sistemaren eraikuntzak Euskal Herri askearen eraikuntzan lagunduko lukeela uste dute Ikamatik.

Praktikarako ardatzak eta tresnak aldatu

Egoera ikusita, garbi dute hezkuntza burujabetza eskuratzea funtsezkoa dela, “egun herri gisa hezkuntzaz erabakitzeko eta berau antolatu eta kudeatzeko daukagun eskubidea ukatu egiten baitzaigu”, diote. Hezkuntza Burujabea izateak esan nahi du euskal herritarrok Euskal Herrian dauzkagun nahi eta behar errealen arabera hezkuntza egitasmoa zein den pentsatu, erabaki eta gauzatzeko ahalmena izatea.

Burujabetza hori lortzeko baldintzak desberdinak dira Ipar Euskal Herrian, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan, lurralde bakoitzean hezkuntzarekiko dauden eskumenak ere desberdinak direlarik. Horregatik, leku bakoitzean dagozkion urratsak eta proposamenak egitearen aldekoak dira, baina lurraldeen arteko elkarlana bultzatuz eta Euskal Herriko ikuspegi nazionala galdu gabe. “Azken helburua Euskal Herri osoa aintzat hartuko duen, lurraldearen luze zabalerako balioko duen eta kanpo injerentziarik izango ez duen Euskal Hezkuntza Sistema Propio bat eraikitzea delako”, Cuadraren esanetan.

Horretarako tenorea dela uste dute Ikamako kideek, “gaurtik eta lokaletik eraikiko dugu Euskal Eskola Herritar eta Burujabea, ikastetxeetan, institutuetan eta lanbide eskoletan erronkaz erronka jardunez”. Eginkizun nagusietako bat ikasleen baldintzak hobetzeko lan egitea izango da, ikasleria antolatzea, hezkuntza eraldatzea eta heziketa prozesu osoa duina izan dadin eredu berri baten alde aritzea elkarrekin.

Horretarako antolatu eta aurrera eramango dituzten dinamikak bi ardatzetan oinarrituko dituzte:

Eredu Propioaren Eraikuntza: aurrera eramango dituzten ekimenak eredu propioaren eraikuntzara bideratuta egongo dira. “Hau da, ez da nahikoa balio ez diguna salatzea, horrez gain behar duguna aldarrikatu behar dugu eta aldarrikapen horietatik gure behar errealei erantzungo dien praktika eta proiektu berriak sortu, sustatu eta garatzea dagokigu”, dio Cuadrak.

Ikasleen kontzientzia lantzeari ere garrantzia ematen diote, “inposatzen zaizkigun hezkuntza sistema eta ereduek ez digutelako herri eta herritar gisa ditugun nahi eta behar errealei erantzuten. Horren kontziente izan behar dugu ikasleok”. Eta horretarako, ikasle masa mobilizatzera joko dute.

Ikasle problematika eta hezkuntza eraldaketa: ikastetxe bakoitzeko errealitatea desberdina dela jakitun izanik, tokian tokiko arazoei irtenbideak edo planteamenduak tokitik bertatik egitea lehenesten dute. Ikastetxe, institutu eta lanbide eskola bakoitzak aurrera eramateko moduko dinamikak planteatzea, astiro-astiro aldaketa txikiak eginez. “Txikitik eraginez gauza handiak lortu daitezkeela uste dugu. Alegia, nork bere zentroan egiten dituen aldaketak Euskal Herriko gainerako ikastetxeetako kideekin partekatuz gero, eta guztiok norabide berean jardunez gero, eraldaketaren dimentsioa handitu egingo da”, azaltzen du Cuadrak. Esate baterako, ikastetxe edo institutu batean ikasleek ebaluazio irizpideek ikasleengan presioa sortzen dutela salatzen dutenean, ikasleak erdigunean jarriko dituen beste ebaluazio eredu bat behar dela aldarrikatzen ari dira. Arazo jakin batetik, aldarrikapen orokor bat egiten ari dira. Gauza bera gertatzen da egungo sistemak sortzen dituen segregazioak salatzen dituztenean eta bestelako publikotasun bat aldarrikatzen dutenean, horrekin mota bateko edo besteko segregazioa pairatzen duten ikasleen baldintzak duintzeko aldarrikatzen dute.

