Hurbilkari sabaikari ahostun

Hurbilkari sabaikari ahostuna ahozko hizkuntza askotan erabiltzen den kontsonante mota da. Soinu hau adierazten duen Nazioarteko Alfabeto Fonetikoaren ikurra ⟨j⟩ da. X-SAMPA ikur baliokidea j da, eta beste alfabeto fonrtiko zenbaitetan, alfabeto fonetiko amerikanoa kasu, ⟨y⟩ ikurrarekin trankribatzen da. Tradizio erromanikoan hots honi yod ("jod") deitu ohi zaio. ⟨J⟩ letraren ingelesezko izena, jay, [d͡ʒ]-z hasten denez (afrikatu sabai-hobikari ahostunarekin), hurbilkariari batzuetan yod deitzen zaio ingelesez ere, fonologia historikoko yod-dropping eta yod-coalescence terminoetan bezala.

Hurbilkari sabaikari ahostun
j
NAF zenbakia153
Kodetzea
X-SAMPAj
Kirshenbaumj
Braille

Hurbilkari sabaikaria sarritan aitzineko bokal itxi ez biribilduaren [i] baliokide semibokalikotzat har daiteke. Zenbait hizkuntzatan elkarren arteko txandakatzeak aurki daitezke, hala nola frantsesean, eta baita zenbait hizkuntzatako diptongoetan, ⟨j⟩ eta ⟨i̯⟩ bezala, transkripzio fonetiko sistema desberdinetan erabiltzen den ez-silabikotasunaren diakritikoa soinu bera irudikatzeko baliatuz.

Zenbait hizkuntzatan, ordea, biribiltasunari dagokionean zehaztu gabea den sabaikari hurbilkaria dute eta, beraz, ezin daiteke [i]-ren edo [y] bere kide biribilduaren (normalean, [ɥ]) baliokide irristaritzat hartu. Adibide bat gaztelania da, hurbilkari sabaikari bi bereizten dituena: [j] bokalerdi hurbilkaria, beti ez-biribildua, eta [ʝ̞] kontsonante hurbilkaria, biribiltasunari dagokionean zehaztu gabea dena.[1]

Martínez-Celdrán-en arabera, [j] laburragoa da eta normalean trantsizio soinua besterik ez da. Bokal osoaren ondoan ager daiteke soilik, eta ez da sekula silabaren ekinean agertzen. Bestalde, [ʝ̞] hotsak zabalera baxuagoa du, batez ere F2n. Gainera, [ʝ̞] silabaren hastapenean bakarrik ager daiteke. [ʝ̞] ez da zaratatsua ebakeran edo hautematean. [ʝ] bihurtu daiteke ahoskatze enfatikoan, zarata izanik (turbulentziak aire-etorrian).[1]

Transkribapena aldatu

Erdialdeko, iparraldeko eta ekialdeko Europako hizkuntza gehienetan erabiltzen diren idazkera sistemetan, j hizkiak hurbilkari sabaikaria adierazten du, alemanezko Jahr-en "urte" bezala. Euskaraz bariazio handia dagoen arren, euskara batuan ere ⟨j⟩ ikurra hurbilkari sabaikariari dagokio.


Ezaugarriak aldatu

Hurbilkari sabaikari ahostunak hurrengo ezaugarriak ditu:

  • Bere ahosmoldea hurbilkaria da. Hau da, hots hau ebakitzeko ahots-bidea artikulazio puntuan estutzen da, baina ez aire-etorrian turbulentziak sortzeko adina. Hurbilkari mota orokorrena irristari edo 'bokalerdia da. Irristari izenak [j]-ren mugimendu bereizgarriari egiten dio erreferentzia, [i] bokalaren kokapenetik hurrengo bokalaren kokapenera. Bokalerdi izenak hots hau silabikoa ez dela nabarmentzen du (ezin du silaba baten nukleoa osatu), nahiz eta berez soinu bokalikoa izan.
  • Bere ahoskunea sabaikaria da. Hau da, mihiaren erdi edo atzealdea ahosabai gogorrerantz igoz ahoskatzen da. Bestela berdina den aldaera sabaiostekoa ahosabai gogorra baino pixka bat atzerago ahoskatzen da, [ɰ] belarraretik hurbilagoa dela.
  • Bere ahoskera ahostuna da. Hau da, hots honen artikulazioan ahots-kordek bibratzen dute (mugitzen dira).
  • Kontsonante ahokaria da. Hau da, airea ahotik ateratzen da bakarrik.
  • Kontsonante zentrala da. Hau da aire-emaria mihiaren erdialdetik zeharkatzera bideratzen da, aldeetatik baino.
  • Aire-emaria birikaria da. Hau da, hotsa ahoskatzeko airea biriki eta diafragmak bultzaturik dator, hots gehienetan bezala.


Euskaraz aldatu

Euskaraz /j/-ren ahoskerak lekuan lekuko bariazio handia erakusten du. Gipuzkoan eta inguruko hizkeretan, gazteleran jazotako irristari sabaikariaren eboluzioa akabura eraman da: [j] > [ʒ] > [ʃ] > [x].[2] Beste leku zenbaitetan, bilakabide hau erdibidean geratu da, puntu ezberdinetan: [ʒ] igurzkari hobiosteko ahostuna dugu Bizkaian (Lekeitio edo Bermeon, esaterako), eta [ʃ] Igurzkari hobiosteko ahoskabea Nafarroan (Zaraitzu edo Erronkarin). Nafarroan (adibidez, Baztanen) eta Bizkaian (Arratia edo Uribekostan kasu) kontsonante sabaikari bat egiten da [j] irristaritik [ɟ] herskarira joan daitekeena, artean indar ezberdineko igurzkariak daudela [ʝ̞]~[ʝ]. Iparraldean bilakabide honek ez du indar handirik izan: Lapurdin [j] dugu, eta Zuberoan [ʒ].[2]

Adibideak: jan, joan, jesarri, mendija.


Erreferentziak aldatu

  1. a b (Ingelesez) Martínez-Celdrán, Eugenio. (2004-12). «Problems in the classification of approximants» Journal of the International Phonetic Association 34 (2): 201–210.  doi:10.1017/S0025100304001732. ISSN 0025-1003. (Noiz kontsultatua: 2021-02-28).
  2. a b (Ingelesez) Hualde, José Ignacio; Urbina, Jon Ortiz de. (2011-06-03). A Grammar of Basque. Walter de Gruyter ISBN 978-3-11-089528-5. (Noiz kontsultatua: 2021-02-02).


Kanpo estekak aldatu