Hurtado de Mendozatarren dorretxea
Hurtado de Mendozatarren dorretxea[1] edo Martiodako dorrea Gasteizko Martioda herrian dagoen dorretxea da.
Hurtado de Mendozatarren dorretxea | |
---|---|
Kultura ondasuna | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Araba |
Herria | Gasteiz |
Koordenatuak | 42°52′31″N 2°46′48″W / 42.87534°N 2.77992°W |
Historia eta erabilera | |
Jabea | Arabako Foru Aldundia |
Arkitektura | |
Estiloa | arkitektura gotikoa |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0001433 |
2002ko urriaren 29an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.
Deskribapena
aldatuMartioda muino baten gainean dago kokatuta, eta handik, XVI. mendean Badaiako mendilerrotik gertu igarotzen ziren bideak zain zitezkeen. Arratoko mendatearen aurrean egonik, balio estrategiko berezia zuen, huraxe baitzen Arabako lautadatik Zuiarako igarobide naturala eta haran horretatik Bizkaiko portuetarakoa.
Herriaren iparraldeko ertzean Hurtado de Mendozatarren dorretxea dago. Herriguneak hegoaldetik du gaur egun sarbidea; gutxika-gutxika igoz doa dorretxeraino bertaraino, eta handik aurrera, iparralderantz, lurzoruak behera egiten du bat-batean, harresiarena eginez.
Kokaleku aparteko horri esker, muinoaren gailurrean, itxura oso indartsua ematen du dorretxeak. Dorretxearen ondoan, beheraxeago, eliza dago, kanpandorrerik gabe, seguruenik zein ikusgarriago dorretxearen lehian ez sartzeagatik. Dorretxeko jaunak izan ziren elizaren jabe.
Dorretxeak oin angeluzuzena du, oinaren alde bat bestea halako bi, ia-ia. Hasieran dorretxe hutsa izan zen, beste ezer gabe. Ertzak harri-hormaz eta harlanduzkoz daude eraikita. Hogei bat metro garai da, alderik txikiena halako bi, eta horrexegatik, inguruan jauregirik izan ez balu, ezin lirainagoa izango zen. Gaur egun lau solairu ditu, baina jatorrizko forjatuaren kotak ez datoz bat gaurkoekin, Erdi Aroko hutsarteen garaieretan ikus daitekeenez.
Jatorrizko hutsarteak gotikoak dira, eta horien artean fatxada nagusian ageri dena nabarmendu behar da, arku zorrotzekoa, metro eta erdi garai. Alboetako fatxada biek ere hutsarte gotikoak dituzte, estaliak, antzeko ezaugarrietakoak, baina txikiagoak. Hutsarte horiek direla-eta, dorretxea XIII. mendearen amaieran eraiki zela jo daiteke.
Horman gezileihoak ageri dira, hormaren inguru guztian banatuta, baita kanpoaldean zegoen eskailera baten hondarrak ere, dorretxearen lehenengo solairura igotzeko zen eskailera batenak, hain zuzen, garai hartan horrelako eraikuntzetan ohi zenez. Sartzeko atea arku zorrotzekoa da, 2,40 metro garai eta 1,20 metro zabal, eta dorretxearen erdialdean dago.
Ertzean harresia zeukan lubanarro batek inguratzen zuen Erdi Aroko dorretxea, hiru aldetatik. Laugarren aldea muinoaren ezponda zen, eta han ez zuen lubanarrorik behar. Badago lekukotza bat, 1694 urtekoa, eta haren arabera lubanarroak zubi altxagarria eta kateak zeuzkan, sakona zen eta ondo ebakia. Gaur egun, hegoaldeko aldean beste inon ez da gelditzen lubanarroaren aztarnarik; 4,20 metro zabal da, eta igarotzeko zubi bat ere iritsi zaigu ordutik, baina ez da jatorrizko zubi altxagarria. Haren gainean, gaztelura sartzeko atea defendatzen zuen matakanaren bi ukondo ageri dira. Ate hori harrizko arku batekin dago eraikia. Harresiaren gainerako hutsarteak gezileihoak dira, 0,55 metroko luzerakoak.
Hurtado de Mendozatarrak ez ziren luzaroan bizi izan dorretxean. Badakigu XVI. mendean Gasteizen bizi zirela, eta alkateak arduratzen zirela dorretxeaz. Bestalde, 1527an, Hurtadotarren menpeko ziren jaurerrietako espetxetzat erabiltzen zen dorretxea. XVII. mendean hondamendian zegoen, teilatuak hondatuta eta harresiaren kontra etxeak eraikita zeuzkala.
Villafuerteko konde eta Miravaleko markes Joaquín María Hurtado de Mendoza jaunak, XVIII. mendean, bizi berria eman zien Martiodari eta hango dorretxeari. Dorretxearen inguruan jauregia jaso zuen, eta XVIII. mendekoen tankerako etxebizitza eraiki.
Jauregiaren egikera eman zionez gero, leihoak egin zituen, eta forjatuen garaiera guztiak aldatu. Dorretxearen eraikin nagusian egin ziren leiho berriek harrizko zango handiak dituzte.
Irekiena den hegoaldeko fatxadan hutsarteen artean simetria zaintzeko ahalegina ikusten da. Jauregi-eraikinetatik gora zazpi leiho txiki egin ziren. Leihorik txikiena gorenean dago, goialdeko almenen ondoan, eta isurkia dauka, moldura nabarmenduna. Gainerako hutsarteak homogeneoki daude banatuta.
Sartaldeko eta sortaldeko hormek erdialdean baino ez dauzkate irekidurak, ardatz baten moduan antolatuta. Iparraldekoak ez dauka irekidurarik, goialdeko jatorrizko gezileihoak izan ezik.
Jauregi berriaren eraikina zokaloa bailitzan atxikitzen zaio dorretxeari. Jauregiaren hutsarteen artean ez dago hierarkiarik. Eranskinik garrantzitsuenak sortaldetik eta sartaldetik egin zitzaizkion; hegoaldea sarbidearen babes moduan gelditu zen, eta iparraldea hegal biak lotzeko pasabide moduan. Beheko solairua eta beste solairu bat, hori da eranskinen garaiera.
Hegoaldean, dorretxearen jatorrizko sarrera babestuz, kanporantz irteten den osagai bat da nabarmentzekoa; atea eta bi leiho hartzen ditu bere baitan, baina matakan handi bat dirudi. Bada beste ate bat ere, fatxada horretan bertan, sortalderantz begira; txapaz estalia dago, eta idazkun hau dauka: "ME YZO JOSE DE LEIZA. AÑO 1799".
Badago eranskin gehiago, sartalderantz begira, beste patio karratu baten inguruan. Eranskin horiek, nekazaritzarako egin zirela dirudi, jauregiarentzako baino.
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
Kanpo estekak
aldatu- Kultura ondasun izendatzeko erabakia[Betiko hautsitako esteka], Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |