Howard Hughes
Howard Robard Hughes, Jr. (Houston, Texas, AEB, 1905eko abenduaren 24a (Bataio-agiriaren arabera, irailaren 24an)- Houston, 1976ko apirilaren 5a) munduko gizon aberatsenetakoa, ingeniari autodidakta, pilotu, zinemagile, zinema-ekoizle eta industria-gizona izan zen. Ospe handiko filmak egin zituen: The Racket (1928), Hell's Angels (1930), The front page (1931), Scarface (1932), The Outlaw (1943), The big sky (1952) eta beste asko. Diseinuan egin zituen ekarpenengatik hegazkingintzan ere izena hartu zuen -Hughes H-1 eta Hercules ur-hegazkinen eraikuntza- eta abiadura eta hedaduran lortutako lastertasun-markak arrakasta handikoak izan ziren.
Howard Hughes | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Howard Robard Hughes Jr. |
Jaiotza | Houston, 1905eko abenduaren 24a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Lehen hizkuntza | ingelesa |
Heriotza | Houston, 1976ko apirilaren 5a (70 urte) |
Heriotza modua | berezko heriotza: miokardio infartu akutua giltzurruneko gutxiegitasuna |
Familia | |
Aita | Howard R. Hughes, Sr. |
Ama | Allene Stone Gano |
Ezkontidea(k) | Ella Botts Rice (en) (1925eko ekaina - 1929) Jean Peters (en) (1957ko urtarrilaren 12a - 1971ko ekainaren 18a) |
Bikotekidea(k) | |
Hezkuntza | |
Heziketa | Kaliforniako Teknologia Institutua The Thacher School (en) Rice Unibertsitatea Fessenden School (en) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | zinema ekoizlea, film-zuzendaria, hegazkinlaria, flight engineer (en) , ekintzailea, asmatzailea eta produktorea |
Lantokia(k) | Ameriketako Estatu Batuak |
Jasotako sariak | |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Metodismoa |
hhmi.org | |
| |
Hughes Pan Am estatubatuar airelinearen monopolioari aurre egiteagatik ere nabarmendu zen. Legeak babesten zuen airelinea indartsua eta hegaldi transatlantikoak egiteko baimena zuen bakarra zen, baina Hughesek legeak aldatzea lortu zuen eta bere Trans World Airlines airelinea hasi zen bide ura egiten Lockheed Constellation hegazkinekin.
NOK (nahaste obsesibo-konpultsiboa) desorekaren eraginez, maniak eta jokabide xelebrea erakutsarazi zion eta pertsonaia polemikoa izan zen. Hala ere, jenio bereziko pertsona zen eta fama hori jaso zuen.
Biografia
aldatuHoward Hughes Humblen jaio zen, Texasen, 1905eko abenduaren 24an (Bataio-agiriaren arabera, irailaren 24an)[1]. Aita Howard Robard Hughes industrialaria zen eta petrolio putzu zailenetara iristea ahalbidetzen zuen barauts berezia patentatu zuen. 1908an, Hughes Tool Company enpresa sortu zuen, asmakizun hau merkaturatzeko xedean. Howard nerabeak negozioa oinordetzan jaso zuenean, Baker enpresarekin bat egin zuen. Rupert Hughes zinemagile eta idazlearen iloba ere izan zen aitaren aldetik.
Ama, berriz, Alene Hughes izan zuen[2]. Misofobiaz gaixo, zikinkeria edo kutsaduraren beldur bizi zen eta eragin handia izan zuen semearengan, gehiegi babestu eta inguruko germenetatik isolatzeko joera zuelarik. Bere obsesioan, amak zorrotz zaintzen zuen bere seme-alaben osasuna, umearen gorputz biluzia miatzen zuen, hortzak, belarriak, genitalak, ukondoak edo belaunak arakatuz. Eginkariak ere aztertzen zizkien eta eguneroko lana zen umea bainatzea, gorputza lixiba xaboiaz igurzten zion bitartean. Sukar edo ondoeza nabaritu bezain laster, mediku bat baino gehiago etorriko zen etxera umeari zer gertatzen zitzaion jakiteko, zein ordu zen begiratu gabe.
11 urte besterik ez zituen Houstoneko lehen irratia eraiki zuenean. Honekin, Mexikoko Golkoa zeharkatzen zuten ontziekin harremanetan jartzea lortu zuen. Mezuak jaso eta grabatzen zituen eta Morse kodean zetozen soinuak interpretatzen gau bakarrean asmatu zuen. Hurrengo egunerako, ontzietako ofizialekin komunikatzeko gai zen.
Aitarengandik jaso zituen gauza mekanikoekiko jakin-mina eta inteligentzia eta, 12 urterekin, mutikoaren argazkia atera zen Houstoneko egunkarian inguru hartako lehen bizikleta motordunaren jabe izan zelako, berak eraiki zuelarik, gainera.
1922an, Alene Hughes hil egin zen haurdunaldi ektopiko baten arazoen ondorioz eta Howardentzako zartako izugarria izan zen hura, betirako geratu baitzitzaion horrenbeste babesten zuen ama galtzearen tristura.
Bi urte geroago, 1924ko urtarrilean, bihotzeko batek aita hil zion. Howardek 18 urte zituen umezurtz geratu zenean, ez aita eta ezta amarik ere. Heriotza haiek eta bere fobia propioek ikerketa medikura zuzenduko zen laborategia sortzera eramango zuen gerora[3].
Aitak nahi bezala, Howard izan zen dirutza itzelaren %75aren oinordeko eta petrolio-eremuetan ateratzen zenaren jabe egin zen[4].
Pasadenako California Institute of Technology ikastetxean egona zen, baina ez zuen inongo titulurik lortu. Aita hil eta berehala, Houstoneko Rice Institute of Technologyra joan zen.
1925eko ekainean, Rice unibertsitatea utzi zuen eta Ella Ricekin ezkondu zen. Bikotea Hollywoodera joan zen bizitzera, Howardek pelikulak ekoizteko itxaropena baitzuen. Ezkondu eta gutxira, bikotearen arteko gorabeherak hasi ziren, beste arrazoiren artean, Howard oso zorrotza baitzen etxeko arauekiko. 1929an, Hughesek emaztea aste batzuk izan zuen isolatuta etxean eta, horren ondoren, Ricek -klaustrofobia krisiak jasan zituen- Houstonera alde egin zion, dibortzioa eskatuz.
Nortasuna eta amodioak
aldatuItxura ona eta inteligentzia handikoa, nortasun erakargarria zuen Howardek, baina bazituen jokabide arloteak, askotan geratzen baitzen etxean sartuta atera gabe. Ezinezkoa zen zerbaiten aurrean nola erantzungo zuen jakitea, irrikaz proiektu berri bat hasterako orduan, hurrengoan erabat ahaztuta eta alboratuta uzteko. NOK (nahasmendu obsesibo-konpultsiboa) zuen eta ez zuen sekula tratamendu egokirik jaso.
Nortasunak eta diruak, emakume ugari ekarri zizkioten ondora. 30 eta 40ko hamarkadan, Hollywoodeko dama askorekin izan zituen harremanak, baina berehala aspertzen zen haiekin edo, are gehiago, hauek Howarden maniekin.
Lehen dibortzioaren ondoren, Hughes zinemako izarrekin ibili zen eta askori eskatu zien ezkontza, maitale eta laguna zuen Katharine Hepburn tartean. Bette Davis, Rita Hayworth, Gene Tierney, Ava Gardner, Olivia de Havilland, Yvonne DeCarlo, Jane Greer, Kathryn Grayson, Ginger Rogers, Billie Dove (Hughes honen senarrari dirua eman omen zion dibortzioa lortzeko) eta beste izen asko aipatu ziren Howarden maitaleen artean. Joan Fontainek behin baino gehiagotan egon zela Hughesekin onartu zuen bere autobiografian (No Bed of Roses) eta Bessie Love lehen ezkontzan izan zuen maitaleetako bat.
Jean Harlow izan zuen lagun Hell´s Angels filmaren estreinaldian, baina Noah Dietrich laguntzaileak idatzitako Howard: The Amazing Mr. Hughes liburuan, harreman profesionala besterik ez zela esaten da. Jane Russell ere aipatu behar da; ezkonduta zegoen hau Howard berarekin oheratu nahi izan zuenean (horrela kontatu zuen, behintzat, bere autobiografian); uko egin zion emakumeak, baina lagun izaten jarraitu zuten.
Horretaz gain, Howardek artista izan nahi zuten starlet gazte-gazteak kontratatzen zituen, formazioa eman eta, ia-ia atera gabe mantentzen zituen bere pean. Estatu guztian banatutako apartamentuetan zituela horrelakoak esan zen. Diruaren garrantzia aipatu ohi zuen askotan. Bereak dira hurrengo esaldiak:
« | Munduko edozein gizaki erosi dezaket. | » |
« | Mundu guztiak dauka bere prezioa. | » |
Aberastasuna eta dirua
aldatuDiruzainen desesperaziorako, Howardek eskua bete diru xahutzen zuen edozertan: amoranteak liluratu nahi zituen, luxuzko festak eskaintzen zituen, eslupeko beltzak... Errentagarritasun ziurtasunik gabeko proiektu eta enpresak ere hasten zituen eta inork ezin zion bere nortasun zapaltzaileari aurre egin -zenbaitetan, Noah Dietrich laguntzaileari egiten zion kasu-.
1936ko ekainaren 11n, Gabriel Meyer izeneko oinezko bat harrapatu zuen bere autoan eta hil egin zuen Los Angelesen. Ospitalean, medikuak ziurrenik Howard edanda zihoala idatzi zuen informean eta atxilotu egin zuten. Lekuko batek Hughesen autoa noraezean eta abiadura handian ikusi zuela esan zuen eta, istripuaren aurretik, oinezkoa, geltokian, arriskurik gabeko tokian zegoela. Hala ere, ikerketak aurrera, lekukoak esan zuen guztia ukatu egin zuen eta Howarden bertsioa babestu zuen, autoa abiadura txikian zihoala eta oinezkoa etorri zitzaiola gainera, gelditzeko betarik izan gabe. Fiskalak, aske utzi eta gertatutakoaren gaineko erantzukizun guztiak kentzeko eskatu zuen.
Trebezia eta eskrupulu falta handia erakutsi zuen zergak ekiditen. Lehen urteetan, lortu ez bazuen ere, 1932an sortu zuen Hughes Aircraft konpainia aeronautikoa Kaliforniatik Nevadara lekualdatzen saiatu zen, zergak baxuagoak zirela-eta. 1953an, aktibo guztien dohaintza egingo zion ikerketarako xedean sortu zuen Howard Hughes Institutu Medikuari, zergarik ez baitzuen ordaindu behar honek.
Urte asko bizi izan zen Kaliforniako etxean, baina hoteletan biziz gero, bizileku gastuak aitortu gabe egon zitekeela konturatu zen eta horrela egin zuen. Handik gutxira, legea aldatu egin zen eta, 180 egun baino gehiagoz estutu batean egonez gero, zerga ordaintzeko derrigorra etorri zen. Horri alde egiteko, Hughes hotelez eta estatuz aldatzen hasi zen. Heriotzaren ondoren, Kalifornia eta Texaseko estatuek jarraipena egin zioten oinordetzaren inguruko zergak kobratu ahal izateko, baina ez zuten lurralde horietako bizilekurik egiaztatzerik lortu.
Enpresetako zuzendariekin ere aurkitu zuen aurrezteko bidea. Ez zien soldata handirik ematen lanean ari ziren bitartean. Zerga gehiegi zen hori. Enpresa utzitakoan, Hughesek jendaurreko adierazpen iraingarriak egiten zituen haien aurka eta zuzendari horiek demandara jotzen zuten, irain egiten zielako. Aberatsak epaiketa guztiak galduko zituen eta zor zien dirutza ordaindu, baina beste hainbat aurrezten zuen bere alde. Horrela egin zuen Noah Dietrich edo Robert Maheu fidelekin -azken honen kalte-ordaina 2,2 milioi dolarrekoa izan zen-.
