Himerako gudua (K.a. 409)

Himerako gudua (K. a. 409)» orritik birbideratua)

Lehenengo guduaren ondoan, K.a. 480an kartagotarrek izugarrizko porrota jaso zuten tokian, beste gudu bat gertatu zen, K.a. 409an, Himera hiriaren hurbil. Borrokalariak ziren: kartagotarrak (Hannibal Magonek zuzendurik) eta Himerako joniar grekoak. Azken hauek Sirakusako armadaren eta flotaren laguntza izan zuzten. Hannibalek, kartagotar senatuaren argibideak jarraituz, K.a. 409an, Selinonte arpilatu eta birrundu ostean, Himera txikitu zuen, eta hau ez zen berriro berreraiki.

Himerako gudua
Siziliar gerren parte bat
Greziar-punikoaren maskaren nahasketa.
DataK.a. 403
LekuaHimera, Sizilian
Koordenatuak37°59′00″N 13°42′00″E / 37.9833°N 13.7°E / 37.9833; 13.7
EmaitzaGreziako Himera jonia hiria suntsiketa
Gudulariak
Himera
Sirakusa
Kartago.
Buruzagiak
Diokles Sirakusakoa Hannibal Magon
Indarra
16.000 soldadu 60.000 soldadu (antzinako iturrien arabera)
Galerak
3.000+3.000 exekutaturik >6.000

Aurrekariak aldatu

Siziliako mendebaldeko feniziarrek, K.a. 580an, elimoak lagundu zituzten Selinonteko doriar jatorrizko greziarren kontra, greziarrek Lilibeo kolonizatu nahi zutelako[1]. Kartagok ekidin zuen Dorieo espartarraren inbasioa, Ericen ondoan K.a. 510ean. Horren ostean, gerrak jarraitu zuen eta feniziarrek Heraklea Minoa hiria suntsitu zuten[2]. Kartagok, K.a. 490ean, itunak sinatu zituen Selinonte, Himera eta Zankle hiriekin. Kartagotar espedizioaren aitzakia zen Himera tiranoa berrezarri nahi zuela. Gelon Sirakusako eta Teron Agrigentoko tiranoek punikoak zapaldu zituzten Himerako lehenengo guduan, K.a. 480an.

Harrez geroztik, Kartago ez zen arduratu 70 urtez Siziliako arazoetaz. Urte hauetan, greziar kultura hasi zen zabaltzen elimo, sikulo eta sikanoen hirietan. Siziliako panorama politikoa aldatu zen oligarkiek eta demokraziek greziar tiranoak ordezkatu zituztenean. Sirakusako nagusitasuna txikitzean, greziar hirien arteko borrokak hasi ziren Sizilian. Atenasek parte hartu zuen horietan 427an, 425ean eta 424an. Hori dela eta, Hermokrates Sirakusakoak eskatu zien greziar hiriei bakean egoteko, K.a. 424an Gelako kongresuan.

Segestak, elimoen hiriak, arazoak izan zituen Selinonterekin eskualdeko eskubideak direla eta, gainera, ezkontzazko gaiek gatazka larriagotu zuten. Kartagok ez zion, K.a. 415ean, jaramonik egin laguntza eskaerari, baina atenastarrek bai, Siziliara espedizio bat bidaliz, Sirakusan K.a. 413ean porrot egin bazuen ere. Selinonterekin gatazkek jarraitu zutenez, Segestak, K.a. 410ean, laguntza eskatu zuen Kartagon. Hango senatuak, eztabaidatu ondoren, parte hartzea onartu zuen. Eskaera hori gertatu zen greziako hiriek Peloponesoko gerran borroka egiten zutenean eta Sirakusa, Espartako aliatua zen aldetik, flotarekin Egeo itsasoan borroka egiten zuenean.

Hasiera aldatu

Hannibal Magonek bi espedizio bidali zituen Siziliara: lehenak, K.a. 410ean, Selinonteko armadak Segestako eremuetatik kanporatu zuena eta bigarrenak, K.a. 409an, setio luze baten ondoren, Selinonte suntsitu zuena[3]. Kartagoko senatuak Hannibali emandako agindua bete zen Selinonte menperatzean. Hala ere, Hannibalek erabaki zuen Himerarantz abiatzea, aitonak 70 urte lehenago jasandako porrotaren mendekua hartzeko.

Aurkarien armadak aldatu

Zenbait iturriren ustez, Kartago 120.000 soldadu mobilizatu zituen, 4.000 zaldun barne. Errekrutatzea Afrikan, Sardinian, Iberiar penintsulan eta Siziliako greziarren artean egin bazen ere, K.a. 409an Selinonteko kanpainarako. Hala ere, errealistena da 40.000 soldadu inguru izatea[4]. Kartagotar armada 20.000 sikuloekin eta elimiarrekin indartu zen Selinonteko guduaren ostean eta Himerako bidean[5], guztira 50.000 soldadu[6].

Kartagoko kohorteak aldatu

Kartagotar armada nazionalitate askotakoa zen. Libiar infanteria astuna eta arina armadaren unitate disziplinatuenak ziren. Astunak formazio itxian borroka egiten zuen, ezpata luzeekin eta ezkutu biribilekin armaturik, kaskoak eta lihozko korazak zeramatzan ere. Libiar infanteria arinak, berriz, xabalinak eta ezkutu txikiak zituen. Iberiar infanteriak tunika zuriak, purpurazko ertzekin jantzi zituen baita larruzko kaskoak ere.

Infanteria astunak falange trinkoan borroka egiten zuen, haren armak xabalinak, ezkutu luzeak eta ziztatzeko ezpata txikiak ziren[7]. Campaniako, Sardiniako eta Galiako infanteriek berezko tresneria zuten [8], zenbaitetan, Kartagok ekipaturik. Libiarrek, kartagotarrek eta libio-feniziarrek bazuten ondo prestatutako eta disziplinatutako zalditeria, ezpata sastatzaile eta ezkutu biribilekin. Numidiatik zalditeri arina ezin hobea zetorren xabalin multzo batekin horniturik, eta zaldiak brida eta estriburik gabe gidatzen zituzten.

Iberiarrek eta galiarrek zalditeria zekarten. Libiarrek lau zalditako gurdi gehienak zituzten[9], baina Kartagok, oraindik ere, ez zituen gerrarako elefanteak erabili[10]. Kartagotar ofizialek armada osoko agindua zuten, zenbait unitatek berezko buruzagiak bazituzten ere.

Itsas-armada punikoan, gehienbat trirremez osatuta, tripulazio gehiena kartagotarra zen, baina bazeuden Libiatik edo beste kartagotar eremutatik ere. Kartagotarrek nahiago zuten maniobratzeko itsasontzi errazak, bela handiagoak zituztenak, nabigatzeko azkarragoak zirelako, baina itsasontzi bakoitzean marinel gutxiago zituzten greziarrek baino[11].

Ezaguna da kartagotarrek Motian Sirakusako quinquerremekin topo egin zutenentz. Dirudienez, greziarrek itsasontzi mota horiek asmatu zituzten[12], baina ez dago argi holako itsasontziak Messinako kanpainian agertu ziren.

 
Siziliako kulturak (K.a. 431)

Greziar indarrak aldatu

Greziar armadaren mamia hoplitak ziren, gehienak Sirakusaren menpekoak, Italiatik eta Greziatik hainbat mertzenario bazeuden ere. Sikuloak eta Siziliako beste biztanle batzuk hoplitak eta peltastak moduan Sirakusako armadarako kontratatuak izaten ziren bitartean, Campaniatik etorritakoak baliteke samnitak edo etruskoen gerlarien ekipamendua ekartzea[13]. Falangea izan zen borroka egiteko formaziorik ohikoena. Hiri handiek Sirakusak eta Agrigentok bezala, 10.000-20.000 soldaduen artean eman zitzaketen[14], baina beste txikiago batzuk, hala nola, Himerak eta Messinak, 3.000[15] eta 6.000[16] artean. Sirakusak Himerara Selinonte laguntzeko bidalitako batailoia, 3.000 sirakusar, 1.000 agrigentoar eta, agian, beste 1.000 mertzenarioz osaturik[17] zegoen.

Beharrezkoa izatekotan, Sirakusak gizonezkoak eta emakumezkoak erabili zituen peltastak gisa. Zalditeriari dagokionez, hiritar aberatsen eta mertzenarioen artean errekrutatzen zen.

Sirakusako itsas-armada quinquerremetan oinarrituta zegoen (asmakizun hau Dionisiori egozten zaio) baita trirremeetan ere. Ez dago jakiterik zenbat garraio-itsasontzi zeuden, baina flotaren arraunlariak hiritarrak ziren.

Gudua aldatu

Hannibal Himerara abiatu zenean, agian, hartu zuen Selinonteko zalditeriak K.a. 480ean hartutako bide bera[18] . Kanpamentua hiriko mendebaldean ezarri zuen bitartean, armadaren heren bat Himerako hegoaldean kanpatu zen[19]. Himera hiria 100-120 metroko muino baten gainean kokatu zen, Himera ibaiaren mendebaldean. Iparraldean, mendebaldean eta ekialdean, muinoa aldapatsua zegoen, baina pendiza bigunagoa hegoalderantz. Hiriko mendebaldean eta hegoaldean tontor batzuk zeuden[20]. Hiria beste harresi batekin inguratzearen ordez, kartagotarrek, kanpamentuak ezarri orduko, Himera dorreekin eta arieteekin eraso zuten. Alabaina, harresiak sendoak izatean, infanteria punikoak ezin zuen hirian sartu. Orduan, Hannibalek zulatzaileak bidali zituen harresien azpian tunelak egiteko eta zurezko habeekin itxita zeuden harresien arrakaletan sua pizteko[21].

Horren ostean, Diokles jenerala heldu eta hirian sartu zen 3.000 Sirakusako hoplitekin, Agrigentoko 1.000 soldaduekin eta 1.000 mertzenarioekin, Himerako 10.000 soldaduekin batera borroka egiteko[22] (hauetariko gehienak hoplitak ziren, baina bazeuden zenbait zaldun eta peltastak ere). Greziarrek sorpresazko eraso bat egin zuten, beharbada, hegoaldeko kartagotarren kontra. Nahiz eta ezustekoan hartu, afrikarrek erasoari erantzun zioten. Azkenean, kartagotarrek amore eman eta alde egin zuten 6.000 soldadu galdu ondoren, greziarrek jasarrita. Gauzak honela, Hannibalek kontraeraso bat egin zuen beste kanpalekuan erreserbako armadarekin (Himerako mendebaldekoa), greziarren atzeraguardia harrapatuz hirira itzultzen zenean[23]. Greziarrek 3.000 soldadu galdu zituzten. Sirakusako flota gehiena Siziliatik kanpo zegoen, baina 25 trirreme heldu ziren Himerara guduaren ostean. Kartagoko flota Motian zegoenez, greziarrak Himerako uretan nagusiak ziren[24].

Hannibalek, orduan, flota punikoak Motiatik Sirakusa erasoko zuelako zurrumurru faltsua zabaldu zuen, Sirakusa babes gabe baitzegoen. Horrek greziarrak konbentzitu zuen Himera bertan behera uzteko eta Sirakusara itzultzeko. Himeratarrek bakarrik ezin zutenez ezer egin kartagotarren aurrean, erabaki zuten hiria uztea[25]. Dioklesek gauez alde egin zuen bere armadarekin eta gizonezkoen erdiekin. Bitartean, Sirakusako ontziek ahalik eta emakume eta ume gehien ebakuatu zituzten. Hurrengo egunean, kartagotarrek erasoari ekin zioten, baina hiriak, zenbait egunez, ez zuen amore eman. Azkenean, kartagotarrek harresian zulo bat egin eta gero, hirian arrapaladan sartu ziren, garnizio txikia menperatuz[26].

Mendekua aldatu

Hannibalek 3.000 preso hil zituen bere aitonak K.a. 480an porrot egin zuen tokian. Himera guztiz suntsitu zuen, tenpluak ere lurzoru mailean utzi zituen eta emakumeak nahiz umeak esklabo bihurtu. Hala eta guztiz ere, Hannibalek ez zuen ibaia hiritik desbideratu (K.a. 511n, greziarrek Sibarisen egin zuten bezala). Gerraren harrapakinak soldaduen artean banatu ziren eta presoak esklabo saldu. Mertzenario italiarrak haien buruzagiez eta soldataren eskasiaz kexatzean[27], armadatik kanporatuak izan ziren. Ondoren, greziarren zerbitzura sartu ziren.

 
Himerako 2. gudua (K.a. 409). Mugak eta tropen mugimenduak ez dira zehatzak informazio iturri ezagatik

Ondorioak aldatu

Hannibalek, Himera birrindu ondoren, ez zuen eraso Agrigento ezta Sirakusa ere, nahiz eta hauek K.a. 480an Kartago humiliatu. Armada desmobilizatu ondoren, eskualde punikoak gotortu zituen eta Kartagora itzuli zen, non ohorekin onartua izan baitzen. Himera ez zen inoiz berreraiki. Bizirik irten zirenek, inguruan Termae hiria eraiki zuten greziar eta feniziar populazioarekin. Himerako arpilaketari greziarren erantzuna biguna izan zen: Sirakusak flota handitu zuen bitartean, Agrigentok armada handitu zuen, baina greziarrek ez zuten erasorik egin eskualde punikoan. Hermokratesek, Sirakusako jeneral batek, aitzakiatzat hartuta Himerako birrinketa, Selinonten base bat ezarri eta Motiako eta Palermoko eremuak harpilatzeko. Horrek kartagotarren erantzun gogorra eragin zuen, zeinek ia Sizilia osoa kontrolatu baitzuten K.a. 405ean.

Erreferentziak aldatu

  1. FREEMAN, Edward A.: Sicily, 55. or.
  2. FREEMAN, Edward A.: Sicily, 67. or.
  3. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 163-166 or.
  4. CAVEN, Brian: Dionysius I, pp. 31–32, Yale University Press 1990.
  5. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 31 or.
  6. CAVEN, Brian: Dionysius I, 30–31, 38 orriak, Yale University Press 1990.
  7. GOLDSWORTHY, Adrian: The fall of Carthage, 32 or. ISBN 0-253-33546-9
  8. FREEMAN, Edward A.: Sicily Phoenician, Greek & Roman, 173 or.
  9. WARRY, John (1993): Warfare in the Classical World. 98-99 or.
  10. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 184 or.
  11. WARRY, John (1993): Warfare in the Classical World, 97 or.
  12. PLINIO: Natural History 7. 207
  13. FREEMAN, Edward A.:Sicily Phoenician, Greek & Roman, 173 or.
  14. DIODORO SIKULO: XIII.84.
  15. DIODORO SIKULO: XIV. 40
  16. DIODORO SIKULO: XIII.60
  17. DIODORO SIKULO: XIII.59.4-9.
  18. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily.III. liburukia, 477 or.
  19. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 166 or.
  20. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, 1 lib., 414-416 or.
  21. DIODORO SIKULO: 13. 59. 8.
  22. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 31-32 or.
  23. DIODORO SIKULO: 13. 60.
  24. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 167 or.
  25. DIODORO SIKULO: 13. 61.
  26. DIODORO SIKULO: 13. 62. 1-4.
  27. DIODORO SIKULO: 13.62.5

Bibliografia aldatu

  • BAKER, G. P. (1999): Hannibal. Cooper Square Press.ISBN 0-8154-1005-0.
  • BATH, Tony (1992): Hannibal's Campaigns. Barnes & Noble. ISBN 0-88029-817-0
  • CHURCH, Alfred J. (1886): Carthage (4. arg.), T. Fisher Unwin.
  • FREEMAN, Edward A. (1892): History of Sicily. III. Oxford University Press.
  • FREEMAN, Edward A. (1892): Sicily: Phoenician, Greek & Roman (3. arg.). T. Fisher Unwin.
  • KERN, Paul B. (1999): Ancient Siege Warfare. Indiana University Press. ISBN 0-253-33546-9.
  • LANCEL, Serge (1997): Carthage: A History. Blackwell Publishers. ISBN 1-57718-103-4.
  • WARRY, John (1993) [1980]: Warfare in The Classical World: An Illustrated Encyclopedia of Weapons, Warriors and Warfare in the Ancient Civilisations of Greece and Rome. New York: Barnes & Noble. ISBN 1-56619-463-6.

Kanpo estekak aldatu