Hornikuntza (enpresa)

Hornikuntza-kate» orritik birbideratua)

Enpresan, hornikuntza edo hornikuntza-katea fluxu fisiko (lehengaiak, produktuak, salmentak, ...) nahiz horiei buruzko informazioaren kudeaketa eta antolakuntza burutzen dituen enpresaren funtzioa da, bereziki bezeroaren eskaerak eta beharrak asebetetzearren. Erosketen kudeaketa, ekoizpen-prozesuaren kudeaketa, marketin eta logistika arloak barnehartzen ditu, besteak beste. Hornikuntza-katearen kudeaketak katearen mailen arteko koordinazioa eta integrazioa nabarmentzen ditu, ikuspuntu estrategiko batetik eta abantaila konpetitiboa eskuratzearren. Horretarako, besteak beste, just-in-time eta ekoizpen malgurako beste sistema eta tresnak baliatzen ditu, kateko kostuak murrizteko, eta epe luzerako harremanak osatuz hornitzaileekiko, konfiantza eta konpromisoan oinarrituta, sariak eta pizgarriak sortuz, kalitatea hobetzeko.

Hornikuntza katea ez dute hornitzaileek eta fabrikatzaileek soilik osatzen, baita garraiolariek, biltegiaz arduratzen direnek, saltzaileek edota bezeroek ere. Antolaketako arlo bakoitzaren barnean, bezeroen eskaera osatu arte egin beharreko funtzio guztiak bere gain hartzen ditu hornikuntza kateak. Funtzio hauek modu anitzekoak izan daitezke, hala nola produktuen garapenera, marketinera, banaketara, finantza arlora, bezeroetara eta beste hainbat adarretara bideratu daitezke.