Hegazkingintza
aldatuBizitza guztian izan zen Howard Hughes hegazkin zale. 14 urterekin bere lehen hegaldia egin ote zuen esaten da, ziurra ez bada ere, baina pilotu ausarta izan zen ezbairik gabe. Azkarra zen eta interesa zuen hegazkingintzan eta mekanikan eta bere kasa ikasiko zuen ingeniari aeronautikoa izaten, eraikuntza eta diseinuan aurrerapen sakonak egingo zituelarik[5].
Hughes Aircraft konpainia sortu zuen eta marka mundialak hautsi zituen bere hegazkinak gidatzen. Teknologian arrakastatsuena, Hughes H-1 Racer izan zen eta, 1935eko irailaren 13an, 566 km/h abiadura lortu zuen harekin aurreko laster-markak (505 km/h) gaindituz. Bada Mitsubishi A6M Zero hegazkin japoniarra modelo horretan oinarritu zela esaten duena.
Urtebete geroago, 1937ko urtarrilaren 19an, H-1 hegazkinaren diseinu berriago batekin bere kontinenteko abiadura laster-marka haustea lortu zuen, eskalarik gabe Los Angeles eta New York artean hegan egin zuenean. 7:28:25 behar izan zituen eta aurrekoan 9 ordu eta 27 minutu izan ziren. Abiadura 518 km/h izan zen[6].
H-1 ereduak berrikuntza ugari ekarri zuen diseinuan. Lurreratze pista gorde zitekeen eta errematxe eta lotuneak zuzen finkatu ziren hegazkinean, handik nabarmendu gabe bateratuz, horrela marruskadura zinetikoa minimizatu eta abiadura irabazteko xedean. Bigarren Mundu Gerran erabiliko ziren beste aireplano batzuen diseinuen oinarrian zegoen hori dena, Mitsubishi A6M-z gain, Focke-Wulf Fw 190 edo F6F Hellcat. 1975ean, H-1aren dohaintza egin zion Smithsonian Erakundeari eta Washington, D.C.-en Aire eta Espazio Museo Nazionalean dago ikusgai.
1938ko ekainaren 10ean, marka berri bat hautsi zuen munduari 91 ordutan (3 egun eta 19 ordu) bira eman zionean -aurrekoa 4 egunetan zegoen-. Hegaldi hau ez zuen bere aireplanoekin egin eta Lockheed Model 14 Super Electra erabili zuen, lau eskifaia-kidek lagunduta. Irratia zuen eta teknologia modernoko ekipamendua. Hughesek teknologiaren garaipena erakutsi nahi zuen honekin, distantzia luzeko bidaiak seguruak zirela frogatu nahian.
Sari asko jaso zituen, Harmon Trophy saria (1936 eta 1938an), Collier Trophy saria (1938an), eta Ocatve Chanute Award saria (1940an) beste batzuen artean. 1939an, Urrezko Domina eman zioten Legebiltzarrean Hegazkingintzaren zientzia aurrerarazi zuelako eta herri hau mundu osoan ezagutuarazi zuelako. New York Times egunkariak esan zuenez, Hughes ez zen Washingtonera domina jasotzera joan eta, Harry S. Truman lehendakariak postaz bidali behar izan zion.
Hughes Aircraft
aldatu1932an sortu zuen Hughesek Hughes Aircraft Kaliforniako Burbankeko Lockheed Aircraft Corporationeko hangar baten izkinean. Hasiera batean, H-1 Racer hegazkin militar bihurtu nahi zuen Hughes Tool Companyren atal bat besterik ez zen izan. II. Mundu Gerra garaian eta ondorengo urteetan, Hughesek Defentsa Departamentuaren kontratista izatea lortu zuen. 1947an sortu zuen Hughes Helicopters, Kellett fabrikatzaileak bere azken eredua Hughesi saldu zioenan ekoizpenerako<ref(Ingelesez)https://web.archive.org/web/20121009042057/http://www.centennialofflight.gov/essay/Aerospace/Hughes/Aero44.htm</ref>.
Hurrengo urtean agertu ziren enpresaren beste atalak: Hughes Aerospace Group, The Hughes Space and Communications Group eta Hughes Space Systems Division. 1961ean batuko ziren, Hughes Space and Communications Company osatzeko.
Aurrez esan bezala, Howard zergak ordaintzetik alde egin nahian ibili zen beti eta Hughes Aircraft Nevadara lekualdatzeko ahaleginak egin zituen, presio fiskala baxuagoa zela-eta, baina ez zuen bere helburua lortu eta, 1953an, Hughes Aircrafteko aktibo guztien dohaintza egin zion ikerketari zuzendutako Howard Hughes Institutu Medikuari, honek ez baitzuen zergarik ordaintzen.
XF-11ren istripua
aldatu1946ko uztailaren 7an, Hughesek istripu larria izan zuen Los Angelesen AEBetako armadarentzat egiten ari zen XF-11 hegazkin espiaren lehen hegaldian. Froga era egokian zihoan, baina aireratu eta 105 minutura, itzultzeko prestatu zenean, olio galtze xumea izan zuen eskuineko motorrean, presioa jaitsi eta helizeen kontrola galaraziz. Motorrak atzerantz egin zuen tira eta hegazkina, desorekatuta erabat, altura galtzen hasi zen.
Hughes Los Angeles Country Clubeko golf-zelaian lur hartzen saiatu zen, Beverly Hillsen, baina ez zuen lortu. XF-11a 3 etxeren kontra jo zuen eta erregaien deposituek eztanda egin zuten. Pilotua larri zaurituta geratu zen. Nola edo hala, lortu zuen kabinatik irtetea, baina erredura larriak jasan zituen, sute itzela izan baitzen. William L. Durkin AEBetako Itsas Armadako sarjentuak lagundu zion infernu hartatik ateratzen.
Lesio larriak izan zituen barruan, haustura ugari (klabikula, saihetsak...) eta 3. mailako erredurak gorputz osoan. Bizitza guztirako ondorioak geratu zitzaizkion. Handik aurrera, goiko ezpaineko orbainak estaliko zizkion bibotea eramango zuen beti.
AEBetako Aire Indarrak Hughesi bota zion istripuaren errua eta, irregulartasun asko egin zituela esan zuen: ez zuen aurreikusitako bidea egin, eman zitzaion irrati-frekuentzia ezberdina erabili zuen... Txostenak XF-11k erori baino lehen galdu zuela kontrola zioen eta hau ez zen Hughesen gustuko izan. Ez zuela kontrola galdu esan zuen, helizeen erruz galdu zuela altuera baizik. Aire Indarren txostena partziala eta bidegabea zela salatu zuen, militarrek ez zutelako helizeen sistemaren funtzionamenduaren akatsa erakutsiko zuen frogarik onartu nahi -helize haiek ere esperimentalak ziren, hegazkina bezala, eta 4 palaz osatutako 2 helize ziren, bat bestearen atzean lotuta-.
Ospitalean, Hughesek gorputza erabat hondatuta zuen, baina buruak martxan jarraitzen zuen. Ingeniariei deitu zien bere neurriko ohe bat egiteko aginduz, diseinua ez baitzitzaion gustatzen. Bere aginduetara, 30 motor elektrikoz maneiatzen zen sistema hidraulikoa jarri zioten eta, botoiei eraginez, ohea nahi eran doitzeko aukera zuen, gaurko ospitaleetako oheen aitzindari[7].
Hughes eta bere H-4 Herkules handia
aldatuOspe handiena lortu zuen proiektua H-4 Hérculesa izan zen. Aireontzi erraldoi honek marka berri bat hautsiko zuen: inoiz ezagututako ur-hegazkin handiena izan zen. Spruce Goose izena eman zitzaion eta hasiera batean gerrarako erabiltzeko xedean egin zen[8]. II. Mundu Gerran, urpeko alemaniarrak ekidinez, Atlantikoaren barrena tropa eta tresneria garraiatzeko izango zen. Baina proiektu erraldoi eta zaila zen eta ez zuten garaiz amaitzea lortu, gerra bukatu zenean, %60a besterik ez baitzegoen egina[9].
Prentsak Howarden irizpide faltaz hitz egin zuen eta diru publikoa xahutzeaz salatu zuen. Ezbaian jarri zen egun batean aireontzi hura egin zitekeenik ere. 193 tonako aparatu bakarra egingo zen eta, jendearen esamesen aurrean, Hughesek, hegan eginaraztea ez bazuen lortzen, estatua betirako utziko zuela agindu zuen.
1947an, Legebiltzarraren Gerra Ikerketarako Batzordearen aurrean agertu behar izan zuen eta kontratuaren epeak ez betetzearen arrazoiak argitu. Hughesek gogor defendatu zuen bere burua eta Batzordea zuen azken txostena egin gabe desegin zen. Hughesek berea lortu zuen berriro ere eta, 1947ko azaroaren 2an, hegazkin erraldoiak Long Beachen, Kalifornian, hegan egitea lortu zuen. 30 bat metro eta milia batez (1,6 km) lortu zuen Herculesek uraren gainean altxatzea. Jendetza izugarriak ikusi zuen Hughes pilotu, 130 km/h. Ez zuen sekula gehiago hegan egingo. Gerora argitu zuenez, Legebiltzarra eta iritzi publikoaren aurrean zergapekoie dirua behar bezala gastatu zela frogatzeko egin zuen. Gaur, Spruce Goose McMinnvillen dago, Oregonen, Evergreen Aviation Museoan.
TWA aireko bidaien enpresaren abenturak
aldatu1939an, Hughesek 7 milioi dolar inbertitu zituen akziotan TWA konpainian eta airelinea horren kontrolaz jabetu zen. Horrekin, lege federalaren arabera, Hughesek ezingo zituen bere aeroplano propioak eraiki.
Howardek lehiakide gogorra izan zuen, Panagra, gero Pan American World Airways (Pan Am) izango zena eta Juan Trippe zen bere ordezkaria, Ameriketako hegaldien gehiengoren ardura zuena. Trippek zuen zeruetako monopolio osoa eta Hughesen arerio amorratua zen.
TWAko Boeing 307k baino lan hobea egingo zuen aireplano baten bila, Hughes Boeingen lehiakide zen Lockheedenggana hurbildu zen. Egia esan, harremanetan zegoen berarekin, 1938an elkarrekin egin baitzuten munduari bira emateko erabili zuen hegazkina. Lockheedek baiezkoa eman zion Howarden hegazkina sekretuan eraikitzeko eskariari. Emaitza Lockheed Constellation dotorea izan zen eta TWAk erosi zituen ekoizpen-katetik aterako ziren lehen 40 hegazkinak. Inoiz egindako hegazkin eskari handien eta garestiena izango zen hura.
Iraun zuen bitartean, Pan Am AEBetako airelinea nagusia izan zen eta TWA, berriz, bigarrena, baina barruko hegaldietan lehentasuna mantendu zuen eta horrek Pan Am baino handiagoa egiten zuen. Gainera, Hughes zen konpainiaren akzio askoren jabe eta, horregatik, AEBetako gizon aberatsena zen, 1.000 milioi dolar baino gehiago zuen lehen estatubatuarra.
1956an, Hughesek 400 milioi balio zuten 63 Convair 880 eskatu zituen TWArentzako. Hughes oso aberatsa zen, baina kanpoko inbertsoreek TWAren agintaritza uztea eskatu zioten diru truk. PAN AMeko Trippe izan zen maniobra haietako askoren eragile.
1960an, TWA utzi beharrean izan zen. Konpainiaren %70aren jabe zen eta, hurrengo urteetan, kontrola berreskuratzeko ahaleginetan ibili zen. 1966an, tribunal federal batek akzioak saltzera behartu zuen, TWA eta Hughes Aircraft artean interes arazoak zeudela-eta. TWAreko partaidetza saltzean, 547 milioi dolar irabazi zituen. 70. hamarkadan, Hughes airelineen negoziora itzuli zen, linea berri bat erosi eta Hughes Airwest izena eman ziolarik berriro.
Gaixotasuna eta heriotza
aldatu1950. urtearen amaierarako, Howard Hughesen NOKak okerrera egin zuen eta Ameriketan agerpen gehien zituen gizona bizitza publikotik ezkutatzen hasi zen.
1957ko urtarrilaren 12an, Hughes urte batzuk lehenago ezagutu zuen Jean Petersekin ezkondu zen. Bigarren ezkontza hau ere gorabeheratsua izan zen, obsesioak okertu egin baitziren eta itxita egoteko joera areagotu, emazterekiko harremanak telefonoz bakarrik mantentzen zituen arte.
Behin baino gehiagotan argitaratu zuten, hiltzear zegoela edo hil zela. Morbo handia zegoen gizartean Howarden irudiaren inguruan. Bizitza guztiko zigorra izan zen nahastea eta 30. urteetan inguruko lagunek ilarren inguruan zuen obsesioa zabaldu zuten, bide bereziak eginez haiekin eta, jan aurretik, tamainaren arabera sailkatuz.
The Outlaw ekoizten ari zen bitartean, Hughes Jane Russellen blusaren akats batekin obsesionatu zen, oihala josturan pilatzen zela eta bi titi-punta ikusten zirela esanez. Kezkaren kezkaz, arazoa konpontzeko memorandum bat eta guzti egin zuen, taldeko kideen artean banatu zuelarik.
Gero eta itxiagoa zen bere bizitza, gela ilunetan sartzen zelarik. Botika eta drogen eragina jasan zuen eta ile-apaintzailea izan zen mantendu zuen bisita bakarra. Ondo ordaindutako medikuak bizi ziren etxean, baina Hughesek ez zituen ia ikusten eta haien aholkuak baztertzen zituen.
Bizitzaren amaieran, mormoiak zituen inguruan. Bera ez zen erlijio horretakoa, baina ez zuten alkoholik kontsumitzen eta konfiantzazko jendea iruditzen zitzaion.
Gaztetan, sifiliak hartu zuen eta garaiko tratamendua esperimentala baino ez zen, ondorio larriak ekar zitzakeelarik. Nerbio Sistema Zentralean eragin zezakeen eta arazo psikiatrikoak eragin. Sendagileek ez zuten sendatzea lortu eta sifilia okerrera joan zen. Sintomen artean, eskuetan atera zitzaizkion babak izan ziren eta inori eskua ez luzatzeko aholkua eman zioten. Ez zuen sekula gehiago egingo eta, zerbait ukitu beharrean bazen, paperezko musuzapiak erabiliko zituen germenengandik babestearren.
Managuako hotel berezi batean bizi zen, Nikaraguaren hiriburu moderno hartan, Hotel Intercontinental -gaur, Crowne Plaza-. Hantxe harrapatu zuen 1972ko abenduaren 23ko Managuako lurrikarak eta izututa ihes egin beharrean izan zen. Badirudi Somoza familiaren palazioetako batean babestu zela lurrikararen ondoren.
1976ko apirilaren 5ean, 70 urte zituenean, hilzorian zegoen Hughes Acapulco hotel ospetsuan. Hegazkinean igo zuten Houstoneko Ospital Metodistarantzera eramateko xedean, baina ez dago zer eginik jada. Hegaldian hil zen edo, agian, igo aurretik. Houstoneko sendagileek gorpu zaharkitu eta argala aurkitu zuten, bizar luze eta aspaldi moztu gabeko azazkalez hornitua. Itxituraren ondorioz, ez zegoen ezagutzeko moduan eta FBIk hatz-markak hartu behar izan zizkion identifika ahal izateko[10].
Autopsiaren arabera, giltzurrunetako arazo batek eragin omen zion heriotza. Desnutrizio larria ere erakusten zuen eta orratz hipodermiko muturrak ere bazituen besoko azal azpian. Horrela bukatu zen heriotzari behin baino gehiagotan alde egin zion enpresaburu aberats eta heroi nazionalaren bizitza[11].
Apirilaren 7an eman zioten lur Houstoneko Glenwood hilerriko familiarteko panteoiean.
Howard Hughesen zinema
aldatuLehen bi filmak 1927an estreinatu ziren, Everybody's Acting eta Two Arabian Knights eta arrakasta itzela izan zuten, azkenak, komedia zuzendari hoberenentzako Oskarra eman ziolarik. The Racket 1928an eta The Front Page 1931n izendatuta egon ziren sari horietarako[12].
1927 eta 1930 artean 3,8 milioi dolar gastatu zituen berak idatzi eta zuzendu zuen Hell's Angels ekoizteko -Luther Reedek lagundu zion-. Film erdia grabatuta zegoenean, The Jazz Singer estreinatu zuten eta soinuaren iraultza etorri zen zinemara. Hughesek teknologia berria sartzeko premia ikusi zuen eta, Greta Nissen artista norvegiarra despeditu eta Jean Harlow sartu zuen aristokrata britainiarraren paperean -aurrekoaren ahotsa ez zen sinesgarria geratzen oraingo teknologian-.
Hughesen mania eta xelebrekeriak nagusitu ziren ekoizpen lan hartan. Biplanoen arteko borrokak grabatu behar ziren airean eta 3 pilotu hil ziren lan horretan. Azkenean, inor ez zuen azken eszena grabatu nahi izan, arriskutsua zela-eta, eta Hughesek berak egin behar izan zuen, filma bukatzeko. Lortu zuen, baina istripua izan zuen, zauri arinak jasan zituelarik.
3 urte iraun zuen lan erraldoi hark, Hughesek berriro grabatzen baitzituen abiadurarik gabeak iruditzen zitzaizkion eszenak. Meteorologo bat ere kontratatu zuen, zerua lainotuta nahi zuelako. Lainoek erreferentzia bat ematen zioten ikusleari eta aireplanoaren abiadura hobeto hautemango baitzen horrela.
Los Angeleseko Grauman's Chinese Theaterren estreinatu zuten 1930eko maiatzaren 24an eta Charles Chaplin eta Buster Keaton izan zituen gonbidatuen artean. 8 milioi dolar irabazi zituen filmarekin, gaurko 90 izango zirenak.
1932an, Scarface ekoitzi zuen[13].
1943an, The Outlaw etorri zen, bere film ezagunena, Jane Russell izar.
Howard Hughes zineman
aldatu- 1988an, Francis Ford Coppolaren Tucker: The Man and His Dream. Dean Stockwell aktoreak Tuckerri laguntzen dio, diseinu iraultzailea duen autoaren ekoizpenerako altzairua errazten dionean.
- 1991ko Rocketeerren filman, pertsona propultsatzeko ahalmena duen suziria asmatzen duen Howard Hughes izeneko industrialari airenautikoa agertzen da.
- 2004an, Leonardo DiCapriok eman zion bizia Martin Scorsesen The Aviator filman.
- 2007an, berriz, The Hoax filman agertu zen bere nortasuna. Richard Gerek antzezten duen pertsonaiak estafa handi bat burutuko du airenautikaren magnate handiaren aurka.
Ekoitzitako filmak
aldatuHegazkinlari bezala jasotako sariak
aldatuErreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ (Ingelesez)http://www.nndb.com/people/653/000026575/
- ↑ (Ingelesez)http://www.geneall.net/U/per_page.php?id=303839
- ↑ (Ingelesez)http://www.century-of-flight.net/Aviation%20history/pathfinders/Howard%20Hughes.htm
- ↑ (Ingelesez)https://web.archive.org/web/20150906204118/http://history1900s.about.com/od/people/p/hughes.htm
- ↑ (Ingelesez)https://web.archive.org/web/20061207022428/http://www.centennialofflight.gov/essay/Explorers_Record_Setters_and_Daredevils/Hughes/EX28.htm
- ↑ (Gaztelaniaz)https://web.archive.org/web/20061207022428/http://www.centennialofflight.gov/essay/Explorers_Record_Setters_and_Daredevils/Hughes/EX28.htm
- ↑ (Ingelesez)http://www.check-six.com/Crash_Sites/XF-11_crash_site.htm
- ↑ (Ingelesez)https://web.archive.org/web/20150927201715/http://www.evergreenmuseum.org/the-museum/aircraft-exhibits/the-spruce-goose/
- ↑ (Ingelesez)http://www.aerospaceweb.org/question/design/q0188.shtml
- ↑ (Gaztelaniaz)http://elpais.com/diario/1979/07/03/ultima/299800802_850215.html
- ↑ (Gaztelaniaz)http://www.findagrave.com/cgi-bin/fg.cgi?page=gr&GRid=521
- ↑ (Ingelesez)https://web.archive.org/web/20120320041547/http://www.culturevulture.net/Television/HowardHughes.htm
- ↑ 1932koa. Ez nahastu 1983ko Brian De Palmaren Scarface filmarekin.