“Gaurtik eta lokaletik hasita”, dinamiken esparrua norberaren ikastetxea izango da, ikasleen egoera duintzen saiatuko dira ikasleak, euren ahotsa entzun dezaten ahaleginduko dira, hezkuntza erdigunean jarriz eta hezkuntzaren zentroan ikasleak. Dagoeneko Euskal Herri osoko 70 ikastetxe, institutu eta lanbide eskoletan hasi dira ikasleak asanbladatan bildu eta ekintzak antolatzen. 370 ikasle inguru igo dira Ikamaren itsasontzira eta abiatu dira. Ikastetxeetako gatazkak azaleratuko dira, gaur egun ikasleen ahotsa ez delako aintzat hartzen: “Ez dugu parte hartzen gure hezkuntza ereduari buruz erabakiak hartzen diren guneetan eta hezkuntza komunitatean gure espazioa izan behar dugula uste dugu, zelako hezkuntza eredua nahi dugun irudikatzeko eta marrazteko”, Cuadraren esanetan.

Borrokarako gida izena jarri dioten tresnarekin hasi dira ikasturte honetan eta hori izango da ikasleek ikastetxeetako eta institutuetako dinamika bideratzeko erabiliko duten erreminta. “Ikastetxeetako gatazkak eta problematikak identifikatzen eta ikasturteko plangintzan diseinatzen lagunduko duen tresna da”, azaltzen du Gil de San Vicentek. Gidak zazpi ildo proposatzen ditu lantzeko: feminismoa, ikas baldintza duinak, pedagogia eredua, kontrol soziala eta helduen boterea, ingurumena, espazioaren antolaketa eta Euskal Herria. Zentro bakoitzak esparru horietako bakoitzean zein egoeratan dagoen jakin ahal izango du, eta ondoren, horren araberako dinamikak planteatu. “Ildo guztiak landu beharrik ez dago, gida malgua da, eta ikastetxe bakoitzak erabakiko du zenbat landu, nahastuta edo banaka landu nahi dituen eta abar”.

Ikastetxe bakoitzeko egoeraz gaindik, orokorrean gaur egungo eredua agortuta ikusten dute zentzu guztietan: bai eduki aldetik, bai pedagogikoki, bai espazio aldetik... “Ondorioz, ikasleen artean ez dago ikasteko motibaziorik, ikastetxea kartzela bat da, eta hori aldatu nahi dugu”. Hezkuntza komunitate osoarekin eta herriarekin egin nahi dute eraldaketa, gogoz daude ikasleak, euren ahotsa entzuteko garaia da.

Kritikak aldatu

Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren Gedar aldizkaritik kritikak jaso zituen sorreratik. Beraien iritzian "Ezker Abertzale Ofizialak gaur-gaurkoz, Ikama dela-eta orain ikasleriaren balizko borroka-komunitateari gogorrago heldu diezaiokeenez, bere politika-egituraketa akritikoa egonkortzeko ahaleginetan dihardu: zuzendaritza edo Estatuan integratutako alderdia (Sortu); haren adar sindikala (LAB); ezker abertzale ofizialaren legitimaziorako komunikabideak (Gara/Naiz); praktikan «alderdiaren gazteria» soila den gazte antolakundea (Ernai); eta, honenbestez, Ikama edo alderdiaren ikasle-frontea. Soilik politikagintza parlamentarioari erreparatzen baitio deritzogu akritiko EAOren politika-egituraketari; hain zuzen ere, gerora estatu-politikagintza ofizialean Sortu alderdiaren parte-hartzea indartu dezaketen ekimenak hartzen baitituzte euren kargu, orohar, aipatu antolakundeek[6]."

Bestalde Espainiako Gobernuaren ordezkaria den Denis Itxasok, Ikamakoak "mespretxagarriak" zirela esan zuen erakunde honek Ekialde institutuan egin ziren irteeren aurrean Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroari boikota egin zionean[7].

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu