Hondakin-uren tratamendu

Hondakin-uren tratamendua» orritik birbideratua)

Hondakin-uren tratamendua prozesu fisiko-kimiko eta biologikoen bidez ur horiek dituzten kutsazaile organiko zein inorganiko gehienen ezabapenean datza. Araztegietan burutzen den tratamendu honek ibai eta erreketara ur garbia isurtzea ahalbidetzen du, hondakin-ur zikinak efluente garbi bat bihurtzen baititu.

Hondakin-uren araztegia.

Hondakin-uren tratamendua bereizi egin behar da edateko uraren arazketatik. Lehenengo prozesuak ur zikinak garbitzen ditu, eta bigarrenak ur garbiak edateko moduko ur bihurtzen ditu.

Hondakin-urak etxeetako eta industrietako hondakin likidoak dira, estolderietan bideratzen direnak. Baita euritako urak ere. Hiri-hondakinak dira, hiru ezaugarri dutenak: hondakin fekalak dituzte, oxigeno gutxi, eta materia organiko ugari (OEB: >200).

Sortzen diren leku berean (etxeetan, baserrietan, lantegietan...) tratatzen dita batzuetan hondakin-urak, hobi septikoetan edo antzeko egituretan. Industrietako hondakin-urek, bestalde, gai toxiko asko dituzte maiz, araztegira bidali aurretik lantegian bertan tratatu behar direnak.

Hondakin-uren arazketak ekosistemaren babesa ez ezik (ibaiak, errekak eta itsasoak ez zikintzea, alegia), biztanleriaren baldintza higienikoak areagotzea eta izurriteak ekiditea ere bilatzen du: tratatu gabeko hondakin-urak bat etorriko balira nekazal-jarduerarekin ondorio tamalgarriak sor litezke. Horregatik, efluente argiak lortzea funtsezko zeregina da, ikuspuntu ekologiko zein osasun-irizpide batetik.

Araztegietan burutzen den hondakin-uren tratamenduak efluente garbia sortuko du, alde batetik (erreka, ibai edo isasora isuriko dena), eta sedimentu solido bat, lohi izenekoa, hondakin-uraren zikinkeri gehiena duena, bioerreaktoreetan prozesu anaerobio baten bidez tratatuko dena.

Herri edo hiri bateko araztegi batek etapa desberdinetan tratatzen ditu jasotako hondakin-urak. Ohiko tratamenduak honako fase hauek ditu:

  • aurre-tratamendua: hondakin-urek dituzten hondarrik handienak baztertu egiten ditu.
  • tratamendu primarioa: esekiduran dauden solidoak kentzen ditu.
  • tratamendu sekundario edo biologikoa: ingurugiro aerobio batean, mikrobio batzuek hondakin-urek dakarten materia organikoa katabolizatzen dute, horren kontzentrazioa nabarmen jaitsiz
  • tratamendu tertziarioa: efluentearen egoera hobetzen du ingurune natural batera (erreka, ibai, itsasoa...) isuri aurretik.

Aurre-tratamendua aldatu

Fase honetan ur zikinak dituen hondarrik lodienak (zapiak, plastikoak, konpresak, papera, latak, etab.) kanporatzen dira. Prozesu fisikoen bidez -galbahe eta saretak erabiltzen dira horretarako- objektu solido handiak bereizi eta alboratu egiten dira. Era berean, aurre-tratamenduak hondarrak eta koipeak ere uretatik kentzen ditu: honetarako uraren zirkulazio-abiadura moteltzen da, substantzia horien jalkitzea errazten duena.

Tratamendu primarioa aldatu

Tratamendu honek esekiduran dauden solidoak baztertzen ditu. Hori lortzeko tanga biribil handietan jalkitzen uzten da ura, 2 eta 3 ordu arteko denborarekin. Jalkitzen diren substantziek edo sedimentuek lohi izeneko produktua eratzen dute, jaso eta tratamendu anaerobiko berezia izaten duena (ikus aurrerago).

Industrietako hondakin-urak hartzen dituzten araztegiek tratamendu fisiko-kimiko berezia burutzen dute sarritan, produktu toxikoak eta metal astunak deuseztatzeko: erreaktibo kimiko batzuk erabiliz molekula kaltegarriak jalkitarazten dira.

Tratamendu sekundarioa aldatu

Tratamendu honen bidez uraren materia organikoa ezabatzen da, tangan dauden bakterio eta protozoo aerobioei esker. Tratamendu honek uraren OEBa nabarmen gutxitzen du, %95 inguruan.

Materia organikoa + bakterioak + O2 → CO2 + H2O + energia

Hondakin-uren materia organikoak jatorri ezberdinak ditu: hondar fekalak, janari-hondarrak, xaboiak eta garbigarriak, batez ere.

Bi motatako tratamenduak erabiltzen dira materia organikoa jaisteko: lohi aktibatuena eta jario bidezko iragazketarena. Batean zein bestean mikroorganismoek zeregin oso garrantzitsua betetzen dute materia organikoa degradatzeko orduan.

Lohi aktibatuak aldatu

Ohiko tratamendu sekundarioa da. Bi etapetan burutzen da:

  • lehenengoan tratamendu primariotik datorren ura tanga handi batean bildu eta 10-12 ordutan mantentzen da. Tanga horretan etengabe injektatzen da oxigenoa, ingurugiro oso aerobioa sortzeko. Tangan dauden bakterioek eta protozooek materia organikoa mineralizatu eta OEB gutxitu egiten dute. Bakterioen artean honako hauek dira aktiboenak: Pseudomonas, Alcaligenes, Brevibacterium, Escherichia eta Zooglea. Azken honek garrantzi handia du arazketa prozesuan, materia organikoaren malutak sortzen baititu. Maluta horiek funtsezkoak dira, materia organiko koloidala jalkitzen dutelako (horrela kanporatzen da) eta protozoo eta beste bakterio degradatzaileak biltzen dituztelako.
  • bigarren etapan malutadun efluentea beste tanga batera eramaten da, dekantagailu gisa jarduten duen tangara, hain zuzen. Bertan malutak jalkitzen dira eta sortutako sedimentua beste lohiekin batera bioerreaktore anaerobioetara bideratuko da. Bestalde, malutetako zati bat lehenengo tangara pasatuko da inokulu moduan jardun dezan.

Jario bidezko iragazketa aldatu

 
Jario bidezko iragazketa landa eremuko araztegi batean.

Tratamendu hau harri-geruza edo plastikozko geruza duen tanga baten erabileran datza. Garbitu behar den hondakin-ura tantaka erori eta harri-geruza horretatik pasatzen da, materia organikoa harrien azalean atxikituz. Harrietan bakterioz eta protozooz osaturiko biopelikula bat dago, materia organikoa oxidatzen duena.

Tratamendu tertziarioa aldatu

Ez da araztegi guztietan egiten, garestia baita. Bere helburua ekosistema natural batera isuriko den uraren kalitatea hobetzea da. Ohiko tratamenduak hiru alderdi hauek lantzen ditu:

Lohien tratamendua aldatu

Ikusi dugunez, hondakin-uren tratamendu primarioan eta sekundarioan material solido batzuk jalkitzen dira (esekiduran dauden substantziak eta materia organikoa eta mikrobio degradatzaileez osaturiko malutak). Ura garbitu ahala, daukan zikinkeria jalkinetan pilatzen da. Jalkinen multzo horrek "lohi" izeneko materiala osatzen du, berezko tratamendu bat jasotzen duena araztegietan.

Nabaria denez, arazketa prozesuan sorturiko lohiak ibaietara edo itsasora zuzenean isuriko balira ez luke ezertarako balioko ekosistemara isuri aurretik ura garbitzeak. Lohi edo lokatz zikin horiek, hortaz, tratatu egin behar dira.

Ezer egin aurretik lohiak deshidratatu ohi dira. Lohien osagai nagusia ura da (%95), beraz ur hori kendu eta tratamendu primarioaren tangara bidali egiten da, garbitzeko.

Lohi kontzentratuek tratamendu ezberdinak izan ditzakete:

Bioerreaktoreetan burutzen den prozesu anaerobio honek denbora asko behar du (30 egun inguru) lohiak degradatzeko eta biogasa sortzeko. Prozesuak tenperatura altuak ere (36 °C) behar ditu.
  • ongarri bihurtu: horretarako zerrautsa, zuraren txirbila edo lastoa gehitzen zaizkio lohi deshidratatuari.
  • hainbat kasutan lohiak ez dira aprobetxatzen eta deuseztatzen dira, erreketa eginez, esaterako.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu