Heraldika

Heraldiko» orritik birbideratua)

Heraldika armarriak eta beren egitura zein bilakaera aztertzea helburu duen diziplina[1] edo jakintza da[2]. Izena anglo-normandierazko herald hitzean du erroa[3]. Historiarekin lotura estua izan du, izan ere "historiaren takigrafia"tzat hartu da[4].

Hyghalmen Roll germaniarra.

Erdi Aroan garatu zen Europa osoan, pertsonak identifikatzeko kode beregaina bihurtu arte. XII. mendean agertu zen aristokraziako gizonezkoen baitan, eta berehala hedatu zen mendebaldeko gizarte osoan: emakumeak, elizgizonak, burgesak, elkarteak, herriak eta lurraldeak. Oraindik ere bizirik dirauen praktika da, batez ere heraldika instituzionalean[5].

Japoniar kulturan baliokidea kamon delakoak dira, VII. mende inguruan duten leinu-armarriak, gaur egun oraindik Japonian erabiliak.

HistoriaAldatu

 
Tibalt I.ak zigilu berri bat egitea agindu behar izan zuen, Foru Zaharrak Nafarroako errege izateko hala behartzen baitzuen. Zigilu berrirako, bere osaba Antso VII.ak erabilitako Arrano Beltza alde batera utzi, eta bere aitona Antso VI.a Jakitunak erabili zuena hartu zuen, Frantziako iparraldean erabilitako ereduetara egokitua[6].

Europako armarrien jatorria, talde militarraren eboluzioarekin lotuta dago, XI. mendearen amaieraren eta XII. mende erdiaren artean. Armajantzien gainean irudi geometrikoak, animalienak edo landareenak margotzeko ohitura hartu zuten borrokalariek, sare-jantziagatik (aurpegia besterik ez zuena uzten agerian) eta kasketagatik ia ezagutezinak baitziren borrokalariak.

Lehen zigilu ezaguna, erabat datatua, blasoi bat duena, Raul I.a Vermandoiskoa kondearena da, Frantziako seneskala, 1146ko dokumentu batetik zintzilik dagoena eta kondeen seinalea duena: xake-itxurako bat.

Gizarte-nortasunaren zeinu bihurtuta, armak herentziazkoak bihurtu ziren eta etxeak izendatzen hasi, hau da, leinuak eta ahaidetasun-loturak (XV. mendea).

Heraldikaren adar bat heraldika zibikoa (edo instituzionala[5]) da, eta bertan sartzen dira nazio/estatu heraldika, eskualde heraldika eta udal heraldika. Udal armarriak sortzen dira, halaber, biztanleek elkarrengandik bereizi behar direlako, eta ikur propio batekin identifikatu behar direlako, aldi berean, udalerriek igorritako dokumentazio guztia autentifikatzeko. Gurean, zaharrenetakoa Nafarroako armarria da, gutxienez XIII. mendetik erabilia, baina jatorria antzinakoa duena[5][7], eta oraindik ere Nafarroa adierazteko erabiltzen dena.

XVI. mendera arte, erabilitako irudiak, nagusiki, animaliak ziren, nahiko kopuru murritzean (hamabost bat), baita zenbait altzari bizigabe ere (zenbait aldiz abstraktuak), eta, batez ere, irudi geometrikoak. Hala ere, errepertorioa handituz joan zen objektu, arma, gorputz atal, eraikin eta abarrekin.

Frantzian, Batzar Konstituziogileak, 1790eko ekainaren 19an, noblezia eta bere benetako eta uztezko atributuak ezabatzea erabaki zuen: domeinu tituluak, pribilegioak, zalditeria aginduak, armarriak eta askatasunak. Aldi baterako debekatuak, armarriak, XIX. mendearen hasieran, Napoleonek, dekretu bidez, 1808ko martxoaren 1ean berrezarri zituen, erabilera nobleetara mugatuz. Gerora, Luis XVIII.ak muga hori kendu zuen. Baina armarriek jada ez zuten Antzinako Erregimenean zuten helburu soziala[5].

