Hipolita Ibaibarriaga

erraketista

Hipolita Ibaibarriaga Ormaetxea (Ermua, Bizkaia, 1914ko abuztuaren 22aBartzelona, 1939) atzelari gisa aritutako euskal erraketista profesionala izan zen, Poli ezizenaz ezaguna.

Hipolita Ibaibarriaga
Bizitza
JaiotzaErmua1914ko abuztuaren 22a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBartzelona, 1939 (24/25 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpilotaria
Pilota
 
Izengoitia(k)Poli

Biografia aldatu

Ermuan frontoi izkinan bizi zen Ibaibarriaga familia. Ez bakarrik Hipolita, beste hiru ahizpa (Rosario, Irene eta Bitxori) ere erraketistak izan ziren, eta Vicente anaia zestalaria.[1] Gazterik hil zitzaien Juan aita, eta Dolores ama eta 8 anai-arrebak Eibarrera joan ziren bizi izatera. Txaltxa-zelaiko frontoian hasi zuen Polik bere erraketista ibilbidea eta bertan jaso zuen Madrilera joateko gonbitea.[2]

 
Erraketistak

Erraketista ibilbidea aldatu

Hiriburuan Cortezo kaleko Madrid[3] eta Aduana kaleko Chiki-Jai[4] pilotalekuetan aritu zen, eta 1935 urtean azken honetako jokalari nagusiena zen.[5] Bere irudia aldizkari bateko portada izaterainoko fama zuen. Sasoi hartan partiduak bikoizten zituen, arratsalde zein gaueko saioak eginez, sarritan bakarka jokatutako baten ondoren bikoteka kantxaratuz. Partidu gogoragarriak eskaini zituen, zaleen artean akorduan egon zirenak luzaroan.[5]

Bera baino gazteagoa zen Irene ahizparekin jarri zuten bikote: aurrelari Irene eta atzelari bera. Familiaren zati handi bat Madrilera lekualdatu zen, pilotalekutik gertu biziz. Alaba biak jokatzen zutenean, ikusleen artean ama Dolores egoten zen, palko bat erretserbatuta zuelako.[2]

1936ko Espainiako Gerrak Madrilen jokatzen harrapatu zuen Poli eta, gatazkatik ihesi, Valentziara abiatu zen, ahizpa lagun. Bi hilabete eman zuten bertan, hango frontoi-hormak astintzen eta Bartzelonara alde zuten gero, Rambletan kokatutakoan arituz. Gerra bete-betean zen, baina eguneroko bizitzari normal itxurak ematen lagunduz, frontoia eta apostu-jokoa martxan zeuden.[5] Irenek gogoratzen zuen bezala, bonbardaketak entzuten ziren partiduak jokatzen zeudenean eta amaitutakoan, etxera bidean, dena apurtuta eta arropa zatiak zuhaitzetatik zintzilik ikusten zituzten.[2] Gerrak iraun zuen bitartean ez zen egun bakarrez eten pilotalekuetako jarduera eta, sinestezina dirudien arren, urte horiek izan ziren pilota jokoaren unerik disdiratsuenak, denbora-pasa bezala sustatu zen gauza bakarrenetakoa izan zelako.[5]

Ahizpa bikoteak Ameriketara erraketan aritzera joateko gonbitea ere jaso zuen eta, tentatuta egon ziren arren, amak ez zien laga.[2]

Poli Ibaibarriaga Espainiako gerra garaian zendu zen, gazterik. Torneo bat jokatzen ari zela, izurrite baten ondorioz  gaixotu eta Bartzelonan ostatu hartuta zegoen hotelean bertan hil zen.[2]

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) «IBAIBARRIAGA ORMAECHEA, Vicente - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  2. a b c d e Elkartea, Euskal Birusa. (2021-09-21). «Drogetenitturri, 303 zenbakia (2021eko iraila) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  3. (Gaztelaniaz) Sereno, El. (2014-08-11). «Frontones en Madrid: El 'Frontón Madrid' de la calle Doctor Cortezo» El blog del sereno de Madrid (Noiz kontsultatua: 2021-10-11).
  4. «FRONTÓN CHIQUI JAI - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-10-11).
  5. a b c d www.deporteymujer.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-11).

Kanpo estekak aldatu

  • Apostando por ellas. Historia de las raquetistas
  • Erraketistak lehen eta orain. Dokumentala
  • Emakume erraketistak. Erakusketa
  • Erraketistak, aitzindariak pilotaren munduan
  • Emakume erraketistak. Antzinako lanbideak
  • Azken erraketistak, mende hasierako kirolari profesionalak. Bideoa