Hustar gerrak

Husitar gerrak» orritik birbideratua)

Hustarren aurkako gurutzadak Jan Hus aldekoen (Hustarrak) aurkako ekintza militarrak izan ziren Bohemian 1419 eta 1434 bitartean. Europan suzko arma eramangarriek, esku-kanoiek, arkabuzek eta mosketeek, esate baterako, ekarpen erabakigarria izan zuten lehenengo borrokak izan ziren.

Hustar gerrak
Gurutzadak
Lipanyko gudua
Data1419ko uztailaren 30a-1434ko maiatzaren 30a
LekuaBohemiako Erresuma
EmaitzaEnperadorearen garaipena
Gudulariak
Hustarrak 1419–23
Hustar erradikalak (Taboritak eta orebitak / Sirotci) 1423–34
 Aita Santuen Lurraldea
 Germaniako Erromatar Inperio Santua
 Hungariako Erresuma
Monarkikoak eta hustar moderatuak (utrakistak)
Buruzagiak
Jan Žižka
Andreas Prokop
Jan Roháč z Dubé
Prokop Txikia
Jan Čapek of Sány
Sigismundo Korybut
Hynek Krušina Lichtenburgekoa
Sigismundo Luxenburgokoa (gurutzatuak)
Diviš Bořek Miletínkakoa (utrakistak)
Bixente Wartenbergekoa
Bohuslav Švamberkekoa
Petri Šternberkekoa
Henrike Hradecekoa (bohemiar katolikoak)

Aurrekariak aldatu

Jan Husen ideiek XV. mendearen lehen erdian izandako oihartzun handia ulertzeko, ezinbestekoa da Bohemian garai hartan zegoen egoera jakitea. Bohemiako eskualdea, Behe Erdi Aroko krisian bete-betean murgilduta egoteaz aparte (krisi soziala nabariena izanik), bere egoera alboko erreinuekin alderatuta nahiko kaskarra zen. Eliza, nazioarteko mailan zismarengatik gainbeheran zegoen, eta elizaren hierarkiaren arloan desadostasun asko zeuden.[1] Esan bezala, alemandarrek gaur egungo eskualde txekiarrean, kargu politiko hoberenak, pribilegio asko, elizan eragin nabaria (apezpikuen gehiengoa jatorri germaniarrekoa zirelako) eta aberastasun metaketak lortu zituzten. Goi Nobleziaren eta kleroaren goi karguek, alemandarren gailentasuna onartzen zutelakoan, lur-sailen heren baten jabeak ziren, eta kanpoko eragin horren laguntzaile ere agertu ziren hirietako patrizioak. Berdina gertatu zen merkatariekin, hauekiko mespretxua ere zabaldu zen, haien jatorri germaniarrarengatik eta metatutako aberastasunengatik.[2] Joera horretan gauzatuko zen hurrengo iraultza eta erreformarako sentimendu sozial handia prestatzen joan zen.

Jan Hus aldatu

Bohemian bizitzen ari zen egoera guzti honek bete-betean jo zuen Jan Husinec-en (bere benetazko izena hau baitzen) kezkekin. Teologiako ikasleak oso ondo nabaritu zuen bere garaian bizitzen ari ziren kontrasteak, miseriaren eta luxuaren artekoak, Elizaren aberastasunaren eta Kristoren pobreziaren artean bizi zirenak.[3]

Pragan bizitzen ari zen giroak eragina izan zuen Jan Husengan, unibertsitatean argi eta garbi ikusi zituen alemandarren eta txekiarren arteko tira-birak. Hus unibertsitatean txekiar eskubideen aldeko liskarren lekuko izan zen eta alemandarrek karguen gehiengoa zutela ere pairatu zuen.

Jan Husek bere lanekin eta predikuekin jarraitu zuen eta 1409. eta 1410. urteetara aldera Pragako Unibertsitatean postu garrantzitsuak lortu zituen. Gainera testuinguru honetan Jan Husek Jeronimo Pragakoarekin elkarlan asko izan zituen, teologia ikasten zutenetik ezagutzen baitziren[4]. Hus pixkanaka Bohemian zeuden elizaren hierarkiaren ordezkariekin harremanak apurtzen joan zen, eta apaizak eliza erreformatzearen eta jatorrizko ohitura eta pobrezietara itzultzeko beharretaz konbentzitzeaz aritu zen. Azkenean Husek Bohemiako artzapezpikuarekin tentsioa izan eta tentsio horrek eztanda egin zuen 1409. urtean Pragan, John Wycliffen jarraitzaileen aurkako anatema aldarrikatu zenean. Pixkana Jan Husen eta bere jarraitzaileen giroa berotzen hasi zen, Jan Husek behin-betiko artzapezpikuarekin eta elizarekin harremanak apurtu eta Wentzeslao IV.ak eta nobleziaren parte batek bere kontra egin zuen. Erreakzio horren arrazoietako bat Bohemiako erregeak induljentzien salmentan zituen interesetan aurki dezakegu. Egoera horretan, babesik gabe, Husek Pragatik alde egin zuen.[5] Tentsioaren bilakaera honetan oso erabakigarria izan zen Jan Hus eliza katolikoarengandik ofizialki eskumikatua izana.

Jan Husek ondorengo fasean, garaiko elite sozialarengandik bananduta, behe-mailako gizarte sektoreen hurbilketa izan zuen. Gero eta burges, artisau eta nekazarien babesa gehiago jaso zuen eta sektore hauek bere alde armak hartzeko prest agertu ziren (nahiz eta Jan Husek inoiz ez zuen herria bultzatu armak hartzera). Bere alde jarritako beste sektore garrantzisua Pragako unibertsitateko ikasleak izan ziren, talde oso dinamikoa arlo sozialean, nazionalean eta erlijiosoan. Hiriburutik alde egin eta gero, hegoaldeko Bohemian errefuxiatu zen, Kozí Hrádek-en, eta pixkanaka jarraitzaile gehiago bere borrokara batzen joan ziren[6]. Urte hauetan Husek bere lan teologiko eta filosofikoak (Biblia barne) txekieraz idatzi zituen, horien artean De Ecclesia lana[7]. Azken finean, berak defendatzen zuen herri guztien eskubidea Biblia haien hizkuntza propiora itzultzeko[8]. Pixkana Jan Husek komunitate indartsua sortu zuen, nolabaiteko gizarte-egitura herrikoia, zeintzuk hasi ziren elizaren hierarkiari erresistentzia pasiboa egiten, horren adibidea izanik hamarrenaren ordainketari uko egiten hastea[9].

Konstantzako kontzilioa aldatu

Elizaren egoera XV. mendearen hasieran oso txarra zen, azken finean, zisma baten erdian kokatzen da Jan Husen testuingurua eta bestetik, eliza katolikoan haien burua aitasantutzat zuten hiru hautagai zeuden (horietako bakoitzak erreinu ezberdinen sostengua zuelarik)[10]. 1413. urteko Abenduan, Juan XXIII.ak, Sigismundo I.aren presiopean Konstantzako hirian kontzilioa egitera deitu zuen. Erregeak kontzilio honekin gatazka politiko eta erlijiosoei amaiera jarri nahi zien, hauek zuzenean bere inperioari kalte egiten ziotelako. Horien artean, Bohemiako gatazka erlijioso eta soziala, egoera tamalgarrienetarikoena zen.

 
Jan Hus-en erretzea Konstantzako kontzilioan 1415. urtean.

Horregatik Sigismundo I.ak Jan Hus gonbidatu zuen kontziliora joateko, bere segurtasuna bermatzeko baimen inperial batekin; Jan Husek gonbidapena onartu zuen, denen artean bere teoriak erakutsi eta hauek onartuak izatea nahi zuelako. Baina esan daiteke, bere heriotz-kondena aldez aurretik erabakita egon zela[11]. Horrela 1414. urtean Jan Hus Konstantzara abiatu zen, berak sentitzen zuelako, nahiz eta eskumikatua egon eta nazioartean bere burua kriminaltzat hartu, bere ideiak defendatzeko behar morala zuela. Hein batean, kontzilioa ondo aterako zela eta bere ideiak onartuak izango zirelaren itxaropena zuen[12]. Kontzilioan, teologo bohemiarra entzun gabe, 1414. urteko azaroaren 28an atxilotu zuten, bere segurtasun-baimen inperialari jaramonik egin gabe. Bere epaiketak 1415. urteko ekainaren 5etik 8ra iraun zuen, bere ideietan atzera egitera behartu zuten baina berak uko egin zion aukera horri (berak bere tesiak ez baitzituen heresiatzat hartzen). Azkenean Husen kontrako prozesua amaitu egin zen uztailaren 6an sutara kondenatu zutenean.[13] Bere exekuzioak irauten zuen bitartean bere esaldi profetikoa esan zuen “gaur ahatea erretzen duzue (“Hus” txekieraz ahatea esan nahi du), baina nire errautsetatik erre ezin izango duzuen beltxarga jaioko da”. Kontuan izan behar da, mende bat eta gero, Martin Luterok beltxargaren sinboloa ezkutu pertsonal moduan erabiliko zuela[14].

Mugimendu hustarrari dagokionez, Konstantzako kontzilioan, Husen exekuzioa ez zen izan bakarra. Kontzilioa baino lehen Jeronimo Pragakoak zin egin zion bere teologia adiskideari, laguntza behar izanez gero kontzilioan bertaratuko zela. Halaxe egin zuen, eta 1415. urteko apirilaren 4ean Konstantzara heldu zen, baina bertan Hus salbatzearen aukerak ezinezkoak izan ziren eta, nahiz eta ihes egiten saiatu zen, preso hartu zuten. Hasiera batean Jeronimok bere ideia Wyclifistei uko egin zien, baina Husekiko adiskidetasun eta ardurarengatik uko egin zion aurretik egindako arneguari. Ibilbide horri jarraituz Jeronimo Pragakoa 1416. urteko maiatzaren 30ean sutara kondenatu zuten[15].

Erreformatik iraultzara aldatu

Jan Husen exekuzioaren helburuak txekiar mugimendu erreformatzailearekin amaitzea eta Bohemiako erresuma baretzea ziren. Baina Hus eta Jeronimo beste era batean ikusiak izaten hasi ziren Bohemian, martirien izaera bereganatu zutelako. 1416. urtetik gizarteko sektore herrikoiak Jan Hus eta Jeronimo Pragakoa gurtzen hasi ziren eta 1417. urtetik aurrera Kristoren laguntzaile eta erreformaren Txekiarraren babesle bezala hartu zituzten. Haien lanak berriro interpretatu egin ziren eta mugimendu erreformatzailearen aldekoek haien heriotzak kontzilioaren eta Erromako kristautasunaren kontra joateko erreboltaren deieratzat hartu zituzten. Pixkanaka iraultza prestatzen joan zen.[16]

Herrialdea pixkanaka Husen aldeko predikalarietaz eta elizgizon pobreetaz betetzen hasi zen, hauek antikristok egindako kalteaz hitz egiten zuten, hau da, konparaketak antikristoren eta kontziliarren artean eta baita Hus eta Jeronimo jainkoaren “soldadu txekiarren” diskurtsoei buruz. Herrialdean zeuden alemandarrak bekatari eta martirien hiltzaileak bezala ikusten hasi ziren, “afera nazionala” indartuz, eta agintari aberatsen aurkako gorrotoa ere garatzen joan zen. Merkatarien eta komentuen aurkako erasoak hasi ziren, eta hirietan artisauek uko egin zioten elizari tributuak ordaintzeari. Atsekabea elizgizonen, burgesen eta nekazarien artean zabaldu egin zen, azken hauek “Jainkoaren hitza” defendatzeaz aparte bidezko gizarte baten eta gehiegikerien kontrako proiektua burutu nahi zuten.[17]

Mugimendu erreformatzailea nazio mugimendua bilakatu zen eta gizarteko maila guztietan jarraitzaile gogotsu asko zituen. Horrek ahalbidetu zuen Jan Husen mezuari zenbait itxaropen sozialak gehitu izana eta prozesu guzti horren ahalmen iraultzailea prestatzea. Esan dezakegu nolabaiteko batasuna egon zela, baina euren burua izendatzeko ez zuten izen bakarra. “Hustar” adierazpena lehen aldiz Konstantzako kontzilioan agertu zen baina gutxiespen termino bezala.[18]

Iraultzaren antolaketa Jan Zelivtarren pulpituan kokatu beharko dugu. Predikalari honek Pragako jarraitzaileen masa asko bildu zituen. 1419. urteko uztailaren 30ean Jan Huseren aldeko jarraitzaile armatu asko Juan Zelivtarraren pulpituaren inguruan bildu ziren, eta honek erasotzeko deia bota zuen.[19] Sermoiaren ondoren halaxe egin zuten, hustar talde batek Pragako udaletxea hartu, leihotik hogei zinegotzi bota eta “Pragako Defenestrazioak” deritzon ekintzarekin Hustar Gerrei hasiera eman zitzaion.[20] Aldi berean Bohemiako bost hiri hautatuak izan ziren antolamendu hustarra aurrera eramateko eta aldi berean, mendietara pelegrinazioak eman ziren. Beraz, bi gertaera hauetan bi joera hustarren presentzia nabaritu daiteke, lehengo aukera desadostasunak progresiboki konpondu nahi zutenena, eta bigarren aukera jarduera iraultzailea prestatzen hasi zirenena izanik.[21]

Elkarretaratze handiena 1419. urteko uztailean gertatu zen Bohemiako hegoaldean, fase garrantzitsua izanik antolamendu iraultzailearen garapenean. Beraz aipatutako bi gertaerekin argi dago iraultzaren prestaketa burututa zegoela.[22] Gertaera horiek gertatu eta aste batzuen ondoren Wentzeslao IV.a hil egin zen abuztuaren 16ean, txekiar tronua hutsik geratuz. Gertaera hau izan zen erreformatik iraultzara igarotzeko geratzen zen azken faktorea edo pausua.[23] Elizgizonek lau urtez aurrera eramandako jarduera sendoaren ondoren 1419. urteko udazkenean tropa iraultzaileak Bohemiako hiriburuan zeuden, haien burua erreforma erlijioso eta sozialaren alde sakrifikatzeko prest. Iraultza, beraz, saihestezina zen.[24]

Hustarren aurkako gurutzadak aldatu

Lehen Gurutzada aldatu

1420. urtean mugimendu hustarrak nolabaiteko batasun osoa lortu zuen eta hori isladatu egin zen haien aurkako Lehen Gurutzadari aurre egin behar izan ziotenean. Hala ere oso nabariak izan ziren joera erreformatzailearen eta joera iraultzailearen arteko kontrakotasunak eta tirabirak[25]. Sigismundo I.ak hasieratik, lehen ebazpen moduan, hustarren aurkako erasoaldia egitea erabaki zuen. Baina bere saiakerak porrot egin eta gainera enperadoreak lortu zuen zatituta zeuden hustarrak Pragako Artikuluen inguruan programa bateratua osatzea[26]. Hauek ziren adostutako puntuak[26]:

1420. urtean tabortarren liderra zalantzarik gabe Martin Huska zen, bere gain ideia Wyclefistak, Valdistak eta Hustarrak elkartu zituen. Urte horretan Taborreko hirian, jatorri txekiarreko biztanleak egoteaz aparte, herrialde Germaniar eta Austriarretatik, Eslovakiatik eta Poloniatik etorritako txiroak bildu ziren. Pixkanaka, bertako elizgizonen ekimenarengatik, Tabor berdintasun sozial eta ekonomikoaren komunitate bezala antolatu zen. Jabego pribatua ezeztatu eta berdintasun kristauaren eta Bibliaren txirotasunaren ideia zaharrak burutu ziren. Elizari dagokionez, laikoen eta elizgizonen arteko ezberdintasunak desagertu ziren. Kleroa kontzebitzeko ideia valdistak inposatu ziren eta elizari izaera sakratua eta laikoekiko posizio pribilegiatua izateko abantaila kendu zitzaion[27]. Testuinguru horretan Tabortarrek “Taborreko Artikuluak” idatzi zituzten. Hauetan argi eta garbi ikusten ziren Tabortarren doktrinak[28]:

  • Jabego pribaturik gabeko gizartea eta ondasunen elkarrekikotasunean oinarritua.
  • Merkataritzaren eta hiriko bizitzaren errefusa.
  • Jatorrizko elizarako itzulera.
  • Liturgia, erlikiak eta debozio ofizialekiko mespretxua.
  • Gizarteko maila ezberdinen arteko ezberdintasunen deuseztapena.

Hustarren arteko barne desadostasunak ahaztu egin ziren, Lehen Gurutzadari aurre egiteko beharrean, Pragak 1420. urteko maiatzean Tabor hiriari laguntza eskatu zionean. Honek adierazten du koalizio hustarrak funtzionatuko zuela (Pragako Artikuluetan isladatuak) eta tropa gurutzatuek Bohemia inbaditzen hasi zirenean sentimendu nazional indartsua piztu zela. Praga hilabete horretan indar hustar guztien elkargunea bilakatu zen. Burges hustarrek Sigismundo I.arekin negoziaketak egitearen alde agertu ziren baina enperadoreak ez zuen traturik egin nahi, berak, tropa gurutzatuen buru zelarik, garaipen militarrean sinisten zuelako.[29] Baina azkenean Sigismundo I.aren gudarostea garaitua izan zen Jan Zizkak gidatutako ejerzitoari esker[28].

 
Jan Zizka zaldi baten gainean. Txekiaren monumentu kulturalei dagokio eskultura honek

Sigismundok izandako porrotaren ostean destakamendu gurutzatuen artean izua zabaldu zen eta horien gehiengoak pixkanaka Bohemiatik alde egin zuen. Hustarren lehenengo manifestuak Europan zehar zabaltzen hasi ziren. Nazioartean iraultza hustarra, gurutzatuen gudarostea irabazteko gai izan zen mugimendu bateratu bezala ikusi zen. Hala ere argi dago haien garaipena Tabortarrei esker izan zela[30].

1420 eta 1421 urteen artean Pragan ondasunen jabetzetan aldaketak eman ziren, eta hustarren artean sektore bat konfiskazioengatik aberasten joan zen, Tabortarrek, aldiz, ez zuten jabetzarik lortu nahi. Guzti hau aurrerago bi joeren arteko liskarren arteko faktoreetako bat izanik. Azken finean Tabortarren helburua Praga Tabor hiria bezala komunitatean oinarritzea zen. Moderatuenek erreforma nahi zuten, baina bizitza tradizionalarekin jarraituz, eta Tabortarrek ez. Azkenean Tabortarrak Pragatik joan ziren. Beraz, hustarren batasuna soilik mantendu zen gurutzada bati aurre egin behar izan zioten momentuetan. Esan daiteke iraultza bi ardatzen inguruan gauzatu zela: Praga eta Tabor. Bi hiri hauek iraultzaren bi joeren islada zirelarik[31].

Bigarren eta Hirugarren Gurutzadak aldatu

Bigarren eta Hirugarren Gurutzadak (1421. urtean eta 1422. urtean) hustarren garaipenarekin ebatzi ziren. Baina 1421. urteko udaberrian fakzio moderatuenak Tabortar heretikoak kondenatu zituen, haien aburuz Jan Husen “oinordekotza zikindu” zutelakoan. Hainbat Tabortar sutara kondenatuak izan ziren eta haien hegemonia-aldia iraultzan amaitu zen. Momentu horretan gailendutako fakzio moderatua, aldi berean kontsolidatu egin zen Tabor hirian. Erradikalenen artean Martin Huskaren jarraitzaileek ez zuten amore emateko asmorik eta haien borrokak azkenera arte eraman zituzten. Azkenean Martin Huska atxilotu eta sutara kondenatu zuten bera ere[32]. Honekin erradikalen fasea amaitu zen, iraultza txekiarrak prozesu guzti honetan ezagutu ahal izan zuen momentu gorena eta loriagarriena izanik[33]. Gainera 1424. urtean alderdi Tabortarrak izandako jeneral porrokatuena, Jan Zizka, izurriteaz jota hil egin zen Tabortarren kanpaina batean zegoenean.

Laugarren eta Bostgarren Gurutzadak aldatu

“Barne garbiketak” igaro eta gero mugimendu hustarra gai izan zen 1427. urtean haien aurka bideratu zen Laugarren Gurutzadari aurre egiteko. Laugarren gurutzada lagungarria suertatu zen hustarren arteko barne-liskarrak baretzeko. Iraultza egonkortu egin zen eta buruzagiek ideia hustarrak atzerriko erreinuetan hedatzea pentsatu zuten. Prokop Handia izan zen lehenengo espedizioaren buruan jarri zena[34]. Ondorengo urteetan hustarrek espedizioak arrakastatsuak egin zituzten Austrian, Silesian, Saxonian eta Turingian[26]. Lurralde hauetan hirietaz jabetu ziren eta “Pragako Artikuluen” funtsezko ideiak eta praktikak zabaltzen hasi ziren[35].

Hala ere Prokop Handiak, nahiz eta garaipen militarrak izan, etsaiarekin negoziatzearen ideia hustarren artean zabaldu zuen. Beharrezkoa zen elite hustarraren artean negoziaketa iraultzari traizioa egitea bezala ez ikustea, eta horretan saiatu zen hustar buruzagia. Negoziaketarako lehen saiakera Bratislavan izan zen 1429. urtean, baina negoziaketak porrot egin eta 1431. urtean hustarren aurkako Bostgarren Gurutzada agindu zen[36]. Gurutzada honen porrotak nazioartean oihartzun handia izan zuen eta gurutzatuak herrialde austriarren eta germaniarren hustar inbasio batengatik beldur ziren.

Basileako Kontzilioa aldatu

Azkenean, bost gurutzaden porrotek, heresia hustarren zabalpenaren beldurrek eta hustarrak zatitzeko alferrikako saiakerek eragin zuten 1431. urtean Basileako Kontzilioa deitzea. Bertan Aita Santua hereseekin negoziaketak izateko prest azaldu zen. Lehen aldiz, Eliza prest zegoen heresetzat hartzen zuenekin adostasuna bilatzeko[37]. Basileako kontzilioan txekiarren zenbait konpromiso izaten eta eliza txekiarrari zenbait kontzesio ematen ahalegindu ziren. Kontzilioaren helburua, hein batean, hustar kontserbadoreei laguntza ematea eta erradikalak isolatzea izan zen. Honek ahalbidetu zuen kontzilioaren garaipena hustarren gainean[38]. Kontzilioan Compactata deritzon artikuluak onartu ziren, hauek “Pragako Artikuluen” kopia moderatuagoa izan ziren, sektore kontserbadoreena asebetetzeko. Baina hauekin argi geratzen da ordezkari hustarrek haien jatorrizko programa politiko eta erlijiosotik soilik lortu izan zutela zati txiki bat aurrera eramatea eta onartua izatea[39]. Artikulu hauen onarpenak sektore hustar ezberdinen arteko borroka armatua ekarri zuen[40].

Lipanyko bataila aldatu

Azkenean Lipanyko batailan, mugimendu Tabortarra betirako suntsitua izan zen indar inperial-katolien eta hustar moderatuen bandoarengatik, eta horiekin Prokop Handiaren heriotza eta porrot militarra eman zen. Oraindik zenbait foku erradikalek iraun zuten, baina 1436. urterako erradikalen erresistentzia-gune guztiak suntsituak izan ziren[41].

Lipanyko bataila igaro eta urtebete eta erdi geroago Bohemiak ofizialki onartu zuen bere bateratzea eliza katolikoarekin. 1436. urteko uztailean bake-akordioak lortu ziren eta hilabete bat geroago Sigismundo I.a Pragan Bohemiako erregea bezala onartua izan zen[42].

Erreferentziak aldatu

  1. Macek. (1975)., 36 or..
  2. Monsalvo Anton. (2016)., 276 or..
  3. Macek. (1975)., 39-40 or..
  4. Grilló Zamora. (2013)., 46 or..
  5. Macek. (1975)., 44-45 or..
  6. Macek. (1975)., 45-46 or..
  7. Alvarez Palenzuela. (2004)., 254 or..
  8. Macek. (1975)., 48 or..
  9. Macek. (1975)., 51 or..
  10. Grilló Zamora. (2013)., 48 or..
  11. Alvarez Palenzuela. (2004)., 254-255 or..
  12. Macek. (1975)., 53-54 or..
  13. Alvarez Palenzuela. (2004)., 255 or..
  14. Grilló Zamora. (2013)., 52 or..
  15. Grilló Zamora. (2013)., 53 or..
  16. Macek. (1975)., 69-70 or..
  17. Macek. (1975)., 71 or..
  18. Macek. (1975)., 73 or..
  19. Macek. (1975)., 83 or..
  20. Monsalvo Anton. (2016)., 277 or..
  21. Macek. (1975)., 88 or..
  22. Macek. (1975)., 90 or..
  23. Macek. (1975)., 92 or..
  24. Macek. (1975)., 93 or..
  25. Macek. (1975)., 94 or..
  26. a b c Alvarez Palenzuela. (2004)., 256 or..
  27. Macek. (1975)., 110-111 or..
  28. a b Monsalvo Anton. (2016)., 278 or..
  29. Macek. (1975)., 119 or..
  30. Macek. (1975)., 122-123 or..
  31. Macek. (1975)., 123-125 or..
  32. Macek. (1975)., 129 or..
  33. Macek. (1975)., 131 or..
  34. Macek. (1975)., 145-147 or..
  35. Macek. (1975)., 147 or..
  36. Macek. (1975)., 148-150 or..
  37. Macek. (1975)., 150 or..
  38. Macek. (1975)., 153-156 or..
  39. Macek. (1975)., 163 or..
  40. Alvarez Palenzuela. (2004)., 257 or..
  41. Monsalvo Anton. (2016)., 279 or..
  42. Alvarez Palenzuela. (2004)., 257 or..

Bibliografia aldatu

  • Álvarez Palenzuela, V. A (2004): “Wyclif y Hus: la reforma heterodoxa”, Clío & Crímen: Revista del Centro de Historia del Crimen de Durango, 1, 241-259 orr.
  • Escribano Bernal, F. (2020): “El movimiento husita y la conflictividad del siglo XIV”, Revista Desperta Ferro: Centro universitario de la defensa de Zaragoza
  • Grilló Zamora, M (2013): “El germen de la reforma: John Wycliff, Jan Hus y el Concilio de Constanza”, D. Moreno & E. Campo, koord., Estudios sobre Miguel Servet (VI), Zaragoza, I.E.S. Miguel Servet, 39-55 .orr
  • Macek, J (1975): “La crisis de la sociedad medieval en Bohemia”, La revolución Husita, Madrid, Siglo Veintiuno de España editores S. A., 20-36. orr
  • Macek, J (1975): “Juan Hus”, La revolución Husita, Madrid, Siglo Veintiuno de España editores S. A., 37-68. orr
  • Macek, J (1975): “La revolución Husita”, La revolución Husita, Madrid, Siglo Veintiuno de España editores S. A., 69-164. orr
  • Macek, J (1975): “La revolución Husita”, La revolución Husita, Madrid, Siglo Veintiuno de España editores S. A.,  165-180. orr
  • Monsalvo, J. M (2016): “Los movimientos campesinos de la Baja Edad Media en Flandes, Francia e Inglaterra”, Los conflictos sociales en la Edad Media, Madril, Síntesis, 183-190 orr.
  • Monsalvo, J. M (2016): “Radicalismos cristianos y persecución religiosa en el periodo bajomedieval”, Los conflictos sociales en la Edad Media, Madrid, Síntesis, 265-290. orr

Kanpo estekak aldatu