Euskal Herrian, Euskal Pizkundeak eta XX. mendeko joan-etorri historikoek halako eragina izan zuen lurralde-heraldikan. 1892an Zazpiak Bat armarria sortu zen, Antoine Abadiak sustatua. Horretarako, Lapurdiko eta Zuberoako armarriak finkatu behar izan ziren, lehenengoa Uztaritzekoa hartuz eta bigarrena bertako kondeena erabiliz.

Armarrien antolamenduaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Armarri»

Antolamendua, bere zentzurik ohikoenean, armarriak irakurtzeko (deskribatzeko) eta deszifratzeko ekintza da. Irakurketa hori oso ordena zorrotzean egiten da eta berez, emandako armen arabera, testu bat eta bakarra izan beharko luke.

Armarriaren oinarrizko atala ezkutua da eta inguruan apaingarriak izan ditzake (koroa, kasketa, euskarriak, goiburuak...). Ezkutu horrek hondo edo eremu bat du, eta gainean hainbat elementu ezartzen dira. Horietako batzuk, esanahi heraldiko hutsa dute (biribilak, xake-taula, gurutzea...) eta beste batzuk eguneroko bizitzako elementuak dira (animaliak, landareak, eraikuntzak...), edo alegiazkoak[8].

ArauakAldatu

Armarriaren arauak, armen osaerari buruz hitz egiten dutenak, inplizituak dira eta ohiturei erantzuten diete. Armarri baten izaera ona edo txarra dela esateko, "espiritu heraldikoan" arabera ebaluatzen da. Ebaluazioa autoritate gorenen kontseiluan oinarritzen da, eta autoritate horiek beren irakaspenak ematen dituzte erreferentzia egiten dieten heraldika-tratatuetan.

Izan ere, arau bat baino ez da ezagutzen ezin eztabaidatuzko terminoetan enuntziatu daitekeena, hau da, betetzen den ala ez ziurtasunez zehaztu daitekeena:

Ez metala metal gainean, ezta esmaltea esmalte gainean.

Metalak kolore argiak direnez (urrea eta zilarra) eta esmalteak kolore biziak, honela berridatzi daiteke legea: ez zurbila zurbilaren gainean, ezta bizia biziaren gainean. Argi eta garbi definitzen du kontrastatzeko betebeharra, irakurgarritasun ona ahalbidetuz.

Hala ere, badira salbuespenak, hala nola Jerusalemgo Erresumako armarria eta Hungariako armarria.

ErreferentziakAldatu

  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa
  2. «Heraldika». Euskaltzaindiaren HiztegiaNoiz kontsultatua: 2021-04-11.
  3. American Heritage Dictionary of the English Language. (4. argitaraldia) Boston: Houghton Mifflin Company 2000 ISBN 0618082301..
  4. Arthur Charles Fox-Davies, "A Complete Guide to Heraldry", (Thomas Nelson, 1925)
  5. a b c d (Gaztelaniaz) Esparza Leibar, Andoni. (2010). (pdf) Heráldica institucional en los territorios de lengua vasca. , 5-39 or. ISBN 978-84-8419-208-4. Noiz kontsultatua: 2011-4-11.
  6. (Gaztelaniaz) Faustino Menendez Pidal eta Javier Martinez de Agirre. (2000). «Capítulo II - En los orígenes del emblema de Navarra: del águila a "las cadenas"» Nafarroako Gobernua ISBN 84-235-2016-1..
  7. Burgi, Mikel. El escudo de Navarra. Nabarralde, 2016-09-05, nabarralde.eus Noiz kontsultatua: 2020-2-25.
  8. Juan Vidal-Abarca. (2003). (pdf) Arabako herrietako historia eta heraldika, I. Arabako Foru Aldundia ISBN 978-8478215447..

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu